Tomas Moro
Tomas Moro[1] —jatorrizko izen-deiturez Thomas More— (Londres, Ingalaterra, 1478ko otsailaren 7a – 1535eko uztailaren 6a) abokatua, idazlea, politikaria eta humanista izan zen. Utopia hitza asmatu eta izen bereko liburua idatzi zuen, alegiazko uharte-nazio bati buruzkoa. Liburuan, bertako sistema politikoa aurkeztu zuen.
Hainbat lanpostu publiko bete zituen: Parlamentuko kide (1504), jarauntsien kudeatzaile (1514), ondasunen diruzain (1521), Behe Ganberako lehendakari (1523) eta lord kantziler (1529-1532 bitartean)[2]. Erregeari aurka egiteagatik Londresko Dorrean sartu zuten preso urtebetez; heriotza zigorra ezarri eta burua moztu zioten 1535eko uztailaren 6an. Haren idazlan nagusia Utopia (1516) da, latinez argitaratua. Lan horretan gizartearen satira egin zuen eta oso eragin handia izan zuen. Bertan agertzen den gizarte idealean, erlijioa teismo hutsa da eta tolerantzia erabatekoa, eta egitura komunista duen estatuaren alde egiten du Morok[2].
Anglikanismoaren arrakastak ospearen beheraldia ekarri zion arren, estatuko paperak argitaratu zirenean haren irudi osoa eta benetakoa berregin zen. Hala prestatu zen bidea Moro dohatsu egiteko (1886) aurrena, eta santu egiteko, gero. Gizona idazlea baino handiagoa izan bazen ere, Utopiak, bere «urrezko liburutxoa»k, ospe handiagoa eman zion martiri izateak baino eta, orobat, ingelesezko lanetako milaka hitzek baino.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Humanitate ikasketak egin zituen Oxfordeko Unibertsitatean, eta Londresen zuzenbidekoak[2]. Erasmo Rotterdamgoaren adiskide handia eta lankidea izan zen —harekin batera itzuli zuen Luziano Samosatakoaren Elkarrizketak lanaren parte handi bat— eta baita William Lily (harekin poeta grekoen bilduma bat egin baitzuen, ingelesera itzulia) eta Juan Luis Vivesena ere. Abokatu famatua zen eta 1504an Ingalaterrako Legebiltzarrean sartu zen. Postu horretan, bere etorri dotorearekin, Henrike VII.aren politika fiskalaren kontrako borrokan jardun zuen, gero eta abantaila gehiago ematen baitzizkion gorteari herriaren kaltetan.
Bizitza publikotik aldendu zuten, baina Henrike VIII.a errege egin zutenean politikagintzara itzuli zen; errege haren lankide garrantzitsua izan zen, hainbesterainokoa non 1529an lord kantziler kargura jaso baitzuen. Ez zion uko egin nahi izan Aita Santuak erlijio-auzietan zuen aginpideari, eta ez zuen onetsi nahi izan Henrike VIII.aren eta Katalina Aragoikoaren ezkontzaren desegitea[2]. Horregatik, Londresko dorrean espetxeratu zuten, eta burua moztuta hiltzera kondenatu[3].
Mororen hilketaren albisteak izugarrizko oihartzuna izan zuen Europa osoan. Erasmok biziki deitoratu zuen bere adiskidearen heriotza. «Haren arima elurra baino garbiagoa zen, haren jenioa hain handia non Ingalaterrak ez baitzuen inoiz halakorik izan eta ez duen berriz izango». Mororen traidore-irudi ofiziala ez zuten inon sinetsi, ezta lurralde protestanteetan ere. 1935ean, heriotzatik laurehun urtera, Pio XI.a Aita Santuak kanonizatu egin zuen, eta abokatu eta plazagizonen zaindari izendatu[3]. Haren ospakizun-eguna ekainaren 22an da.
Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Utopia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Utopia da (1516), latinez idatzia, Tomas Mororen lan nagusia, Erasmoren Encomium Moriae-rekin batera, ingeles humanismoaren adierazpen nagusietako bat da. Bertan, Morok errepublika idealaren egitura politiko-soziala deskribatzen du: estatu demokratiko bat, non buruzagia bere postutik ken daitekeen baldin eta tiraniara jotzen badu, eta erlijio-tolerantzia onartzen den. Gerra, heriotza-zigorra eta jabetza pribatua dira gaitzik okerrenak, baztertu beharrekoak; herritar guztiek lan egin behar dute, guztiek salatu behar dituzte ustelkeria eta bizioa, eta horiek dira bertako biztanleen betebeharrak; biztanleen zoriona gorputzaren atsegin moderatuetan eta adimenaren plazeretan dago. Liburuan lantzen diren gaien artean, kriminologia, estatuak kontrolaturiko hezkuntza, erlijio-aniztasuna, dibortzioa, eutanasia eta emakumeen eskubideak daude[3]. Liburuan erakutsi zituen jakituria, asmamen eta talentuak ospe handia eman zioten, eta humanista nagusien artean ipini zuten. Laster itzuli zuten Europako hizkuntza nagusietara, eta literatur genero berri baten aitzindari egin zen: utopiazko eleberriena.
Beste lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mororen gainerako obren artean, aipagarriak dira:
- History of King Richard III (1514, «Rikardo III.aren historia»), Shakespeareren Rikardo III.a dramaren jatorrian dagoena
- A dialogue concerning Herecies and Matters of Religion, against Tindale (1529)
- Dialogue of Comfort against Tribulation (hil ondoan argitaratua, 1553, «Kontsolamenduaren eta atsekabearen arteko elkarrizketa»), Londresko dorrean idatzia, heriotza-zigorra noiz beteko zain zegoela.
Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Utopia. Bilbo, Pentsamenduaren Klasikoak (1992). Itzultzailea: Piarres Xarriton
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
- ↑ a b c d «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus Noiz kontsultatua: 2019-06-05.
- ↑ a b c SLU, Herritar Berri. (2016-05-13). «Bost mende betez, «Utopia»!» GAUR8 Noiz kontsultatua: 2019-06-05.
Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Andonegi, Xabier (1992): "Hitzaurrea" in Tomas Moro: Utopia, Bilbo: Klasikoak
- Azurmendi, Joxe (2015): "Nafarroatik Nafarroara" in Pruden Gartzia: Nafarroako auziaz, Donostia: Elkar. ISBN 978-84-9027-443-9
- Gartzia, Pruden (2015): "Tomas Moro edo isilik egoteko eskubidea" in Nafarroako auziaz, Donostia: Elkar. ISBN 978-84-9027-443-9
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tomas Moro ![]() |
- Euskarari ekarriak: Tomas Moro Ekarriak.armiarma.eus
- (Ingelesez) (Alemanez) Tomas Mororen idazlanak irakurgai. Guttenberg Proiektua Gutenberg.org
- (Ingelesez) British Library