Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles
| Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles | |
|---|---|
| Mota | Sozietate Anonimoa |
| Sektorea | Trengintza |
| Sorrera | 1917 |
| Egoitza | Beasain |
| Presidentea | Jose Maria Baztarrika Garijo |
| Merkatuak | Mundua |
| Akziodunak | BBK, Kutxa, Vital Kutxa |
| Web orria | http://www.caf.net |
CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen sigla), egoitza Beasainen (Gipuzkoa) duen trengintzako enpresa bat da, herri horretan 1917an sortua. Urteak daramatza munduko leku askotarako era askotako trenak diseinatzen, fabrikatzen eta mantentzen. Eskumendeko 45 enpresa ditu mundu osoan.[1]
Eduki-taula |
Historia [aldatu]
Sozietatea 1917an sortu zen, Compañía Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) izenarekin, Beasaingo bi fabrika elkartuta: 1892. urtekoa zen La Máquina Guipuzcoana, eta geroztikoa zen Fábrica de Vagones. Kargarako bagoiak fabrikatzen espezializatu zen. 1954an, Material Móvil y Construcciones erosi zuen; Zaragozako enpresa horrek ibilbide luzeko trenak egiten zituen. 1971n, bi enpresak —Compañía Auxiliar de Ferrocarriles eta Material Móvil y Construcciones— batu ziren, eta gaur egungo izena hartu: Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles.[1]
1990ean, AVE trenaren Madril-Sevilla lineako trenak egiteko enkargua bereganatu zuen CAFek. 1992an, nazioarteko merkatuetara zabaltzeari ekin zion.[1]
Enpresaren instalazioak [aldatu]
Beasaingo fabrika [aldatu]
Enpresaren egoitza eta instalazio nagusia Beasaingo CAF fabrika da: 1600 langile ditu, eta 442.900 m2 hartzen ditu guztira (horietatik 180.800 m2, estaliak).[2] Beasaingo eta Goierri osoko fabrika nagusia da, eta inguruko herrietan Fabrika Haundie ezizenez da ezaguna («fabrika handia», Goierriko euskaran). Inguruko beste enpresa txikiago askok CAFentzat lan egiten dute. CAF enpresa, gainera, Beasainen sortu zen, 1917an, Errusiako Iraultzak mundua astindu zuen urte zalapartatsuan, Europako Gerra Handiaren garaian. Urte hartan, Fábrica de Vagones fabrikak Oria ibaiaren ertzean zituen lantegiak errentan hartuta, 1860an eraikitako lantegi multzo handi bat eskuratu zuen CAFek.[3]
Beasaingo CAF fabrika aitzindari da lantokietan euskara normalizatzearen arloan. Izan ere, 1995az geroztik, euskara normalizatzeko plan bat aurrera eramaten ari da, lantokietan euskararen jakintza eta erabilera bultzatzeko asmoz. Azken batean, «CAFen euskara eguneroko jarduneko hizkuntza izatea eta naturaltasunez eta erraz erabiltzea» lortu nahi dute.[4]
Instalazioak, munduan zehar [aldatu]
Zortzi ekoizpen instalazio nagusi ditu gaur egun: Beasaingoa, Zaragozakoa, Irungoa, Elmirakoa (New York, AEB), Linareskoa, Castejóngoa, Lleidakoa eta Suresneskoa. Gainera, konpainiak duen esportatze jarduera indartsuaren ondorioz, muntatze edo mantentze lanak egiteko instalazioak ere baditu hainbat herrialdetan:[5]
| Instalazioak | Jarduerak |
|---|---|
| Sacramento (AEB) | Eskualdeko tren arinak muntatzea eta mantentze lanak egitea |
| Mexiko Hiria (Mexiko) | Mantentze lanak |
| Sao Paulo (Brasil) | Mantentze lanak |
| Buenos Aires (Argentina) | Mantentze lanak |
| Lisboa (Portugal) | Mantentze lanak |
| Londres (Erresuma Batua) | Mantentze lanak |
Finantzetako informazioa [aldatu]
Gaur egun, sozietate kapitala 10.318.505,75 euro da, eta 3,01 euroko balio nominaleko 3.428.075 akzioz osatuta dago. Akzio horiek kontu-idazpen bidez ordezkatuta eta guztiak harpidetuta eta ordainduta daude. Guztiek burtsan kotizatzen dute. CAFen akzioek Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko eta Valentziako merkatuetan kotizatzen dute, etengabeko merkatuko atalean. Sozietateak sozietate kapital berari eutsi dio azken hiru ekitaldietan.
CAFen proiektuak, munduan [aldatu]
Metroak [aldatu]
Metro arinak/tranbiak [aldatu]
Bezeroak [aldatu]
CAFek hainbat bezero ditu Espainian eta munduko hainbat tokitan. Jasotako azken enkarguetako bati erantzuteko, Mexiko Hiriko metrorako unitate berriak fabrikatuko ditu.
- Renfe (Espainiako trenbide garraioko operadorea)
- MTR (Hong Kongeko metroa)
- Washingtongo metroa
- Madrilgo metroa
- Port Authority of Allegheny County (Ameriketako Estatu Batuetako Pennsylvania estatuko Allegheny konderriko portu agintaritza)
- Iarnród Éireann (Irlandako trenbide garraioko operadorea)
- Ferrocaril Suburbano de le Zona Metropolitana de México (Mexiko Hiriko metropolitar eremuko metroa)
Lantokietan euskararen erabilera normalizatzearen alde [aldatu]
Beasaingo CAF fabrika aitzindari da lantokietan euskara normalizatzearen arloan, eta Irungo fabrikan ere horretan lanean dihardu CAFek. 2005eko abenduan, erakunde urrats garrantzitsua egin zuen CAFek: ordu arte bildutako esperientzian oinarrituta, hizkuntza politika propioa onartu zuen CAFeko zuzendaritzak. Hizkuntza politika parte-hartzailea da, CAFen Beasaingo eta Irungo lantegietako hizkuntzen erabilera zehazten eta arautzen duena, euskarari bultzada eta babesa emateko asmoz. Horretarako, langileak motibatzen eta sentiberatzen ditu, euskaraz aritzeko ahalmena duten langileen kopurua handitzen, eta langileek euskara naturaltasunez eta erraz erabiltzeko aukera errealak sortzen.[6]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ a b c «CAF, fabricante español con éxito internacional», AVE trenaren webgunean.
- ↑ Beasaingo fabrikari buruzko orria, CAF enpresaren webgunean.
- ↑ Elena Legorburu Faus (1995): «Fabrika Haundie»: Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen historia, Beasaingo Paperak bilduma, 5. zenbakia, Beasaingo Udala, 1995.
- ↑ Naiara Exposito: «CAF eta Montte euskara planetan», Argia, 2140. zenbakia, 2008-06-08.
- ↑ Enpresaren instalazioei buruzko orria, CAF enpresaren webgunean.
- ↑ CAFeko Euskara Zerbitzua: «CAFeko Hizkuntza Politika Orokorra», Iritzi-muinetik, 2010-11-19.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Webgune ofiziala
| Burtsan kotizatzen duten Euskal Herriko enpresak | ||
|---|---|---|
|
Azkoyen • Banco Guipuzcoano • Baron de Ley • BBVA • Befesa • Bodegas Bilbainas • CAF • Cementos Portland • CIE Automotive • CVNE • Faes Farma • Gamesa • Iberdrola • Tavex • Tubacex • Tubos Reunidos • Urbar Ingenieros •Vidrala • Viscofan |
||