Edukira joan

Entzelado (satelitea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Entzelado (satelitea)
Aurkikuntza
AurkitzaileaWilliam Herschel
Data1789ko irailaren 17a
KategoriaSaturnoren sateliteak eta regular moon (en) Itzuli
Ezaugarri orbitalak
Zeren sateliteSaturno
Ardatzerdi handia237.948 km
Eszentrikotasuna0,0045
Orbita-periodoa32 ordu 53 minutu
Makurdura orbitala0,019°
Ezaugarri fisikoak
Erradioa252,1 km
Bolumena67.113.076 km³ eta 1,370218 d
Masa1,08×1020
Dentsitatea1,61×103
Grabitatea azalean0,113 m/s2
Albedoa0,99
Tenperatura(min.: 32,9 K) (max.: 145 K) (batez bestekoa) ~70
Itxurazko magnitudea11,8 eta 11,7

Entzelado (edo Saturno II) Saturnoren satelite bat da, William Herschelek XVII. mendean aurkitua. 1980ko hamarkadan Voyager zundek erakutsi zutenez, 498,8 km-ko diametroa du[1] eta jasotzen duen eguzki-argiaren ehuneko handi bat islatzen du.[2] Satelitearen osaerari dagokionez, izotzezko zoru gazte batez estalia dago, honek Eguzkiaren argia islatzen duenez, sateliteak eguerdian -198 ℃ tenperatura baino ez du lortzen. Tamaina txikia duen arren, lurzoru aberatsa du arrasto geologikoei erreparatzen badiegu, izan ere, sateliteak lurralde zaharrak eta kraterrez josiak dituen bezala, gune berri eta tektonikoki itxuraldatuak ere baditu, hauetako asko duela 100 milioi urte inguru sortuak dira.

Lehen aipatu dugun bezala, 1789ko abuztuaren 28an William Herschel astronomialari ospetsuak aurkitu zuen, baina Voyager zundak bere albotik igaro baino lehen (1980ko hamarkada), ia ez zegoen satelite honen xehetasunei buruzko daturik.[3] 2005ean, Cassini zundak egin zituen hegaldiei esker datu gehiago eskuratu ziren. Zehazki, hego poloan ura zuten guneak aurkitu zituen.[4] Zunda honek lortu zituen datuei esker badakigu, hego poloko kriosumendiek, geiser moduan, ur-zurrustak kanporatzen dituztela espaziora, beste hainbat material lurrunkorrekin eta material solidoarekin (sodio kloruroz osaturiko kristalak eta izotzezko partikulak) batera. Material hauek kantitate handian igortzen ditu sateliteak, 200 kilogramo inguru kanporatzen ditu segunduko.[5] Garrantzitsua izan daiteke jakitea, ehun geiser baino gehiago aurkitu direla argizagian.[6] Kanporatzen den materia bi lekutara joan daiteke: zati bat satelitera itzultzen da, elur moduan eta beste zati batek argizagitik ihes egitea lortzen du, Saturnoren E eraztunean aurki daitekeen materia kantitate handienak jatorria hemen du. 2014an, NASAk satelitearen lurrazalaren azpian ozeano handi bat egotea ahalbidetzen duten frogak aurkitu zituela adierazi zuen, ozeano honek, gutxi gorabehera, hamar kilometroko lodiera eduki beharko luke.[7]

Dione satelitearekin batera, 2:1 erresonantzian dabil orbitatzen, Io eta Europaren antzeko egoera batean dagoela esan dezakegu eta beraz, agian, satelitea apur bat berotzeko energia horren ondorio izan daiteke. Hala ere, Entzelado berotzen duen eragilea (edo eragileak) zein den esaterakoan eztabaida handia sortzen da zientzialarien artean eta ikerketa ugari martxan daude oraindik satelitearen misterio hau argitzeko ahaleginetan. Aipatzekoa da, hego poloan beroaren ekoizpena ia 16 megawattekoa dela, uste zena baino hamar aldiz handiagoa, oraindik ez dakigu zein den energia honen jatorria.[8]

Azkeneko urteetako ikerketei esker badakigu, satelitearen lurrazalaren azpian mundu guztia inguratzen duen ur likidozko ozeano bat dagoela. Ozeano hau lurrazal izoztuaren eta harrizko nukleoaren artean dagoen geruza bat dela esan dezakegu. Seguruenik, hainbat iturri hidrotermalek ozeanoa berotzen dute, honek, gune hori bizitzarentzako egoki bihurtzen du. Normala den bezala, bizitzarentzako gune egokiak izan daitezkeen leku guztien antzera, zientzialariei asko interesatu zaie satelite hau azkeneko urteetan zehar. 2017ko apirilean, NASAk satelitearen lurrazalean barneko ozeanotik lurruna eta ura isurtzen zituzten geiser eta fumarolak aurkitu zituela baieztatu zuen. Gainera, lurrun honek hainbat elementu kimiko, tartean hidrogenoa, isurtzen dituela segurutzat jotzen dute zientzialariek, beraz, bakterio eta bestelako bizidun zelulabakarrentzako gune egokia bihurtzen da Entzeladoko ozeanoa.[9][10]

Aurkikuntza eta izena jartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
William Herschel,[Oh 1] Entzeladoren aurkitzailea.

1789ko abuztuaren 28an William Herschel astronomialariak, 1,2 m-ko bere teleskopio berriarekin (garai hartan munduko handiena), Entzelado satelitea aurkitu zuen.[11][12][13][14] Argizagiak gaur egun duen izena greziar mitologiako Entzelado erraldoiarengandik jaso zuen. Izena John Herschelek proposatu zuen, 1847an, Esperantza Oneko lurmuturrean egin zituen behaketen emaitzak argitaratu zituenean.[15] Saturno II izenarekin ere ezagutzen da.

Satelitearen magnitude ahulak (11,7) eta Saturnorenganako (noski, planetaren distira askoz ere handiagoa da) zein bere eraztunenganako gertutasunak argizagia Lurretik, teleskopio txikiekin, behatzea asko zailtzen du. Espazio-aroaren aurretik aurkitu ziren Saturnoren satelite asko bezala, Entzelado ere Saturnoren ekinokzio baten bitartean behatu zen lehen aldiz, hau da, Lurra eta Saturnoren eraztunak plano berdinean zeudenean. Une berezi horietan, Saturnoren eraztunen distira gutxitu egiten da eta beraz, errazagoa izaten da magnitude txikiagoa duten argizagiak ikustea.[16] Voyager zundak Saturnoren albotik igaro ziren arte, ezer gutxi jakin zen satelite honi buruz. Zehazki, bere ezaugarri orbitalak baino ez ziren ezagutzen ziurtasunez, bere masa, albedoa eta dentsitatea aipatzerakoan ordea, baliospenak baino ez ziren erabiltzen.

Irudi honetan Entzeladoren orbita ikusi dezakegu (gorriz nabarmenduta), Saturnoren ipar poloa hartu da ardatz gisa.

Entzelado, Dione, Tetis eta Mimasekin batera, Saturnoren barne-satelite nagusietako bat da. Planetatik urrutien dauden sateliteen artean hamalaugarren postua hartzen du eta E eraztuneko alderik dentsoenean zehar dabil orbitatzen. E eraztuna planetatik urrutien dagoena da.

Ozeanoa eduki dezakeen satelite honek Saturnoren planeta-erdigunetik 238 000 km-ra orbitatzen du eta lainoen gaina kontuan hartzen badugu, 180 000 km-ra orbitatzen duela esan dezakegu. Mimas eta Tetisen artean mantentzen da eta 32,9 ordu behar ditu orbita oso bat osatzeko, beraz, gau bakar batean behatua izan daiteke. Entzelado Dionerekiko (satelitea) 2:1 erresonantzian kokatzen da, hau da, Dionek Saturno orbitatzen duen aldi bakoitzean, Entzeladok bi bira ematen dizkio. Erresonantzia honek aipatzen ari garen satelitearen eszentrikotasuna (0,0047) mantentzen laguntzen du eta satelitearen aktibitate geologikoari bero-iturri bat ematen dio.[17]

E eraztunarekin elkarrekintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipatu dugun bezala, E eraztuna Saturnorengandik urrutien kokatzen dena da, baina aldi berean, zabalena ere bada. Disko zabal eta lauso bat da, izotz eta hautsezko material mikroskopikoz osatua. Mimasen orbitan du hasiera eta amaiera ez dago oso ongi zehaztuta, batzuek Rearen orbitaren inguruan amaitzen dela esaten duten bitartean, beste batzuek Titanen orbita baino haratago bukatzen dela babesten dute, hau horrela bada, 1 000 000 km-ko zabalera edukiko luke. Eredu matematiko anitzen arabera, eraztun hau ez da egonkorra eta beraz, 10 000 eta 1 000 000 urte arteko bizi-itxaropena duela babesten dute. Gauzak horrela badira, eraztuna osatzen duten partikulak behin eta berriz birmoldatu behar dira. Gure sateliteak, Entzeladok, eraztun honen gunerik lauso eta meharrenean orbitatzen du. Teoria batzuek E eraztuna osatzen duten partikulen jatorria Entzeladon dagoela susmatzen dute. Cassini zunda satelitetik hurbil igaro zenean teoria hauen susmoei indarra eman zien. Partikula ugari dituen eraztun hau bi mekanismori esker elikatzen da.[18] Partikulen lehen jatorri edo iturria, eta seguruenik garrantzitsuena, Entzeladoren hego poloan kokatzen den zutabe kriobolkaniko bat da. Egia da, ateratzen diren partikula hauen gehiengoa satelitera itzultzen da, baina badira Entzeladoren grabitatearengandik ihes egitea lortzen dutenak ere, hauek Saturnorekiko orbitan sartzen dira. Kontuan hartu behar dugu satelitearen ihes-abiadura 866 km/h-koa dela, Lurrarena 40284 km/h-koa den bitartean. Bigarren iturria Entzeladoko meteorito-bonbardaketa da, honek, lurrazalean dauden hautsezko partikulak altxatu egiten ditu. Mekanismo hau E eraztuna orbitatzen duten satelite guztietan balioduna da.

Entzeladoren orbita, zeharka ikusita. E eraztunarekin duen harremana ikus daiteke.
Entzelado, Saturnoren E eraztunaren alboan orbitatzen.

Ezaugarri fisikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Entzelado, Titan satelitearen albotik pasatzen.

Entzelado satelite txikia dela esan dezakegu, eguzki-sistemako beste batzuekin alderatuta. 500 kilometro inguruko diametroa dauka, tamaina txikia da, Saturnoren satelite handienarekin, Titanekin, alderatu ezkero, bere diametroaren hamarren bat baino ez dela jakingo dugu. Cassini zundaren datuen arabera, zehazki, 513 kilometroko diametroa duen satelite honen polo batetik bestera joateko 497 kilometro egin behar dira. Ilargiarekin alderatzen badugu, haren tamainaren zazpiren bat baino ez du. Saturnoren satelite handienen zerrendan seigarren postua du, lehena Titanen (5 150 km) eskuetan dago, ondoren, Rea (1 530 km), Japeto (1 440 km), Dione (1 120 km) eta Tetis (1 050 km) daude.[19][20] Alboan dituzue Entzeladoren tamaina alderatzen duten hainbat irudi.

Entzelado, Britainia Handia eta Irlandarekin konparatuta.

Saturnoren satelite handienek bezala, Entzeladok bere periodo orbitalarekin sinkronikoki biratzen du planeta, beraz, bere aurpegietako batekin begiratzen du beti Saturno. Entzeladok, Ilargiak ez bezala, ez dirudi bere errotazio-ardatzaren (1,5º baino gehiago) gainetik libratzen denik. Hala ere, satelitearen formaren azterketek diotenez, satelitea garai batean behartutako eta bigarren mailako 1:4 librazio espin-orbita batean egon zen. Librazio honek, Dionerekiko duen erresonantziak bezala, sateliteari bero-iturri gehigarri bat eman izanaren aukeran pentsatzera bultzatzen gaitu.

Entzeladoren barnealdeari buruzko informazio gutxi daukagu gaur egun. Cassini-Huygens zunda satelitearen ingurutik igaro zenean ordea, hainbat datu eskuratu ahal izan ziren. Entzeladoren grabitateak Cassini zundaren igaroaldian izan zuen eraginetik ondorioztatu zen argizagiaren masa 1,08 × 1020 kg-koa dela, datu hau gorputzaren tamainarenarekin elkartzen badugu, dentsitatea zein den jakin dezakegu: 1,61 g/cm³, Saturnoren gainerako satelite ertainena baino zertxobait altuagoa.

Sateliteari atera zitzaizkion argazkien azterketa sakon baten ondoren, Cassiniren zientzialari-taldeak errotazio eta librazio mugimenduak doitasun ia osoz zehaztu zituen. Librazio mugimedu zehaztua (altua izanik) izotzezko lurrazalaren azpian ozeano likido bat edukitzearekin bat dator. Laburbilduz, satelitearen barnealdean nukleo harritsu bat dagoela ondorioztatu zen, mundu mailako ozeano likido batez inguratuta eta azken hau, izotzeko geruza batez estalita.[21][22]

Lehen, hego-hemisferiotik irteten ziren izotz eta ur-zurrustak aztertuta, hemisferio horretako gune jakin batzuetan ur likidoa egongo zela pentsatzen zen, iturri hidrotermalen beroarengatik mantenduko zirenak agregazio-egoera horretan. Azkeneko ikerketek ordea, ur likidoa, lurrazalaren azpian egon beharko lukeen mundu mailako ozeanoan dagoela diote. Honek interes eta arreta berezia piztu du ikerlarien artean, iturri hidrotermalei esker elikatzen eta bizirauten duten organismo biziak egon daitezkeelako bertan.[21][22]

Cassini zundak ateratako argazki honetan Entzeladoren hego hemisferioa ikusi daiteke, kolore faltsuan.

1981eko abuztuan Voyager 2 zundak atera zituen argazkiei esker, satelitearen geologia ikertu ahal izan zen. Goian dagoen argazkia da Voyager 2 zundak kalitate onenarekin ateratzea lortu zuena, bertan, sateliteak mota ezberdinetako lurrazalak dituela argi ikusten da, hala nola, kraterrak dituztenak eta lurralde gazte eta leunak. Aipatutako gune leun horietan krater gutxi daudenez, lurralde gazteak direla pentsatzen da (100 milioi urte baino gutxiago). Honek ondorio batera garamatza: Entzelado azken aldian geologikoki aktibo egon da, agian, kriobulkanismoaren bidez edo beste era baten bitartez berritu baitu lurrazala. Satelitearen lurrazala estaltzen duen izotz freskoari esker, argizagiak eguzki-sistemako albedorik altuena du (0.99), beraz, tenperatura oso baxua dago bertan, bataz bestean -193 °C-koa.

Asteroide edo bestelako gorputzen talken erruz gertatzen den kraterizazioa oso prozesu arrunta da eguzki-sistema osoan, Entzelado ez da salbuespena. Izan ere, satelitearen lurrazala kraterrez josita dago, aipatzekoa da ordea, kraterizazioaren dentsitatea ez dela berdina leku guztietan. Aurretik aipatu dugun bezala, gune batzuk ia kraterrik ez dituzten artean, beste eremu batzuetan ez dago besterik. Saturnoko gainerako satelite izoztuekin alderatzen badugu, kraterizatuenak dauden eremuetako kraterren dentsitatea txikiagoa da hemen, beraz, bere lurrazala gazteagoa dela esan dezakegu. Cassini-Huygens misioak egin zituen behaketetan jakin da satelite honetako kraterrak normalean desitxuratuak direla, hau lasaikuntza likatsua deritzon prozesuarengatik edo tektonikaren ondorioz gertatzen diren hausturengatik izan daiteke. Bigarren irudian ikusi daitekeen Dunyazad kraterra Entzeladoko krater desitxuratuen adibide dugu.

Voyager 2 zundak atera zuen argazki honetan Entzeladoren kraterrak modu argian ikusten dira (Ali Baba eta Aladdin dira esanguratsuenak).

Voyager 2 zundak Entzeladoko gainazalean mota ezberdinetako haustura tektonikoak aurkitu zituen, hala nola, haran linealak eta ildo lerromakurrak zituzten gerrikoak, Ganimedes satelitean daudenen antzekoak. Gaur egun, Cassini zundak atera zituen datuei begiratu ezkero, argizagi honetako desitxuraketa bultzatzen duen prozesu nagusia tektonika dela jakin dezakegu. Ezaugarri tektoniko mota interesgarrienetako bat hausturak dira, hauek berrehun kilometroko luzera eduki dezakete, bost-hamar kilometroko zabalera eta kilometro baterainoko sakonera. Haustura hauek, astronomia munduan erabiltzen den denbora kantitatea ardatz hartuta, gazteak direla esan daiteke.

Entzeladoko tektonikaren beste adibide bat Voyager 2 zundak aurkitu zuen ildoz osatutako gune bat da. Ganimeden aurki daitezkeenekin antza duen arren, hau konplexuagoa da. Europa satelitean aurki daitezkeenak bezain handiak ez dira, baina Entzeladon ere badira gandorrak.

Voyager 2 zundak atera zituen argazkietan zabaldi edo ordoki lauak ere aurkitu ziren. Hauek, normalean, erliebe gutxikoak dira eta krater eskasia nabarmena dute, azken batean, lurrazalaren gaztetasunaren adierazle ziurrenak dira, seguruenik, duela ehunka milioi urte gutxi sortu ziren. 2005eko uztailaren 14an Cassinik atera zituen argazkien bidez, ordoki lau mota berri baten izatea jakin da. Lurralde honek Entzeladoren hego poloa inguratzen du, hegoaldeko 60o latituderaino, haustura tektonikoz eta gandorrez josita dago. Lurralde honetan krater bakar bat ere ez denez ikusi, orain arte atzeman dugun gunerik gazteenetakoa dela ondorioztatu dezakegu. Cassini zundak egin zituen ikerketa geldituagoei esker, izotz urdina eta etxeen tamainako harrokak, 10-100 metroko diametroa bitartean zutenak, aurkitu dira gune honetan.

Europa satelitean dauden gandorren antzekoak, Entzeladon.

Aurrez aipatu dugu, Entzelado Saturnoren E eraztunaren partikula-iturri nagusia dela egiaztatu da. Zientzialarien artean nagusi den hipotesia hurrena da: mikrometeroide edo meteorito oso txikiek lurrazalaren kontra talka egiten dute, honek hainbat partikula espaziora irtetea eragiten du, satelitearen inguruan laino bat osatuz. Beste partikula batzuk satelitearen ihes-abiadura gainditu eta Saturnoren orbitaren mende geratzen dira, hau da, E eraztunaren parte izatera igarotzen dira.

Cassini zundak bere barnean zituen hainbat tresnaren bidez, Entzeladok aktibitate geologikoa duela esateko nahikoa froga aurkitu dira. Hego poloan "tigrearen marrak" (tiger stripes ingelesez) izeneko ildo batzuk daude, hauek aireztapen-sareten lan berdina egiten dute eta bertatik lurrun-jarioak eta izotzezko partikula meheak nola irteten diren ikus daiteke. Partikula hauen kristalizazioa kronometro bat bezala erabili daitekeen prozesu bat da: izotz freskoa edo sortu berria kristalinoa da, denboraren poderioz izotz desitxuratu bihurtzen da, hamarkadak irauten dituen prozesu bat dugu hau. Ondorioa hurrengoa da: tigrearen marrek 10 eta 1000 urte bitartean dituzte. Bestalde, ur-lurrunezko atmosfera bat atzeman da, hego poloa dagoen lurraldean kontzentratzen dena, gune honek krater oso gutxi ditu. Atmosfera honen osaera uraren lurrunketarekin edo igorpenarekin bat dator. Horretaz gain, 2005eko uztailean, Composite InfraRed Spectromer (CIRS) instrumentuak hego poloaren inguruan dagoen lurralde hori Entzeladoko gainerakoak baino zertxobait epelagoa (bataz besteko tenperatura baino 15 gradu gehiago) dela aurkitu zuen. Entzeladoren hego poloaren inguruko lurraldea geologikoki aktiboa dela aurkitzea izan da Cassiniren aurkikuntza handienetako bat.

2005etik aurrera eskuratutako datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Entzeladoren ustezko barne-osaera edo geruzak irudikatzen ditu irudi honek.

1980ko hamarkadan, Entzelado Voyager zundekin topatu zenean, zientzialariek geologikoki aktibo egon zitekeela esan zuten, bere albedo altuarengatik (honek gainazala gaztea dela esaten digu) eta E eraztunaren erdialdean duen kokapenagatik. Garai horietan, datu hauetan oinarrituta. Entzelado E eraztunaren partikula-iturria zela pentsatzen zen, funtzio hau gauzatzeko sateliteak bere barnetik irteten zen lurrunarekin zerikusia izan zezakeen mekanismo batetaz baliatzen zela ere uste zuten.

2005ean frogatu zen hipotesi hori, Cassini zundaren hainbat tresnari esker. Zunda honek lurpean (sakonera txikian) ur-likidozkoak izan daitezkeen erreserbak aurkitu ditu, Entzeladoren lurrazalean geiser moduan erupzionatzen dutenak. 2006ko martxoan, ikerketa liluragarri bezain garrantzitsu hau Science aldizkari ezagunean argitaratu zen. Cassinik ateratako kalitate altuko argazki batzuetan, abiadura handian partikulak isurtzen dituzten zurrusta izoztuak eta "hegal" altuak ikus daitezke. Isurketa hauek aurrez aipatu ditugun Tigrearen Marrak izeneko guneetan dute jatorria, satelitearen hego hemisferioan. Aipatutako gune hauek, normalean, 130 km-ko luzera, 2 km-ko zabalera eta 500 m-ko sakonera dute. Prozesu hau azaltzeko saiakeran, hainbat eredu aurkeztu dira. Eredu eta datu hauen arabera, zurrusta hauek, lurrazaletik ez oso sakon dauden ur-likidozko gordailuetan dute jatorria.

Entzeladoren zurrustak modu argian erakusten dituen irudia dugu hemen.

Lurrazaletik 30 eta 40 kilometro artean egon daitekeen lurpeko ozeano horren aldeko froga garrantzitsuenetako bat satelitea geroz eta handiagoa dela da.[23] Ozeanoaren ideiaren aldekoak ez diren zientzialariek beste proposamen bat luzatu dute: satelitearen azpian urez beteta dauden izotzezko kobazulo handiak egotea. Azkeneko ereduek satelitearen aktibitate geologikoa marea-indarrekin soilik azaltzea ezinezkoa dela babesten dute eta beraz, aurrez aipatu dugun ezaugarri geologikoaren bidez hobeto azaldu daitekeela, honek, Entzelado bizi estralurtarra bilatzeko leku bikaina bihurtzen du.[24]

Aurkikuntza hauen aurretik, gure eguzki-sisteman hiru eremutan baino ez zen ziurtzat jotzen bolkanismoa: Lurrean, Ion, Tritonen eta ez hain ziur Artizarrean. Entzeladok zerrenda honetan bere lekua egin du, ondorioz, orain gure izar-sistemako leku interesgarri bihurtu da, ur likidoa lurrazaletik oso gertu egon daitekeelako bertan.

Entzeladoren aktibitate hidrotermala dugu irudi honetan.

2006ko maiatzean, Francis Nimmo eta Robert Pappalardok (Kaliforniako Unibertsitatekoa eta Pasadenan kokaturiko JPLkoa, hurrenez hurren) Nature zientzia-aldizkarian ikerketa bat argitaratu zuten, Entzeladoko aktibitate geologikoa soilik haren hego poloan zergatik gertatzen den azaltzea helburu zuena. Lan honen egileen arabera, hego poloko gune aktiboaren jatorria satelitearen beste lurralde batean izan dezake. Argizagiaren gune aktiboan gainontzekoetan baino material beroagoak eta dentsitate baxuagokoak aurki daitezkeenez, indar zentrifugoak material dentsoenak ekuatore aldera bultzatuko zituen eta arinenak polo aldera, hau da, material arina denboraren poderioz polo aldera iritsi zen.

2008ko martxoaren 12an Cassini zundak gauzatu zuen igaroaldi batean, harrigarria badirudi ere, Entzeladoren hego poloan kokatzen diren zurrustetatik materia organikoa ere kanporatzen dela aurkitu zen. Beranduago gauzatu zituen beste igaroaldietan (2008ko abuztuaren 11an eta urriaren 31an), Cassinik kalitate altuko zenbait argazki (pixel bat 7m-ko) atera zizkien Tigrearen Marrei, hauei esker, geiser horien kokaleku zehatza jakin ahal izan zen.

Entzeladok isurtzen dituen zurrustetan dauden molekula motak.

Azken finean, Cassiniren ikerketek jarraian dituzuen ondorioak atera zituen: Entzelado aktibitate geologikoa duen mundu bat da, batezere bere hegoaldeko lurraldean, bertako aktibitatea plaken (krio)tektonika baten antzekoa da. Tigrearen Marrak Lur planetako ozeanoetan dauden mendikateen antzeko guneak dira, handik ateratzen den materialari esker lurrazal berriak sortzen dira eta geiserretatik irteten den materiala berriz bere jatorrira erortzen denean, bere iturriak estaltzen ditu. Geiserrak beste leku batean berriz azaltzen dira gero.

Ikerketa baten arabera, satelitearen aktibitate geologikoa modu periodikoan gertatzen da, barnealdetik datorren izotz "beroa" gainazalera igotzen denean, lurrazala hautsiz. Entzelado gaur egun une horietako bat bizitzen ari da, horregatik esan dezakegu, geologiako denbora-eskala kontuan hartuta, satelitearen gainazala gaztea dela. Aurrez aipatu ditugun periodoek hamar milioi urte inguru iraun ohi dute eta 100 eta 2000 milioi urtetan behin gertatzen dira.[25]

Cassinik bidalitako datu batzuk erreparatzen baditugu, Saturnoren E eraztunean sodioa aurki daitekeela jakingo dugu. Datu hau, lurpeko ozeano baten izatearen beste froga bat gehiago bezala hartu da. Beraz, zurrusta horiek ez dira geiser bortitzak, igorpen jarraia duten zurrustak baizik, lehen aipatu dugun elementua ezin izan delako izotzaren sublimaziotik etorri.[26]

Zurrusta horietan aurkitu den beste elementu bat amoniakoa izan da, hau ere lurrazalaren azpian ur-likidoa existitzearen froga gisa hartu da.[27][28]

Espazio-esplorazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

80ko hamarkadaren aurretik, Entzelado, Saturno orbitatzen zuen puntu txuri txiki bat bezala ikusten zen. Bere inguruko datu bakarrak, bere orbitaren ezaugarriak eta bere masa, dentsitate eta albedoaren kalkuluak ziren.

Entzelado ageri zen lehenengo argazkiak Voyager zundek atera zituzten. Voyager 1 zunda satelitetik urruti igaro zen bitartean, Voyager 2 zunda askoz ere hurbilago pasa eta kalitate altuko argazki mordoa atera zituen 1981eko abuztuan. Argazki hauei esker jakin zen argizagiak gainazal gaztea zuela.

Ikerketa motel eta zehatzagoak 2004ko ekainean Cassini-Huygens zunda iritsi zenean hasi ziren, Saturnoren inguruan orbitatzen hasi bezain laster. Zunda honek atera eta bidali zizkigun datuei esker, gaur egun, satelite hau eguzki-sistemako interes handiko puntu gisa hartzen da, hainbat gauza daudelako ikertzeko oraindik. Jarraian dituzue Cassini bere albotik igaro zen momentuen zerrenda:

Cassini zundak Entzeladorekin izan dituen topaketak
Data Distantzia (km)
2005eko otsailaren 17
1200
2005eko martxoaren 9
500
2005eko martxoaren 29
64 000
2005eko maiatzaren 21
93 000
2005eko uztailaren 14
175
2006ko irailaren 8
40 000
2006ko azaroaren 9
94 000
2007ko ekainaren 28
90 000
2007ko irailaren 30
88 000
2008ko martxoaren 12
50
2008ko ekainaren 30
99 000
2008ko abuztuaren 11
55
2008ko urriaren 9
25
2008ko urriaren 31
200
2009ko azaroaren 2
100
2009ko azaroaren 21
1600
2010eko apirilaren 28
103
2010eko maiatzaren 18
438
2010eko abuztuaren 13
2554
2010eko azaroaren 30
51
2010eko abenduaren 31
51
2011ko urriaren 1
99
2011ko urriaren 19
1231
2011ko azaroaren 8
496
2012ko martxoaren 27
74
2015eko urriaren 28
49

Bizi estralurtarra Entzeladon

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entzeladok mundu mailako lurpeko ozeano bat edukitzea ia segurutzat jotzen dugu, bakarrik hau gure begiekin ikustea geratzen zaigu erabatean egiaztatzeko. Zientzialariek planetak ezaugarri hau duela segurutzat jotzen dutenez, galdera batek indar handia hartu du azken urteetan: bizia al dago lurpeko ozeano hartan? Une honetan ezin dugu egiaztatu, baina azkeneko ikerketen arabera, aukerak ugariak dira.

2017an NASAk, satelitearen barneko ozeanoak bizia sortzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituela esan zuen. Bizia osatzen duten molekulak aurkitzeaz gain (amoniakoa, metanoa), izaki zelulabakarren ekosistemen energia-iturri nagusiak existitzea ziurtzat jo zuten.[29][30]

2018an, Cassini zundak lehenago lortu zituen datuak motelago aztertuta sortu zen ikerketa bat argitaratu zen Nature aldizkarian. Ikerketa honek baieztatu zuen satelite honetako ozeanoan molekula organiko konplexuak daudela. Aurkikuntza honek satelitean bizia egotea ez du segurutzat jotzen, baina bere barnean dagoen ozeanoa bizia edukitzeko leku aproposago bilakatzen du.[31][32]

Hurrengo urteetan aurkikuntza gehiago egingo direla uste da eta segurasko, laister jakingo dugu satelite honek bere barnean bizia duen edo ez. Agustin Sanchez-Lavega astrofisikariaren ustetan, egunen batean bizi estralurtarra aurkituz gero, iraultza biomedikoa ekarri dezake.[33] Beraz, guk uste duguna baino garrantzitsuagoa izan daiteke bizia gure planetatik at aurkitzea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Solar System Exploration: Planets: Saturn: Moons: Enceladus: Facts & Figures. 2013-10-16 (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  2. avalencia@cantv.net, Andrés Valencia. «ARVAL - Classic Satellites of the Solar System» www.oarval.org (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  3. (Ingelesez) «The secret life of Enceladus | Cosmos» cosmosmagazine.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  4. (Ingelesez) Suddenly, It Seems, Water Is Everywhere in Solar System. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  5. Spencer, J. R.; Nimmo, F. (2013). Enceladus: An Active Ice World in the Saturn System. Annual Review of Earth and Planetary Sciences 41: pp. 693-717.
  6. «Cassini Spacecraft Reveals 101 Geysers and More on Icy Saturn Moon» NASA/JPL (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  7. «NASA Space Assets Detect Ocean inside Saturn Moon» NASA/JPL (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  8. «Cassini Finds Enceladus Is a Powerhouse – Cassini Legacy: 1997-2017» Cassini Legacy: 1997-2017 (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  9. (Gaztelaniaz) La NASA informó que podría haber vida en una de las lunas de Saturno. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  10. (Gaztelaniaz) Domínguez, Nuño. (2017-04-13). «Una sonda de la NASA confirma que puede haber vida en Encélado» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  11. (Ingelesez) «Planetary Names: Planet and Satellite Names and Discoverers» planetarynames.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  12. Herschel, W. (1790). Account of the Discovery of a Sixth and Seventh Satellite of the Planet Saturn; With Remarks on the Construction of Its Ring, Its Atmosphere, Its Rotation on an Axis, and Its Spheroidal Figure. Philosophical Transactions of the Royal Society of London 80: pp. 1-20.
  13. Herschel, W. (1795). Description of a Forty-feet Reflecting Telescope. Philosophical Transactions of the Royal Society of London 85: pp. 347-409.
  14. Kronberg, Hartmut Frommert, Christine. «William Herschel (1738-1822)» www.messier.seds.org (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  15. Lassell, W. (1848). Satellites of Saturn. Monthly Notices of the Royal Astronomical Society 8 (3): pp. 42-43.
  16. «Enceladus: Saturn's Tiny, Shiny Moon» Space.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  17. Porco, C. C.; Helfenstein, P.; Thomas, P. C.; Ingersoll, A. P.; Wisdom, J.; West, R.; Neukum, G.; Denk, T. et al. (2006ko martxoaren 10). «Cassini Observes the Active South Pole of Enceladus». Science 311 (5766): pp. 1393-1401. Bibcode:2006Sci...311.1393P. PMID 16527964. doi:10.1126/science.1123013.
  18. Spahn, F.; eta abar (2006). «Cassini Dust Measurements at Enceladus and Implications for the Origin of the E Ring». Science 311 (5766): pp. 1416-1418. Bibcode:2006Sci...311.1416S. PMID 16527969. doi:10.1126/science.1121375.
  19. (Ingelesez) «Saturnian Satellite Fact Sheet» nssdc.gsfc.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-07-14).
  20. Thomas, P. C.; Burns, J. A.; et al. (2007). "Shapes of the saturnian icy satellites and their significance". Icarus. 190 (2): 573–584. Bibcode:2007Icar..190..573T. doi:10.1016/j.icarus.2007.03.012.
  21. a b (Gaztelaniaz) «Confirman la existencia de un océano global en Encélado, luna de Saturno — Noticias de la Ciencia y la Tecnología (Amazings® / NCYT®)» Noticias de la Ciencia y la Tecnología (Amazings® / NCYT®) (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  22. a b (Gaztelaniaz) «Encélado tiene un océano global subterráneo | Astronáutica | Eureka» Eureka (Noiz kontsultatua: 2018-07-11).
  23. (Gaztelaniaz) Científicas, SINC Servicio de Información y Noticias. (2014-04-03). La sonda Cassini detecta un océano subterráneo en Encélado. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  24. (Gaztelaniaz) «Sondas Espaciales» www.sondasespaciales.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  25. «As the Crust Turns: Cassini Data Show Enceladus in Motion – Cassini Legacy: 1997-2017» Cassini Legacy: 1997-2017 (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  26. «Salt Finding From NASA's Cassini Hints at Ocean Within Saturn Moon – Cassini Legacy: 1997-2017» Cassini Legacy: 1997-2017 (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  27. (Gaztelaniaz) «Sondas Espaciales» www.sondasespaciales.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  28. (Gaztelaniaz) «La Brújula de la Ciencia: El océano de Encélado contiene sustancias orgánicas complejas - Scenio» Scenio 2018-06-30 (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  29. (Gaztelaniaz) «La NASA anunció que podría haber vida en una de las lunas heladas de Saturno» Infobae (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  30. «Saturno: Su pequeña luna Encélado, puede albergar vida según la NASA» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  31. (Gaztelaniaz) Dvorsky, George. «El descubrimiento de moléculas orgánicas complejas en una luna de Saturno es más importante de lo que imaginas» Gizmodo en Español (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  32. (Gaztelaniaz) «NASA EN ESPAÑOL :: Detectan la Presencia de Moléculas Orgánicas Complejas en Encélado» www.lanasa.net (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).[Betiko hautsitako esteka]
  33. Berria.eus. ««Lurretik kanpoko bizitza topatzeak iraultza biomedikoa ekar dezake»» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz

Gazteleraz eta frantsesez

Ingelesez