Filosofia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pentsalaria, Auguste Rodinen eskultura (1880-82): hausnarketan murgildutako gizonaren betiereko irudikapena.

Filosofia (grezierazko φιλος -filos- eta σοφος -sophos- hitzetatik, "jakintzaren maitasuna") unibertsoari, munduari eta gizakiari buruzko gogoeta eta arrazoibide bat da. Jakintza-modu bat da filosofia, naturaren eta gizakiaren errealitatea aditzeko eta adierazteko bide bat, zientzia, artea eta teologia diren bezala. Horien arteko harremanak oso konplexuak dira eta garai ezberdinetan eta pentsaera ezberdinen arabera arabera elkar osatu zein ukatu egiten dutenak.

Kontzeptua

Gogoetazko jarduera da filosofia, metodikoa eta sistematikoa, arrazoimenean oinarritua. Alor espezifikorik gabea da, natura eta gizarte zientziak ez bezala; eta oro har, errealitatearen eta giza esperientziaren edozein alor da, berez, filosofiaren gai.

Adarrak

Filosofiaren alor klasikoekin batera -metafisika, logika, etika eta epistemologiarekin batera- zientziaren filosofia, zuzenbidearen filosofia, historiaren filosofia, filosofia politikoa, artearen filosofia, erlijioaren filosofia, hezkuntzaren filosofia eta abar ere bereizten dira.


Historia

Sakontzeko, irakurri: «Filosofiaren historia»

Filosofia izenez, etimologikoki, Greziatik garaturiko pentsamendu korronte arrazionalen multzoa ezagutzen bada ere, badira filosofiatzat jotzen diren beste zenbait jakintza-tradizio ere, munduko beste zenbait zibilizaiotan sortuak, bereziki indiar filosofia eta txinatar filosofia.

K. a. VI. mendearen inguruan sortu ziren tradizio filosofiko handiak: grekoa, indiarra eta txinatarra. Mendebaldeko filosofia K.a. VI. mendean abiatu zen (Tales Miletokoa), filosofo handienak (Sokrates, Platon, Aristoteles) V. eta IV. mendeetakoak badira ere. Txinako bi eskola handien, konfuzianismoaren eta taoismoaren, sortzaileak (Konfuzio eta Laozi, hurrenez hurren) VI. eta V. mendeen artekoak dira. Era berean, Indiako sistema filosofiko nagusien sortzaileak ere mende berekoak dira: Gautama (nyayaren sortzailea), Kapila (samkhyarena), Buda (budismoarena) eta Mahavira (jainismoarena). VII. eta VI. mendeen artekoak dira Persiako Zaratustra eta Israelgo Jeremias eta Ezekiel profeta handiak ere. Aipaturiko hiru tradizio filosofiko handiek XIX. mendearen bigarren partean egin zuten bata bestearekin topo, bai Txinak eta bai Indiak Mendebaldeari ateak erabat irekitzean, edo, hobeto esanda, mendebaldar zibilizazioa indar handiz Ekialdeko bi herrialdeetara sartzean.

Munduaren elementu aldakorrak aztertzetik eta kosmologia eraikitzetik hasi zen Greziako filosofia (Anaximandros, Parmenides, etab.), hortik arazo metafisikoetara, etikoetara eta politikoetara igarotzeko (Sokrates, Platon); Aristotelesek alor guztiok bildu zituen bere ikuspegi sistematikoan. Erdi Aroan eta kristautasunaren hedapenaren eraginez, filosofia teologiari lotuta garatu zen (San Agustin, filosofo eskolastikoak). Errenazimentuan askatzen hasi ziren ezagutza eta jakintzaren mundua eskolastikarekin zituzten lokarri estuak antzinate klasikoaren ondarea berreskuratzeko gogoak eta gizabanakoaren autonomia bilgune zuten humanismo-korronte desberdinek eraginda (Nikolas Cusakoa, Makiavelo, Erasmo, Tomas Moro, etab.). Geroago, zientzi aurkikuntza eta teoria berriek ordu arteko hainbat filosofi ikuspegi irauli egin zituzten (Koperniko, Galileo, etab.), espekulazio filosofikoaren objektu ziren zenbait gai zientziaren ardurapeko bihurtuz. Filosofia modernoaren garaian, arrazoia ezagutzaren oinarritzat hartu zuten filosofo arrazionalisten aurka (Descartes, Leibniz eta Spinoza), behaketa, esperimentazioa eta indukzioa azterketa filosofikoaren oinarri zuten enpiristen ikuspegia sortu zen (Bacon, Locke eta Hume). Ilustrazioan ordura arteko ideiak kritikatzera jo zuten, materialismotik hurbil zegoen ikuspegi batetik gainera, eta espiritu praktikoak bultzaturik, Montesquieuk eta Rousseauk politikari lotutako filosofia garatu zuten. Kant filosofoaren inguruan Alemaniako eskola idealista sortu zen (Fichte, Schelling); horientzat filosofiaren eginkizun nagusia arrazoiak egia iristeko duen ahalmena mugatzea da. Kantek adimenari emandako garrantzia kritikatuz, Hegelek arrazoia azpimarratu zuen errealitatea hautemateko eta erdiesteko bide gisa. Marx eta Engelsek munduaren interpretazio soilaren ordez, horren eraldaketa sakona proposatzen zuen marxismoa hedatu zuten, klaseen arteko borroka ardatz duen historiaren interpretazio materialista emanez. Aldi berean Frantzian Comtek positibismoa sortu zuen, Britainia Handian enpirismoan oinarritutako utilitarismoa nagusitu zen eta Kierkegaard daniarrak existentzialismoaren oinarriak jarri zituen. XX. mendearen hasierako fenomenologiaren ondoren (Husserl), existentzialismoa (Heidegger, Sartre), filosofia analitikoa (Russell), neopositibismoa (Wittgenstein) indartu dira. Gaur egun aniztasuna nagusi bada ere, bi joera nabarmentzen dira: antropologia, hizkuntzalaritza, psikologia eta psikoanalisiarekin elkarlanean diharduen humanismoa eta ikuspegi pragmatikotik lengoaia, ezagutza eta zientzia aztertzen dituen eskola analitikoa.

Galdera filosofikoak

Filosofiak izan duen norabide-aldaketa aplikatuak orientazioak eskatzen dizkio hari. Hainbat auziri eta galderari gizatasun handiz aurre egiteko. Hauek dira auzi eta galdera horietako batzuk:

  • Medikuntzaren alorreko dilema etikoak.
  • Ingeniaritza genetikoaren aurrerakuntzak dakartzan arriskuak.
  • Aberastasunaren banaketa bidegabea.
  • Oreka ekologikoaren asaldura.
  • Enpresetako lanarekin, eta haien kontsumoarekin eta erantzunkizunarekin lotutako galderak.
  • Politikako ustelkeria eta hainbat profesional talderena.

Etika aplikatuak era honetako arazoez arduratzen den filosofia zatia osatzen dute.

Pentsaerari buruzko galderak elkarrizketa filosofikora garamatzate, zuzenean. Elkarrizketa bat filosofikoa da arrazoiketa bultzatzen badu.

Filosofo ezagunak

Sakontzeko, irakurri: «Filosofo ospetsuen zerrenda»

Euskal Herriko filosofoak

Bibliografia

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filosofia Aldatu lotura Wikidatan
Wikiliburuetan liburu bat dago honi buruz:
Filosofia
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Filosofia