Adela Milčinović

Wikipedia, Entziklopedia askea
Adela Milčinović
Bizitza
JaiotzaSisak eta Ameriketako Estatu Batuak1879ko abenduaren 14a
Herrialdea Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista
Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma
 Jugoslaviako Erresuma
Cisleithania
HeriotzaNew York1968ko ekainaren 18a (88 urte)
Hezkuntza
HizkuntzakKroaziera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, itzultzailea, iritzi-kazetaria, kazetaria eta irakaslea

Adela Milčinović -Sisak, Kroazia-Eslavoniako Erresuma, Austrohungariar Inperioa (egun, Kroaziako Errepublika); 1878ko urtarrilaren 14-New York, AEB; 1968- idazle, kazetari Jugoslaviako diplomazialari eta ekintzaile feminista kroaziarra izan zen. Bere literatur-estiloa existentzialismoaren barnean koka dezakegu, emakumeen bizitza zentroan jarten zuen existentzialismo bat zen berea.

Gazte aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sisak hirian jaio zen, ama Ludmilak ezkontzatik kanpo mundura emana, Adela Kamenić izenarekin. Momentu horretan Austrohungariar Inperioaren pe zegoen Sisak, eta han ikasi zuen Lehen Hezkuntza, nesken eskola batean, 1892 inguruan bukatu zuelarik[1]. Irakasle izateko ikasi zuen Zagrebeko Karitatearen Ahizpen komentuan (garai horietan goi-hezkuntzako emakumeen eskola bakarra, 1888ko lege berria arte Kroazian emakumeak hezteko legezko baimena zuen bigarren hezkuntzako eskola bakarra, eta berriak sortu arte urte batzuk pasa behar ziren[1]), eta 1896an lortu zuen. 1899an Andrija Milčinović deitutako gizon batekin, irakaslea berau baita, ezkondu zen eta abizen berria hartu zuen. Ezkondu ostean Kroaziako Zdenci herrian bizi ziren denbora batez (Andrija irakasle zen han)[1].

1900an Domaće ognjište (Etxe-lurraldea), Kroaziako Emakume Irakasleen Elkarteak atera zuen aldizkarian idazten hasi zen. Han emakumeen egoerari buruz idazten zuen batik bat. Aldizkari horretan zituen artikuluetan, Slavica Jakobović Fribec irakasleak esaten digun moduan, orduko Kroaziako bizitza publikoan emakumeek zuten presentzia eskasa salatzen zuen, bere “estetika berriaren” proposamena eginez[1].

Idazle, ekintzaile eta diplomazialari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1902an Milčinović eta senarra Alemaniara joan zen bizitzera, Hamburgen eta Munichen bizi ziren[2]. Alemanian bere jardun literarioa hasi zuen. Lehen liburua senarrarekin batera idatzi zuen: Pod Branom (Tiropean edo, figuratua, Jasapean) ipuin laburren bilduma izan zen, 1903an. Jada bilduma horietan “gerora Milčinovićen kezka izango ziren gaiak jada aisa agertzen ziren: "emakume bakartiak eta sexuen arteko zanga gaindiezina” Dunja Detoni-Dujmićen hitzetan[3]. Alemanian zegoela, Zagrebeko Narodne novine (Nazioaren berriak) egunkarian arte- eta literatur-kritika idazten zuen[1]. Kazetari moduan langileen eta batez ere langile klaseko emakumeen bizi-baldintzak deskribatu zituen, adibiez Hamburgeko Altona auzoan[4]. Zeinbait iturriren arabera, Leipzigen irakasle izan zen[2].

Zagrebera buelta eta idazle gisa arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1904an Zagrebera itzuli zen, senarrak Arte eta Lanbideen Museoan lana topatuta. Han idazten jarraitu zuen, jada berak bakarrik idatzi zituen lanak: adibidez, 1904an Naše ženske škole i kako nam koriste (Nesken eskola gurea eta dakarzkigun onurak) saiakera idatzi zuen, emakumeen hezkuntzaren alde eginez eta hezkuntza hau klerikalismotik askatzea ekatuz (gogoan izan behar dugu Milčinovićek ikasi zuen garaian, emakumeek ikasteko modu bakarra komentu batean ikastea zela)[1]. 1905ean Ivka ipuin laburren bilduma idatzi zuen, ipuin hauen zentrua emakumeen bizitza zen, etxearen, familia haztearen eta elizaren artean zegoena, Milčinovićek bizitza horrekin haustea ekatzen zuen[5]. Antonija Bogner Šaban kritikoaren arabera, bere lanetan “baserriguneko irakasle bakartiak, hauen emozioak eta bizitza izpirituala, emakumeen sufrimendua eta itxaropen eza eta emakume eta gizonen arteko komunikazio falta eta gaizki-ulertzeak bere literatur ibilbide osoko konstante bat ziren”[6]. Urte horretan bertan beste saiakera bat idatzi zuen, Naše hrvatske spisateljice (Gure emakumezko kroaziar idazleak), lan honetan kroaziar emakumezko idazleak aldarrikatzen zituen. Ildo horretan, 1906an Dragojla Jarnevićeva, živopisna studija (Dragojla Jarnević, ikerketa biografikoa) XIX mendeko kroaziar idazle baten biografia atera zuen[7][8].

1912an Adela Milčinovićek bere lanik ezagunena idatzi zuen, Bez sreće (Zorterik gabekoa edo Zorigaitzekoa) antzez-lana. Lan honen gaia ezkontza barneko eta kanpoko harremanak eta erakarpena izan ziren, klase sozial ezberdinetako pertsonen arteko “maitasun hiruki” bat zen trama zentrala, non emakumeen azpiraketa eta klase sozialen arteko distantzia kritikatzen zuen. Bez sreće garaian oso ezaguna izan zen, Zagreben, Belgraden, Skopjen, Pragan eta Chicagon antzeztu zuten; hain arrakasta handia izan zuen, ezen 30eko hamarkada arte izan zela antzeztokietan[7]; eta zenbait kritikoko Tolstoi berarekin ere konparatu zuten[3].

Lehen mundu gudako urteak eta jugoslavismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1915an Adela Milčinović dibortziatu egin zen eta Belgradera joan zen bizitzera. Han Beogradske novine (Belgradeko berriak) egunkarian egin zuen lan kazetari gisa. Garai horietan, Jugoslaviar Komitea deitutako taldearekin bat egin zuen: talde hori jugoslaviar politikari eta pertsonai ospetsu ezberdinek –batez ere kroaziarrek- hego-eslaviarren batasunaren eta Estatu amankomunaren alde lan egiteko lobby-talde bat izan zen[9][10][11][12]. Talde honetako kide bezala, 1915eko otsailean, Erroman Ante Trumbić politikari ezagunarekin eta Ivan Meštrović mundu mailako sonadun eskultorearekin batera bildu zen[7]. Garai horietan, antza denez, mugatik Italiara eta Ingalaterraren dokumentuak ere pasatu zituen Jugoslaviar Komitearentzat lanean[4].

1918an Zagrebera itzuli zen. Lehen Mundu Guda bukatzear zegoen eta Austrohungariar Inperioa desagertzear, eta honen menpeko ziren lur balkaniarretan giroa pil-pilean zegoen. Adela Milčinović Inpeioaren barneko hego-eslaviarren ordezkaritza nazionalerako erakundearen, Esloveniarren, Kroaziarren eta Serbiarren Kontseilu Nazionalaren idazkari moduan aritu zen[7]. Kontseilu Nazionala hori 1918ko urriaren 5ean sortu zen, Austria-Hungariako “jugoslaviar” denen ordezkaritza nazionalaren erakundea izateko[13][14], eta urriaren 28 Austria-Hungariako Inperio ohiaren lurraldeetan (Vojvodinan izan ezik[15]) “Esloveniarren, Kroaziarren eta Serbiarren Estatua” aldarrikatu zuen[13][16]. Estatu horrek “batasun nazionala lortu arte” Austria-Hungariako hego-eslaviarren “Gobernu” bezala jardun nahi izan zuen[17]; azkenik Estatu honek eta Serbiako Erresumak abenduaren 1ean bat egin zutelarik, Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuma (Jugoslaviako Erresuma kolokialki, eta 1929tik aurrera, ofizialki) sortuz[18][19].

Milčinović 1920 urtea arte egin zuen lan parlamentuetan eta antzeko erakundeetan, eta gero Zagrebeko Unibertsitatean idazkari bezala lan egitera pasa zen.

Ekintzailetza feminista eta literatur karreraren jarraipena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gudaren osteko urte horiek oso oparoak izan ziren Milčinovićen literatur jarduerarentzat: 1919an hiru lan atera zituen: Sjena (Itzala) elaberria, non emakueen eta gizonen sozializaziorako modu ezberdinez eta hizkuntzak sozializazioan zuen eraginaz hausnartzen zuen, eta militarismoaren kontra ere egiten zuen[7]. Detoni-Dujmićen arabera, lan honetan Vida emazte zorigaitzekoaren lagun bat hiltzean “hil osteko maitasunari buruz, posiblea denaren eta ez denaren ateko mugari buruz, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugari buruz, bi sexuen arteko zangari eta honek maitasuna oztopatzeari buruz” hitz egiten zuen[2][3]. 1919ko urte horietan baita ere, ipuin laburren bilduma bi argitaratu zituen: Gospodja doktorica (Andere doktorea) ipuin laburen eta Sestra Maria-Liza (Maria Liza ahizpa), hauek ere emakumeen egunerokotasunaren eta eguneroko pentsamenduen ingurukoak[2]. 1921ean bere elaberrien bilduma bat argitaratu zen.

Bere bizitzan zehar, kazetari eta idazle bezala hainbat agerkarirekin kolaboratu zuen: aipatu ditugu Zagrebeko Narodne Novine (Nazioaren Berriak) eta Domaće ognjište (Etxe-lurraldea) eta Belgradeko Beogradske novine (Belgradeko berriak); baina baita Sarajevoko Nada (Itxaropena), Karlovaceko Svjetlo (Argia), Zagrebeko Savremenik (Gaur egungoa), Novosti (Berriak), Belgradeko Politika, Zagrebeko Nova Evropa (Europa Berria), Narodno Kolo (Zirkulu nazionala) edo Ženski svijet (Emakumeen Mundua) agerkariekin. Bertan emakumeen inguruan aritzen en, baina Antonija Bogner Šabanen arabera, egunkarietan bestelako doinu bat erabiltzen zuen: elaberrietan eta ipuinetan baino askoz ere baikorragoa eta optimistagoa[4].

20ko hamarkadan talde sufragista eta feminista ezberdinetan militatu zuen Adela Milčinovićek, adibidez 1919ko urtarrilean Zagreben[20] sortu zen Narodni ženski savez Srpkinja, Hrvatica i Slovenkinja (Serbiar, Kroaziar eta Esloveniar Emakumeen Batasun Nazionala) erakundean[21][22]; iturri batzuen arabera, erakunde horretako idazkaria ere izan zen[2]. Milčinovićek emakumeen bozka-eskubidea defendatu zuen (Jugoslaviako Konstituzioan ez zen bat-batean onartzen eta “etorkizunean garatu beharreko lege baten esku” uzten zen eskubide hau), eta horrez gain haurren zaintzaren gainean ere interes handia erakutsi zuen.

Garai horietan, Jugoslaviako emakumeen mugimendua bi korrontetan zatituta zegoen, ade batetik feminista “generikoak”, klase guztietako emakumeak bildu nahi zituztenak eta jada aintzatetsitako eskubideak handitzearen (gizonezkoenekin parekatzearen) ikuspegi batetik abiatzen zirenak, eta beste alde batetik sozialistak, langile mugimenduari eta marxismoari lotuta, emakumeen askapena langile iraultzarekin lotzen zutenak[23]. Milčinovićek parte hartzen zuen Emakumeen Batasun Nazionala lehen ildokoa zen[24]. Jelena Batinićen arabera, Serbiar, Kroaziar eta Esloveniar Emakumeen Batasun Nazionala “talde ezberdinen aliantza handi edo sare” moduan sortu zen, eta haren barruan “hetereogeneitate handia zegoen (…) talde kontserbakor klerikalak zein feminista erradikalak biltzen zituen”. Erakunde honen programa helburu hauetan laburbiltzen du Batinićek: emakume eta gizonezkoen arteko parekotasun legala, neska eta mutilentzat hezkuntzarako aukera berdinak eta bi sexuentzako arau moralak parekatzea[24]; eta honela Thomas Emmertek: “bai zuzenbide publiko zein pribatuan emakumeen eta gizonezkoen arteko parekotasuna, lan beragatik soldata bera kobratzea, emakumeekiko babesa, haur eta gazteekiko babesa, emakumekiko eta gizonekiko arau moralen parekotasuna, prostituzioaren aurkako borroka eta alkoholaren aurkako borroka[25]. Jelena Batinićek dioenez “Jugoslaviako emakumeen antolakunderik handiena zen (…) laurehun bat talde zituen Jugoslavia osoan zehar”[26]. Hala ere, Batinićek dioenez, erakunde honen filosofia “Jugoslaviar Erresumaren politika eta ideologia ofizialarekin bat" egiten zuenez, “ez zuen lortu Kroaziako emakume talde handiena, Kroaziako Emakume-Elkartea (Društvo Hrvatska Žena) batzea”, azken talde hori ideologia nazionalista kroaziarrekoa baitzen[24][27][28].

Milčinović nazioarteko mugimendu feminista eta sufragistetan jugoslaviar ordezkaria ere izan zen, adibidez, 1923an Erroman bildu zen Emakume Sufragisten Nazioarteko Aliantzaren bederatzigarren kongresuan eta 1925ean Washingtonen izan zen Emakumeen Nazioateko Kontseiluaren zortzigarren kongresuan. 1924an, Grazen Esklabutzaren Aurkako Borrokarako Nazioarteko Kongresuan ere parte hartu zuen[2][21][29].

AEBtako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1926an New York hirira joan zen bizitzera[22]. Han Milčinovićek Jugoslaviako enbaxadarentzat lan egin zuen, Emigrazioaren departamenduan, 1937 urtea arte, baina iturri gehienen arabera jada ez zuen literatur lan berririk idatzi. Hala ere, Antonija Bogner Šabanen arabera, antzez-lan bat idatzi zuen ingeleraz, Mrs Crownenshield’s Success (Crownenshield anderearen arrakasta) deitutakoa, 1933an[30]. Antzez-lan honek Adela Milčinovićen beste lanen antza zuen emakume arrunten egunerokotasuna ikuspuntu existentzialista batetik kontatzen zuelako; baina baita ere ezberdintasunak, kasu honetan protagonistak ez dira bere aurreneko lanen moduan baserritarrak, baizik eta hirietako emakumeak, eta Bogner Šabanek esaten duen moduan, ezta hertsitasunak eta aukera faltak zanpautako emakumeak, baizik eta nolabait arrakasta eta errekonozimendua lortutakoak, eta hala ere hutsuneek eta zenbait gabeziek zapaldutakoak; bestetik, migratzailen lan-baldintzak eta haiekiko nagusikeria ere kritikazen duelarik[31].

AEBn Milčinović Zirkulu Jugoslaviarraren (Yugoslav Circle) inguruan zebilen[32]. Bigarren Mundu Guda eta Guda ostea AEBtan eman zuen. 1937an, Jugoslaviako enbaxada utzi zuenean AEBtako Guda-Informazioaren Bulegoarentzat egin zuen lan, bulego hau 1943tik aurrera Voice of America irrati-katea bihurtu zenean Milčinovićek bertan jarraitu zuen, serbokroazierazko edizioan, eta geroago CBS katean baita, 1953an erretiratu zen arte[2][21][22]. New Yorken bertan hil zen 1968an.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi alaba izan zituen bere senar Andrija Milčinovićekin batera: Vera Milčinović, gero dantzari ezaguna izan zena, eta Deša Milčinović, margolaria. Biek berarekin batera emigratu zuten AEBra[33].

AEBtan bizi artean adiskidantza handia eta lankidetza izan zuen Milan Marjanović kroaziar idazle eta itzultzailearekin, zeinak aurretik ezagutzen eta miresten zuen Milčinovićen lana[32]

1923 urtean fedez aldatu zuen eta Erromako Eliza Katolikotik Serbiar Eliza Ortodoxora aldatu zen; aldaketa horren arrazoiak momentuz ez ditugu ezagutzen[21].

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964an Kroaziako Errepublika Sozialistan Milčinovićen lanen antologia bat atera zen, Adela Milčinović berak hitzaurrea idatzi zuelarik[21][34].

Slavica Jakobović Fribec irakaslearen arabera, egun Milčinović ez da oso oroitua; hala ere, Sisakeko talde feminista batek “Adela” izena du Milčinovićen omenez[21]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f (Ingelesez) DE HAAN, Francisca; DASKALOVA, Krassimira; LOUTFI, Anna. (2006). «JAKOBOVIĆ FRIBEC, Slavica: “MILČINOVIĆ, Adela (1878-1968)” (340-342 orr.)» A biographical dictionary of Women’s Movements and Feminisms. Central, Eastern and South Eastern Europe, 19th and 20th Centuries. Budapest/New York: CEU Press, 340 or..
  2. a b c d e f g (Serbokroazieraz) LEKSIKOGRAFSKI ZAVOD MIROSLAV KRLEŽA. «ASKOREN ARTEAN: “Milčinović, Adela”» Hrvatska enciklopedija, mrežno izdanje (Kroaziar entziklopedia, sareko edizioa). .
  3. a b c (Ingelesez) HAWKESWORTH, Celia. (2001). «DETONI-DUJMIĆ, Dunja: “Croatian Women Writers to Second World War” (182-198. orr.)» A History of Central European Women’s Writing.. Londres: Palgrave Macmillan, 190 or..
  4. a b c (Serbokroazieraz) «BOGNER ŠABAN, Antonija: “Uspjeh gospodina Crownenshielda” (“Crownenshield Anderearen Arrakasta”) (280-296. orr.)» Dani Hvarskoga kazališta : Građa i rasprave o hrvatskoj književnosti i kazalištu (Hvarreko antzerkiaren egunak: Kroaziar literaturaren eta antzerkiaren garapena) (Split: Kroaziako Zientzia eta Arteen Akademia eta Spliteko Literatur Zirkulua) 321: 282..
  5. (Ingelesez) DE HAAN, Francisca; DASKALOVA, Krassimira; LOUTFI, Anna. (2006). «JAKOBOVIĆ FRIBEC, Slavica: “MILČINOVIĆ, Adela (1878-1968)” (340-342 orr.)» A biographical dictionary of Women’s Movements and Feminisms. Central, Eastern and South Eastern Europe, 19th and 20th Centuries.. Budapest/New York: CEU Press, 340-341 or..
  6. (Serbokroazieraz) «BOGNER ŠABAN, Antonija: “Uspjeh gospodina Crownenshielda” (“Crownenshield Anderearen Arrakasta”) (280-296. orr.)» Dani Hvarskoga kazališta : Građa i rasprave o hrvatskoj književnosti i kazalištu (Hvarreko antzerkiaren egunak: Kroaziar literaturaren eta antzerkiaren garapena), (Split: Kroaziako Zientzia eta Arteen Akademia eta Spliteko Literatur Zirkulua) 321: 281..
  7. a b c d e (Ingelesez) DE HAAN, Francisca; DASKALOVA, Krassimira; LOUTFI, Anna. (2006). «JAKOBOVIĆ FRIBEC, Slavica: “MILČINOVIĆ, Adela (1878-1968)” (340-342 orr.)» A biographical dictionary of Women’s Movements and Feminisms. Central, Eastern and South Eastern Europe, 19th and 20th Centuries.. Budapest/New York: CEU Press, 341 or..
  8. (Ingelesez) HAWKESWORTH, Celia. (2001). «ZEČEVIĆ, Divna: “Women’s  Writing in XIXth-Century in Croatia” (110-121. orr.)» A History of Central European Women’s Writing. Londres: Palgrave Macmillan, 118-119 or..
  9. (Ingelesez) TRBOVICH, Ana. (2008). A Legal Geography of Yugoslavia’s Disintegration. New York: Oxford University Press, 196-197 or..
  10. (Ingelesez) BIONDICH, Mark. (2011). The Balkans: Revolution, War and Political Violence since 1878. Oxford eta New York: Oxford University Press, 88 or..
  11. (Ingelesez) GLENNY, Misha. (2012). The Balkans. Nationalism, War and Great Powers. 1804-2012.. Toronto: Anansi Press, 366 or..
  12. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1992 [1984]). The National Question in Yugoslavia. Origins, History, Politics. Ithaca (AEB) eta Londres: Cornell University Press, 118-120 or..
  13. a b (Ingelesez) TRBOVICH, Ana. (2008). A Legal Geography of Yugoslavia’s Disintegration. New York: Oxford University Press, 113 or..
  14. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1992 [1984]). The National Question in Yugoslavia. Origins, History, Politics.. Cornell University Press, 127 or..
  15. Vojvodinako lurrek, euren kabuz, Hungaria utzi eta Serbiako Erresumarekin bat egin zuten 1918ko azaroan. Ikus TRBOVICH, Ana: A Legal Geography of Yugoslavia’s Disintegration. Oxford University Press.New York, 2008, 115. or.
  16. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1992 [1984]). The National Question in Yugoslavia. Origins, History, Politics. Ithaca (AEB) eta Londres: Cornell University Press, 128-129 or..
  17. Trbovichen arabera, bai Estatu honek zein Serbiako Erresumak ia beti “Gobernu” hitza zerabilten “Estatu” baino gehiago. TRBOVICH, Ana: A Legal Geography of Yugoslavia’s Disintegration. Oxford University Press.New York, 2008, 114. or.
  18. (Ingelesez) TRBOVICH, Ana. (2008). A Legal Geography of Yugoslavia’s Disintegration.. Oxford University Press, 118 or..
  19. (Ingelesez) BANAC, Ivo. (1992 [1984]). The National Question in Yugoslavia. Origins, History, Politics. Ithaca (AEB) eta Londres: Cornell University Press, 137-138 or..
  20. Jelena Batinićen zein Thomas Emmert arabera, talde hau Belgraden sortu zen. BATINIĆ, Jelena: Women and Yugoslav Partisans. A History of World War II Resistance. Cambridge University Press. AEB, 2015, 81-82. orr.; eta EMMERT, Thomas: “Ženski Pokret: The Feminist Movement in Serbia in the 1920es” in RAMET, Sabrina eta MAGAŠ, Branka: Gender Politics in the Western Balkans (33-50 . orr.). Pennsylvania State University Press. Pennsylvania (AEB), 1999, 36. or. Hala ere, Slavica Jakobovićen arabera, Belgraden “Emakumeen Batasun Nazionala” deitutako beste talde bat sortu zen (aurretik zegoen Serbiar Emakumeen Batasun Nazionalaren oinordekoa), “Serbiar, Kroaziar eta Esloveniar Emakumeen Batasun Nazionala” Zagreben sortu zelarik. JAKOBOVIĆ FRIBEC, Slavica: “MILČINOVIĆ, Adela (1878-1968)” (340-342 orr.) in DE HAAN, Francisca; DASKALOVA, Krassimira eta LOUTFI, Anna: A biographical dictionary of Women’s Movements and Feminisms. Central, Easternt and South Eastern Europe, 19th and 20th Centuries. CEU Press.Budapest/New York, 341 or. Laster bi erakundeak fusionatu egin ziren “Serbiar, Kroaziar eta Esloveniar Emakumeen Batasun Nazionala” izenaren pean; beraz Zagreb zein Belgrad, agian biak har ditzakegu sorrera-hiritzat. Erakundeak 1929an izena aldatu zuen eta “Jugoslaviako Emakumeen Batasun Nazionala” deitzera pasa zen (urte horretan, Estatua bera, ofizialki “Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuma” deitzetik “Jugoslaviako Erresuma” deitzera pasa zen).
  21. a b c d e f (Ingelesez) DE HAAN, Francisca; DASKALOVA, Krassimira; LOUTFI, Anna. (2006). «JAKOBOVIĆ FRIBEC, Slavica: “MILČINOVIĆ, Adela (1878-1968)” (340-342 orr.)» A biographical dictionary of Women’s Movements and Feminisms. Central, Eastern and South Eastern Europe, 19th and 20th Centuries. Budapest/New York: CEU Press., 342 or..
  22. a b c (Serbokroazieraz) «BOGNER ŠABAN, Antonija: “Uspjeh gospodina Crownenshielda” (“Crownenshield Anderearen Arrakasta”) (280-296. orr.)» Dani Hvarskoga kazališta : Građa i rasprave o hrvatskoj književnosti i kazalištu (Hvarko antzerkiaren egunak: Kroaziar literaturaren eta antzerkiaren garapena). 32 Split: Kroaziako Zientzia eta Arteen Akademia eta Spliteko Literatur Zirkulua, 283 or..
  23. Banaketa hau ezartzen lehena Jovanka Kecman izan zen, Kecman tradizio marxistari atxiki zitzaion emakumeen mugimenduan joera “feminista-burgesa” (klase guztiakelkartu nahi zituena) eta “sozialista” (langile mugimenduko emakumeak antolatu nahi zituena) bereiztean. KECMAN, Jovanka: Žene Jugoslavije u radničkom pokretu i ženskim organizacijama. Narodna knjiga (Herriaren liburua). Belgrad, 1978. Afera honi buruz gehiago jakiteko ikus baita ere (Kecmanen kategorizazioak guztiz partekatzen ez badituzte ere): BATINIĆ, Jelena: Women and Yugoslav Partisans. A History of World War II Resistance. Cambridge University Press. AEB, 2015, 75-90. or.; JALUŠIČ, Vlasta: "Women in Interwar Slovenia” in RAMET, Sabrina eta MAGAŠ, Branka: Gender Politics in the Western Balkans (51-66 . orr.). Pennsylvania State University Press. Pennsylvania (AEB), 1999; eta EMMERT, Thomas: “Ženski Pokret: The Feminist Movement in Serbia in the 1920es” in RAMET, Sabrina eta MAGAŠ, Branka: Gender Politics in the Western Balkans (33-50 . orr.). Pennsylvania State University Press. Pennsylvania (AEB), 1999; eta JANCAR, Barbara: “Women in the Yugoslav National Liberation Movement: An Overview” (143-164. orr.) in Studies in Comparative Communism, 142. zkia., 1981, 146-148, orr.
  24. a b c (Ingelesez) BATINIĆ, Jelena. (2015). Women and Yugoslav Partisans. A History of World War II Resistance. AEB: Cambridge University Press, 81-82 or..
  25. (Ingelesez) RAMET, Sabrina; MAGAŠ, Branka. (1999). «EMMERT, Thomas: “Ženski Pokret: The Feminist Movement in Serbia in the 1920es” (33-50. or.)» Gender Politics in the Western Balkans. Pennsylvania (AEB): Pennsylvania State University Press, 36 or..
  26. Thomas Emmerten arabera, 1921an 205 talde eta 50.000 emakume batzen zituen sare honek. EMMERT, Thomas: “Ženski Pokret: The Feminist Movement in Serbia in the 1920es” in RAMET, Sabrina eta MAGAŠ, Branka: Gender Politics in the Western Balkans (33-50 . orr.). Pennsylvania State University Press. Pennsylvania (AEB), 1999, 36. or.
  27. Thomas Emmertek ere badio (jugoslaviar) “batasun nazionala” Serbiar, Kroaziar eta Esloveniar Emakumeen Batasun Nazionalaren ideologiaren parte zela. EMMERT, Thomas: “Ženski Pokret: The Feminist Movement in Serbia in the 1920es” in RAMET, Sabrina eta MAGAŠ, Branka: Gender Politics in the Western Balkans (33-50 . orr.). Pennsylvania State University Press. Pennsylvania (AEB), 1999, 36. Or.
  28. Bai ordea bildu zen Esloveniako Emakumeen Elkarte Nagusia, 1901ean fundatutakoa. JALUŠIČ, Vlasta: "Women in Interwar Slovenia” in RAMET, Sabrina eta MAGAŠ, Branka: Gender Politics in the Western Balkans (51-66. orr.). Pennsylvania State University Press. Pennsylvania (AEB), 1999, 59-61. orr.
  29. (Ingelesez) HAWKESWORTH, Celia. (2001). «ZEČEVIĆ, Divna: “Women’s Writing in XIXth-Century in Croatia” (110-121. orr.)» A History of Central European Women’s Writing. Londres: Palgrave Macmillan., 119 or..
  30. (Serbokroazieraz) «BOGNER ŠABAN, Antonija: “Uspjeh gospodina Crownenshielda” (“Crownenshield Anderearen Arrakasta”) (280-296. orr.)» Dani Hvarskoga kazališta : Građa i rasprave o hrvatskoj književnosti i kazalištu (Hvarko antzerkiaren egunak: Kroaziar literaturaren eta antzerkiaren garapena) (Split: Kroaziako Zientzia eta Arteen Akademia eta Spliteko Literatur Zirkulua) 321: 284-287..
  31. (Ingelesez) «BOGNER ŠABAN, Antonija: “Uspjeh gospodina Crownenshielda” (“Crownenshield Anderearen Arrakasta”) (280-296. orr.)» Dani Hvarskoga kazališta : Građa i rasprave o hrvatskoj književnosti i kazalištu (Hvarko antzerkiaren egunak: Kroaziar literaturaren eta antzerkiaren garapena) (Split: Kroaziako Zientzia eta Arteen Akademia eta Spliteko Literatur Zirkulua) 321: 287-289. https://hrcak.srce.hr/file/108814.
  32. a b (Serbokroazieraz) «BOGNER ŠABAN, Antonija: “Uspjeh gospodina Crownenshielda” (“Crownenshield Alderearen Arrakasta”) (280-296. orr.)» Dani Hvarskoga kazališta : Građa i rasprave o hrvatskoj književnosti i kazalištu (Hvarko antzerkiaren egunak: Kroaziar literaturaren eta antzerkiaren garapena) (Split: Kroaziako Zientzia eta Arteen Akademia eta Spliteko Literatur Zirkulua) 321: 284-286..
  33. (Ingelesez) DE HAAN, Francisca; DASKALOVA, Krassimira; LOUTFI, Anna. (2006). «JAKOBOVIĆ FRIBEC, Slavica: “MILČINOVIĆ, Adela (1878-1968)” (340-342 orr.)» A biographical dictionary of Women’s Movements and Feminisms. Central, Easternt and South Eastern Europe, 19th and 20th Centuries.. Budapest/New York: CEU Press, 341-342 or..
  34. (Serbokroazieraz) «BOGNER ŠABAN, Antonija: “Uspjeh gospodina Crownenshielda” (“Crownenshield nlderearen Arrakasta”) (280-296. orr.)» Dani Hvarskoga kazališta : Građa i rasprave o hrvatskoj književnosti i kazalištu (Hvarko antzerkiaren egunak: Kroaziar literaturaren eta antzerkiaren garapena) (Split: Kroaziako Zientzia eta Arteen Akademia eta Spliteko Literatur Zirkulua.) 321: 284-285..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]