GAL

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau talde armatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gal (argipena)».
GAL erakundeak eraildako Eugenio Gutierrez etakidearen aldeko omenaldia, 2011ko Gudari Egunean.

GAL (jatorrizko izen osoa, gaztelaniaz: Grupos Antiterroristas de Liberación, euskaraz Askapenerako Terrorismoaren aurkako Taldeak) Espainiako Gobernuak PSOE agintean zela 1983an sortutako heriotza eskuadroia izan zen. Ipar nahiz Hego Euskal Herrian ETAko kideen aurkako ekintza armatuak egiteko helburua zuen, talde armatu baten itxura hartuta. Egiaz, Espainiako Barne Arazoetarako Ministerioak ETAren aurkako borrokan finantzatu eta bideratutako heriotza eskuadroia izan zen.

Hilketak, bahiketak, torturak eta beste hainbat ekintza egin zituzten, gehienbat Ipar Euskal Herrian. Lehendabiziko erailak Joxean Lasa eta Joxeina Zabala izan ziren, 1983ko urrian.

Helburua, etakideen desagerpen fisikoa baino gehiago, Euskal Herriko askapen mugimenduan izua sortzea zen. Eta, horretarako, etakideak ez ezik, bestelako ekintzaileen edota zerikusirik ez zuten herritarren aurka ere jo zuten. Frantziar helburuak ere eraso zituzten, herrialde hori Espainiarekin kolaboratzen has zedin.

1986 arte 25 gizabanako hiltzea eta 15 zauritzea leporatu zaio.[1] PSOEko kargu batzuk espetxeratuak izan diren arren, ez da garbi geratu nor izan ziren Espainiako Gobernuko arduradun nagusiak, eta kartzelatutako asko indultaturik atera dira kalera.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

GALen aurretik Espainiako zerbitzu sekretuen inguruetan antolatutako sareek ere gerra zikinean eta tentsio estrategian jardun zuten Euskal Herrian frankismoaren azken aldian eta trantsizioaren hasieran: Batallón Vasco Español (BVE), Anti Terrorismo Eta (ATE), Triple A (AAA)... edo, besterik gabe, inkontrolatuak bezala aritzen ziren, oposizio edo abertzale inguruko jendearen edo ondasunen aurkako ekintzak edota erasoak eginez.

BVE 1982. urtean desagertu zen, otsailaren 23ko estatu kolpearen inguran CESIDen barruan sortutako iskanbilen testuinguruan.

Ondoren, Espainiako gobernua PSOEren eskura pasatzerakoan, eta modu profesionalagoan bideratzeko asmoz, gerra zikinean ziharduen egitura berrantolatu eta GAL izena asmatu zen.

GALek 1983tik 1987ra arte jardun zuen. Tribunaletan hainbat kontu argitu dira: GALen ekintza, bahiketa eta hilketa gehienak espainiako poliziek kontratatutako mertzenarioek burutu zituzten; GALen jarduera fondo erretserbatuez finantzatu zen; Espainiako Barne ministeriotik bertatik antolatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko terrorismoaren aurkako borrokaren arduradunen bidez. Bestela ere, Jose Amedok eta Bilbon finkatutako polizia taldeak zeregin garrantzitsua jokatu zuen antolaketan, baina Intxaurrondoko Guardia Zibilek ere parte hartu zuten GALen ekintzetan, batzuek "GAL berdea" izendatu dutena.

GAL auzia ikertu zuten Xabier Muntz eta Bruno Fay kazetarien arabera 1984ko udarako Parisko gobernuaren eskuetan zeuden GALen gibelean Madrilgo gobernu sozialista zegoela erakusten zuten frogak, baina Frantziako gobernuak ixilik egotea erabaki zuen, estatuaren arrazoien izenean [2]. Charles Pasqua Frantziako barne ministro izandakoak aitortu zuenez, GAL amaitzearen truke euskal errefuxiatuak espainaratzea onartu zuen Parisek [3]

GALen ekintza nagusiak, kronologikoki[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1983ko abenduaren 28a: Frankotiratzaile batek Mikel Goikoetxea zauritu zuen Donibane Lohitzunen(Lapurdi), bere etxe aurrean autotik irtetera zihoanean. 1984ko urtarrilaren 1ean hil zen.
  • 1984ko abuztuaren 23a: Baionako "Etxabe" taberna tirokatu eta bertan ziren lau pertsona zauritu dituzte.
  • 1984ko azaroaren 20a: HASIko buruzagi eta sendagile Santi Brouard Bilboko (Bizkaia) Rekalde alamedako kontsultan tiroz hil dute. Rafael López Ocañari 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten ekintza burutzeagatik. Bere deklarazioen arabera, Luis Morcillok ere parte hartu zuen berarekin, Rafael Masa Guardia Zibileko teniente koronelak agindu eta ordaindu zien eta honi dirua Estatuko Segurtasuneko Zuzendari Julian San Cristobalek eman zion ekintza burutzeko.
  • 1985eko martxoaren 26a: Ziburuko "Bittor" taberna postaz tirokatu eta esku bonba bota zuten. Jose Luis Calderon eta Ramon Basañez zauritu zituzten.
  • 1985eko martxoaren 30a: Egin egunkariko kazetari Xabier Galdeano hil zuten Donibane Lohitzunen (Lapurdi). Guy Cantavenera, Alain Parmentier, Jacky Pinard eta Bernard Foucher mertzenarioak atxilotu eta 20na urteko espetxe zigorra ezarri zizkieten ekintza honengatik. Cantavenerak deklaratu zuen Eduardo Mari Chica Doudouk kontratatu zituela Marbellan (Espainia). Honek Carlos Gastón gaizkilearen agindupean ziharduen. Carlos Gaston Ricardo Ruiz Coll poliziaren konfidente eta kolaboratzailea zen. Ruiz Coll polizia Amedoren burua izan zen Bilboko komisarian, Malagara joan aurretik[6].

Epaiketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Felipe Gonzalez X-jaunarekin erlazionatu egin zuten askok, baina ez zen inoiz epaitua izan.

GALen inguruko lehen epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Auzitegi Nazionalak 1991eko uztailean emandado sententzian:

Segundo Marey auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Auzitegi Gorenak 1998ko uztailaren 29an Segundo Marey-ren bahiketaren auzian eman zuen ebazpenean Espainiako hainbat agintari politiko eta polizia zigortu zituen [7]:

  • José Barrionuevo Peña, Espainiako Barne Ministroa, 10 urteko espetxe zigorra eta 12 urteko erabateko inhabilitazioa.
  • Rafael Vera, Segurtasuneko Estatuko Idazkaria, 10 urteko espetxe zigorra eta 12 urteko erabateko inhabilitazioa.
  • Ricardo García Damborenea, PSOEren Bizkaiko Idazkari Nagusia, 7 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko inhabilitazioa.
  • Francisco Álvarez, Borroka Antiterroristaren Burua, 9 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 11 hilabeteko inhabilitazioa.
  • Miguel Planchuelo, Bilboko Informazioko Brigadaren Burua, 9 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra.
  • José Amedo, Bilboko poliziako azpikomisarioa, 9 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra.
  • Julián Sancristóbal, Bizkaiko Gobernadore Zibila 10 urteko espetxe zigorra eta 12 urteko erabateko inhabilitazioa.
  • Michel Domínguez, Bilboko polizia, 2 urte, 4 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra eta denbora bereko inhabilitazioa.
  • Julio Hierro Moset, Bilboko Informazioko Brigadaren talde bateko burua, 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.
  • Francisco Saiz Oceja, Bilboko Polizia Nazionalaren inspektorea, Informazio Brigada baten burua, 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.
  • Luis Hens Serena, Bilboko Polizia Nazionalaren 3. mailako inspektorea, Hierroren taldean ziharduelarik, 5 urteko espetxe zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa.
  • Juan Ramón Corujo Rodríguez, Bilboko Polizia Nazionalaren 3. mailako inspektorea, Hierroren taldean ziharduelarik, 5 urteko espetxe zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa.

Lasa eta Zabala auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lasa eta Zabalaren hilketa»

Lasa eta Zabalaren auzian 2000ko apirilaren 26an zigortutakoak[8]:

  • Jose Julian Elgorriaga Goyeneche, PSOEko buruzagia eta Gipuzkoako Gobernadore Zibila, 71 urteko espetxe zigorra. Auzitegi Gorenak 75 urtera igo zion kondena. 21 hilabete egin zituen espetxean[9]..
  • Enrique Rodriguez Galindo, Intxaurrondoko komandantea (gero Guardia Zibileko generala), 71 urteko espetxe zigorra. Auzitegi Gorenak 75 urtera igo zion kondena. 4 urte eta 4 hilabete egin zituen espetxean. Bihotzeko gaixotasuna zuelako atera zen Galingo giltzapetik, 2004an, Poliziaren zaintzapean, eta 2005ean, hirugarren gradua eman zioten. 2013ko urrian, zigorraren hiru laurdenak bete zituela argudiatuta, baldintzapeko askatasuna eman zion epaileak, Zuerako espetxeak (Zaragoza) hala eskatuta.[10].
  • Angel Vaquero Hernandez, Intxaurrondoko kapitaina (gero Guardia Zibileko teniente koronela), 69 urteko espetxe zigorra.
  • Enrique Dorado Villalobos, Intxaurrondoko kuarteleko Guardia Zibileko kaboa (gero sargentoa), 67 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorra.Jokin Olano torturatzeagatik ere kondenatu eta indultatu zuten Dorado[11].
  • Felipe Bayo Leal, Intxaurrondoko kuarteleko Guardia Zibila (gero kaboa), 67 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorra.Bayo ere Jokin Olano torturatzeagatik kondenatu eta indultatu zuten[12]
  • Rafael Vera Fernandez-Hidobro, Estatuko Segurtasuneko Idazkaria, errugabetua
  • Jorge Argote Alarcón, abokatua, errugabetua

Santi Brouard auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993. urtean egindako epaiketan:

  • Rafael López Ocaña. Hilketaren egilea izateagatik, 33 urteko espetxe zigorra.
  • Juan José Rodríguez Díaz, 'El Francés', erabilitako armak jartzeagatik, 8 urteko espetxe zigorra.

1997. urtean auzia berriro ireki eta egindako bigarren epaiketan, Bizkaiko Auzitegi Probintzialak, ekainaren 25ean eman zuen ebazpena:

  • José Luis Morcillo Pinillos, industriala, hilketaren egile izatea leporatu diote. Absolbituta.
  • Julián Sancristóbal, Estatuko Segurtasuneko Zuzendari Nagusia. Hilketaren induktore eta ezinbesteko lankidetza. Absolbitua.
  • José Amedo, polizia nazionala. Induktorea. Absolbitua.
  • Rafael Masa, Guardia Zibileko teniente koronela. Ezinbesteko lankidetza. Absolbitua.
  • Francisco Álvarez, Borroka Antiterroristaren Aginte Bakarraren burua. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Jesús Martínez Torres, Informazioko komisario nagusia. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Miguel Planchuelo, Bilboko poliziaren buru nagusia. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Antonio Rosino, Bilboko informazioko brigadaren burua. Hilketa estaltzea. Absolbitua.
  • Michel Domínguez, Polizia nazionala. Hilketa estaltzea. Absolbitua.

Maletinen auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko azaroaren 16an, Rafael Verari, Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkaria izandakoari, eta haren idazkari izandako Juan de Justori urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien Madrilgo Lurralde Auzitegiak. Auzitegiak frogatutzat jo zuen Barne Ministerioaren diru bereiziak baliatuta Jose Amedo eta Michel Dominguez polizia ohien emazteei ordainketak egin zizkiela. Ordainketen helburua polizia ohien espetxeratzeagatik konpentsatzeaz gain, bi auzipetuen isiltasuna bermatzea zen, GALen inplikatutako beste hainbat pertsonen izenak isilean gorde zitzaten [13]. 2009ko martxoan Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia [14].

Ikusi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: GAL
  • (Euskaraz) '30 urte GALduta Berria 2013.10.06 Igandea gehigarria, 16 orr.
  • (Euskaraz) GAL 30 urte Berria egunkariaren GALi buruzko web gune berezia