Jakue IV.a Estuardo

Wikipedia(e)tik
Jakobo IV.a Eskoziakoa» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Jakue IV.a Estuardo
James IV of Scotland.jpg
Eskoziako erregea

Bizitza
Jaiotza Stirlingeko gaztelua1473ko martxoaren 17a
Talde etnikoa Eskoziarra
Heriotza Northumberland1513ko irailaren 9a (40 urte)
Familia
Aita Jakue III.a Estuardo
Ama Margaret of Denmark, Queen of Scotland
Ezkontidea(k) Margarita Tudor
Seme-alabak
Anai-arrebak
Leinua Estuardo etxea
Lanbidea
Sinesmenak
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa

Jakue IV.a Estuardo (1473ko martxoaren 17a - Flodden, Ingalaterra, 1513ko irailaren 9a) Eskoziako erregea izan zen 1488 eta 1513 artean. Jakue III.a Estuardo eta Margarita Danimarkakoaren semea izan zen.

Jaun eta errege[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1488an, aita tronutik kentzea lortu ondoren, Eskoziako errege bihurtu zen. Jakue IV.ak Eskoziako erregetza esanahi berriz jantzi zuen. XV. mende erdialde arte, erregea Eskoziako gainerako leinuekin buruz buru estu lehiatzen zen gailentasuna lortzeko. Hala egin zuen Douglass leinu boteretsuak ordu arte, Estuardoei itzal eginez. Jakue IV.arekin, baina, hori betiko aldatu zen, eta aurrerantzean beste ezein leinurik ez zien itzalik egingo ospe eta aberastasunean Eskoziako erregeei. Erregea bihurtu zen kaparetza eskuratzeko zilegizko iturri bakarra, eta ez aristokraziako beste edozein kide. Erregea primus inter pares izatetik pare gabeko nagusitza eskuratzeko bidean urrats garrantzitsu bat eman zuen, nagusi bakar bat ezin zen egon, Jakueren irudiko.[1]

Jakue IV.ak bere egin zituen Europako gorteetako Errenazimenduko manerak gogo biziz, eta nahitaezko bihurtu zuen noble leinuetako gurasoek haurrentzako hezkuntza ordaindu behar izatea. Gortera zientzia eta arteetako pertsonaia trebe eta bereziak erakarri zituen. Aldi berean, Falkland jauregia erregearentzako aterpe soil bat izatetik larderia handiz apaindutako ehizarako egoitza izatera pasa zen, herrialdeko finena, Europan ere ospetsua. Barrualdea kardu irudiz apaindu zuen, berak Estuardo leinuaren ikur bihurtzeko hautatua eta, denboraren poderioz, Eskoziako ikur bihurtua.[2]

Estuardotarren erregetza hain luzaro auzitan jarri izandako Highlandetako buruzagiei hondamena ekarri ondoren, Jakue IV.ak Uharteetako Jaurerriko nahasmena probestu zuen lur horien gaineko kanpaina bati ekin eta, bide batez, bere buruaren inguruan gainerako nobleak elkartu eta bere nagusitza sendotzeko. Kanpainaren ondorioz, Uharteetako Jaurerriko lurrei zilegitasuna kendu eta uharteetako jaun titulua beretzat hartu, bertakoak indar politikorik gabe utzita.[3]

1502an Ingalaterrarekin indar posizio batetik Betiereko Bakea sinatuta Jakue IV.ak Eskoziaren independentzia segurtatu nahi izan zuen, Europaren begietan. 1509an, ordea, Henrike VII.a hil egin zen, eta Henrike VIII.a gaztea Frantziako Luis XII.aren kontra oldartu zen Liga Santua (1511) osatu zenean. Horrek, baina, posizio deserosoan utzi zuen Jakue IV.a, Frantzia Eskoziaren aliatu historikoa baitzen.

1513an, azkenean, Ingalaterrako erregeak Frantziari eraso egin zion inbasio batez, eta Frantziako erregeak haren betebeharrak gogorarazi zizkion Jakue IV.ari, Frantziaren aliatu historiko gisa. Jakue Northumberlandi eraso egiteko prestatu zen; horretarako, gainera, Luis XII.ak gerra teknika berriez eta materialez hornitutako indarrak bidali zituen Eskoziara. Eskoziar armada handia Ingalaterrara barneratu zen, eta aurrez aurre izan zuen, orduan, Tomas Howard Surreyko jauna gerran zaildua, 70 urtekoa. Jakue IV.a, berriz, adoretsu baina eskarmentu gutxikoa zen. Flodden Fledge eta Branxton Hill arteko guduan, Jakue bere tropen buruan oldartu zen zelai irekira, baina hilik atera zen han bertan, baita bere sasiko seme Alexandro ere, 1513ko irailean.

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakue IV.a ikuspegi berri bat zekarren erregea izan zen. Eskoziarako identitate berri bat lortu nahi zuen, haren nortasuna bera mugatuz bazen ere. Leinuen arteko ohiturazko aliantzen oreka-desoreken jokotik askatu eta erregearekiko leialtasun zorra nagusitzeko ahaleginean, Jakuek hizkuntza bakar bat bultzatu zuen gailurrera, bere ama hizkuntza: Lowlandetako eskoziera. Espainiar enbaxadore batek, haren burua asko maite zuela adierazi ez ezik, gehitu zuen zortzi hizkuntzatan mintzatzeko gai zela, baita 'basatien' hizkuntza deitu zuen bat ere. Bada, espainiarrak mesprestuz aipatutako hizkuntza hori eskoziar gaelikoa zen, eta Jakue IV.a izan zen hura hitz egiten zekien azken eskoziar erregea.[4]

Errenazimenduaren hain zalea izaki, moldiztegia ezartzea bultzatu zuen Europatik. Eskozian lehenengoa Edinburgon jarri zuten 1507tik 1508ra. Luze gabe liburuak eta panfletoak hasi ziren argitaratzen, eragin handiaz. Gainera, Jakuek gorteko lehiaketa literarioak bultzatu zituen, tartean zela gaelikoz eta eskozieraz ondutako poemen arteko bat, ondo dokumentatua, non Lowlandetako ordezkariak isekaz hartzen duen poeta gaelikoduna eta bere kultura. Jakue IV.arekin, Lowlandetako eskoziera bihurtu zen Eskoziako erresumako hizkuntza ofiziala, eta gaelikoak, berriz, kutsu ezkorra hartu zuen, Lowlandetako iruditeria kolektiboan “traidoreen eta gaizkileen” mintzaira zelakoan.[5]

Familia sarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1503an, Margarita Tudorrekin ezkondu zen, Henrike VII.a Ingalaterrakoaren alabarekin, artean neskak 13 urte zituela eta 1502an Ingalaterrarekin Betiereko Bakea sinatu ondoren. Estuardo leinuarentzako aurrerapen handia izan zen, itzal handiko ezteia, baita ospakizun itzelez ospatu ere: "Kardoaren eta Arrosaren Ezkontza" deitu zioten. Henrike erregea ere ezteira bertaratu zen; era horretan, Ingalaterrako erregeak zilegitasuna eskuratu zuen Europari begira Estuardotarrekin elkartuz. Honetatik honako seme-alaba hauek izan zituzten:

Ezkontzaz kanpoko harreman batetik, Jakuek beste seme bat izan zuen:

Ingalaterrako tronura bere koinatua zen Henrike VIII.a Ingalaterrakoa iritsi ondoren, Jakuek frantziarrekin aliantza berritu zuen.

Luis XII.a Frantziakoarekin aliantza bat amaitu ondoren, Ingalaterrari gerra deklaratu zion 1512an.

Hurrengo urtean, Jakuek Ingalaterra inbaditu zuen, eta Flodden Fieldeko guduan garaitua eta hila izan zen, 1513ko irailak 9an.

Bere oinordekoa bere seme Jakue izan zen, urte bete baino ez zuen haurra, honen amaren erregeordetzapean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Oliver, Neil. 2009, 191. or.
  2. Oliver, Neil. 2009, 192. or.
  3. Oliver, Neil. 2009, 195. or.
  4. Oliver, Neil. 2009, 192. or.
  5. Oliver, Neil. 2009, 192-193. or.


Aurrekoa
Jakue III.a Estuardo
Eskoziako erregea
1488-1513
Ondorengoa
Jakue V.a Estuardo
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jakue IV.a Estuardo Aldatu lotura Wikidatan