Pizkundeko filosofia
Pizkundeko filosofia, edo filosofia errenazentista, nagusiki XV. eta XVI. mendeen artean garatu zen filosofia da, Italian hasi eta Europako gainerako herrialdeetarantz aurrera eginez.
Errenazimentuan (berpizkunde ere deitua), filosofia oraindik oso eremu zabala zen, gaur egun hainbat zientziari eta teologiari esleitzen zaizkien ikerketak biltzen zituena. Hori kontuan hartuta, filosofia politikoa, humanismoa eta filosofia naturala izan ziren arreta eta garapen handiena jaso zuten filosofiaren hiru arloak.
Filosofia politikoan, estatu nazionalen arteko lehiek, haien barne-krisiek eta Amerikaren europar kolonizazioaren hasierak, botere politikoaren izaera eta moralitateari, batasun nazionalari, barne segurtasunari, Estatuaren botereari eta nazioarteko justiziari buruzko arazoekiko interesa berritu zuten.
Humanismoa gizakiak unibertsoan duen balioa eta garrantzia azpimarratu zuen mugimendua izan zen, Erdi Aroko filosofiarekin kontrastean, zeinak Jainkoa eta kristautasuna beti erdigunean jarri zituen. Mugimendu hau, hasteko, mugimendu moral eta literario bat izan zen, Erasmo Rotterdamgoa, Thomas More, Bartolomé de las Casas eta Michel de Montaigne bezalako figurek protagonizatua.
Errenazimentuko naturaren filosofiak Erdi Aroko natura kontzeptuarekin hautsi zuen, helburuei eta ordenamendu jainkotiarrari zegokienez. Aldi berean, indarrei, kausa fisikoei eta mekanismoei buruz pentsatzen hasi zen. Gainera, Platonen autoritatera itzuli zen partzialki, Aristotelesen gainetik, bai haren filosofia moralean, bai estilo literarioan, bai matematikari natura aztertzerako orduan emandako garrantzian. Nikolas Koperniko, Giordano Bruno, Johannes Kepler, Leonardo da Vinci eta Galileo Galilei aitzindari eta protagonista izan ziren iraultza zientifiko horretan, eta Francis Baconek oinarri teoriko bat eman zuen iraultzaren ezaugarri izango zen metodo enpirikoa justifikatzeko. Bestalde, medikuntzan, Andreas Vesaliusek giza anatomian egindako lanak diziplina biziberritu zuen eta metodo enpirikoari babes handiagoa eman zion. Errenazimentuko naturaren filosofia, beharbada, hobeto azaltzen da Leonardo da Vincik bere koadernoetan idatzitako bi proposamenen bidez:
- Gure ezagutza orok bere jatorria gure pertzepzioetan du
- Ez dago ziurtasunik non zientzia matematikoak eta zientzia matematikoetatik eratorritako zientziak erabili ezin diren.
Era berean, Galileok esperimentuetan oinarritu zuen bere metodo zientifikoa, baina fisikako problemetan aplikatzeko metodo matematikoak ere garatu zituen, fisika matematikoaren adibide goiztiar. Giza ezagutza ulertzeko bi modu horiek enpirismoaren eta arrazionalismoaren hasierarako funtsa osatu zuten, hurrenez hurren.
Berpizkundeko beste filosofo eraginkor batzuk Pico della Mirandola, Nicolas Cusakoa, Michel de Montaigne, Francisco Suárez, Erasmo Rotterdamgoa, Pietro Pomponazzi, Bernardino Telesio, Johannes Reuchlin, Tommaso Campanella, Gerolamo Cardano eta Luis Vives izan ziren.
Humanismo errenazentista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Humanismo errenazentista mugimendu intelektual eta filosofiko europarra da, Errenazimentuari hertsiki lotua, eta bere jatorria XV. mendeko Italian kokatzen da (bereziki Florentzian, Erroman eta Venezian), aurreko aitzindariekin, hala nola Dante Alighieri, Francesco Petrarca eta Giovanni Boccacciorekin. Antzinate Klasikoaren ereduak bilatzen ditu eta antzinako humanismo greko-erromatarra berrartzen du. Europako zati handi batean bere nagusitasuna XVI. mendearen amaierara arte mantentzen du. Ordutik aurrera, eraldatuz eta dibertsifikatuz joan zen garapen sozial eta ideologikoak eragindako aldaketa espiritualekin: Erreforma protestanteak (luteranismoa, kalbinismoa, anglikanismoa) eta Kontrarreforma katolikoak bultzatutako printzipioak; eta aurrerago (XVIII. mendearen amaiera arte) Ilustrazioa eta Frantziako Iraultza.
Mugimenduak, funtsean ideologikoa, inprimatutako estetika paraleloa ere izan zuen. Hau esaterako letra forma berrietan islatu zen hala nola borobila, Letra humanistikoa bezala ezagutzen dena. Hau Fraktur letra tardogotikoen bilakaera da eta florentziar humanisten (Poggio Bracciolini besteak beste) eta aita santuaren kantzilertza inguruan garatu zen. Inprentaren bidez Erdi Aroko letra gotikoa ordezkatu zuen.
Humanitatis studia adierazpena Coluccio Salutatik ikasketa teologiko eta eskolastikoei kontrajarria izan zen bere lagun Francesco Petrarcaren joera intelektualei buruz hitz egin behar izan zuenean. Bertan, “humanitasek”, grezierazko filantropia terminoak (gure hurkoenganako maitasuna) esan nahi zuena adierazten zuen, baina Erdi Aroko klero-kulturaren teozentrismoaren aurkako funtsezko ardatz bat adieraziz, antropozentrismoa. Horregatik, terminoa hertsiki lotuta zegoen litterae edo letra klasikoen azterketarekin. XIX. mendean, Humanismus neologismo germaniarra sortu zen 1808an hezkuntzaren teoria bat izendatzeko. Termino hori eskolastikaren aurkakotzat erabili zen ondoren (1841), eta, azkenik, (1859) Georg Voigtek ikerketa klasikoen berpiztearen garaian aplikatu zuen. Garai horri buruzko bere liburuak Humanismoaren lehen mendea azpititulua zuen, eta gai honi buruz funtsezkotzat hartua izan zen mende batean.
Humanismoak, Aita Santuen latin berantiarra imitatzen zuen prosazko eliz kanonaren aurrean, zeinak Bibliako testu itzulien hiztegi eta sintaxi soila erabiltzen zuen, humanitatis studia-k defendatzen zituen, hau da, iturri klasiko grekolatinoetan (haietako asko orduan liburutegi monastikoetan bilatuak eta Europako kontinente osoko monasterioetan aurkituak) oinarritutako gizakiaren formazio osoa. Kasu gutxitan itzuli ziren testu horiek, besteak beste, Averroesen lanari esker eta Europa osoko monasterioetan monje humanista adituek eskuizkribuen bilaketa nekaezinari esker. Humanismoaren aldeko zereginaren helburua latin garbiago, distiratsuago eta jatorrago bat lortzea zen, baita greziera berraurkitzea ere, bizantziar jakintsuen Europarako erbestealdi behartuari esker, Konstantinopla eta Ekialdeko Inperioa turkiar otomandarren esku erori baitzen 1453an. Bigarren eta tokiko zeregina XV. mendearen bigarren herenean Antzinate Klasikoaren hondar materialak bilatzea izan zen, aztarnategi aberatsak zeuden lekuetan, eta horiek Arkeologiaren metodologiaren oinarriekin aztertzea, eskultura eta arkitektura hobeto ezagutzeko. Ondorioz, humanismoak Antzinaro Klasikoko autore horiek hobeto ezagutzen eta ulertzen lagunduko zuten diziplina guztiak berrezarri behar zituen (Erdi Aroan ahuldua baino jakintza-eredu garbiagotzat jotzen zen), pentsamendu filosofiko grekolatinoko eskolak birsortzeko eta idazle klasikoen estiloa eta hizkuntza imitatzeko. Horregatik izugarri garatu ziren gramatika, erretorika, literatura, filosofia morala eta historia, giza espirituari estuki lotutako zientziak, filosofiaren esparru orokorrean: arte liberalak edo gizaki askearen jakintza duin guztiak teologiaren dogmatismo itxiaren aurrean (zeina ikuspegi ugari, elkarrizketaren eta epistolaren hitz bizia eta ahozkoa baztertzen zituzten tratatu sistematiko eta abstraktuetan azaldua zegoen); genero literario humanistiko tipikoak, heroi eta pertsonaia ospetsuen biografiarekin batera, zeinak gizakiarekiko interesa erakusten baitu Erdi Aroko santuen hagiografia edo bizitzaren kontakizunen aurrean; mitologiak, humanistentzat elezahar jainkozale zikiratuak edo hagiografiek baino iradokitzaileagoa den giza jokabidearen errepertorio aberatsa adierazten du. Prestakuntza mota hori humanistatzat hartzen da gaur egun ere.
Horretarako, humanistek bi modutan imitatu zituzten estilo eta pentsamendu grekolatinoak. Alde batetik imitazio zizeroniarra deiturikoa zegoen, hau da, Zizeron autore bakar baten imitazioa kultura klasiko osoaren eredu gisa, italiar humanistek bultzatua. Beste aldetik imitazio eklektikoa, autore grekolatino bakoitzaren onena imitatzea, Erasmo de Rotterdam buru zuten humanista batzuek aldarrikatua.
Testuingu historikoari dagokionez aldaketa ugariko garaia zen.
- Bizantziar jakintsuen emigrazioa: Turkiarrak Bizantziar Inperioa setiatzen ari zirenez, horietako askok Mendebaldeko Europan bilatu zuten babesa, bereziki Italian, eta eurekin batera greziar testuak eraman zituzten, hórrela, greziar kultura, balioak zein hizkuntza hedatuz. Horietako bat zen, esaterako, Manuel Crisoloras, Konstantinoplako greziar jakintsua. 1396tik 1400era grekoa irakatsi zuen Florentzian, eta bere dizipuluen erabilerarako Greziar Hizkuntzaren Kontuak lana idatzi zuen, Dionisio Trazioren Gramatikan oinarrituta; bere ikasle izandako Leonardo Bruni (1370-1444) izan zen grekotik latinera itzulpenak eskala handian egin zituen lehena, baita Ambrosio Traversario ere, Cosme de Mediciri Bizantzioren berrehun kodex greziar erostea gomendatu ziona.
- Inprentaren asmakuntza: Gutenbergen asmakizun honek liburuen kostuaren merkatzea eta zabalkundea ahalbidetu zuen, ideia humanisten hedapen masiboa eta magister dixit edo Erdi Aroko autoritatearen argumentuaren aurkako zentzu kritikoaren agerpena bermatuz.
- Tomas Parentucelli eta Eneas Silvio Piccolomini solio pontifikalera iristeak Erroma humanismoaren foko nagusietako bat bilakatuko du.
- Mezenasen ekintza: mezenasek, beren babes politikoarekin, antzinako jakintzarekiko estimuarekin, bildumazaletasun grinarekin edo humanistei beren lanak inprentan ezartzeko edo ordaintzeko ordainsari ekonomikoarekin, humanismoaren garapena erraztu zuten. Pertsona horiek obra klasikoak biltzen zituzten eta literatura grekoa eta erromatarra ezagutzen zuten adituei deitzen zieten; hori gutxi balitz, beren jauregietan hartzen zituzten. Mezenas aipagarrienen artean honako hauek nabarmentzen dira: Florentziako Medicitarren familia (Lorenzo Medici, Bikaina deitua eta bere anaia Juliano Medici), Julio II.a eta Leon X.a erromatar aita santuak eta Kritsina Suediakoa.
- Unibertsitateen, eskolen eta akademien sorrera: XV. mendeko unibertsitateek (hala nola Alcalá de Henares edo Lovaina) eta eskolek Humanismoaren hedapenean zeresan handia izan zuten.
Jarraipena, berdintasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pizkundeko filosofiaren egiturak, iturriek, metodoak eta gaiek antzekotasun ugari zituzten aurreko mendeetako filosofiarekin.
Filosofiaren egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere, XII. eta XIII. mendeetan idazki aristoteliko asko berreskuratu zirenez geroztik, argi geratu zen Aristotelesek logikari buruz idatzi zituenez gain, bazirela beste asko filosofia naturalarekin, filosofia moralarekin eta metafisikarekin zerikusia zutenak. Arlo horiek eman zuten sortzen ari ziren unibertsitateen filosofiako ikasketa-planerako egitura. Oro har, filosofiaren adar "zientifikoenak" teorikoenak zirela suposatzen zen, eta, beraz, aplikazio handienekoak. Errenazimentuan ere, pentsalari askok uste zuten horiek zirela filosofia-arlo nagusiak, eta logikak adimenaren entrenamendua ematen zuela beste hirurei heltzeko.
Filosofiaren iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzeko jarraipena ikus daiteke iturrien kasuan. Aristoteles inoiz autoritate ukaezina izan ez zen arren (gehienetan eztabaidarako tranpolin bat zen, eta bere iritziak beste batzuenekin edo Eskritura Santuen irakaspenekin batera eztabaidatzen ziren), fisikako erdi aroko ikasgaiak Aristotelesen Fisikaren irakurketan zetzan, filosofia moraleko ikasgaiak bere Nikomakorentzako Etikaren (eta askotan bere Politikaren) azterketan zetzan, eta metafisika bere Metafisikaren bidez jorratzen zen. Aristotelesen lanak filosofia ulertzeko funtsezkoak zirela onartzeak ez zuen behera egin Errenazimentuan, bere lanen itzulpen, iruzkin eta bestelako interpretazio berrien loraldia ikusi baitzuen, bai latinez, bai herri hizkuntzan. Erreformaren ondoren, Aristotelesen Nikomakorentzako Etika izan zen unibertsitate protestanteetan etikaren diziplinarako autoritate nagusia XVII. mendearen amaierara arte, 1682 baino lehen Nikomakorentzatko Etikari buruz argitaratutako berrogeita hamar iruzkin protestante baino gehiagorekin.
Filosofiaren metodoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Metodoari dagokionez, Behe Erdi Aroan, ikasgaiaren hiztegi teknikoan trebatutako pertsonek ikerketa sendoa eskatzen zuten. Testu eta arazo filosofikoak unibertsitate-hitzaldien eta "galderen" bidez lantzen ziren normalean. Azken hauek, nolabait ere eztabaida modernoen antzekoak, posizio edo interpretazio filosofiko jakin batzuen alde onak eta txarrak aztertzen zituzten. Metodo eskolastikoaren harribitxietako bat ziren, galderak proposatzen edo erantzuten zituzten ikasleak beren lanean azkar ibil zitezen eragiten zuten, eta ezagutzen zuten tradizio filosofiko guztiarekiko ezagutza sakona eskatzen zuten, sarritan argudio espezifikoen alde edo kontra egiten zena. Filosofia estilo honek jarraitzaile asko izan zituen Errenazimentuan. Pico della Mirandolako Sesioak, adibidez, tradizio horren mende zeuden zuzenean, eta tradizio hori ez zen unibertsitate-geletara mugatzen.
Filosofiaren gaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filosofia aristotelikoaren zabaltasun nabarmena zela eta, Erdi Aroko eta Errenazimentuko filosofian era guztietako gaiak eztabaida zitezkeen. Aristotelesek zuzenean tratatu zituen misilen ibilbidea, animalien azturak, ezagutza nola lortzen den, nahimenaren askatasuna, bertutea zoriontasunarekin nola lotzen den, ilargiaren eta sublunatzearen munduen arteko harremana. Zeharka, kristauak bereziki kezkatzen zituzten bi punturi buruzko eztabaida piztu zuen: arimaren hilezkortasuna eta munduaren betierekotasuna. Horiek guztiak interes handikoak izan ziren pentsalari errenazentistentzat, baina kasu batzuetan emandako irtenbideak oso desberdinak izan ziren, kultura- eta erlijio-panoraman izandako aldaketen ondorioz.
Desberdintasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Filosofiaren alderdi asko Erdi Aroan eta Errenazimentuan antzera mantendu zirela ezarri ondoren, baliagarria izango da orain aldaketak zein arlotan gertatu ziren erakustea. Aurreko eskema bera erabiliko da jarraitutasun-joeren barruan alde harrigarriak ere aurki daitezkeela erakusteko.
Filosofiaren egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oro har filosofiaren adarren egitura aristotelikoa mantendu egin zen arren, bere baitan garapen eta tentsio interesgarriak gertatu ziren. Filosofia moralean, adibidez, Tomas Akinokoak eta bere jarraitzaile ugariek sistematikoki eusten zioten jarrera bat zen bere hiru azpieremuak (etika, ekonomia, politika) gero eta eremu zabalagoekin (gizabanakoa, familia eta komunitatea) lotuta zeudela. Politika etika baino garrantzitsuagoa zela pentsatzen zuen Tomasek, kopuru handienaren ongia kontsideratzen zuelako. Posizio hori gero eta tentsio handiagoaren mende egon zen Errenazimentuan, pentsalari batzuek adierazi baitzuten Tomasen sailkapenak ez zirela zehatzak eta etika zela moralaren zatirik garrantzitsuena.
Beste figura garrantzitsu batzuek, Francesco Petrarcak (Petrarca) (1304-1374) adibidez, zalantzan jarri zuten filosofiaren alderdi teorikoak garrantzitsuenak zirelako uste osoa. Horren aurrean etikaren alderdi praktikoen balioa azpimarratu zuen, adibidez. Petrarcaren jarrera, bere ezjakintasunaz eta beste askorenaz (De sui ipsius ac multorum ignorantia) irmotasunez adierazia, beste arrazoi batengatik ere garrantzitsua da: filosofiak erretorikaren gidaritzapean egon behar duelako uste osoa adierazten du, filosofiaren xedea ez dela, beraz, egia erakustea, pertsonak ongiaren atzetik ibiltzera animatzea baizik. Italiar humanismoan hain tipikoa den ikuspegi honek filosofia guztia etikara mugitzera erraz eraman lezake, Platonen Sokrates eta Zizeron gogorarazten dituen mugimendu batean.
Filosofiaren iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beraz, baliagarria da iturri filosofikoei buruz lehen aipatutakoa berriz aztertzea. Errenazimentuan, iturriak asko handitu ziren. Platon, zuzenean Erdi Aroko bi elkarrizketa eta erdiren bidez bakarrik ezagutua, XV. mendeko Italiako latinezko itzulpen ugariren bidez ezagutua izatera pasa zen. 1484.an Marsilio Ficinok Florentzian idatzitako bere lan osoen itzulpenarekin asko lagundu zuen horretan. Petrarca, halaber, Virgilio eta Horazio bezalako erromatar poeten eta Zizeronen miresle handia izan zen latinezko prosa idazteko. Humanista errenazentista guztiek ez zuten bere eredua jarraitu gauza guztietan, baina Petrarkak bere garaiko "kanona" zabaltzen lagundu zuen (poesia paganoa arinkeriatzat eta arriskutsutzat hartua izan zen lehenago), filosofian ere gertatu zena. XVI. mendean, bere burua "au fait"-tzat zeukan edozeinek irakurtzen zituen bai Platon eta bai Aristoteles, ahal zen neurrian (eta ez beti arrakasta handiz) biak elkarren artean eta kristautasunarekin bateratzen saiatuz. Hori da, ziur asko, Donato Acciaiuolik Aristotelesen Etikari buruz egindako iruzkinak (1478an argitaratu zen lehen aldiz) hainbesteko arrakasta izateko arrazoi nagusia: hiru tradizioak zoragarri nahastu zituen.
Filosofiaren metodoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esan bezala, eskolastikak loratzen jarraitu bazuen, humanista italiarrek (hau da, humanitateen maitaleek eta praktikatzaileek) beren nagusitasunari aurre egin zioten. Ikusi dugunez, uste zuten filosofia erretorikaren hegalaren azpian jar zitekeela. Beren garaiko diskurtso akademikoak eredu klasikoen dotoretasunera eta zehaztasunera itzuli behar zuela ere uste zuten. Horregatik, filosofia bere aurrekoena baino arropa erakargarriagoz janzten saiatu ziren, hauen itzulpenak eta iruzkinak latin teknikoan egiten zirelarik eta batzuetan grekoa transliteratzera mugatzen zirelarik. 1416-1417an, Leonardo Brunik, bere garaiko humanista nagusi eta Florentziako kantzilerrak, Aristotelesen “Etika” latin jariakor, idiomatiko eta klasikoago batera itzuli zuen. Aristotelesen grekoaren dotorezia komunikatzea helburutzat zuen, eta, aldi berean, testua heziketa filosofikorik ez zutenentzat eskuragarriago bihurtzea. Beste batzuk, hala nola Nicolò Tignosi Florentzian 1460 inguruan, eta Jacques Lefèvre d 'Étaples frantsesa Parisen 1490eko hamarkadan, humanistei atsegin ematen saiatu ziren, bai Aristotelesi buruzko iruzkinetan adibide historiko erakargarriak edo poesia-aipamenak sartuz, bai galderen formatu eskolastiko estandarra saihestuz.
Filosofiak bere hizkera teknikotik askatu behar zuela uste zen, jende gehiagok irakur zezan. Aldi berean, gai filosofikoak jorratzen zituzten era guztietako laburpenak, parafrasiak eta elkarrizketak prestatu ziren, beren gaiei zabalkunde handiagoa emateko. Humanistek Aristoteles eta antzinateko beste idazle batzuen azterketa ere sustatu zuten. Desiderio Erasmo, holandar humanista handia, Aristotelesen grezierazko edizio bat prestatzera iritsi zen, eta, denborarekin, unibertsitateetan filosofia irakasten zutenek behintzat grekoa zekitelako itxurak egin behar zituzten. Humanistak ez ziren herri-hizkuntzaren zale handiak. Italierazko Aristotelesen elkarrizketen edo itzulpenen adibide batzuk baino ez daude XV. mendean. Hala ere, italiera meritu literarioko hizkuntza zela eta eztabaida filosofikoaren pisua eraman zezakeela erabaki ondoren, ahalegin ugari agertzen hasi ziren zentzu horretan, batez ere 1540ko hamarkadatik aurrera. Alessandro Piccolominik corpus aristoteliko guztia herri hizkuntzara itzultzeko edo parafraseatzeko programa bat zuen.
Beste pertsonaia garrantzitsu batzuk Benedetto Varchi, Bernardo Segni eta Giambattista Gelli izan ziren, guztiak Florentzian aktiboak. Platonen doktrinak herri hizkuntzan aurkezteko ahaleginak ere abian jarri ziren. Herriko filosofiaren sorrera hori, ikuspegi kartesiarra baino dezente lehenagokoa dena, ikerketa-eremu berri bat da, eta haren nondik norakoak nekez argitzen dira.
Filosofiaren gaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso zaila da Errenazimentuan gai filosofikoei buruzko eztabaidak aldatu ziren moduei buruz orokortzea, batez ere hori egiteko aldiaren mapa zehatza behar delako, oraindik ez daukaguna. Badakigu borondatearen askatasunari buruzko eztabaidek piztuta jarraitu zutela (adibidez, Erasmo eta Martin Luteroren arteko trukaketa ospetsuetan), pentsalari espainiarrak gero eta obsesionatuago zeudela nobleziaren nozioarekin, dueluak literatura handia sortu zuen praktika izan zirela XVI. mendean.
Aurreko istorioek, beharbada, behar ez bezalako arreta eskaini zieten Pietro Pomponazzik arimaren hilezkortasunari buruz egindako adierazpenei (kristautasunarekin modu koherentean filosofikoki konpon ezin zitekeen gai gisa), edo Pico della Mirandolaren Gizakiaren duintasunari buruzko otoitzari, garaiko sekularismo edo ateismoaren seinale balira bezala. Izan ere, garaiko filosofia natural arrakastatsuenaren bilduma (Compendium philosophiae naturalis, lehen aldiz 1530ean argitaratua) Frans Titelmansek idatzi zuen, Herbehereetako fraide frantziskotar bat, zeinaren lanak kutsu erlijioso handia duen. Ez da ahaztu behar garaiko filosofo gehienak gutxienez kristau nominalak zirela, elizkoiak ez baziren ere, XVI. mendea erreforma protestantearen eta katolikoaren lekuko izan zela, eta filosofia errenazentista Hogeita Hamar Urteko Gerraren garaiarekin (1618-1648) amaitzen dela. Bestela esanda, erlijioak garrantzi handia izan zuen aldi hartan, eta nekez azter daiteke filosofia hori gogoratu gabe.
Horixe da, besteak beste, Marsilio Ficinoren (1433-1499) filosofiaren kasua, Platon bere lehen komentarista grekoen eta kristautasunaren argitan berrinterpretatu zuena. Ficinok espero zuen filosofia araztu batek erlijio-berrikuntza eragingo zuela bere gizartean, eta, beraz, filosofia platonikoaren alderdi desatseginak (adibidez, Sinposioan goretsitako maitasun homosexuala) maitasun espiritual bihurtu zituen (hau da, maitasun platoniko). Ondoren, Pietro Bembok eta Baldassare Castiglionek gizonen eta emakumeen arteko harremanei ere aplika dakiekeen zerbait bihurtu zuten hori, XVI. mendearen hasieran. Ficinok eta bere jarraitzaileek "ezkutuko ezagutzaz" ere interesatu ziren, batez ere antzinako ezagutza guztia elkarrekin lotuta zegoela uste zutelako (Moisesek, adibidez, greziarrengandik jaso zituen bere ezagutzak, eta hauek, aldi berean, beste batzuengandik jaso zituzten, hori guztia Jainkoaren planaren arabera, eta, beraz, elkarrekiko koherentea; kasu honetan, Hermetismoa garrantzitsua da). Nahiz eta Ficinoren astrologiaren interesa eta praktika bere garaian ezohikoak ez izan, ez da nahitaez filosofiarekin lotu behar, biak elkarrengandik nahiko bananduak eta sarritan kontraesankorrak zirela uste baitzen.
Laburbilduz, pentsamenduaren historiako beste edozein une bezala, ezin da kontsideratu Errenazimentuaren filosofiak zerbait guztiz berria ekarri duenik, ezta bere aurrekoen ondorioak mendeetan zehar errepikatzen jarraitu duenik ere. Historialariek "Berpizkundea" deitzen diote garai honi, antzinako ikuspegi, iturri eta jarreretatik (bereziki klasikoak) literaturarekiko eta arteekiko izan zen berpizkundea adierazteko. Aldi berean, konturatzen gara birjabetze oro gaur egungo kezka eta aurreiritziek mugatzen eta gidatzen dutela. Hemen aztertzen ari garen aldian ez zen ezberdina izan: antzinakoa berriarekin nahastu eta aldatu egin zen, eta filosofian iraultza-abiapuntu berri bat dagoenik baieztatzerik ez dagoen arren, zentzu askotan Tomas Akinokoak eskainitako kristautasunaren, aristotelismoaren eta platonismoaren sintesia urratu egin zen, iturri osoago eta anitzagoetan oinarritutako eta, errealitate sozial eta erlijioso berriekin zein askoz ere publiko zabalagoarekin bat zetorren bati ateak zabalduz.