Al-Ghazali
Abu Hāmed Mohammad ibn Mohammad al-Ghazzālī, persieraz ابو حامد محمد ابن محمد الغزالی, Erdi Aroan mendebaldean Algazel izenarekin ezagunagoa (Tus, Khorasan, gaurko Iranen, 1058 - Tus, Khorasan, 1111ko abenduaren 19a) islamiar teologoa eta filosofoa izan zen.
[aldatu] Biografia
Gaztetan Nishapurren ikasi zuen, eta gero Bagdad hirira abiatu zen. Han irakasle egon zen garaian, idazki juridikoak eta polemikoak plazaratu zituen. Bertan ekin zion aristotelismo islamiarraren ikerketa kritikoari, gehienbat Al-Farabi eta Ibn Sinaren (Avizenaren) pentsamendua aztertuz. Bi obra dira kritika horren emaitzak: Maqasid al-fasalifa ("Filosofoen asmoak") eta Tahafut al-fasalifa ("Filosofoen inkoherentzia"). Horietan bere erabateko eszeptizismoa adierazten du ziurtasuna arrazoiaren bidez lortzearen auzian; kausalitatearen oinarria ukatzen du, bai eta Jainkoaren izatea frogatzeko ahalbidea ere, goi-agerkunde eta barne-esperientzia mistikoaz landara.
36 urte inguru zuelarik, bere autobiografian (Al-munqid min al-dalal, "Errakuntza eta berrerospena") deskribatzen duen krisi sakona jasan zuen, eta alde egin zuen bere herritik. Krisia gainditurik, bere herrira itzuli zen, eta zenbait urtez Nisapurren irakatsi zuen. Sorterrian bururatu zuen bere obra nagusia, Ihya ulum al-din ("Erlijio-zientzien biziberritzea"), zientzia eta fede mahomatarrak ezagutzeko dokumentu garrantzitsuenetako bat. Al-Ghazaliren erlijiozko dotrina funtsezkoa izan zen islamaren bilakaeran.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.