Kongoko Errepublika Demokratikoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kongoko Errepublika Demokratikoa
République Démocratique du Congo
Kongoko Errepublika Demokratikoko bandera
Bandera

Kongoko Errepublika Demokratikoko armarria
Armarria

Goiburua: 'Justice – Paix – Travail
"Justizia, Bakea eta Lana"
Nazio ereserkia:
Debout Congolais
Kongoko Errepublika Demokratikoa: kokalekua
Hiriburua Kinshasa
4°19′S 15°19′E / 4.317°S 15.317°E / -4.317; 15.317Koordenatuak: 4°19′S 15°19′E / 4.317°S 15.317°E / -4.317; 15.317
Hiri handiena Kinshasa
Hizkuntza ofiziala(k) Frantsesa
Gobernua
Presidentea
Lehen ministroa
Errepublika Erdi-presidentziala
Joseph Kabila
Adolphe Muzito
Independentzia
Belgikatik

1960ko ekainaren 30a
Eremua
• Guztira
• Ura

2.344.858 km² (12.)
%3.3
Biztanleria
• Zenbatespena(2005)
• Errolda (2006 ustez)
• Dentsitatea

Herritarra

47.432.000 (26.)
59.319.660
25 biztanle/km² (179.)

kongoar
Dirua Franko kongoar (CDF)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Ez (UTC +1etik +2ra)
Interneteko domeinua .cd.
Telefono aurrezenbakia +243
Kongoko hiriburu Kinshasa.

Kongoko Errepublika Demokratikoa (frantsesez République démocratique du Congo), batzuetan DR Congo, DRC edo RDC moduan laburtua, Afrika erdiko herrialdea da. Historikoki Kongoko Estatu Burujabea, Kongo Belgiarra, Kongo-Leopoldville, Kongo-Kinshasa eta, 1997 arte, Zaire izenak izan ditu. Gaur egun ere, Kongo-Kinshasa izena ere erabiltzen da, Kinshasa baita hiriburua, Kongo-Brazzavilletik (Kongoko Errepublika) bereizteko. Kongo izenak ehiztari esan nahi du eta Bakongo herritik dator izena.

Afrikako hirugarren herrialderik handiena da. NBEren Afrika Erdialdeko eskualdean kokatua egon arren herrialdeak lotura sendoak ditu Hegoaldeko Afrikarekin eta Afrikako Hegoaldeko Garapen Komunitateko kidea da.

Herrialdeko etniak 200 baino gehiago dira: mongoak, lubak, kongoak (bantuak) eta mangbetu-azandeak (kamitak) % 45 dira.

Hizkuntza ofiziala frantsesa da, eta lingala ofiziala ejerzitoan. Beste hizkuntza batzuk: swahilia, shiluba, kikongoa.

Erlijioak: katolikoak % 50, protestanteak % 20, kingistak edo kinbangistak % 10, musulmanak % 10, sekta sinkretikoak eta bertako sinesmenak % 10.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika Erdiko Errepublika eta Sudanekin egiten du muga iparraldean, Uganda, Ruanda eta Burundirekin ekialdean, Zambia eta Angolarekin hegoaldean eta Kongoko Errepublikarekin mendebaldean. Tanganika lakuak Tanzaniatik banatzen du ekialdean.

Kongoko Errepublika Demokratikoak 40 kilometroko irteera estua dauka Ozeano Atlantikora, eta Kongo ibaiaren 9 kilometroko muturraren kostaldetan zehar.

Lurraldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdeak Kongo ibaiaren arroaren gehiena hartzen du. Erdialdea eta iparraldea oihana dira; oso jende gutxi bizi da han. Hego-ekialdea mila metrorainoko goi ordoki bat da, eta mea baliabideetan aberatsa da oso: kobrea, zinka, eztainua, urrea, kobaltoa eta uranioa ditu, besteak beste. Hegoaldean sabana da nagusi, eta bertan bizi da jenderik gehiena. Kotoia, kakahuetea, kafea, azukre kanabera, kautxu zuhaitza eta olio palmondoa lantzen dira gehienbat.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kongoko klimak beroa eta hezetasuna ditu ezaugarri nagusiak. Urtean 1.600 mm euri egiten ditu eta tenperatura 20-27 Â°C bitartekoa izaten da; Bengalako itsaslasterrak giroa hozten du. Oihanak lurraldearen erdia baino gehiago hartzen du, ipar-ekialdean sabanak eta zingirak daude, eta kostaldean mangle zuhaizti asko.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kongoko Errepublika Demokratikoko biztanleen artean hamabi etnia edo gizatalde handi bereizten dira, eta beste 190 txikiagoak. Lautik hiru bantu herria osatzen duten etniaren batekoak dira. Etnia txikiagoen artean aipagarriak dira sudandarrak iparraldean, nilotikoak ipar-ekialdean eta pigmeoak eta kamitak ekialdean. Biztanle multzo handiena Shabako eskualdean (mea askoko eskualdea) eta Kongo Beherean bizi da.

Biztanleen % 45 inguru hirietan bizi da: Lubumbashi (851.000 biztanle), Shabako hiriburua; Mbuji-Mayi (800.000 biztanle); Kisangani (420.000 biztanle), barnealdeko hiri nagusia eta Kongoko azken portua; Kananga (400.000 biztanle).

Etnien arteko tirabirak, independentziaren ondoren gerra zibila eragin zutenak, indarrez berpiztu ziren 1990 ondoko urteetan, Shaba aldean batez ere. Biztanleen hiru laurdenak, gutxi gorabehera, kristauak dira (katolikoak eta protestanteak). Gainerakoak, bertako sinesmenak kristautasunarekin nahasten dituzten erlijio sinkretikoren bateko kideak dira gehienak.

Bizi itxaropena 53 urtekoa da (1996), eta alfabetatze maila, % 77koa.

Kongoko Bantu hizkuntza nagusiak.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxi gora behera 242 hizkuntza hitz egiten dira Kongoko Errepublika Demokratikoan. Hauetatik lauk daukate nazio hizkuntza estatusa: Kongoera, Lingala, Tshilubera eta Swahilia.

Lingala armada kolonialak ezarri zuen hizkuntza ofiziala zen, Belgikaren Force Publiquearen pean. Baina iraultza eta matxinada ezberdinak direla eta armadaren parte batek, batez ere ekialdean, Swahilia ere erabiltzen hasi zen.

Frantsesa da herrialdearen hizkuntza ofiziala. Hizkuntza hau etnikoki neutrala dela esaten da eta, beraz, herri guztien arteko komunikazioa erraztera bideratuta dago.

Herrialdean Belgikako kolonia bat zenean lau hizkuntza nazionalak lehen hezkuntzan erabiltzen ziren. Honen ondorioz Afrikan europar kolonialismoaren garaian jatorrizko hizkuntzetan alfabetatzen ziren herrialde bakarrenetarikoa izan zen.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Kongoko Errepublika Demokratikoaren banaketa administratiboa

2005ean onartutako konstituzio berriak autonomia handiko 26 probintziatan banatu zuen herrialdea, Kinshasakoa barne. Azken hau 2009ko otsailan sotuko da.

Kongoko Errepublika Demokratikoko probintzien mapa berritua.
Probintzia Hiriburua
1. Kinshasa Kinshasa
2. Kongo Erdialdea Matadi
3. Kwango Kenge
4. Kwilu Kikwit
5. Mai-Ndombe Inongo
6. Kasaï Luebo
7. Lulua Kananga
8. Kasaï oriental Mbuji-Mayi
9. Lomami Kabinda
10. Sankuru Lodja
11. Maniema Kindu
12. Sud-Kivu Bukavu
13. Nord-Kivu Goma
Probintzia Hiriburua
14. Ituri Bunia
15. Haut-Uele Isiro
16. Tshopo Kisangani
17. Bas-Uele Buta
18. Nord-Ubangi Gbadolite
19. Mongala Lisala
20. Sud-Ubangi Gemena
21. Équateur Mbandaka
22. Tshuapa Boende
23. Tanganyika Kalemie
24. Haut-Lomami Kamina
25. Lualaba Kolwezi
26. Haut-Katanga Lubumbashi

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kongoko Estatu Askearen bandera izandakoa.

Henry Morton Stanley kazetari galestarrak herrialdea esploratu zuen 1867an, eta 1885ean Belgikako Leopold II.a erregeak bere gain hartu zuen Berlingo konferentziaren bidez. Orduan Kongoko Estatu Askea (État indépendant du Congo) izan zelakoaren garaia hasi zen, 1908 arte ia 25 urtez luzatu izan zena.

Urte hartan Kongo Belgiarra (Congo Belge edo Belgisch Kongo) izena eman zioten, eta 1960an Belgikatik askatu arteko 50 urte baino gehiagotan lurraldea egoera hartan egon izan zen. Herrialde askearen lehenengo presidentea Patrice Lumumba izan zen, erailda 3 hilabetez soilik postu hartan egon ondoren.

1971tik 1997ra Zaireren garaiak iraun zuen, Mobutu Sese Seko presidente izan zelarik, eta azken urte hartan Kongoko Lehen Gerra pairatu zuten, ondoan dagoen Ruandako genozidioak eraginda, herrialdeari izena aldatuz eta Laurent-Desire Kabila buruzagi nagusi bihurtuz.

1992ko hasieran Konferentzia Nazionala sortu zen, oposizioaren ekimenez, konstituzioan aldaketak egiteko eta demokraziara bidea zabaltzeko. Handik gutxira, otsailean, Lehen Ministro Jean Nguza Karl-i-Bondek debekatu egin zuen Konferentzia, eta gudarostearen parte batek, matxinaturik, irrati nazionala hartu zuen, eta Mobutu lehendakariaren dimisioa eskatu zuen. Handik ordu gutxira gobernuari leial egon ziren gudarosteek matxinatuak menderatu zituzten. Lehendakariaren aurkako manifestazioak ere oso gogor zapaldu zituzten. Europar Batasunak bertan behera utzi zituen Kongorako laguntza guztiak, Konferentzia Nazionala berriro hasi artean. Aldi berean, Estatu Batuetako, Frantziako eta Belgikako ordezkariek Mobuturen kontrako presioa handitzea hitzartu zuten, gorbernuan aldaketa politikoak eragitearren. Martxoan Mobutuk Konferentzia berehala zabaltzeko baimena zuen.

Konferentziak Etienne Tshisekedi hautatu zuen Lehen Ministro, Karl-i-Bonden ordez. Shabako eskualdean, hego-mendebaldean, etnien arteko borrokak hasi ziren berriro, lunda etniako Karl-i-Bond kargutik kendu zutenean luba etniako Etienne Tshisekediren ordez. Bi mila pertsona inguru hil ziren liskarretan, eta milaka lubek alde egin behar izan zuten Shabatik. Ekonomia erakundeen 1992ko txosten baten arabera, Zaireko Errepublika (herrialdearen izen ofiziala hala zen orduan) munduko hamar herrialde behartsuenetako bat zen garai hartan. Abenduan Lehen Ministroak diruaren erabilera legala etetea agindu zuen, inflazio gero eta handiagoari aurre egiteko, eta diru berria jarri zuen zirkulazioan: zaire berria. Hala ere, soldaduei diru zaharrez ordaindu zitzaizkien atzeratutako soldatak, Mobutuk hala aginduta. 1993ko hasieran soldaduek, haserre bizian, hondamendi handiak egin zituzten Kinshasan, eta 1.000 lagun baino gehiago hil zen haien eta Mobuturen guardia pertsonalaren arteko liskarretan. Otsailaren 24an Mobuturen gudarosteek Errepublikako Kontseilu Gorenak (Konferentzia Nazionalak trantsizioa gauzatu bitartean izendatutako erakundea) lehengo billeteak onar zitzala eskatu zuten. Estatu Batuek, Belgika eta Frantziak Mobuturi eskatu zioten Tshisekediren behin-behineko gobernuarekin banatzeko agintea, egoerak okerrera egin baino lehen. Eskaera horri erantzunez, Mobutuk kargutik kendu zuen Lehen Ministroa, eta Faustin Birindwa jarri zuen haren ordez. Estatu Batuek, Belgikak eta Frantziak Mobuturen ondasunak bahitzeko asmoa hartu zuten, haren aurka egiteko, baina herrialdea eta haien negozioak kaltetu gabe. Izan ere, munduko pertsona aberatsenetako bat baita Mobutu; uste da lau mila milioi dolar baino gehiagoko ondasunak dituela.

Ruandako genozidioak eta handik iheslari pila bat sartzeak tirabira handiak sortu zituen herrialdearen ekialdean. Ruandan FPR gerrillak agintea lortu zuenean, Europako zenbait herrik gutxitu egin zuten Mobuturi egiten zioten presioa, tutsi ingeles-hiztunen garaipenaren ondoren aliatu potentziala izan baitzitekeen. Horrek indartu egin zuen lehendakariaren agintea, eta Joseph Kengo Wa Dondo Lehen Ministro izendatzea bideratu.

1995aren erdialdean, trantsizioko gobernuak beste bi urtez jardun beharko zuela iragarri zenean, protesta handiak izan ziren berriro. Uztaila bukaeran, polizien eta Tshisekedi Lehen Ministro izendatzea eskatzen zuten pertsonen arteko iskanbiletan, hamar lagun hil ziren. Egoerak okerrera egin zuen 1996an, ruandar milizianoek, Zaireko soldaduen laguntzaz, etnia garbiketa bultzatu zutenean Masisi eskualdean, aspaldidanik han bizi ziren tutsiak kanporatuz eta hilez. Urtearen buruan, tutsi talde armatuen eta Ruandako gudarosteko hondarren (hutuak gehienak) arteko liskarrak gerra zibil baten itxura hartu zuen. Borroka areagotu egin zen gobernuaren gudarosteak tutsi matxinatuen aurrerabidea galarazten ahalegindu zirenean. Tutsiek herrialdeko sortaldeko hiri batzuk hartu zituzten.

Mobuturen erregimena erortzeko zorian egon zen, oposizioko indarrak Laurent Kabila gerrilla-buruzagi zaharraren gidaritzapean elkartu zirenean. Mobutu Suitzako erietxe batean zen, baina sorterrira itzuli zen egoerari aurre egiteko. Gudarostearen soldatak igotzea onartu ondoren, Suitzara itzuli zen. 1997ko lehen hilabeteetan, oposizioko indarrek erraz konkistatu zuten lurralde osoa. Hainbat herrialde saiatu ziren arazoari irtenbideren bat ematen; Nelson Mandelaren ekimenez, esaterako, Mobutuk eta Kabilak bilera bat egin zuten, trantsizioari buruz hitz egiteko. Asmo hark ordea, huts egin zuen, Kabilak Mobutuk agintea uztea eskatu zuelako. Legebiltzarrak kargutik kendu zuen Lehen Ministroa, Kengo Wa Dondo, eta zenbait hilabeteren ondoren, hirugarren aldiz Tshisekedi izendatu zuten ostera, Mobuturen onespenez. Astebete geroago, gobernuko alderdien arteko desadostasunak zirela eta, kargutik kendu zuten Tshisekedi, eta Likulia Bolongo izendatu zuten haren ordez.

Maiatzean Mobutuk Marokora ihes egin zuen, eta hurrengo egunean oposizioko gudarostea Kinshasan sartu zen. Kabilak lehendakari izendatu zuen bere burua. Mobutu irailaren 7an hil zen, Rabaten. Gobernu berriak herriaren izen ofiziala aldatu zuen: lehen Zaireko Errepublika zena Kongoko Errepublika Demokratikoa bihurtu zen. Mugarik Gabeko Medikuen txosten batek agerian jarri zituen, 1997ko bukaeran, Kabilaren indarrek eta ruandar gudarosteek egindako desmasiak Mobutu agintetik kentzerakoan. Handik gutxira, azken 35 urteetako uholderik handiena gertatu zen Kongo ibaiaren ibarrean, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri behar izan zuen. Berehala, ordea, Kabilaren aliatuek Kabilari aurka egin zioten eta Ruandak eta Ugandak lagundutako matxinada bat izan zen. Zinbawe, Angola, Namibia, Txad eta Sudaneko soldaduek esku hartu zuten Kongoko erregimen berriari laguntzeko, eta Kongoko Bigarren Gerra deitu zitzaion gatazka odoltsua hasi zen. 1999an, su-etena ezarri zen, baina borrokek jarraitu zuten, bereziki ekialdean, lurralde hori diru iturri handia baita, handik ateratzen direnez legez kanpo balio handiko mineral batzuk: [koltan]]a, kasiterita eta diamanteak.

Kabila 2001ean hil zuten eta haren seme Joseph Kabila izendatu zuten estatuburu. Lehendakaria berehala hasi zen negoziatzen gerrari amaiera emateko eta, hala, 2002an, Pretoriako Hitzarmena sinatu zen. 2003ko amaiera ezkero, egoera zertxobait baketu zen, trantsizioko gobernua osatu zenez gero. Hala ere, leku askotan liskarrak bizi-bizi jarraitu zuten, hala Ituriko gatazkarengatik nola Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoek Ipar Kivuko eta Hego Kivuko probintzietan egin zituzten erasoengatik.

2006an egin ziren hauteskundeetan, alderdi askok parte hartu ahal izan zuten. Lehenengo itzulian, bi hautagai gelditu ziren: Joseph Kabila (% 45) eta Jean-Pierre Benba lehendakariorde ohia (% 20). Bi hautagaien jarraitzaileak borrokan aritu ziren Kinshasako kaleetan; hamasei lagun hil ziren, harik eta nazioarteko soldaduek egoera kontrolatu zuten arte. Bigarren itzulian, Kabila hautatu zuten lehendakari.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kindura iritsi zen lehen trena.

XX. mendeko azken hamarraldian Kongoko Errepublika Demokratikoko Barne Produktu Gordina 8.100 milioi dolarrekoa zen eta per capita errenta 210 dolarrekoa, gutxi gorabehera. Kopuru horrek adierazten duen bizi maila apala ez dator bat Kongoko Errepublika Demokratikoa Afrikako herrialde aberatsenetako bat izatearekin, baina indenpendentziaren ondoren piztu zen gerra zibilaren eta hurrengo urteetako administrazio eta gestio kaskarraren eta ustelkeria politikoaren ondorioa besterik ez da hori. Izan ere, 1965 eta 1985 bitartean ekonomia urteko % 1 besterik ez zen igo. Meatzaritzak, beheraldi luze baten ondoren, 1970 inguruan lortu zuen produkziorik handiena, baina 1974tik aurrera kobrearen prezioaren beherakadak izugarrizko kaltea egin zion.

Hiru biztanletik bi nekazaritzatik bizi dira. Kongo ibaiaren arroan lur emankorreko oso eremu zabalak daude, baina % 3 besterik ez da lantzen. XX. mendearen azkeneko urteetan gai hauek lantzen ziren batez ere: azukre kanabera, mandioka, fruta eta barazkiak, artatxikia, [[patata], [[gari]a, [[basarto]a, [[arroz]a, [[egoskari]ak, [[kafe]a, [[kautxu]a, [[kotoi]a eta [[kakao]a. Kanpora saltzeko gaien produkzioa asko murriztu zen 1975etik aurrera, atzerritarren esku zeuden sailak nazionalizatu zirenean. Gai horien ordez bizibidea ateratzeko oinarrizko gaiak lantzen hasi ziren. Abere hazkuntzak nolabaiteko garrantzia du, baina goialdeetan bakarrik, tse-tse euliak bizitzerik ez duen aldeetan.

Basoetatik ateratzen den zura erregai gisa erabiltzen da batez ere. Mea baliabideak dira Kongoko Errepublika Demokratikoko aberastasun iturri nagusia. Kongo da munduko kobalto eta diamante ekoizlerik handiena, baina kobrearen produkzioa da irabazi handienak ematen dituena. Mea horiez gainera, uranioa, eztainua, urrea, zilarra, zinka, manganesoa,wolframioa eta kadmioa ere ustiatzen dira. Industria gehienak, beraz, meatzaritzarekin lotuta daude. Kobrea urtzeko eta fintzeko industria da inportanteena. Horretaz gainera, aipagarriak dira, baita ere, petrolio findegiak, eta zementua eta azido sulfurikoa egiteko lantegiak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kongoko Errepublika Demokratikoa Aldatu lotura Wikidatan