Aztore arrunt
Aztore arrunt | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Accipitriformes |
Familia | Accipitridae |
Generoa | Accipiter |
Espeziea | Accipiter gentilis |
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Masa | 67 g (pisua jaiotzean) arra: 712 g (helduen pisua) emea: 1,14 kg (helduen pisua) |
Zabalera | 115 cm eta 100 cm |
Eguneko zikloa | eguneko |
Aztore arrunta (Accipiter gentilis) hegazti harrapari bat da, falkoniformeen sailekoa, eta, honen barnean accipitridae sendikoa. Bere kontserbazio egoerak, arrisku txikiko hegazti mota bezala zehazten du. Aztore arrunta izena ere jasotzen du.
Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Neurri ertainekoa da (48 eta 58 zentimetro artean neurtzen du, zapelatz arruntaren oso antzekoa) eta bere gorpuzkerak, gabirai handi bat edo belatz baten antza ematen dio, hegazti mota, benetan, arranoekin lotuta dagoen arren. Bere hego luzera 100 eta 120 zentimetro artekoa da eta 0,7-1,5 kg arteko pisua du, eta, hegazti harrapari guztietan bezala, arra emea baino txikiagoa da. Gazteek, margo argiak dituzte: gorriska goian eta horinabar ilun kolorezko orban handiekin behean. Helduek, nabar errauts kolorea dute, urdinabar eta beltzkara margokoak gainaldean eta zurixkak lerro ilunekin behean. Bi orban zuri dituzte euren begi handien gainean eta euren begininia horia edo laranja da; azken ezaugarri hauek, belatzekin dituzten aurpegiko ezberdintasunik nabarmenetako batzuk dira, belatzek ez baitute orban horiek, eta, gainera, euren begininiak ilunak dira. Aztorea, zuhaitz ekosistemetako ehizan bereizituriko hegaztia da, bere hegoak, laburrak dira duen neurrirako eta muturrak biribilduak dituzte, aldi berean, euren isatsa proportzionalki luzea da eta 4 edo 5 lerro ilun ditu. Ezaugarri hauek, mugikortasun handia eta mugimendu ahalmena ahalbidetzen diote landaredi askoko giro batean, eta bere hego laburrek, basoko zuhaitzen aurka jotzea eragozten dute, honela, giro trinko batean arazorik gabe hegan egiteko gai delarik. Ezaugarri zinegetiko hauek antzinatetik bere balioa eman zioten belazketa hegazti gogokoena bezala basoan ehizatzeko.
Arranoekin duen beste elkar ezaugarri bat, buruaren forma eta mokoa dira, baita herpeak ere, laburrak, kamutsak eta oso indartsuak direnak, aztoreak (arranoek bezala) ez baititu bere harrapakinak mokoarekin lepoa moztuz hiltzen, belatzek egiten duten bezala, euren herpeen estutzearekin baizik.
Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Accipiter gentilis espezieak zortzi azpiespezie ezagun ditu:[1]
- Accipiter gentilis gentilis, Europan eta Afrikako ipar-mendebaldean bizi dena. Euskal Herrian bizi den aztore mota da.
- Accipiter gentilis arrigonii, Korsikan eta Sardinian bizi dena.
- Accipiter gentilis buteoides, Eurasiako iparraldean bizi dena, Suediatik Lena ibairaino; Asia erdialderaino heltzen da neguan.
- Accipiter gentilis albidus, Siberiako ipar-mendebaldetik Kamtxatkaraino bizi dena.
- Accipiter gentilis schvedowi, Asiako ipar-ekialdetik Txinako erdialderaino bizi dena; neguan Indotxinaraino heltzen da.
- Accipiter gentilis fujiyamae, Japonian bizi dena.
- Accipiter gentilis atricapillus, Ipar Amerikan bizi dena, Mexikoraino eta Ameriketako Estatu Batuetako hegoalderaino.
- Accipiter gentilis laingi, Kanadan bizi dena, Queen Charlotte eta Vancouver uharteetan.
Bizigunea eta hedapen eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baso trinkoetan bizi da, lautada zein mendikoak, eta gutxitan irtetzen da basorik ez dagoen tokietara, Europa, Asia eta Ipar Amerikan aurki daiteke. Iberiar penintsula osoan hedatua dago, batez ere iparraldean, baina ez da Balear Uharteetan bizi.
Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herriko baso handienetatik hedatzen da, bereziki Araba, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako baso kontserbatuenetan, gizakiaren presentzia txikiko gunetan.
Urkiola, Altube-Gorbeia, Aralar, Urbasa, Elgea-Urkilla, Ultzama, Iratiko oihana, Senpere-Uztaritze, Eguralde, Mugerre, Ezka, Zaraitzu, Malerreka, Izki-Iturrieta-Entzia inguruetan hedatzen da gehienbat, hostozabal (pagadi, haristi, baso misto...) zein pinofito basoetan.
Bizitza eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zuhaitzetan egiten ditu bere habiak. Habian 3 edo 4 arrautza jartzen ditu (ez hain ohi 1etik 5era), hiru egunen epean. Txitaldia, nagusiki, emeak egiten du, arra ordea, elikaduraz arduratzen dena da txitatze denbora guztian, hau da, 36 eta 41 egun bitartean. Txitatan, lumaia 18 eta 38 egun bitarteko epean agertzen da, gutxi gora-behera 40 egunetara, habiatik irteten dira, eta 45era, euren lehen hegaldia egiten dute, independentzia maila handi bat lortuz 70 egunetara.
Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aztore arruntak garrantzi ekologiko handiko harraparia da, basoetako ekosistemetan egunean mugitzen den baso harraparirik indartsuena da, beraz kontrol ekologiko orekatzaile bat egiten du bere elikadura katean dauden espezie anitzengan. Emeak, arra baino handiagoa denak, basoilar eta erbien tamainako harrapakinak ehizatu ditzake, arra espezie txikiagoekin konformatzen da.
Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aztorea tamaina aldetik baso hutsez osaturiko hegazti harraparirik indartsuena eta oldarkorrena da. Zapelatz arruntaren tamainakoa da, baina hau baino oldarkorragoa eta indarstuagoa.
Europako iparraldean eta erdialdean aztoreak zapelatz arrunta desplazatzen du erasoaldien eta oldarraldien eraginez, zapelatzari lurraldearen lehian argi eta garbi nagusitzen zaio. Latitude horietan aztorea zapelatza baino apur bat handiagoa eta pisutsuagoa da.
Iberiar penintsulan eta Europako hegoaldean ordea, tamainaz berdinak dira eta bertan erasoaldiak gutxiago gertatzen dira, elkarren arteko errespetua handiagoa da.
Zapelatz listorjalearekin ere lehiatzen da lurraldearengatik, hauek ere basoetako hegazti harrapariak dira eta. Beraien arteko lehian aztorea da nagusitzen dena, erasoaldietan zapelatz listorjaleak hiltzeko gai baitira. Normalean Zapelatz listorjaleak bere habiak aztoreen habiengatik urrun jartzen ditu.
Gabirai arruntak zapelatz listorjalearen antzera jokatzen du, aztoreengandik tartea eta distantzia uzten saiatzen da.
Harrapari naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aztore helduak egunez ez du apenas harraparirik. Gauean noizbehinka hontz handiak ehizatzen du, egunez ordea, aztorea baino handiagoak diren arranoek ehiza dezakete, baina oso gutxitan ematen da.
Noizbehinka lepazuriak eta lepahoriak arrautzak eta txitak ehiza ditzakete, baina aztore helduak inoiz ez. Kontrakoa ere gertatzen da, aztore emeek lepahori eta lepazuri kumeak ehizatzen ditu. Helduen artean, elarrengadik errespetua dute.
Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aztorea, basoko ehiztari paregabe bat da: bere harrapakinak azkar jazartzen ditu zuhaitzen artean behetik abilezia handiz hegan eginez. Hegazti mota ezberdinak ehizatzen ditu (beleak, usoak, arabazozoak, eperrak etab...), baita ugaztun txikiak ere (untxiak, erbiak urtxintxak, saguak etab...), musker eta zomorroez gain. Zelatatzen ehizatzeko ohitura du, behatoki batean edo toki pribilegiatu batean pausatua, nondik bere lurraldea eta balizko harrapakinak ikus ditzakeen bera ikusia izan gabe. Behin bere harrapakina ikusi duenean, angelu hil bat jarraituz erasotzen du, ohi behetik hegan doan hegazti baten kasuan, edo lurraren mailatik bere harrapakina lurrean baldin badago. Bere harrapakinak, harrapatutako tokian jaten ditu.
Eguneko hegazti zuhur bat da, eta ikusteko oso zaila, txikiagoa den bere senide gabiraia baino are gehiago.
Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- BirdLife International (2015). «Accipiter gentilis». IUCN 2015.4-ko espezie mehatxatuen zerrenda gorria (ingelesez). ISSN 2307-8235. 2016/04/23 datan kontsultatua.
- ↑ Clements, J. F. 2007. The Clements Checklist of Birds of the World, 6.4 bertsioa. Cornell University Press.
Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Udo Bährmann: Über das Variieren des Habichts. Zool. Abh. Mus. Tierk. Dresden 28; 1965: S. 65–94; dort weitere Maße.
- F. Ziesemer: Untersuchungen zum Einfluss des Habichts auf Populationen seiner Beutetiere. Beitr. z. Wildbiologie 2; 1983. ISBN 3-88847-008-0.
- P. Widén: The hunting habits of Goshawks Accipiter gentilis in boreal forests of central Sweden. Ibis 131; 1989: 205-213 orr.
- R. Tornberg e A. Colpaert: Survival, ranging, habitat choice and diet of the Northern Goshawk Accipiter gentilis during winter in Northern Finland. Ibis 143; 2001: 41-50 orr.
- T. Mebs e D. Schmidt: Die Greifvögel Europas Europas, Nordafrikas und Vorderasiens. Biologie, Kennzeichen, Bestände. Franckh-Kosmos Verlags GmbH Stuttgart 2006; 293 orr. ISBN 3-440-09585-1
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Espeziaren fitxa (PDF), Javier Blasco-Zumetagandik
- Aztorea fitxa (gaztelaniaz). Inaturalist.
- Aztorea fitxa (gaztelaniaz). Macizo del Gorbea.