Art Déco

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Art Déco (frantseseko arts décoratifs-en laburdura; hots, "dekorazio-arteak") diseinuaren historiako nazioarteko mugimendu bat da, gutxi gorabehera 1920tik 1940ra arte iraun zuena eta askotariko esparruak landu zituena, hala nola arkitektura, etxe-barruen diseinua, industria-diseinua, moda, margolaritza, arte grafikoak eta filmak. Bere garaian, estilo hau dotore, glamourtsu, funtzional eta modernotzat jo zen.

Paparrerako orratz bat, Art Déco estilokoa.
"Club rond" besaulki bat.
Philips irrati bat (1931).

Izena hartzen du 1925ean Parisen egindako Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketatik.

Mugimendu honek XX. mendearen hasierako estilo eta mugimendu ezberdin askoren uztartze-lana egin zuen (Konstruktibismoa, Kubismoa, Modernismoa, Futurismoa). Europan, bere goraldia 1920ko hamarkadan izan zuen, eta 1930eko hamarkadan ere bere indarrari eutsi zion Estatu Batuetan.

Nahiz eta diseinuaren alorreko mugimendu ugarik jatorri edo helburu politikoak edo filosofikoak izan, esan beharra dago Art Déco mugimendu hertsiki dekoratiboa izan zela.

1930eko hamarkadaren bukaeran eta 1940koaren hasieran, Art Déco-k gainbehera jasan zuen, eta denbora gutxian jendearen zaletasuna galdu zuen.

Art Déco-k eragin handia izan zuen ondorengo arte-mugimendu ugaritan, hala nola Memphis Group eta Pop Art-ean.

Mundu osoko herrialde askotan eta askotarikoetan aurki daitezke gaur egun Art Déco-ren erakusgarriak: Erresuma Batuan, Espainian, Kuban, Indonesian, Filipinetan, Errumanian, Zeelanda Berrian eta Brasilen, besteak beste. Hiri handietan, estilo honetako eraikin asko aurki daitezke. New Yorkeko Chrysler Building, esate baterako, Art Déco estiloko arkitekturaren adibiderik bikainenetakoa da.

Ingurugiro historiko, artistiko eta arkitektonikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chrysler Building, Art Déco estiloko arkitekturaren erakusgarri aipagarrienetako bat.
Louise Brooks aktorea, 1927.

1918an Lehen Mundu Gerra amaitu zen. Baina horrelako gertakari izugarri batek mundua eraldatu egin zuen, eta mundu zaharraren hondarretatik oso gizarte ezberdina sortzekoa zen. Zehazkiago esatearren: suntsituriko hiriak berreraiki egin behar ziren (adibidez, Frantziako Reims hiriaren % 80 deuseztatu egin zen gerran, eta, berreraiki zenean, hein handi batean Art Déco estiloa erabili zen). Gizartea lau urteko amesgaizto batetik ateratzen ari zen, eta aldaketa sakonak pairatu zituen.

Art Décoren garaiko figura adierazgarri bat da frantsesez garçonne eta ingelesez flapper deitzen dena: emakume-eredu berri bat, emakume emantzipatua, etxetik kanpo lanean hasi zena, ilea garçonne erara mozten zuena eta janzki soil eta erosoak erabiltzen zituena, lanera joan eta oinez azkar ibili ahal izateko. Garçonne edo flapper erako emakumearen adibide aipagarrienetakoak dira Suzanne Lenglen (tenis-jokalari frantsesa), Louise Brooks (aktore amerikarra), Tamara de Lempicka (margolaria) edo Josephine Baker (dantzaria).

Garai honetan, bestalde, zientziaren eta teknikaren alorrak garapen itzela biziko du: kontinenteen arteko aire-bidaiak egiten hasten dira (Charles Lindbergh, Jean Mermoz...), automobila eta telefonoa hedatzen dira, eta abar.

Literaturan, aipatzekoak dira Jean Cocteau, André Breton eta surrealismoa.

Bestalde, Freud-ek psikoanalisiaren oinarriak ezarri zituen.

Artearen alorrean, zenbait fenomenok aldaketa muntadunak eragin zituzten arte dekoratiboetan, eta, batez ere, altzarietan.

Serge Diaghilev-en ballet errusiarrek dantza, musika eta margogintza uztartzen zituzten. "Mila eta Bat Gauetan" zeuden inspiratuta, eta luxu nahiz exotismorako gonbita egiten zuten. Jantziak Léon Bakst-ek sortuak ziren, eta Picasso, Derain, Delaunay eta beste zenbait sortzailek jardun zuten antzeztokiko oihalaren eta dekoratuen diseinuan. Hortik eratorritako moda da abanikoena, lumena, ur-zorrotadena, kolore biziena... Altzarien diseinuan kolore ustekabekoak izango dira nagusi. Horrela, garai honetan, esate baterako, kolore laranjako hormak dauzkaten apaingelak ikusiko dira, edo paper beltzez estalitako hormadun egongelak.

Bestetik, Braque eta Pablo Picassoren inguruan Kubismoa antolatuko da. Kubismoak Paul Cézanneren teoria aplikatu zuen, zeinaren arabera natura landu daitekeen zilindro, esfera eta konoaren bitartez. Picasso are urrunago iritsiko da, objektu baten alde guztiak plano bakar batean irudikatzeraino (adibidez, Avignongo andereñoak margolanean).

Fauvismoa: Korronte honen eraginez, kolore ausartak formari nagusitzen zaizkio, eta zeregin deskriptiboa betetzeari uzten diote: Matisse, Derain edo Vlaminck bezalako artistak tonu puruetara eta oinarrizko koloreetara itzultzen dira.

Arkitekturaren esparruan, hormigoi armatuaren erabilera hedatu egiten da. Forma guztietako eraikinak egitea ahalbidetzen du.

Bestalde, arkitektoek sinpletasuna, geometria eta egitura-koherentzia aldarrikatzen dute: eraikinaren formak adierazi behar du zein den eraikin horren funtzio edo zeregina, beharrezko ez den apaingarririk gabe.

1919an, Walter Gropius-ek Bauhaus izeneko eskola sortuko du. Diziplina anitzeko arte-eskola bat da, honako lelo hau daukana: "Artea eta teknika: batasun berri bat". Eskola hori 1920ko hamarkadako abangoardia artistikoen parte da,

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paramount Theater-en fatxada.
Paramount Theater. Barrualdeko hall ikusgarria.
Chrysler Building-eko igogailu bateko apainduraren xehetasuna.

Forma geometrikoetan oinarritzen da Art Déco-ren egitura. Eskuarki, Modernismoaren forma eklektiko eta dotoretzat hartua izan zen, iturri ezberdinen eragina jasan zuena. Iturri horien artean zeuden Afrikako, antzinako Egiptoko eta Azteken Mexikoko arte "primitiboak" deituak zirenak. Art Déco-k inspirazio-iturburu gisa baliatu zituen, halaber, makinen aroko teknologiak eta teknologia aerodinamikoak, hala nola hegazkingintza modernoa, argiztapen elektrikoa, irratia, transatlantikoak eta etxe orratzak.

Art Déco joritasun handiko estiloa da, eta bere aberastasun-kutsu hori egozten zaio Lehen Mundu Gerrak ekarritako estutasunen ondorioz izandako erreakzioari. Art Décoren izaera oparoa eta alaia oso apropostzat jo zen testuinguru "moderno"etarako, eta askotariko sorkarietan aplikatua izan zen: Golden Gate zubian, zinema antzokietan (adibidez, Kaliforniako Oakland hiriko Paramount Theater), ikuskizun-aretoetan (esate baterako, New Yorkeko Radio City Music Hall), transatlantikoetan, tren-geltokietan (1930eko hamarkadan, Art Déco erruz erabilia izan zen Estatu Batuetako tren-geltokietan, trenaren modernotasuna eta eraginkortasuna irudikatzeko ahalegin batean) eta abar.

Art Décok, hein batean, Kubismoaren, Errusiako Konstruktibismoaren eta Italiako Futurismoaren eragina jaso zuen.

Materialei dagokienez, Art Décok bereizgarria du honako hauen erabilera: aluminioa, altzairu herdoilgaitza, laka eta zurezko inkrustazioak (ikus aldameneko argazkia, Chrysler Building-eko igogailu baten apaindura erakusten duena). Larrua edo zebra-larrua bezalako material exotikoak ere baliatzen ditu.

Formak aipatzean, esan behar da Art Décok bereizgarri duela forma geometriko hutsen erabilera, Art Nouveauri kontrajarririk, zeinak natura-antzeko forma bihurgunetsuak eta uhintsuak erabiltzen baitzituen. Art Décok geometriaren alde egiten duen apustuari dagokionez, esan behar da ezen, Art Décok hasiera batean kurba ugari erabiltzen baditu ere, pixkanaka kurba desagertzen joango dela, angelu zuzenaren mesedetan; batez ere, De Stijl deritzon korrontearekin. Forma mailakatuen erabilera gogotsua egiten da (ikus Frantziako zinema baten eraikinaren argazkia, artikulu honen amaieran), eta maiz asko agertzen da eguzki-printzen diseinua (azken hori, nonahi erabilia: emakumeen oinetakoetan, Radio City Music Hall-eko eszenatokiaren inguruan, edo Chrysler Buildingeko goialdeko orratzean).

Gainbehera eta susperraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pixkanaka, eta produkzio masibora iritsi ondoren, Art Déco Mendebaldean jarraitzaileak galtzen hasi zen, merke-itxurako deigarritasuneko estiloa zelakoan, eta luxuaren irudi faltsu bat ematen zuelakoan. Azkenean, Bigarren Mundu Gerrako estualdiek amaiera jarri zioten Art Décori.

Geroago, 1960ko hamarkadan, Art Décok zinema beltzarekin eta 1930eko hamarkadako glamourrarekin iradokitzen zuen loturaren ondorioz, bitxien eta modaren publizitatea egitean baliatua izan zen.

Art Déco estiloko askotariko erakusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Art Déco Aldatu lotura Wikidatan