Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Lurraren adina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Lurra, gure planeta, gaur egun Apollo 17tik ikusita.

Lurraren adinak planeta sortu zenetik gaur egun arte igaro den denbora adierazten du. Geologoek eta geofisiko modernoek uste dute Lurraren adina 4600± %1 milioi urtekoa dela. Datazio hau, 128 hafnioaren gainbeheraren ondorioz sortzen den 182 tungstenoan oinarritua dagoena, John Rudgek zehaztu zuen, Cambridgeko Unibertsitateko Lurreko Zientzien Saileko zientzialariak, 2010ean.[1] Hala, Rudgek aurreko datazioa, Lurrak 4540 ± %1 milioi[2] urte zituela adierazten zuena, 70 milioi urtetan murriztu zuen. Datazio hori meteoritoetatik eratorritako materialei esker eskuratu zen,[3] aipatzeko da, material hauek direla Lurraren zein Ilargiaren adina zehazteko erreferentziarik onenak, izan ere, ezagutzen diren laginik zaharrenak dira. Aurreko datua lortzeko, datazio erradiometrikoak baliatu ziren.[3]

Zientzialariek ez dakite zehazki noiz sortu zen Lurra, une horren bila dabiltza. Lehen Eoia, Eoi Hadearra, planetaren lehen garai geologikotzat hartzen da.

Zientzia iraultzaren etorrerak eta datazio erradiometrikoen metodoen garapenak bat egin zutenean, uranioan aberatsak ziren mineralen laginetan neurketak egin ziren, berun kopurua jakitearren. Lagin hauek aztertuz, batzuk 1000 milioi urte baino gehiago zituztela jakin zen.[4] Mota honetako mineralen artean aztertu den zaharrena, Mendebaldeko Australiako Jack Hillsen aurkitutako zirkoniozko kristal txiki bat izan da, honek, gutxienez, 4404 milioi urte eduki beharko lituzke.[5] Eguzkiaren distira eta masa beste izar batzuenarekin alderatuz, zientzialariek, gure eguzki-sistema aipatutako kristala baino gazteagoa izan beharko lukeela ondorioztatu zuten. Kaltzio-aluminiozko (Ca-Al) osagaiek, eguzki-sisteman eratutako meteorito zaharrenen osagaiek, 4567 milioi urteko adina dute, datu hau baliatu dezakegu eguzki-sistemaren adina zehazteko eta beraz, Lurraren adinari buruz mintzatzean goi-kota gisa erabili dezakegu.[6]

Hipotesi baten arabera, Lurraren eraketa Ca-Al ugari duten osagaiak zein meteoritoak sortu eta handik gutxira hasi zen. Lurra planeta gisa eratu zen une zehatzaren bila dabiltza zientzialariak, baina hala ere, oraindik ez dago argi. Teoria batzuen arabera, Lurrak bere burua osatzeko milioi urte gutxi batzuk behar izan zituen, beste batzuk ordea, zenbakia ehun milioi urtera ere handitzen dute. Zaila da, halaber, Lurraren gainazaleko harri zaharrenen adina zehaztea, oso litekeena baita, urteen poderioz, mineral gazteago batzuekin nahastu izana. Litekeena da, Kanadaren iparraldean dagoen Acasta Gneiss, gure planetaren gainazalean aurki dezakegun haitzik zaharrena izatea.[7]

Kontzeptu geologiko modernoen garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Lyell, aktualismoaren sustatzailea eta sortzailea.

Estratuen azterketek eta arroka eta sedimentuen geruzen formazioak, gure planetak bere izate osoan zehar aldaketa ugari pairatu dituela ulertarazi zien naturalistei. Geruza horiek, sarritan, izaki ezezagunen fosilizaturiko aztarnak izaten dituzte, eta, ondorioz, hurrengo geruzak behatu ondoren, hauek barnean dituzten fosilizaturiko organismoak aztertuz, garaien artean gertaturiko aldaketak antzemateko aukera dute zientzialariek. Dagoeneko K.A. VI. mendean, Xenofanesek, fosilen geruzak aipatutako moduan interpretatzen zituen.

XVII. mendean naturalistek ikuspegia aldatu zuten, izan ere, garai honetan estratuen eta geruzetan harrapatutako fosilen arteko lotura aintzat hartzen hasi ziren, adibide gisa jar dezakegu Nikolas Steno, gizon hau izan baitzen lehenengoetarikoa pausu hori ematen. Bere behaketetan oinarrituta, kontzeptu estratigrafiko garrantzitsuak sortu zituen, beranduago, oinarrizko printzipio bihurtuko zirenak: «gainezartze printzipioa» eta «jatorrizko horizontaltasunaren printzipioa». 1790. urtearen inguruan, William Smith naturalista britainiarrak hipotesi hau formulatu zuen: toki arras desberdinetan kokatutako bi arroka-geruzek antzeko fosilak badituzte, oso gertagarria da biak garai berekoak izatea. Gero, William Smithen iloba eta ikasleak, John Phillipsek, aipatutako teknika baliatuz Lurraren adina ondorioztatzen saiatu zen, haren arabera, gure bizilekuak 96 milioi urte eduki beharko lituzke.

XVIII. mendearen erdialdera, Mikhail Lomonosov naturalistak, Errusiako zientziaren sortzailetzat jotzen den zientzialariak, Lurra unibertsoa bera baino lehenago eta modu independentean eratu zela babestu zuen. Lomonosoven ideiak espekulazio-izaerakoak ziren nagusiki, baina 1779an, Buffon Kondea naturalista frantziarrak, Lurraren adina kalkulatzeko esperimentu bat gauzatu zuen: tamaina txikiko globo bat sortu zuen, gure planetaren antzeko osaera zuena, ondoren bere hozte-abiadura neurtzeko. Teknika honen arabera, Lurrak 75 000 urte izan beharko lituzke.

Beste hainbat naturalistek Lurraren historia eraikitzeko hipotesiak erabili zituzten, beraien denbora-sekuentziak zehaztasun gutxikoak zirela jakinda, izan ere, ez zekiten planetaren estratu bakoitza sortzeko zenbat denbora behar zen. 1830ean, Charles Lyell geologoak, aurrez James Hutton filosofo eta naturalista eskoziarrari bururatu zitzaizkion zenbait ideia oinarri hartuta, Lurraren ezaugarriak betiereko aldaketan daudela esan zuen, higadura eta etengabeko eraberritze prozesuei esker, eta aldaketa hauen erritmoa, gutxi gorabehera, konstantea zela. Ideia honek garaiko gizartearen pentsamenduaren kontra talka egin zuen, tradizionalki, Lurraren historia zerbait estatikoa bezala irudikatu zelako eta planetaren ezaugarriak aldatzeko bide bakarra noizean behin gertatzen ziren hondamendi naturalak zirela uste zelako. Hala ere, naturalista ugarik Lyellen ideia aintzakotzat hartu zuten eta poliki-poliki Lurarren bilakaera etengabeko aldaketaren ondorio zela sinisten zuten zientzialarien talde sendo bat sortu zen, zientzialari "uniformista"-z osatua.

Lehenengo kalkuluak fisikari, biologo eta geologoen eskutik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

William Thomson edo Lord Kelvin. Lurraren adinaren inguruan ekarpen nabaria egin zuen.

Mineralen historiarako sarreran (1774) Buffonek Lurraren adina kalkulatu eta gutxienez 180 000 urte zituela esan zuen. Gaur egungo ikuskeratik begiratuta, oso datu txikia den arren, bere garaian zifra handia zen, XVII. mendearen hasieran Usher artzapezpikuak Bibliako kontaketatik abiatuta egin zuen kalkulutik oso urrun zegoelako. Hala ere, Kantek, bere Kosmogonia (1775) lanean, planetak milioika eta ehunka milioka urte zituela aipatu zuen.[8]

1862an, Glasgowko William Thomson fisikariak (geroago Lord Kelvin izena jasoko zuenak) Lurraren adina 24 eta 400 milioi urte artean kokatzen zuten kalkulu batzuk argitaratu zituen.[9][10] Fisikari ospetsu honek, Lurra, hasierako une haietan, harri urtuz osatutako suzko bola bat bezala irudikatu eta planetak hozteko, teorian, beharko zuen denbora kalkulatu zuen.

Hautespen naturalak eraldatzen ditu bizidunak, Darwinen eboluzioaren teoriaren arabera.

Geologoek zailtasunak zituzten Lurraren itxurazko gaztetasuna onartzeko. Biologoek, haien zientziaren ikuspegitik, errazagoa zuten gaztetasun hori onartzea, baina 100 milioi urte epe laburregia bezala ikusten zuten, onargarria izateko. Garai haietan, Charles Darwinek Lyellen lanak aztertu eta bere eboluzioaren teoria ospetsua argitaratu zuen, honek, izaki bizidunen jatorria azaltzerakoan hautespen naturala erabiltzen du kausa nagusitzat, hau da, bizidunak ingurunearen hautaketa baten ondorio direla babesten du. Prozesu hori [hautespen naturala] azaltzerakoan, ondorengo argudioak erabiltzen ditu: naturan biziraun dezaketen baino espezie gehiago jaiotzen dira eta beraz, bizirauteko lehia sortzen da, ausazko aldaketa onuragarriak jasotzen dituen bizidun orok abantailak izango ditu lehia horretan, hala, aldaketa duen espeziea ugaldu eta zabalduko da. Bestela esanda, inguruneak berekiko hobeto egokitzen diren espezieak saritzen ditu eta epe luzean, aldaketak pilatzen joango direnez, erreferentziatzat genuen bizidunak, aldaketen ondorioz, espezie desberdinei bidea zabalduko die. Gaur egun jakina da, aldaketa horiek ausazko mutazio genetikoen edo moldaeren bidez eskuratzen direla. Aipatzekoa da, hautespen naturala ez dela inoiz gelditzen, baina aldaketa nabariak eratzeko denbora tarte luzeak behar dituela. Lurraren adinaren gaira itzuliz, 400 milioi urte bizitza garatzeko denbora gutxiegi zela pentsatzeak bere logika zuen.

1869an, Thomas H. Huxley izeneko zientzialari eta Darwinen defendatzaile sutsu batek, Thomsonen kalkuluei eraso zien, bere aburuz, kalkuluek zehatzak eta onargarriak ziruditen arren, oinarritzat uste okerrak zituzten. 1856an Hermann von Helmholtz fisikari alemaniarrak eta beranduago, 1892an, Simon Newcomb astronomo kanadarrak beraien kalkuluak aurkeztu zituzten, 22 eta 18 milioi urte, hurrenez hurren. Bakoitzak, modu independentean, Eguzkiak egungo diametroa eskuratzeko beharko zuen denbora kalkulatu zuten.[11] Ikusten den bezala, kalkulu hauek Thomsonenak berresten zituzten. Akats larri bat zuten ordea; haien iritziz, Eguzkiak igortzen duen distira bere erakarpen grabitazionalaren ondorioz sortutako beroak eragina zenez, ez zuten kontutan hartu gaur egun onartuta dagoen fusio nuklearraren bidezko ekoizpena, une haietan zientziarentzat ezezaguna zelako.

Beste zientzialari batzuek ere Thomsonen estimazioak babestu zituzten. Cambridgeko Unibertsitateko astronomoak, George H. Darwinek (Charles Darwinen semea) Lurra eta Ilargia oraindik ere masa likidoak zirenean batuta zeudela proposatu zuen eta ondoren, banandu zirela. Hori esateko zenbait kalkuluetan oinarritu zen, zehazki, marea-marruskadura ereduak erabili zituen Lurrak hogeita lau orduko eguna ezartzeko beharko zuen denbora jakiteko (Lurrak duela 4000 milioi urte sei orduko eguna zuen[12]). Kalkulu horien arabera, Lurrak ezin zituen 56 milioi urte baino gehiago eduki, hau da, Thomsonen balioa babesten zuten.[11]

1899 eta 1900. urteen artean, Dublingo Unibertsitateko John Joly jaunak ozeanoek, higadura prozesuen bidez, gatza metatzeko duten erritmoa kalkulatu zuen eta gure planetaren gainazalaren osagai nagusi diren ozeanoek, 80 eta 100 milioi urte artean eduki beharko lituzketela azpimarratu zuen.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)  Ciencia, B. B. C. «La Tierra es más joven de lo que se pensaba» BBC News Mundo https://www.bbc.com/mundo/ciencia_tecnologia/2010/07/100712_tierra_joven_men.shtml. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  2.   «Geologic Time: Age of the Earth» pubs.usgs.gov https://pubs.usgs.gov/gip/geotime/age.html. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  3. a b   Patterson, Claire (1956-10) «Age of meteorites and the earth» Geochimica et Cosmochimica Acta (4): 230–237 doi:10.1016/0016-7037(56)90036-9 ISSN 0016-7037 http://dx.doi.org/10.1016/0016-7037(56)90036-9. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  4.   Boltwood, B. B. (1907-02-01) «Ultimate disintegration products of the radioactive elements; Part II, Disintegration products of uranium» American Journal of Science (134): 78–88 doi:10.2475/ajs.s4-23.134.78 ISSN 0002-9599 http://dx.doi.org/10.2475/ajs.s4-23.134.78. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  5.   Wilde, Simon A.; Valley, John W.; Peck, William H.; Graham, Colin M. (2001-01) «Evidence from detrital zircons for the existence of continental crust and oceans on the Earth 4.4 Gyr ago» Nature (6817): 175–178 doi:10.1038/35051550 ISSN 0028-0836 http://dx.doi.org/10.1038/35051550. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  6.   Baker, Joel; Bizzarro, Martin; Wittig, Nadine; Connelly, James; Haack, Henning (2005-08) «Early planetesimal melting from an age of 4.5662 Gyr for differentiated meteorites» Nature (7054): 1127–1131 doi:10.1038/nature03882 ISSN 0028-0836 http://dx.doi.org/10.1038/nature03882. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  7.   Bowring, Samuel A.; Williams, Ian S. (1999-01-21) «Priscoan (4.00-4.03 Ga) orthogneisses from northwestern Canada» Contributions to Mineralogy and Petrology (1): 3–16 doi:10.1007/s004100050465 ISSN 0010-7999 http://dx.doi.org/10.1007/s004100050465. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  8.   Alvargonzález Rodríguez, Ramón María (1983-01-01) Ería (4): 101 doi:10.17811/er.0.1983.101-106 ISSN 0211-0563 http://dx.doi.org/10.17811/er.0.1983.101-106. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  9.   England, Philip C.; Molnar, Peter; Richter, Frank M. (2007) «Kelvin, Perry and the Age of the Earth» American Scientist (4): 342 doi:10.1511/2007.66.3755 ISSN 0003-0996 http://dx.doi.org/10.1511/2007.66.3755. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  10.   Brent., Dalrymple, G. (1991) The age of the earth Stanford University Press ISBN 0804715696 PMC 22347190 https://www.worldcat.org/oclc/22347190. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  11. a b c   Brent., Dalrymple, G. (1991) The age of the earth Stanford University Press ISBN 0804715696 PMC 22347190 https://www.worldcat.org/oclc/22347190. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .
  12. (Gaztelaniaz)  «¿Cuántos segundos tiene un día? | Curiosidades | Naukas» naukas.com https://naukas.com/2015/02/09/cuantos-segundos-tiene-un-dia/. Noiz kontsultatua: 2018-12-06 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lurraren adina