Feliks Dzerzhinski
Feliks Edmundovitx Dzerzhinski[1] (errusieraz: Фе́ликс Эдму́ндович Дзержи́нский; transliterazioa polonieratik: Джержиньский (Dzherzhinsky)[2] polonieraz: Feliks Dzierżyński, /ˈfɛlʲiks dʑerˈʐɨɲskʲi/; 1877ko irailaren 11greg./abuztuaren 30ajul. - 1926ko uztailaren 20a), Burdinezko Feliks ezizena, poloniar boltxebikea izan zen. Bere alderdian, Yatsek, Yakub, Pereplyotchik ("enkuadernatzaile" esanahiarekin), Franek, Astronom, Yuzef eta Domanski ezizenak zituen[3].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1894an, hamazazpi urterekin, talde marxistetan militante sartu zen eta Polonia eta Lituaniako Alderdi Sozialdemokratako kide egin, hots, Rosa Luxemburgek zuzendutako alderdikide. Hemeretzi urterekin, 1897an, lehen aldiz atxilotu zuten, eta Viatka probintziara derrigorrez lekualdatua; hau lehen atxilo-aldia izan zen, izan ere, 1917a arte denbora gehiago eman zuen kartzelan edo barne-erbestean askatasunean baino (guztira sei aldiz izan zen atxilotua, horietatik hirutan ihes egitea lortu zuen)[3].
Alderdi politikoetan parte hartzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1905an, alderdi barneko borroka bat izan zuen Luxemburgekin, eta horrek Leninengana hurbildu zuen: 1906an Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuen eta hurrengo urtean Komite Zentraleko kide egin zuten (urte horretan Poloniako eta Lituaniako Alderdi Sozialdemokratak Errusiako Alderdi Sozialdemokratarekin bat egin zuen –artean boltxebikeak eta mentxebikeak ofizialki ez zeuden banatuta, praktikan bai, aldiz). 1909 eta 1912 artean, Polonia eta Lituaniako Alderdi Sozialdemokrataren zuzendari nagusia izan zen (Luxemburg Berlinen bizi zen eta alemaniar politikan murgilduagoa zen). Azken aldiz, 1912an atxilotu zuten, eta tortura latzak jasan zituen, hainbestekoak, ezen ezin zuen zigorrak ezarritako behartutako lana egin. 1917ko martxoan, Moskuko masek Butirka kartzela asaltatu ostean askatua izan zen, ordurako apenas zen oinez ibiltzeko gai[3].
1917an, Alderdi Boltxebikean inplikatu zen buru-belarri. Leninen Apirileko Tesiak hasieratik defendatu zituen boltxebike apurrenetako bat zen. Hainbesterakoa izan zen bere inplikazioa, ezen uztailean Komite Zentraleko kide aukeratu zuten berriz, eta irailean Petrogradeko Sobietaren Komite Militar Iraultzaileko kide aukeratu zuten. Urriaren 10eko Komite Zentral Boltxebikearen batzar erabakigarrian hartu zuen parte. Urriko Iraultzarekin bat burutu zen Sobieten II. Biltzar Nagusian Sobietaren Komite Exekutibo Zentraleko kide aukeratu zuten[3].
Iraultza garaia eta Txekako buru
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraultzaren ondoko egunetan, Kerenski-Krasnov matxinadaren kontra Petrograden defentsa antolatzeko arduradunetako bat izan zen Stalin eta Sverdlovekin batera. Iraultzaren ostean, Smolni egoitzaren (Alderdi Boltxebikearen, Sobieten Komite Exekutiboaren eta Sobietar Gobernuaren egoitza) segurtasunaren arduradun izan zen, harik eta 1917ko abenduaren 6an, Txeka polizia-departamendua eratu zen arte; organo honen buru gisa Dzerzhinski aukeratu zuten bere esperientziagatik eta sakrifizio izpirituagatik. Hasiera batean, Txekan bai boltxebikeak zein ezkerreko eseristak izan ziren, eta hasierako ekintzak nahiko moderatuak izan ziren. Dzerzhinskiren arabera, Txekako kideek “burua hotz, bihotza bero eta eskuak garbi” izan behar zituzten. Hasierako atxiloketetan, normalean atxilotuak denbora gutxira askatzen zituzten, berriz ez matxinatzeko edo Erregimen Sobietarra ez higatzeko promespean. Txeka ezinbestekoa izan zen, britainiar zerbitzu sekretuen konspirazio militarrak antzeman baitzituen[3].
Hala ere, 1918aren erdialdera, Txekaren joera gogortu egin zen, bai eskuineko eseristak atentatu politikoak egiten hasi zirenean (ekainean Moisei Volodarski hil zuten, eta abuztuan Uritski, eta Lenin bera hiltzen ere saiatu ziren), zein Errusiako Gerra Zibila argiki hasi zenean (Don eta Kubanen Denikin eta Alekseieven zuriak indartsu ziren, eta Siberian eskuineko eseristek matxinada zuri batzuk hasi zituzten), zein ezkerreko eseristek uztailean estatu-kolpea eman zutenean. Azken matxinada horretan Txekako kide eseristek paper handia izan zuten, Dzerzhinski bera atxilotu eta egun batez preso izatera iritsi baitziren. Egoera horiek eragin zuten Txekaren gogortzean (eta baita ere Errusiako Gerra Zibilak, eta hau irabazteko ezarri beharreko politika gogorrek), eta honen “klase-izaera zigortzailea” hartzean. 1918etik aurrerako politika delituak, delitu-egilearen klase sozialaren arabera gogorrago edo arinago zigortzen zituen Txekak[3].
Dzerzhinskik lanerako etika zuen, eta oso estilo pertsonala. Askotan esaten zuen Txekako kideei buruz “sentimendurik ez izateraino gogortu zareten guztiok, hobe zaudete erakunde honetatik kanpo. Hemen bihotzez eta besteen sufrimenduak kontutan izanik jokatu behar dugu”. Askotan, klaseko etsaiekin bezain gogorra zen Txekarekin eta horren kide “ez-ondraduekin” (gehiegikeriak egiten zituztenekin, edo karrera egiteko soilik kide egiten zirenekin), batzuetan halako kide “ez desiragarriak” ere fusilatuz. Txekak, gainera, konspirazio zuzenen aurka borrokatzeaz gain, produkzioaren antolaketa bermatu eta hau higatzeko sabotajeen kontra borrokatu behar izan zuen, adibidez 1921eko elikadura krisiaren garaian. Dzerzhinskik ezinbesteko lan bat betetzeagatik eta bere zorroztasunagatik “Burdinezko Feliks” ezizena jarri zioten. Txekako buru izan zen 1922an organu hori GPUk ordeztu zuen arte. 1922 eta 1923 arte GPUko buru izan zen[3].
Dzerzhinski eta Lenin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1918an, Brest-Litovskeko Itunaren aurka agertu zen. Eztabaida gogorrak izan zituen Leninekin autodeterminazioaren gaia zela eta Dzerzhinski ez baitzen Lenin bezain aldekoa (gaztetako luxemburgismoak agian eraginik izan zuen posizio horretan). Beste hainbat kargu ere izan zituen- 1919 eta 1923 artean Errusiako Barne Arazoetarako Herri Komisario (ministro) izan zen, adibidez. Errusiako Gerra Zibila bukatzerakoan, Dzerzhinskiren administrazio eta antolakuntzarako trebetasunak kontutan hartuz, lur jota zegoen herrialdea altxatzeko lanetara bideratu zuten: 1921ean Garraioetarako Herri Komisario izendatu zuten, eta 1924 eta 1926 artean Ekonomiarako Herri Komisario; azken lan honetan 1921eko krisi ekonomikotik ateratzeko eta Errusia altxatzeko lana egin zuen (Politika Ekonomiko Berria indarrean jartzeko arduradun nagusietako bat izan zen)[3].
Ekonomia arloan “sindikatuen inguruko eztabaidan” Leninen posizioa babestu zuen Trotskik eta Bukharinek defendatzen zuten militarizazioaren kontra eta Kollontaik defendatzen zuen Langile Oposizioaren kontra. 1920an, Poloniako komite iraultzaileko kide egin zen, baina iraultza Poloniara zabaldu ez zelako organu hori desegin egin zen. 1921ean, Haurrekiko Utzikeria Borrokatzeko Komisioa sortu zen eta Dzerzhinski bere lehendakaria izan zen, eta hainbat haurtzaindegi eta umezurztegi eraiki zituen. 1924an, Lenin hil zenean, berak antolatu zuen haren hileta. 1926an hil zen[3].
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]“Felix” deitutako kalkulagailu batek, 1930. eta 1940. hamarkadetan oso erabilia izan zenak, izena haren omenez darama[3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 156. arauaː Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema (errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera). (Noiz kontsultatua: 2020-04-28).
- ↑ The Soviet Revolution: 1917-1938. 1962. Raphael Abramovitch New York, International Universities Press
- ↑ a b c d e f g h i j Txkheidze, Nikoloz, K17 2017-06-017. CC0 Domeinu Publikoa
- 1877ko jaiotzak
- 1926ko heriotzak
- Poloniako politikariak
- Erromatar Eliza Katolikoko kide ohiak
- Poloniako ateoak
- Poloniako noblezia
- Sobietar Batasuneko politikariak
- Errusiako komunistak
- Poloniako komunistak
- Errusiako Iraultzako biografiak
- Moskun hildakoak
- Boltxebike Zaharrak
- Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kideak
- Yiddish hiztunak
- Gaixotasun kardiobaskularrek hildakoak