Heinrich Heine

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Heinrich Heine
Heinrich Heine
Datu pertsonalak
Izen osoa Christian Johann Heinrich Heine
Jaio 1797ko abenduaren 13a
Düsseldorf (AlemaniaAlemania)
Hil 1924ko urriaren 12a
Paris (FrantziaFrantzia)
Sinadura Heine Signature.gif

Heinrich Heine, izen osoa Christian Johann Heinrich Heine, (Düsseldorf, Alemania, 1797ko abenduaren 13a - Paris, Frantzia, 1856ko otsailaren 17a), poeta alemaniarra.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heine familia judu ezagun batean sortu zen. Aita merkataria zuen, eta ama heziketa jasokoa; semearentzat asmo handinahiak zituzten gurasoek, eta, horretarako, osaba bankari baten laguntza jaso zuten. Izan ere, osabaren babespean hezi zen Heine; osabaren eraginez saiatu zen merkatari gisa ogibidea ateratzen, eta saltzaile gisa ondoren, baina huts egin zuen bietan.

1817an zuzenbide-, filosofia- eta literatura-ikasketak egitera joan zen Bonnera, osabak ordainduta; han ezagutu zuen Schlegel irakaslea. 1821. urtean, Berlingo Unibertsitatean sartu zen, eta harremana izan zuen Hegel, Schleiermacher eta Chamissorekin, besteak beste.

Ikasketak Gottingenen amaitu zituen, 1825ean. Urte hartan lortu zuen jurisprudentziako doktoregoa eta erlijio ebanjelikora bihurtu zen, juduak bigarren mailako hiritar bihurtu baitzituzten eta ez baitzuten aukerarik funtzionario izateko. Erlijio-aldaketarekin batera, orduan aldatu zuen izena ere. Dena dela, sekula ez zuen legegizon gisa jardun, eta ez zuen, orobat, gobernuaren zerbitzuko lanposturik eskuratu.

Ikasketak egiten igaro zituen urteetan, dena dela, osabak ordaindutako ikasketei baino denbora eta arreta gehiago eskaini zien olerkigintza, literatura eta historiari, eta orduan hasi zen idazle gisa ospea irabazten.

Ingalaterrara egindako bidaia batean, arazo politikoekiko kezka sortu zitzaion, eta, handik itzuleran, bere ordu arteko olerkiak Buch der Lieder (1827, Kantuen liburua) maisulanean bildu zituen. 1829. urtean, berriz, Italiara bidaiatu zen. Garrantzi handiko bidaia izan zen hura, han argitaratu baitzuen Bidaia koadroak obraren hirugarren alea, eta bidaia hartako gorabeherak baititu kontagai Florentinische Ndchte (1836, Florentziar gauak) kontakizunetan.

Heinek oso gaztetatik erakutsi zuen frantsesen aldeko jarrera eta Prusiaren kontrakoa, frantsesek bere sorterrian izan zuten nagusitasunari esker, eta 1831n azkenik, Frantzian finkatu zen, berriemaile gisa lehenik, iheslari politiko gisa ondoren. Harrezkero, Parisen bizi izan zen. Alemanian haren obra guztiak erre zituzten 1833an, eta haren izena kendu zuten antologia eta historia guztietatik (gorde ziren Heineren lan apurrak «egile ezezagunen» obra gisa gorde ziren).

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteetako obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heine oso gazterik hasi zen idazten.

Lehenengo olerki ospetsuak Kantuen liburuan bilduta eman zituen argitara; olerki horiek osabaren alaba batek, edo biek agian, eragindako liluraldiak eraginda idatzi zituen. Lehengusu batek ez besteak ez zuten utzi nahi izan, ordea, beren bizimodu erosoa lehengusu ameslari eta baldar harekin bat egiteko, eta harreman ezinezko haien etsipenari jarraituz idatziak dira, hain zuzen ere, lan horiek.

Lehenengo olerkietan Byron eta Fouqueren eragina nabarmentzen zaio, adibidez Gedichte (1822, Olerkiak) lanean, baina Heineren geroagoko beste lan batzuetan bezala, herri-baladen estiloaren kutsua eta originaltasuna eta lilura alde batera uzteko ahalegina ere antzematen da. Hasierako lanetan, beraz, erromantizismoaren kutsua igar daiteke, baina, aldi berean, poesiaren eta errealitatearen arteko gatazka eta kontraesana ere islatzen dute. Alemaniar erromantizismoari ihes egin nahi izan zion idazletzat hartu zuten zenbaitek horregatik, eta alemaniar erromantizismoaren eta errealismoaren arteko trantsizioaren aitzindaritzat hartua ere bada.

Heine 1820. urte inguruan hasi zen prosa lantzen. Hasieran olerkigintzan naharmendu zen, esan bezala, baina garai hartatik aurrera prosak eman zion ospea batez ere.

Horrela, 1824. urtean argitaratu zuen, ikasle garaian atseden hartuz Harz mendietan barrena egindako bidaia batean oinarri harturik, Reisebilder(1826-1831, Bidaia liburua) maisulanaren lehen alea : Die Harzreise (Harz mendietako bidaia). Liburu horretan bere bizipenak eta fikziozko pasarteak bateratu zituen Heinek, baina lehen alea bezain bikaina da, orobat bigarrena, Ideen. Das Buch Le Grand (Ideiak. Le Grand liburua), alemaniar burgesiaren kritika kupidagabea.

Bidaia-liburua izan zen Heineren prosazko lan handienetako bat, eta hartan erakutsi zuen gerora bere prosaren ezaugarri bihurtu ziren bizitasuna, arintasuna eta ironia ; han hartu zuen, orobat, salaketaren eta iritziaren bidea ere, batzuen aldeko iritzia eta besteren jazarpena ekarri ziona.

Frantziako erbesteko obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heineren ideientzat estuegia gertatzen zen, nonbait, alemaniar gizarte erradikalaren kritika, eta horrek eraginda aldatu zen Frantziara 1931n.

Frantzian igarotako lehenengo urteak oparo eta zoriontsuak izan ziren Heineren bizitzan. Ordurako ezaguna zen idazle gisa, eta, intelektual alemaniar emigratuekin izan zituenez gainera (A. von Humboldt, Ferdinnand Lasalle, Wagner), harremanak izan zituen Frantziako hainbat pertsonaia ezagunekin, Balzac, Victor Hugo, Musset eta Sandekin, adibidez. [[Saint-Simon|Sansimonistekin ere izan zuen harremana; doktrina berri harekin iraganeko ideologia zapaltzaileak gainditu eta haien ordez espiritualismoa eta sentsualismoa nagusituko zirelako itxaropena ernatu zitzaion hasieran, baina aurki jabetu zen sansimonistek jabego pribatuari zioten zaletasunaz.

Frantziako lehenengo urteetako lanen artean azpimarratzekoak dira Geschichte der Religion und Philosophie in Deutschland (1835, Erlijioaren eta filosofiaren historia Alemanian) eta Romantische Schule (Eskola erromantikoa, 1833-1836). Ideien eta literaturaren historiari buruzko lanak dira, eta gai horietaz graziaz eta umorez jardun zitekeela erakutsi zien Heinek bestela uste zutenei.1835ean Alemanian liburuak debekatu zizkiotenean, Frantziako gobernuaren laguntzari esker aurre egin zion debeku hark ekarri zion gainbehera ekonomikoari.

Egoera horretan gai politikoak eta bere garaiko gertaerak landu zituen batez ere, eta adierazpen poetikorako zuen kezkaren lekua bere garaiko gorabeherak kontatzeko kezkak hartu zuen. Aldaketa horren erakusgarri da, esaterako Neue Gedichte (1844, Olerki berria), Heineren bigarren olerki-bilduma.

Alemaniar aldizkarietarako kolaborazioak idatzi zituen Frantziako arteari, kulturari eta politikari buruz, eta Alemaniaren egoerari buruzko txostenak argitaratu zituen frantsesez. Frantziako balio aurrerazaleak Alemaniara zabaltzeko ahalegina egin zuen, baina, heste alde batetik, atzerrian Alemaniaz nagusi zen ikuspegi erromantikoa deuseztatu nahi izan zuen. 1840-1843 bitartean idatzitako Frantziari buruzko kronika gehienak Lutetia izeneko bilduman argitaratu zituen 1854an.

1843 inguman Karl Marx ezagutu zuen Heinek, eta haren eraginez idatzi zuen Deutschland, ein Wintermkrchen (1844, Alemania, neguko ipuina) satira, alemaniar literatura politikoaren obra nagusietako bat.

Hanburgoko senideei egindako bisita baten ondoren idatzi zuen Neguko ipuina, alemaniarrek egiten zizkioten kritiken erantzun gisa eta alemaniarren ideologia erreakzionarioaren kritika moduan. Garai hartakoa du, orobat, Atta Troll. Ein Sommernachstraum (1843, Atta Troll. Uda mineko gau bateko ametsa) olerkia, ironia zorrotzez eta umorez idatzitako bere garaiko olerkigintza politikoaren kritika.

Azken urteak eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bizitzan zehar gorabehera eta une latz asko izan zituen arren, kalterik larrienak osasunak ekarri zizkion Heineri. Sexu bidezko eritasun baten eraginez-edo, bizkarrezurreko gaitza eta giharretako atrofia sendaezin bat jasan zuen, eta 1848ko udaberrirako elbarri zegoen, eta erdi itsututa.

Bizitzako azken zortzi urteak ohean igaro behar izan zituen, horrenbestez, baina, pentsamenduari dagokionez, bizitasun handiko garaia izan zuen hura ere.

Eritasun tragiko hark bultzaturik edo, berriro poesiara» itzuli zen Heine. Gizonaren izaera jainkozkoan zeukan fedeari uko egin eta bere jainko propioa sortu zuen, munduko gobernuaren justiziarik ezaz harekin eztabaidan jardun ahal izateko.

Horrela, 1851n Romanzero, hirugarren olerki-bilduma, argitaratu zuen. Gizakiaren izate tristeari buruzko zorigaitzezko eta saminezko glosez osatua da liburu hori, eta gaur egun horiek hartzen dira Heineren olerkigintzaren maisulantzat.

Obra horren bide berari jarraituz idatzi zuen azken olerki-bilduma, Gedichte 1853 und 1854 (1853 eta 1854ko olerkiak).

Azken lana, Vermischte Schriffen (Zenbait idatzi), 1854an eman zuen argitara. Judaismoari eta kristautasunari, komunismoari eta liberalismoari buruzko gogoetak dira, eta esan daiteke haren jarduera literario eta politikoaren emaitza biltzen duen obra bat dela.

Heinek aparteko trebetasuna zuen jendearen haserrea eta eztabaida eragiteko, baina dohain berezia erakutsi zuen, aldi berean, xarma eta hunkidura eragiteko ere.

Haren idatzi polemikoek eztabaida sutsuak eragin zituzten alemaniarren artean; satira erasotzaileak idatzi eta muturreko jarrerak erakutsi zituen, eta hori dela-eta aberriaren kontrako jarrera lotsagabeak hartu izanagatik salatu zuten askok eta askok, antisemitismoa hartzen ari zen indarraren eraginez batez ere. Horren ondorioz, Heinek ospe handiagoa izan du historian zehar Frantzian, Ingalaterran edo Ameriketan esaterako, bere sorterrian baino. Atzerrian hobeto ulertu zuten Heinenen zorroztasuna eta bikoiztasuna; sorterrian ezin eraman zuten, eta horren erakusgarri da, esaterako, haren aldeko monumentuak eraikitzeko proposamenek sortu izan duten liskarra edo naziek haren izena desagerrarazi izana.

Aldeko edo kontrako izan, dena dela, eragin handia izan du Heinek Europan olerkari eta idazle gisa, eta haren jarduera politiko eta literarioa aintzat hartu zuten, besteak heste, Nietszchek, Bertol Brechtek eta abarrek.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heinrich Heine Aldatu lotura Wikidatan