Txinako Herri Errepublikaren historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Txinako Herri Errepublikaren historia 1949an hasi zen eta gaurdaino dirau.

Erregimen komunista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berreraikitze aldia (1949-1952)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1949an gobernu komunistaren lehen aldia abiatu zen. Hiru urteko denbora bitartean herrialdearen batasun geografikoa berreskuratu zuten estatu aginpide sendo baten bidez. Gerrako urteek hondaturiko Txina haren berreraikuntza ekonomikoa hasi zen eta aldaketa erabakigarriak sartu ziren gizartearen baitan. Gobernu komunistak jabe handien lurrak banatu zituen eta 300 milioi nekazari jabe txiki bilakatu ziren. Alfabetatzea eta irakaskuntza hedatzea helburu zuen egitaraua garatu zuen, bai eta hizkuntza eraberritu ere, erraztu eta Pekingo dialektoaren nagusitasuna ezarri. Sexuen berdintasuna eta ezkontidea aukeratzeko askatasuna aldarrikatu zituen, bai eta ezkontzeko adin legala atzeratu ere. Erlijioaren alorrean, konfuzionismoari esetsi zion, lurjabe handien eta mandarinen aginpidea zuzenesten zuen etsipenezko erlijioa zelakoan.

Halaz guztiz, jabego pribatua eta talde politikoen aniztasuna onartu eta mendebaleko elizak –katolikoa zein protestanteak– errespetatu zituzten.

Sozialismorako trantsizio aldia (1953-1957) eta “Aurreranzko jauzi handia” (1958-1960)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1952an alderdi bakarreko errejimena ezarri zuen Alderdi Komunistak eta, errejimen sobietarra eredu harturik, sozialismoa eraikitzeari ekin zion. Hala, ekonomia sozialista bi zutabe oinarrizkoen gainean egituratzea erabaki zuten: nekazaritzaren kolektibizazioa eta industria astunaren garapena –lehentasunezkoa berau–. Kooperatibak ezarriz burutu zen nekazaritzaren kolektibizazioa, eta jabego pribatua toleratzen jarraitu bazuten ere, lurrak kooperatibaren mende uzten ez zituen nekazaria kreditorik eta laguntza teknikorik gabe gelditzen zen.

1955erako laborarien %92 kooperatibetan sarturik zegoen. Industria astunari dagokionez, altzairutegi modernoen eta petrolio produkzioaren garapena sustatu zuten; xede horretan orobat, burdinbide sarea eta Ibai Horiko nabigazioa bultzatu zituzten. Errusiaren laguntza nabarmena izan zen aldi horretan, bai finantza eta bai teknika alorrean.

Maok sozialismorako trantsizioa amaitutzat eman zuenean, ondoko helburuari ekin zion: komunismorako trantsizioa, “Aurreranzko jauzi handia” alegia. Nekazaritzak eginkizun nagusia hartu zuen bere gain eta, horrekin batera, nekazaritza ustialeku molde berria agertu zen: komuna izenekoa –maoismoaren ezaugarria–, kooperatibaren ordez. Nekazarien lurra eta produkzio bideak ez ezik, etxeko eta familia bizitza ere kolektibizatu ziren komunan; horien ordez, komunako administrazioak gizarte zerbitzuak eskaini zizkien kide guztiei –jantokiak, haurtzaindegiak, eskolak, osasun zentroak, etab.–. Herri komuna handiak –23.500 inguru, 5.000 familiak osaturik bakoitza– eratu ziren landako jende guztia baliatuz, baina era dogmatiko batez eratu ziren, planifikazio akatsak eginez eta errealitateaz arduratu gabe. Komunak antolatzerakoan egindako errakuntzek –komunen neurri eskergak zirela eta, zaila gertatzen zen haien administrazioa– eta eguraldi txarrak oso uzta kaxkarrak ekarri zituzten, gezurrezko estatistika ofizialak gorabehera. Hala, bada, “aurreranzko jauzi handian”, 20 milioi inguru txinatar hil zen, gosez.

Errestaurazio moderatua (1960-1976)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maoren politikaren aurkako kritikak agertzen hasi ziren eta 1960an Alderdiko Batzorde Nagusiak, Deng Xiaoping Idazkari Nagusi zela, erabaki guztiz kritikoa onartu zuen. Bertan ezarritako komuna eredua gaitzetsi eta nekazararitza unitate txikiagoetara itzultzea defendatzen zen. Horrenbestez, 23.500 komunetatik 76.000etara pasa ziren eta nekazariei baimena eman zitzaien lur sailak izateko, bai eta jarduera osagarri pribatuetan aritzeko ere. Alderdiaren ildo kritikoaren iritziz, sozialismorako trantsizioa epe luzerako helburua zen eta, hortaz, ezinezkoa zen Maok nahi zuen komunismoranzko berehalako urrats hari ekitea. Hartara, “errestaurazio moderatua” deitu den aldia zabaldu zen orduan. Printzipio marxista ortodoxoetara itzultzea eta leninismo klasikoa indartzea dira haren ezaugarriak.

Praktikan, Alderdiak bere zeregina berreskuratu zuen masen aurrean eta Estatutik planifikaturiko ekonomiara itzuli zen. Aldi horretan nekazaritza bizkortu eta industria produkzioa hazi zen. Maok, bestalde, bere boterearen parte handia galdu zuen; 1959an Errepublikako Lehendakaritza utzi zuen –Liu Shao-kik hartu zuen kargu hori– baina alderdi burua izaten jarraitu zuen, eta benetako aginpidea ildo kritikoaren aitzindarien –Deng Xiaoping eta Liu Saho-ki– esku geratu zen. Mao, ordea, ez zegoen politikatik erretiratzeko prest: burgesia berri baten sorrera salatu zuen eta “errestaurazio moderatuari” kapitalismora desbideratu izana leporatu zion. Hala bada, 1965etik hara abiarazitako oldarrak Kultura Iraultza deiturikoa ekarri zuen. Urtebete lehenago Liburu Gorria argitaratu zen, haren esaldi bilduma bat; liburuak Maori buruzko kultu gehiegizkoa eragin zuen.

Kultura Iraultza (1966-1976)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txinako Iraultza Kulturala»

Alderdiaren ildo moderatuaren aurka maoistek jotako erasoa zuzentasun iraultzailaren izenean burutu zen eta Txina osoa inarrosiko zuen zenbait urtez. 1965eko amaieran Maok Txina zeharkatu zuen masen mobilizazio ideologikorako dei eginez eta iraultzari traizio egindakoak oro salatzearren –orduan zeharkatu zuen Yangtse ibaia igerika bere indarra erakusteko asmoz–.

Muturreko militanteak bidali zituzten unibertsitateetara gazteek “kapitalismoaren errestaurazioaren” aurka egin zezaten; Alderdiko sektore moderatua suntsitzea zen Maoren azken xedea. 1966ko abuztuan lorpen handia erdietsi zuen Maok. Izan ere, masen adierazpen politiko askea eta iraultzaren kontrola bermatzen zituzten hamasei puntu onartu zituen alderdiaren Batzorde Nagusiak. Puntu horien arabera, alderdikideak kritikaren jomuga izan zitezkeen eta herriak kargutik ken zitzaketen; alderdiko buruzagiek errakuntzen kritika bultzatu behar zuten; premiazkoak ziren bai masen heziketa politikoa (dotrinatze politikoa komunetako ordutegiaren barne, Maoren Liburu Gorriaren irakurketa kolektiboa) eta bai langile, nekazari eta ikasleak elkarrekin bizitzen jartzea ere, hartara, beren mundu ikuskera eraberriturik, Iraultza arrakastaz gauzatu ahal izan zezaten.

Alderdiko buruzagi asko kontrairaultzailetzat salatuak izanik, kargutik kendu, kartzeleratu, hezkuntza alorretara bidali edo hil egin zituzten. Intelektualena gehien jotako sailetarikoa izan zen: Maorentzat herritik at buruturiko jarduuera intelektuala delitua baitzen. Hortaz, irakaskuntza proletarizatzea eta intelektualak eskulangileekin berdintzea izan zen haren lehentasunetariko bat. Mendebaleko kulturak eta erlijioak eraso bortitzak jasan zituzten. Txina osoan “batzorde iraultzaileak” eratu ziren eta goardia gorriak deituriko gazte armatuen ekintza eta metodo suntsitzaileek indarkeria zabaldu zuten bazter guztietara.

Kaosak herrialde osoa hartu zuen. 1966-1967 bitartean ia gerra zibileko egoera bizi zuen Txinak: gudarostea eta alderdia zatikaturik ageri ziren eta mugimendu iraultzailearen baitan ere zenbait fakziok elkarri erasotzen zioten. Azkenik, aginte zentralak zigortu egin zituen muturreko sektoreak.

1969ko apirilean Alderdiaren IX. Kongresuak Maoren postulatuen arrakasta aldarrikatu zuen; Iraultza buruturik zegoen –nahiz eta, agintari txinatarren arabera, 1976 arte ez zen ofizialki amaitu–.

2014ko irailaren 18an, Txina eta Indiak azkenaldian tentsioa izan zuten bien artean, muga urratzea egotzi baitzion Indiak Txinari. Tentsio hori, ordea, alde batera utzi nahi izan zuten Xi Jinping Txinako presidenteak eta Narendra Modi Indiakoak. New Delhin izan da Xi, eta arlo ekonomikoko hamabi hitzarmen egin zituzten. Txinak 9.000 milioi euroko inbertsioa egingo zuen azpiegituretan[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]