Anne Frank
Anne Frank | |
---|---|
![]() (1941) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Annelies Marie Frank |
Jaiotza | Frankfurt am Main, 1929ko ekainaren 12a |
Herrialdea | ![]() baliorik ez (1941 - |
Bizilekua | Frankfurt am Main Merwedeplein 37-II (en) ![]() annex Prinsengracht 263 (en) ![]() Frankfurt am Main Bergen-Belsen |
Talde etnikoa | askenazia judua |
Lehen hizkuntza | alemana |
Heriotza | Bergen-Belsen, 1945eko martxoa (15 urte) |
Hobiratze lekua | Bergen-Belsen |
Heriotza modua | : Tifusa |
Familia | |
Aita | Otto Heinrich Frank |
Ama | Edith Frank |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Anai-arrebak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | 6th Montessori School Anne Frank (en) ![]() |
Hizkuntzak | nederlandera alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | eguneroko-idazlea, haur literatura idazlea eta idazlea |
Lan nabarmenak | Anne Franken egunkaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | judaismoa |
annefrank.org | |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() | |
![]() |
Annelies Marie (Anne) Frank (Frankfurt, 1929ko ekainaren 12a - Bergen-Belsen, 1945eko martxoa) alemaniar judu bat zen, idatzi zuen egunkaria dela-eta ezaguna Bigarren Mundu Gerran naziengandik ihesi ezkutuan zela.
Gerra garaian Amsterdameraino iritsi zen familiarekin batera, naziengandik ihes egin nahian. Familiarekin ezkutatzen zen zuloan egunkari bat idatzi zuen. Hilabete batzuen ondoren ordea, familia osoa atxilotu zuten eta alemaniar kontzentrazio esparrutan banatu. 1944ko irailaren 2an bidali zuten Anne Auschwitzera eta geroxeago Bergen-Belsenera. 1945eko otsaila edo martxoa izango zen tifusak harrapatu eta neska hil zenean. Handik egun batzuetara liberatu zuten kontzentrazio esparru hau, baina Annerentzat alferrik izango zen. Familiako guztiak hil ziren, aita izan ezik.
Urte batzuk geroago, Annaren aita, Otto Heinrich Frank, arduratuko da bere alabaren egunkaria argitaratzeaz: Anne Franken egunkaria.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frankfurt hirian jaio zen, eta Otto Heinrich Frank (1889ko maiatzaren 12a – 1980ko abuztuaren 19a) eta Edith Hollander (1900eko urtarrilaren 16a – 1945eko urtarrilaren 6a) zituen gurasoak. Margot Frank (1926ko otsailaren 16a – 1945eko martxoa) zen ahizpa zaharrena.
Annek lau urte eta erdi zituela, familia osoa aldatu zen Amsterdama, naziengandik ihesi. Annek 13 urte bete zituenean oparitu zioten egunerokoa idazteko liburuxka. Berehala izan zuten ezkutatu beharra eta Achterhuis etxean sartu ziren, apal baten atzean ezkutatzen zen ate batek salbaturik. 1942ko uztailaren 9tik 1944ko abuztuaren 4ra arte egon ziren etxe horretan, ordurako, alemaniarrek Amsterdam osoa okupatu baitzuten. Zortzi pertsona zeuden zulo hartan: Otto eta Edith Frank (gurasoak); Anne eta haren ahizpa Margot; Dussel (Fritz Pfeffer izeneko dentista judua); eta Van Daan senar-emazteak, haien seme Peterrekin batera (haien abizena Van Pels zen).

Urte haietan zehar, Annek egunkari batean idatzi zituen bere beldurrak, Peterrenganako atxikimendua, gurasoekiko gatazkak... Idazle aparta izateko tankera zuen, eta bera konturatuta zegoen; naziek harrapatu baino hilabete batzuk lehenago, egunkari hura garbira pasatzen hasi zen, gerra amaitutakoan argitaratuko zuelakoan.
Berak ezin izan zuen, ordea. Miep Giesen, Elly Vossen eta beste batzuen laguntzaz bi urte ezkutatuta eman ondoren, herbeheretar batek Gestapori erakutsi zion ezkutalekua, eta atxilotu zituzten. 1944ko irailaren 2an tren baten sartu zituzten, eta 3 eguneko bidaiaren ondoren, Auschwitza iritsi ziren.
Miep Giesek eta Elly Vossenek Anneren egunkaria aurkitu eta gorde zuten.
Anne, Margot eta Edith Frank, Pels familia eta Fritz Pfeffer ez ziren kontzentrazio esparru haietatik bizirik aterako. Margot eta Anne Auschwitz-Birkenaun egon ziren hilabetez, eta gero Bergen-Belsena bidali zituzten; hantxe hilko ziren, tifusak jota, 1945eko martxoan. Otto izan zen handik bizirik atera zen bakarra.
Miepek Anneren egunkaria eman zion familia osoa galdu zuen aitari, eta Ottok handik urte batzuetara argitaratu zuen Anne Franken egunkaria eta 55 hizkuntzatan irakur daiteke, euskara barne.
Anne eta Margot Franken hilobia Bergen-Belsengo kontzentrazio esparrua zegoen lekuan dago.
Egunerokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Het Achterhuis, 1947 (jatorrizko bertsioa, nederlanderaz)
- Anne Franken egunkaria, Erein, Donostia, 2004 (bertsio euskaratua; itzultzailea: Josu Zabaleta)
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Anne Frank |
- Anne Frank ikus daitekeen bideoa.
- Anne Frank - Founds.
- AEBetan Holokaustori buruz antolatutako erakusketa.
- Holokaustoaren kronika.
- Anne Frank. Un canto a la vida. Bere bizitza gogoratzen duen musikala.