Hiri berri
Hiri berria (edo herri berria), batzuetan oin berriko hiria/herria[1], aldez aurretik urbanizatu gabeko lurralde batean sortutako hiri bat da, helburu jakin batekin eta hirigintza-plan orokor baten arabera. Garapena, beraz, erabaki administratibo baten mende dago, eta ez biztanleriaren mugimendu naturalaren mende.
Proiektu horiek garapen-metodo berriak ahalbidetzen dituzte[2], askotan une jakin batean hiri idealari buruzko hausnarketek markatzen dituztenak. Erregulartasunez antolatu ohi dira (erretikula, izar itxurakoa, lineala etab.); eta osagai nagusiek (eraikin publikoek, zerbitzuen antolamenduak eta, batzuetan, eraikitzaileei ezarritako muga arkitektonikoek) programa sozial edo intelektual bat adierazten ahal dute. Hiri-bilbean helburu ideologikoak gorpuzten dira, baita erlijiosoak edo mistikoak ere.
Euskal Herrian, badira hiri berri historikoak, batez ere errege-erreginek sortutakoak Erdi Aroan. Horien artean daude Arrasate, Guardia edo Bastida. Gainera, badira Hiriberri eta Herriberri izeneko herrian, batez ere Nafarroan, populazio-berritzeak edo populazio-elkartzeak eragindako faktura berriko herriak izendatzen dituztenak. Horien artean daude Hiriberri (Aezkoa), Hiriberri (Arakil) eta Erriberri.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinateko historialariek oin berriko hirien sorreraren lekukotasuna utzi zuten, normalean, erregearen handitasuna islatzen zuten jauregi-hiriena, hauek baitzituzten arkitektoak, langileburuak, langileak eta baliabide ekonomikoak. Antzinako Egipton, Akenaton faraoiak Akhetaton hiri berria eraikitzea agindu zuen K.a. XIV. mende erdialdean. Jauregi-hiri bat zen, oinplano ortogonala eta auzo ordenatuak zituena, hil ondoren bertan behera utzi zena. Persepolis ere, Persiar Inperioaren hiriburu zeremoniala akemenestar garaian, Dario I.ak sortu zuen K.a. 512 inguruan, baina Alexandro Handiak suntsitu.
K.a. V. mendetik, Mediterraneoko kostaldeen kolonizazio helenikoak kale ortogonalekin antolatutako hiri-plangintzaren kontzeptua hedatu zuen, plano hipodamikoa izenekoa Hipodamo Miletokoaren omenez. Erromatarrek hiri ugari eraiki zituzten beren inperio osoan zehar, sarritan hiritar edo militarrentzako kolonia izateko. Eredu ideologiko-urbanistiko bati jarraituz, hiri-bilbea eta antolatutako ur-hornidura zituzten ezaugarri nagusi. Erromatar fundazioko hiri europar moderno askok jatorrizko kale-egituraren zati bat gordetzen dute oraindik, hala nola, Verona, Turin, Narbona, Kolonia edo Treveris.
Erromatar Inperioa erori ondoren, oin berriko hiriak berriro loratu ziren Erdi Aroko Europa osoan, batez ere XII. eta XIV. mendeen artean. Hiririk garrantzitsuenen artean daude Lübeck, Riga edo Gdansk[3].
Mende batzuk geroago, hiri Berri en sorrera lurraldeen kolonizazio prozesuetan ugaritu zen, batez ere Ameriketan.
Antzinako Persepolis bezala, Aro Modernoan ere gune ekonomiko eta politiko indartsuak garatzeko sortu dira hiri berriak. Horrela, munduko hiriburu asko hiri berriak dira: Washington D.C. (Estatu Batuak), Canberra (Australia), Brasilia (Brasil), New Delhi (India), Putrajaya (Malaysia), Belmopan (Belize), Abuja (Nigeria), Islamabad (Pakistan), Naypyidaw (Birmania) edo Jamusukro (Boli Kosta).
Euskal Herria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian batez ere Erdi Aroan sortu ziren herri berriak, askotan lehenagotik bizitegiak zeuden jokalekuetan. XII. mendearen bigarren erdialdean Gaztela eta Nafarroa arteko muga sendotzeko borondateak herri berriak sortzera eraman zuen Antso VI.a. Jakituna. Modu horretan sortu ziren, esate baterako, Araban, Guardia, 1161ean, eta Guardia, 1164an. Gasteizko herrixkan Nova Victoria hiribildua eraiki zuen 1181ean. Gipuzkoan, aldiz, Donostia 1180an sortu zen, beste hainbesterekin batera (Segura, Ordizia edota Tolosa).
Aro gotikoari dagokionez, komertzioa areagotu zen eta, ondorioz, hiri berriak sortzen hasi ziren; «hirien sorrera prozesua bereziki indartsua izan zen gotikoaren garaian, XIII. mendearen bigarren erdian eta XIV. mende osoan zehar»[4]. Hiri berrien sorrera eta eraikuntza, hasiera batean, Gaztelako koroak ordaintzen bazuen ere, XIV. mendetik aurrera egoitza eskatzen zutenei egokituko zitzaien hiriaren eraikuntzaren finantziazioa, zergen bidez.
Zenbait ezaugarri:
- Plano erregular eta forma obaleko hiriak: Gasteiz, Agurain, Guardia, Antoñana, Ordizia, Arrasate, Hernani.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Oin berriko Arkitektura hiztegia, EHU (noiz kontsultatua: 2024-08-14)
- ↑ (Frantsesez) Steinberg J (1980). L'aménagement des villes nouvelles. In Annales de géographie, juillet 1980, (478-486 or.). Armand Colin.
- ↑ (Ingelesez) The foundation, planning and building of new towns in the 13th and 14th centuries in Europe. An architectural-historical research into urban form and its creation]. Phd. thesis Universiteit van Amsterdam. ISBN 978-90-9025157-8.
- ↑ José Javier Fernández Altuna, Euskal Herriko arkitektura (Ibaizabal, 2004).