Edukira joan

Beloaga gaztelua

Koordenatuak: 43°18′48″N 1°50′40″W / 43.3133°N 1.8444°W / 43.3133; -1.8444
Wikipedia, Entziklopedia askea
Beloaga gaztelua
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaGipuzkoa
Koordenatuak43°18′48″N 1°50′40″W / 43.3133°N 1.8444°W / 43.3133; -1.8444
Map
Ondarea

Beloaga gaztelua. Beloaga gazteluaren hondarrak Arkale izeneko harkaitzetan daude, Oiartzungo Gurutze auzoan, gutxi gorabehera 265 metroko altueran. Auzotik oinez abiatuta hamabost minutuko bidea dago Beloagaraino. Gazteluaz gain, inguruan bisita daitezke erromatar garaiko Andrearriaga hilarriaren erreplika eta 1936ko gerra garaiko bunkerrak eta Langile Batailoien barrakoi zati bat.

Gazteluaren deskribapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beloaga harkaitz gaineko gaztelu tipikoa zen, X. edo XI. mendekoa, txiki samarra, baina zelatatzeko dorre xume bat baino handiagoa, gazteluak ehun metrotik gorako perimetroa baitu.

Bi sektore bereiz daitezke Beloagan, ekialdean laukizuzen forma irregularra duen eremu bat, 300 bat metro karratukoa, eta mendebaldean, sei bat metro gorago, oin trapezoidala duen dorre baten oinarria, 150 bat metro karratukoa. Harresien zabalera kontuan hartuta, metro karratu erabilgarriak askoz gutxiago dira, noski, hegoaldeko harresiak, esaterako, oinarrian bi metroko zabalera baitu.

Bi sektoreak lotuta zeuden, dorrearen ekialdeko hormek jarraitu egiten baitute beheko sektoreko hormekin bat egiteko, eta defentsa funtzioa ongi betetzeko, beheko sektoreak barrualdetik zortzi bat metroko altuera izan behar zuen nahi eta nahi ez, bestela kanpoko hainbat harkaitzetatik etsaia salto batean barrura sartzeko aukera izango zuen. Dorreak, berriz, hormen zabalera ikusita, beste 12 bat metro izango zituen oraingo oinarritik gora.

Gaztelua berreskuratzeko oiartzuar talde batek Beloaga Bizirik Elkartea sortu zuen eta haien bultzadarekin Oiartzungo Udala, Aranzadi eta Foru Aldundia martxan jarri ziren 2014tik aurrera gaztelua balorean jartzeko. Kontsolidazio lanetan dorreko hormak iparraldeko hormaren kotaraino altxa ziren eta beheko sektorean ere harresiak nabarmenago ikusten dira kontsolidatu ondoren. Horrez gain, azken fasean egurrezko bi eskailera eta dorrean plataforma bat jarri ziren jendearen segurtasuna bermatzeko.

Gazteluaren garrantzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beloaga gaztelua bailararen ikur bihurtu zen, zutik iraun zuen bost mende luzeetan, eta hori Oiartzungo armarrian ikus daiteke, armarriko irudia Beloaga gaztelua baita[1]. Gainera, esan behar da Beloagaren hondarrak Oiartzungo eraikin zaharrenaren arrastoak direla. Horrez gain, kontuan hartu behar da gazteluaren esentzia nafarra dela. Batetik, Beloaga Nafarroako erresumaren barruan eraiki zuten. Bestetik, Nafarroaren mendebaldea konkistatu zutenean aipatzen da lehenengo aldiz. Handik mende eta erdira, 1366an, Nafarroarekin berriro bat egiteko sinatu zen dokumentuan agertuko zaigu Beloaga bigarrenez. Eta handik beste mende eta erdira Beloaga ere Nafarroako beste gazteluekin batera bota zuten. Horrez gain, Erdi Aroko dokumentu askotan agertzen da Beloaga.

Beloaga gazteluak Nafarroako Erresuma defendatzen zuenez, funtzioetako bat zen seinaleen bidez inguruko gorabeheren berri jakinaraztea. Seinaleak gazteluz gaztelu hedatzen ziren, kearen bidez egunez eta suaren bidez gauez. Mendi tontor askotan zeuden antzeko dorreak funtzio berarekin, askotan dorre bakarraz osatuak, baina kokapen estrategikoagatik Beloaga hobeto prestatua zegoen defentsarako. Izan ere, itsasoaren aurrean zegoen, eta Ingalaterrako Enrike II.a 1152an Akitaniako Leonorrekin  ezkondu zenetik mugan ingelesak zeuden. Gero, Gaztelak 1200ean Nafarroaren mendebaldea konkistatu zuenean, Beloaga Gaztelako gotorleku bihurtu zen Nafarroako muga berrian. Eta frantsesek 1453an Ehun Urteko Gerra irabaztean, ingelesen ordez frantsesak zituen aurrean.

Horrez gain, merkataritza bideak ere zaintzen zituen, batez ere burdinarena, burdinoletan lapurreta dezente gertatzen baitziren, eta Donejakue bidea ere zaintzen zuen, gazteluaren ondotik pasatzen zen eta.

Gaztelua 1200 urtean aipatzen da lehenengo aldiz, baina X edo XI. mendekoa izan liteke, hau da, Hondarribiko eta Donostiako gazteluen garaikoa, bien arteko lotura bisuala egiten baitzuen. Aurkitutako txanpon batzuk ere lehenengo aipamenaren aurrekoak dira.

Beloagaz egiten den lehenengo aipamena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aragoi eta Gaztelako Erresumak, Nafarroako Erresuma baino geroago sortu arren, boteretsu bihurtu zirenean Nafarroa etengabe erasotzen hasi ziren. Horrela, 1198an Calatayuden bildu ziren Nafarroa  konkistatzeko asmoarekin, eta azken bake hitzarmena hautsita erasora jo zuten, baina azkar erretiratu ziren. Nafarroako Antso VII.ak hitzarmen bat lortu zuen Aragoiko erregearekin, baina gaztelarren beldur zen eta almohadeen lurretara jo zuen laguntza eske. Han, dirudienez, kalifa berriak Antso VII.a gerarazi egin zuen, hango gatazka batean parte hartzeko. Orduan, Alfontso VIII.ak, egoera hori aprobetxatuz, eraso egin zion Nafarroari 1199an. Trebiñuk, Zabalatek eta Gasteizek eutsi egin zioten erasoari, baina gasteiztarrak, sufritzen ari ziren setioa luzeari ezin eutsirik, errenditu egin ziren[2].

Araba menderatu nahian zebiltzanean, Bizkaia aldea eta Ipuzkoako lurretan zeuden gaztelu txikiak konkistatu zituzten. Rodrigo Ximenez de Radak idatzi zituen kroniketan, konkistatutako guztia aipatzen ez badu ere, esaten du gerra horretan Gasteiz, Marañon, Arluzea, Ataun, Zaitegi, Aitzorrotz, Ausa, Donostia, Beloaga eta Hondarribiko gazteluak lortu zituztela. Eta aipatzen du errege nafarrak Trebiñu eta Zabalate Izura eta Argako Mirandaren ordez trukatu zituela, galdutako azken gotorleku horiek Iruñetik gertuegi baitzeuden[3]. Hau da, bada, Beloagaz egiten den lehenengo aipamena.

Beloaga gaztelua de rebus hispaiae XIII.

Antso VII.a 1201ean diruz hornituta itzuli arren, ez zuen almohadeen laguntzarik lortu. 1204an Gaztelako erregea gaixotu egin zen eta hil zorian zegoela testamentuan agindu zuen sendatzen bazen Nafarroari konkistatu zizkion lur guztiak itzuliko zituela. Alfontso sendatu zen, baina lurrak ez itzultzeaz gain, armaz sartu zen Lapurdin eta Gaskoinian, nahiz eta laster erretiratu zen, ezin baitzituen mantendu ejertzitoak lur haietan. Galdutakoa berreskuratzeko, Antso VII.a Aragoiko erregearekin hitzarmen bat sinatzen saiatu zen, baina hori ere ez zuen lortu.[4]

Bestalde, konkistatu zituzten Ipuzkoa eta Arabako lurretan ez zegoen muga zehatzik Nafarroa izaten jarraitzen zuten lurrekin; beraz, Alfontso VIII.ak, muga sendotzeko asmoarekin, hiri gutuna eman zion Hondarribiari 1203an, eta handik urte batzuetara Oiartzun bailarari. Baina benetako muga politika Alfontso X.ak aplikatu zuen 1256an, Tolosa, Segura, Agurain, eta Kontrasta harresitu zituenean.

Garai hartan, herri berekoak izan ziren biztanleen artean istiluak hasi ziren. Azienda lapurretak eta gaizkile taldeen arteko istiluak ugaritu ziren, muga berriak gaizkileen muga izena hartzeraino. Dena dela, istiluak laster konpondu ziren, Nafarroako Karlos II.ak, Normandian zituen lurrak defendatzeko, bere ejertzitoan erabili baitzituen Araba eta Gipuzkoako ahaide nagusiak, nahiz eta Gaztelaren menpe egon[5].

Bigarren aipamena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehun Urteko Gerra (1337-1453) piztu zen Ingelesen eta frantsesen artean, eta Nafarroako Karlos II.a buru belarri ibili zen ingelesen alde, Normandian lur asko baitzituen. Urte haietan bailarako familiarik boteretsuena Altzibarko Huartetarrak ziren, Oiartzungo ahaide nagusiak, eta Normandiako gerretan hartu zuten parte. Gero Ayero Huarte izan zen Nafarroako erregearen zerbitzari fidela.

Huarteko armarria

1365ean Ehun Urteko Gerra Gaztelako Erresuman sortu zen istilu batekin nahastu zen. Izan ere, Enrike II.a Usurpatzaileak, erregetza kendu zion bere anaiordea zen Gaztelako Pedro I.ari. Orduan Pedro I.a Bordelera joan zen ihesi eta 1366an Libourneko hitzarmena sinatu zuen Galesko Eduardo printzearekin eta Nafarroako Karlos II.arekin. Hitzarmen horretan Galesko printzea eta Akitaniako dukea zenari 500.000 florin eskaini zizkion, eta Karlos II.ak Gipuzkoa Araba eta Errioxa berreskuratuko zituen[6]. 1367an, bada, Eduardoren tropak hegoaldera abiatu ziren nafarrekin batera, Enrike II.a menperatu zuten Naiaran, eta Usurpatzailea Avignonera joan zen ihesi.

Libourneko hitzarmenean Nafarroara bueltatuko ziren gazteluak aipatzen dira eta hor agertzen da Oiartzungo gaztelua bigarren aldiz. Aipamen horrek erakusten digu mende eta erdi Gaztelaren menpe egon arren, jende asko nafar sentitzen zela oraindik. Batasunaren eragileak Lesakako Zabaletarrak, Berako Altzatetarrak eta Oiartzungo Huartetarrak izan ziren. Oinaztar bandokoekin egindako bilerei esker adostasun handia lortu zen berriro Nafarroako Erresuman sartzeko.

1368an Karlos II.ak Amezketako Pedro Lopez Gipuzkoako kapitain izendatu zuen, eta Ayero Huarte oiartzuarra Urumeatik Bidasorainoko eremuko kapitain[7].

Baina Pedro I.ak ez zuen hitza bete, ez baitzion Eduardori ordaindu eta Araba eta Errioxa aldean ere zergak kobratzen jarraitzen zuen; beraz, Karlos II.ak eta Galesko printzeak eten egin zuten harremana. Hori jakitean, Enrike II.ak Frantziarekin hitzarmen bat sinatu zuen, eta Du Guesclinen tropekin sartu zen Gaztelan 1369ko martxoan. Pedro I.a, erasotik ihes egin nahian, frantsesaren kanpalekura sartu zen eta han anaiordeak sastakada batez hil zuen Du Guesclinen laguntzarekin.

1372an Ayero Huarte eta beste jauntxo batzuk Karlos II.arekin bildu ziren irtenbide bat bilatzeko, baina argi zegoen ingelesen laguntzarik gabe eta Frantziak Gaztelaren ondoan jarraitzen zuen bitartean ez zegoela ezer egiterik. Horrela, 1373an Guy de Boulogne kardinalaren epaiak Gaztelari itzuli zizkion Errioxa, Araba eta Gipuzkoa[8].

Hirugarren aipamena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Villanueva de Oyarço Orereta auzoan

Lehen aipatu dugun muga politikarekin jarraituz, 1320an Villanueva de Oyarço hiri harresitua sortu zuten Oiartzun bailarako Orereta auzoan. Oiartzungo kontzejua eta boterea Oreretara pasa zutenean, bailarako biztanleak hiri berrian bizitzera eta harresiaren gastuak ordaintzera behartu nahi izan zituzten. Ondorioz, hainbat auzi sortu ziren hiriaren eta bailararen artean, eta bailarakoak bizimodu independentea egiten saiatu ziren. Ofizialak izendatzen zituzten, batzarrak egiten zituzten, eta ez zituzten Oreretako batzarretako epaiak betetzen. Hori zela eta, errege-agindu dezente iritsi ziren bailarako biztanleen kontra.

1453an, ordea, Gaztelako Juan II.ak, ordura arteko politika aldatu, eta Oiartzungo bailarari hiri gutuna eman zion eta Villa Nueva de Oyarçunetik bereizteko eskubidea onartu, baina hiribildua aurka jarri zen eta istiluak areagotu egin ziren. Gainera, Juan II.a hil egin zen eta semeak, Enrike IV.ak, atzera bota zuen bailarari emandako Pribilegioa. Probintziak ordezkariak bidali zituen, baina sortu zen istiluan ordezkariren bat hil eta beste batzuk zauritu egin zituzten. Gehiegikeria horien aurrean, Probintzia armez sartu zen bailaran, oinetxe eta beste etxe apalagoak erre edo eraitsi zituzten, errotak eta olak suntsitu eta hainbat bizilagun hil edo zauritu.

Huarteko dorretxea

Eta hemen dugu hirugarren aipamena, bailara eta Oreretaren arteko bereizketa gatazkatsua gogora ekartzen diguna. 1455ean Enrike IV.ak Arevalon agindu zuen inor gehiago ez atxikitzeko Oiartzungo dorrean gotortu ziren 60 gizonei. Aginduan esaten du armak uzten zutenei barkatuko ziela, baina matxinatuta jarraitzen zutenei ondasun guztiak konfiskatuko zizkiela. Uztailean Ganboako Martin eta Lazkaoko Martin Lope epaile izendatu zituzten, hau da, ganboa eta oinaztarren buruak. Gatazka konpontzeko Gipuzkoako Anaidiak eta Oiartzungo kontzejuak gerretako kapitulazio moduko dokumentu bat sinatu zuten, eta auzia Errege Epaitegiaren esku geratu zen[9].

Dena dela, 1448an Arrasate erre zutenetik, egoera zeharo aldatzen hasi zen. Gipuzkoako Anaidia bandoen aurka agertu zen, eta Gaztelako erregeak Anaidiaren boterea areagotu egin zuen. Gainera, Enrike IV.ak 1457an, leinuen buruak erbesteratu eta kanpoan zeuden bitartean haien dorretxeak bota zituen. Huartetarren dorretxea ere orduan bota zuten, Juan Huarte, bi urtez erbesteratuta, Granadako erresumaren kontra borrokan ari zen bitartean. Hiribilduetako eliteak irabazen ari ziren eta Erdi Aroko jauntxoen eredu feudala galtzen.

Laugarren eta bosgarren aipamenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1463an Enrike IV.a Hendaiara etorri zen Frantziako Luis XI.arekin, elkarrizketatzera, eta bailararen eta Oreretaren arteko gatazka ezagutzen zuenez, Oiartzun bisitatzeko aprobetxatu zuen. Ikusi zuenean bailarako bizilagun kopurua hirikoa baino handiagoa zela eta biztanleak Nafarroa eta Frantziaren mugen aurrean barreiatuak bizi zirela, bere aitak eman zion bereizpen pribilegioa betetzeko agindu zuen, eta 1470ean Valladoliden berretsi. Hala ere, bereizpen erreala 1491ko Errege Katolikoen erabakiarekin iritsi zen eta Oiartzuni lurren bi heren egokitu zitzaizkion eta Oreretari heren bat.

Avilako fartsa

Dena dela, Enrike IV.ak arazoak zituen kortean, hainbat jauntxo boteretik urrundu baitzituen eta Beltran de la Cueva lagun minari, berriz, ondasun eta tituluak eman. Hori zela eta, Gaztelako jauntxo asko erregearen kontra altxa ziren, Beltranen manipulazioak salatuz[10]. Eta 1464ko abenduan erregearen destronatzea irudikatu zuten. Oholtza izugarria jarri zuten Avilako harresien kanpoaldean eta Enrique IV.a salatu zuten, esanez musulmanen laguna zela, homosexuala eta, batez ere, ez zela Juanaren aita, Juana la Beltraneja izengoitiz ezagutzen zena Beltran de la Cuevaren alaba zela esaten baitzuen mundu guztiak. Eszenifikazioa Avilako fartsa izenarekin egin zen ezaguna, eta han Enrike IV.aren anaiordea, Alfontso, errege aldarrikatu zuten.

Bi ejertzito izan ziren aurrez aurre. Gipuzkoan Ayalako Lopez Gartzia II.a altxa zen erregearen kontra. Eta testuinguru horretan iristen zaizkigu laugarren eta bosgarren aipamenak. 1466ko apirilaren 20an Enrike IV.ak errege agindu bat eman zuen Segovian Gipuzkoako alkateari jakinarazteko Beloaga gazteluaz jabetu behar zuela, Ayalako Lopez Gartzia II.a bere kontra gotortu baitzen bertan, eta gaztelua botatzeko eta lurrarekin berdinduta uzteko agindu zuen. Baina ez zen agindua bete, 1468an Probintziak Beloaga gaztelua Ayalakoari bueltatzeko eskatu baitzuen. Erregeak baimena ez zuen eman, baina ez zuen botarazi[11].

Azken aipamenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enrike IV.a atera zen garaile eta akordio bat sinatu zuen bere arrebaorde Isabel katolikoarekin, hurrengo erregina bera izateko, baina 1469an Aragoiko Fernandorekin ezkutuan ezkondu zela eta, akordioa hautsi eta berriro bere alaba Juana hartu zuen oinordekotzat. 1474an, Enrike IV.a hil zenean, gerra piztu zen Isabel eta Juanaren artean. Juanak Portugal eta Frantzia izan zituen alde eta Isabelek Gaztelako jauntxo gehienak.

1476an Frantziak Alain de Albret edo Labrit bidali zuen Baiona aldera Hondarribia hartzeko helburuarekin. Ejertzitoaren zati bat hartuta, Bidasoa zeharkatu zuen, lehendabizi Irun eta Oiartzun inguruak menperatzeko. Apirilaren 20an Oiartzunen sartu zen, eta elizako dorreari su eman zion, barruan gizon talde bat zegoelarik. Bailara erdia erre ondoren, Donostiara abiatu zen, baina bidean Salinasko kondea, Gipuzkoako merinoa, topatu zuen, eta borroka hartan kondea menperatu zuen.

Hondarribia XIV. mendean

Gero, Hondarribiko erasoa prestatzera zihoanean, Beloaga gaztelua hartu zuen. Labriteko jaunak Frantziako Luis XI.ari gerra hartako gorabeherak kontatzeko idatzi zion eskutitzean seigarren aipamena aurkituko dugu. Eskutitzean esaten zion Beloaga La Renteria eta Hondarribia artean zegoen gotorleku bikaina zela, harkaitz gaineko gaztelua, Gipuzkoako talaiarik ederrenean zegoela eta bertan 200 soldadu utzi zituela[12].

Albreteko jaunak erasora jo zuenean, bederatzi egunez aritu ziren borrokan, baina Jaizkibeldik laguntza iritsi zen Hondarribira eta frantsesak erretirarazi egin zituzten. Hurrengo erasoan hondarribiarrak artilleriaz horniturik zeuden eta 50 egunez eutsi zieten. Bitartean, portugesak Toroko borrokatik erretiratu egin ziren, eta Isabel katolikoa Hondarribikoei agindu zien ejertzitoa hasi zen biltzen. Albretek hori jakin zuenean, setioa utzi zuen.

1476an su etena onartu zuten eta sinatu zuten Beloaga Albreten esku geratuko zela eta bertako soldaduek eskubide guztiak izango zituztela horniketa egiteko: zazpigarren aipamena[13]. Horrez gain, Alonso de Palenciaren kroniketan (1482) esaten da Bidasoaren alde honetan gaztelu bat zegoela frantsesen eskuetan eta handik kalte handiak egiten zituztela. Izena aipatzen ez badu ere, argi dago Beloagaz ari dela. Su etenaren ondoren ere bi aldiz aipatzen da Beloaga. Fernandok eskutitz batean Juan de Ganboari esaten dio ez sinatzeko su eten berririk Beloaga gaztelua itzuli arte. Eta handik gutxira, beste eskutitz batean, aitari barkamena eskatzen dio, jakinarazi gabe Beloaga berreskuratu zuelako: Hamargarren aipamena. Izan ere, Fernandoren aitak hitzarmen integralagoa bilatzen zuen Frantziarekin, Rosellon eta Cerdaña berreskuratu nahi zituen eta[14]. Donibane Lohizuneko bakearekin bukatu zen gerra 1478ko urriaren 9an.

Erdi Aroko azken gertaerak Nafarroan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nafarroa XV. mendean Sonsierra galdu aurretik

Nafarroako Catalina I.ak ezkontzeko Juan de Albret frantsesa aukeratu zuenean, Alainen semea, Errege Katolikoek erabakia iraintzat hartu zuten eta mendekua prestatzen hasi ziren, Leringo kondearen laguntzarekin, Nafarroa barruan gerra zibila piztuz. Eta Albreteko Juanek 1507an bakea lortu eta Leringo kondea erbesteratzea lortu bazuen ere, 1512an Gaztelako tropek, Nafarroan sartuta, erresuma konkistatu zuten. 

Ondoren hiru saio egin ziren Nafarroa berreskuratzeko. Gaztelarrek 1516ko bigarren saioa zapuztu zutenean, Cisneros kardinalaren aginduz Nafarroako gaztelu, harresi eta dorre asko bota zituzten. Beraz, segur aski Beloaga ere agindu harekin suntsitu zuten.

XIX. mendean liberalek fuerte bat eraiki zuten Beloagan eta Erdi Aroko harresi eroriak erabili zituzten babesteko, tiro egiteko garaian. Beheko sektorean sukaldea eta lo egiteko barrakoiak altxa zituzten, eta dorrean kanoia eta munizio biltegia zituzten, bertatik ere tiro egiteko. Azken karlistaldian karlistek fuertea hartu zuten, baina azkenean Prudencio Arnao kapitainak berreskuratu zuen 1875ko irailaren 15ean, mikelete konpainia batekin. Gerra bukatu ondoren, fuertea ez botatzeko agindu zuten, baina eraikinak egurrezkoak zirenez, handik urte batzuetara desagertu egin ziren[15].

1936ko gerran, uztailaren 23an Beorlegui koronela Oiartzun hartzen saiatu zenean, milizianoek aurre egin zioten, baina uztailaren 27an Ortiz de Zarate iritsi zen, eta atzera egin behar izan zuten Pikoketa eta Arkale aldera. Beloaga inguruan ez ziren borroka asko izan, baina Pikoketan benetako frentea izan zen, Irun hartzeko saioan.

Gerra bukatu zenean, preso errepublikar pila bat ekarri zituzten Arkalera eta barrakoiez bete zen ingurua. Langile Batailoiak ziren, gatibu moduan lanean aritzen ziren eta 12.000 bat preso pasa ziren Oarsoaldeako barrakoietatik. Haiek egin zituzten Jaizkibelgo errepidea, Erlaitzekoa eta Aritxulegiko tunela, besteak beste.

Horrez gain, 1939tik aurrera Frantziako mugaren aurrean defentsa lerro bat eraikitzen ibili ziren, muga bunkerrez josita. Izan ere, Francok uste zuen Frantziara alde egin zuten errepublikarrak berriro itzuliko zirela eta Arkaleko harkaitzak alde batetik bestera zulatu zituzten bertan behatoki bat jartzeko, leku aparta baitzen Hendaia kontrolatzeko. Eta handik gutxira, Hitler menperatuko zutela ikusita eta Aliatuen beldurrez, defentsa sistema Pirinio guztira zabaldu zuten.

Azkenean, ordea, ez zen Aliatuen laguntzarik iritsi eta egitura militar horiek guztiak abandonaturik geratu ziren. Halere, oraindik bisitatu litezke Arkaleko harkaitzak zeharkatzen dituzten bunkerrak eta barrakoi zati baten erreplika.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[1] Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca. Cosas Memorables de Guipúzcoa. Gorosabel, laugarren liburua, 378. or.

[2] La conquista castellana de Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado (1199-2000). Jon Andoni Fernández de Larrea. Rev. int. estudios vascos. 45,2,2000. 425-438 or.

[3] Crónica de España del arzobispo Rodrigo Ximénez de Rada. Gonzalo de la Hinojosaren itzulpena. Biblioteca nacional. CV liburua.

[4] Historia política del Reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla, II bil. 98.or. José María Lacarra, Nafarroako Aurrezki Kutxaren liburutegia, 1972.

[5] Geografías mercantiles vascas en la Edad Moderna. Las relaciones mercantiles y marítimas de los vascos con el condado de Normandía durante los siglos XIV y XV. José Luis Orella Unzué. Lurralde, 2008.

[6] Colección de Documentos Medievales de las villas guipuzcoanas.1200-1369. Gonzalo Martínez Díez, Emiliano González y Félix J. Martínez. Diputación Foral de Guipúzcoa. RE 17006. 1991. Doc. 302 y 303.

[7] Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548). José A. Lema, Jon A. Fernández de Larrea, Ernesto García, José A. Munita, José R. Díaz de Durana. 23-26 or. 108, 128, 131, 203 dok. Diputación Foral de Guipúzcoa, 2000. ISBN: 84-77907-306-3.

[8] Historia política del Reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Vol III. José María Lacarra. Biblioteca de la Caja de Ahorros de Navarra, 1972. Pp. 97-115.

[9] Cosas Memorables de Guipúzcoa. Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca. Gorosabel, laugarren liburua, 383-395 or.

[10] Documentos sobre Enrique IV de Castilla y su tiempo. vol.I, 2016. ISBN. 978-84-16829-00-2. César Oliveira Serrano. 2.027 eta 2.041 dok.

[11] Cartulario Real de Enrique IV a la provincia de Guipúzcoa (1454-1474). José Luis Orella Unzué. 53 dok.

[12] Archives Departamentales de Basses Pyrenées, 1476. Raymond Paul. E78.

[13] Jean de Bilhères Lagraulas. Charles Samaran, 1921. 24or.

[14] Anales de Aragón. Jerónimo Zurita. XX. liburua, XXI. atala.

[15] La Voz de Guipúzcoa, 1893. IX. urtea. 3.140 zki.

Bibliografia:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • CRÓNICA DE ESPAÑA DEL ARZOBISPO DON RODRIGO XIMÉNEZ DE RADA.
  • Traducción de Don Gonzalo de la Hinojosa. Biblioteca Nacional. Tomo CV.
  • DÍAZ de DURANA José Ramón, Fernández de Larrea Jon Andoni. La frontera de los malhechores: Bandidos, linajes, y villas entre Álava, Guipúzcoa y Navarra durante la baja Edad Media. Ediciones Universidad de Salamanca. Historia medieval, 23, 2005.
  • FERNÁNDEZ de LARREA Jon Andoni. La conquista castellana de Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado (1199-1200). Rev. int. estudios vascos. 45, 2, 2000. 425-438.
  • FERNÁNDEZ de LARREA Rojas Jon Andoni. Guerra y sociedad en Navarra durante la Edad Media. Servicio Editorial Universidad del País Vasco, 1992. I.S.B.N.: 84-7585-390-0.
  • GOROSABEL Pablo. Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca. Cosas Memorables de Guipúzcoa.
  • LACARRA José María. Historia política del Reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Biblioteca de la Caja de Ahorros de Navarra. 1972.
  • LEMA José Ángel, Fernández de Larrea Jon Andoni, García Ernesto, Larrañaga Miguel, Munita José Antonio y Díaz de Durana José Ramón. Los señores de la guerra y de la tierra: Nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548). ISBN: 84-7907-306-3.
  • LA VOZ DE GUIPÚZCOA, 1893. IX. urtea. 3.140 zki.
  • LEMA José Ángel, Fernández de Larrea Jon Andoni, García Ernesto, Larrañaga Miguel, Munita José Antonio y Díaz de Durana José Ramón. El triunfo de las élites urbanas guipuzcoanas: nuevos textos para el estudio del gobierno de las villas de y de la Provincia (1412-1539). Diputación Foral de Gipuzkoa. ISBN: 84-7907-363-2.
  • MARTÍNEZ DÍEZ Gonzalo, Emiliano González y Félix J. Martínez. Colección de Documentos Medievales de las villas guipuzcoanas.1200-1369. Diputación Foral de Guipúzcoa. RE 17006. 1991. Doc. 302 y 303.
  • MORET Padre José. Anales del Reino de Navarra.
  • OLIVERA SERRANO César. Documentos sobre Enrique IV de Castilla y su tiempo, 2016. ISBN 978-84-16829-00-2.
  • ORELLA UNZUÉ José Luis. Cartulario Real de Enrique IV a la provincia de Guipúzcoa (1454-1474).
  • ORELLA UNZUÉ José Luis. Régimen Municipal en Guipúzcoa en los siglos XIII y XIV. ISSN: 1697-3070.
  • ORELLA UNZUÉ José Luis. Geografías mercantiles vascas en la Edad Moderna. Las relaciones mercantiles y marítimas de los vascos con el condado de Normandía durante los siglos XIV y XV. Lurralde, 2008. ISSN 1697-3070.
  • RAYMONS Paul. Archives Departamentales de Basses Pyrenées. 1476. E 78.
  • SÁEZ GARCÍA Juan Antonio. La fortificación “Vallespín” (1939-1940) en Arkale. Bilduma 22, Errenteria. I.S.S.N.: 0214-624X. “Los fuertes liberales de Urkabe y Arkale (Oiartzun). Vasconia. 37.2011.263-277.
  • SAMARAN Charles. Jean de Bilhères Lagraulas, 1921.
  • SARASOLA Modesto. VIZCAYA Y LOS REYES CATOLICOS. FR. 1947. La ofensiva contra Gipuzkoa, según la crónica de Valera.
  • TENA GARCÍA María Soledad. La sociedad urbana en la Guipúzcoa costera. 1996. Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián. ISSB 0210-2889.
  • TORRES FONTES Juan. Itinerario de Enrique IV de Castilla, 1457.