Frida Kahlo
| Frida Kahlo | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Magdalena Frida Carmen Kahlo |
| Jaiotza | Coyoacán (en) |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Coyoacán (en) |
| Hobiratze lekua | Coyoacán |
| Heriotza modua | berezko heriotza: bronkopneumonia Biriketako Tronboenbolismoa Flebitisa |
| Familia | |
| Aita | Guillermo Kahlo |
| Ezkontidea(k) | Diego Rivera (1929ko abuztuaren 21a - 1939ko azaroaren 6a) Diego Rivera (1940 - 1954) |
| Haurrideak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | margolaria eta artista bisuala |
| Lantokia(k) | Mexiko Hiria Detroit San Frantzisko eta New York |
| Lan nabarmenak | ikusi
|
| Mugimendua | surrealismoa errealismo magikoa |
| Genero artistikoa | erretratua Autorretratua erretratua |
| Ideologia eta sinesmenak | |
| Erlijioa | ateismoa |
| Alderdi politikoa | |
Magdalena Frida Carmen Kahlo y Calderón, Frida Kahlo izen-deiturez ezaguna (Coyoacán, Mexiko Hiria, Mexiko, 1907ko uztailaren 6a – 1954ko uztailaren 13a), autorretratuengatik ospetsua izan zen margolari mexikarra. Haren lana bere bizitza pertsonaleko bizipenen ingurukoa da. Guztira, 150 lan tindatu zituen, batez ere autorretratuak, eta, horietan, bizirauteko zituen zailtasunak proiektatu zituen. Mexikoko pop kulturaren ikonotzat ere hartzen dute[1].
Gaztetan, autobus-istripu larria izan zuen, eta denbora luzez egon zen ohean etzanda. Guztira, 32 ebakuntza egin behar izan zizkioten[2]. Bizimodu ez-konbentzionala eraman zuen[2]. Fridaren obrak eta haren senar Diego Rivera margolariarenak elkarri eragin zioten. Biek partekatu zuten mexikar sustrai indigenak, bertako herri-artearekiko zaletasuna iraultza osteko garaiko beste margolari mexikar batzuk inspiratuz.
1939an, haren margolanak Frantzian erakutsi zituzten André Bretonen gonbita jaso ondoren, eta «surrealistak» zirela konbentzitzen saiatu zen. Hala ere, Fridak ez zuen bere artea joera horretan islatuta ikusten, bere ustez, ez zituelako ametsak margotzen bere bizitza baizik. Erakusketa horretako obretako bat (Autorretratua - Markoa, gaur egun Pompidou Zentroan dagoena) Louvre Museoak erositako artista mexikar baten lehen margolan bihurtu zen. Bere lanak garaiko margolari eta intelektual ospetsuen miresmena jaso zuen, hala nola, Pablo Picasso, Vasili Kandinski, André Breton, Marcel Duchamp, Tina Modotti eta Concha Michel. 1954ko uztailaren 13an hil zen, 47 urte zituela. Haren gorpua erraustu egin zuten, eta errautsak Etxe Urdinera eraman, gaur egun Frida Kahlo Museoa izenaz ezagutzen den hartara.
Bizitza eta ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa eta gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Magdalena Carmen Frida Kahlo Calderon 1907ko uztailaren 6an jaio zen, Coyoacánen (Mexiko Hiria, Mexiko). Guillermo Kahlo eta Matilde Calderónen[3][4] lau alaben arteko hirugarrena zen. Aita Alemaniatik emigratutako argazkigile judu hungariarra zen, eta ama, berriz, mexikar mestizo katolikoa. Aitaren lehen ezkontzako bi ahizpaorde zituen, María Luisa eta Margarita, gurasoak ezkondu ondoren barnetegi batean hazitakoak. Fridaren bi ahizpa nagusiak Matilde eta Adriana izan ziren.1906an, haren neba bakarra jaio zen, Guillermo, egun gutxiren buruan zendu zena. 1908ko ekainean, ahizpa gazteena jaio zen, Cristina[5].

Amarekin zuen familia-harremana konplexua eta urruna zen; aitarekin, aldiz, oso hurbila eta maitekorra. Elkarrekiko lotura are sendoagoa bihurtu zen poliomielitis jo eta eskuineko zangoan herren txikia utzi zionean, aitak laguntzen baitzion errehabilitazio-ariketak eta programak egiten. Frida, berriz, aitaren etengabeko zorabioz jabetzen zen, eta, hain gazte zelarik, inork ez zion azalpenik ematen. Guillermo Kahlok epilepsia-krisiak zituen haurtzaroko garuneko lesio baten ondorioz. Denborarekin, Fridak, egoera horretako aldietan, laguntza ematen ikasi zuen, eta, azkenean, haien arrazoiaren berri jakin zuen. Gaixotasunen zorigaitzari aurre egiteko esperientzia partekatuak oso elkar lotuta eduki zituen beti[6].
Fridak ezin izan zuen poliomielitisa gainditu, eta zango bat bestea baino meheago geratu zitzaion. Gainontzeko umeen trufa-gai bihurtu zen eskolan, eta konplexuek jota bizi izan zen aurrerantzean. Sobietar Iraultza bizi izan zuen gertutik, eta arreta osoz eta Lehen Mundu Gerraren amaieraren testigu ere izan zen.
Ezin izan da zehatz-mehatz identifikatu Frida 1922a baino lehen zein eskolara joan zen. Hala ere, behin eta berriz adierazi izan da Ikastetxe Alemaneko ikasle izan zela 1921era arte eta han lortuko zuela eskola-ziurtagiria[7]. Hala ere, eskolako aktek ez dute horren frogarik ematen, eta Fridak ez zuen alemana menderatzen, berak Hans-Joachim Kahlori 1949an ingelesez idatzitako gutun batean esaten zion moduan, Alemanian zituen arbaso eta familiez ikertzen saiatzen ari baitzen[8].
1907an, Frida jaiotako urte berean, Picassok Avignongo andereñoak pintatu zuen, kubismoari sorrera emanez. Handik hiru urtera, 1910ean, Mexikoko Iraultza hasi zen; Frida iraultzaren gertaeren testigu izan zen, eta horrek, bere pentsaeran, eragin zuzena izan zuen.
1922an, medikuntza ikasi nahirik, Mexiko Hiriko Eskola Nazional Prestatzailean sartu zen, Mexikoko hezkuntza-erakunde ospetsu bat, garai hartan hasi berria zena sexu femeninoko ikasleak onartzen. 35 emakume besterik ez ziren bi mila ikasletik[9]. Eskola horretan, etorkizuneko intelektual eta artista mexikarrak ezagutu zituen, Salvador Novo kasu, eta «Los Cachuchas» izeneko ikasle-talde bateko kide izan zen, hala deituak erabiltzen zituzten txanoengatik. Talde horretan, bi emakume baino ez ziren: Frida bera eta Carmen Jaime. Besteak gizonezkoak ziren, helduaroan Mexikoko gizartean arrakasta intelektual edo profesionala lortu zutenak: Agustín Lira, Miguel Lira, Alfonso Villa, Manuel González Ramírez, Jesús Ríos y Valles, José Gómez Robleda, eta Alejandro Gómez Arias, zeinaren neska-laguna izan baitzen. Los Cachuchas bihurriak ziren, autoritatearen kritikotzat zeukaten talde politiko gisa definitzen zuten beren burua; bidegabekerien aurka protestatzen zuten, eta eskola-sistemaren erreformen alde mobilizatzen ziren; bere jarduera eta jarrera politikoa ideia anarkista eta iraultzaile erromantikoen artean kokatzen zen[10]. Aurrerago, Fridak lagun horiekin izandako topaketen eszena tipiko bat irudikatu zuen oihalaren gainean. Olio-pintura, 1927an margotua eta kubista estiloan, Los Cachuchas du izenburutzat (edo, batzuetan, Si Adelita...), eta, sinboloen laguntzaz, taldeko giroa eta taldeko kideen interesak transmititzen ditu[11]. Eskolan mural bat margotzen zegoela ikusi zuen lehenengo aldiz Diego Rivera muralista mexikar ospetsua. Fridari oso gazterik ezagutzen zaizkio harremanak, nola mutilekin hala neskekin, baina, guztien artean, ikaskide zuen Alejandro Gómez Arias-ekin izan zuena da gogoangarrienetako bat.
1925-1928: Istripua eta hasiera margolari gisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1925eko irailaren 17an, Alejandro eta Frida eskolatik Coyocanera zihoazela, tranbia batek biak zeramatzan autobusa jo zuen, eta pareta baten kontra jo zuen erabat txikituta. Fridaren diagnostikoa ez zen batere ona: bizkarrezurra hiru zatitan puskatua, gainera, puskatu zituen bi saihets, lepauztaia eta pelbisaren hezurrean hiru apurketa. Eskuineko hanka hamaika zatitan hautsi zuen, eskuineko hanka dislokatu zitzaion. Horri buruz, Kahlok esaten zuen horixe izango zela bere birjintasuna galdu zuen modu basatia. Bere garaiko medikuntzak torturatu zuen ebakuntza kirurgiko ugari (gutxienez 32 bere bizitzan zehar), igeltsuzko eta hainbat motatako kortse eta luzatze-mekanismoekin[12].

Istripuak zeharo baldintzatu zuen Fridaren bizitza, ordu luzeak eman baitzituen gelan. Fridaren asperraldia alaitzeko, ahizpari, logelako sabaian ispilu bat jartzea otu zitzaion. Fridak, bere buruaren isla ikusita, laster hartu zuen autorretratua egiteko erabakia aitari pintura zaharrak eskatuta. Gurasoek asto bat egin zioten mihiseei eusteko.
1925aren hasieran, istripua gertatu baino lehentxeago, Fernando Fernández Domínguezen grabatu eta inprenta tailerrean lan egin zuen ikasle gisa. Fernando Fernández Domínguezen aitaren laguna zen, eta Anders Zorn-en grabatuak kopiatuz irakasten zion marrazten, arte horretarako dohain bereziak antzeman baitzizkion[10][13]. Esperientzia horrez gain, istripua izan aurretik Fridak ez zuen pinturarekiko interes berezirik erakutsi. Eskolan ere ez zuen interes handiagoarekin jarraitzen arte plastikoen ikasgaia. Poliomielitisaren ondorioen aurkako borrokak kirol-jarduerak hobestera bultzatzen zuen: zenbat eta gehiago mugitu eta ariketa fisiko sistematiko gehiago egin, orduan eta aukera hobeak omen zituen bere onera etortzeko. Istripuaren ostean, aldiz, ahalik eta gutxien mugitzen saiatzen zen sendakuntzan laguntzeko. Horrela, pinturak bere bizitzako erdigunea hartzen du[13] . Bere gaixoaldi luzean, modu iraunkorragoan margotzen hasi zen. 1926ko irailean, bere lehen autorretratua margotu zuen olioz, eta Alejandro Gómez Ariasi eskaini zion[14]. Lehen lan horretan, dinamika bati ekin zion, bere bizitza osoan iraun zuen dinamika: bere bizitzako gertaerak eta horiek eragiten zizkioten sentimenduak islatzea bere koadroetan[9].
1927an, Miguel N. Liraren erretratua margotu zuen, 99,2 X 67,5 cm-ko oihal gaineko olio-pintura bat. Margoak bere lagun cachucha erakusten du izenari erreferentzia egiten dioten objektu eta zeinuz betetako hondo berezi eta sinboliko batean. Urtebete eskas geroago, bere ahizpa Cristinaren erretratua egin zuen oso lerro garbiekin eta oso tonu leunekin[14]. Garai horretan, dagoeneko, Frida hasia zen giro politiko, artistiko eta intelektualetara joaten. Germán de Camporen bitartez, Fridak asko miresten zuen ikasle buruzagi bat, Julio Antonio Mella komunista kubatarra ezagutu zuen, Mexikon bizi zena jatorri italiarreko bikotekidearekin, Tina Modotti argazkilariarekin; horien bidez, Frida harremanetan hasi zen Diego Rivera margolariarekin, Frida baino 21 urte zaharragoa. Frida eta Tinaren artean, berehala sortu zen adiskidetza, eta Tina Mexikoko Alderdi Komunistaren bilera politikoetara Frida eramaten hasi zen, bere hainbat lagun cachuchak jada parte hartzen zuten erakundea, eta Frida ere formalki sartu zen bertan. Frida ere erakunde horretako kide egin zen formalki. Diego Rivera alderdi komunistako militantea zen 1922tik[14][7][10], baina, 1929an alderditik kanporatu zuten. Frida ez zuten kanporatu, baina ez zuen militantzia formal oso aktiborik izan (1928an afiliatu berria zen), eta, Rivera kanporatu ondoren, alderditik aldendu zen. 1930eko hamarkadaren erdialdean, bikoteak troskistatzat zuen bere burua, baina hori erabat aldatu zen 1939an, troskismoa okertzat hartu eta sobietarren buruzagitzaren ideiak defendatzen hasi zirenean.
Heldutasuna eta ospea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Frida Kahlo, bere senar Diego Riverarekin
-
Frida Kahlo eta Diego Rivera (estatua)
Sasoi horretan, Mexikon, mugimendu artistiko berri bat sortu zen, Europako modeloak atzean uzteko asmoz eta arte estilo independente berri bat sortuz eta kultura mexikarraren sustrai eta folklorean oinarrituz. 1927. urtearen amaieran, Frida ia guztiz osatuta zegoen, eta artista talde berri honetara batu zen 1928an. Bertako jendearen bitartez ezagutu zuen Diego Rivera muralista. Diegok Fridarengan izandako eragina ezin daiteke ukatu, baina Fridak bere artearen independentzia lortu zuen, bere obren ezaugarriak originalak baitziren oso. Pixkanaka, bereizten joan zen, ez bakarrik Riveraren emaztea izateagatik, bere izaera pertsonalagatik batik-bat. Mexikoko jantzi mitikoak erabiltzen hasi zen, tehaiantepec deiturikoak, orrazteko zuen era propioarekin bat. 1930ean, AEBra joan ziren biak, Diegoren enkarguak zirela eta. Bertan hasiko ziren Fridaren bizitzan sufrimendu handia eragindako gertaerak: abortuak. Handik hiru urtera, euren aberrira bueltatu ziren. Urte horretan, beste abortu bat nozitu zuen Fridak, eta, Diego eta beraren ahizpa Cristina elkarrekin zebiltzala jakitean, alde egin zuen, harremana hautsiz. 1937. urtean, Espainiako Gerra Zibila hasita zegoela, Trotski senar-emazteak iritsi ziren Mexikora, eta Fridaren familiaren Etxe Urdinean kokatu ziren. Bertan hasiko da Frida eta Sobietar Batasuneko buruzagiaren arteko maitasun-harreman laburra. Urte bat geroago, André Breton surrealismoaren aitzindaria heldu zen Mexikora. Kahloren lana ezagutu eta miretsi zuen. Orduan hasiko dira Fridaren lehen salmenta garrantzitsuak eta bakarkako erakusketa New Yorken. 1939an, Parisera joan zen, beste erakusketa bat izan baitzuen. Bertan surrealistak ezagutu zituen, baina haren osasun egoera delikatua zenez, Mexikora itzuli behar izan zuen. Ospea eta arrakasta irabazia zuen Fridak, baina baita depresioa eta osasun arazoak ere. 1940an, Trotski hil zuten, eta Frida atxilotuta eraman zuten bi egunez, hilketaren susmagarri baitzen. Geroxeago, San Frantziskora joan, eta bigarren aldiz ezkondu zen Diego Riverarekin. Bigarren ezkontza eta urte bat geroago, Guillermo aita hil zitzaion, eta senar emazteak Etxe Urdinean jarriko dira bizitzen.

Mexikoko Hezkuntza Ministerioaren eskolan, klaseak ematen hasi zen, baina osasun arazoengatik etxean segitu behar izan zuen. Gobernuak sari bat eman zion Moises koadroagatik. Retrato de Cristina, mi hermana koadroaren inguruan, Picassok honela idatzi zion Diego Riverari: «Begira aurpegi honi. Ez zu, ez ni, ezta Derain ere ez gara horrela pintatzeko gauza»[15]. Baina ebakuntza gehiago egin behar izan zituen.
New Yorken, mina kentzeko morfina eman zioten, eta horrek menpekotasuna sortu zion. Guerra Hotzaren hasiera gertatu eta Mexikoko Alderdi Komunistan sartu zen berriro Frida. Urtebetean, zazpi ebakuntza egin zizkioten, eta ia etengabe egon zen ingresatuta. Geroztik, aulki gurpildunean ibili behar izan zuen beti, erizain, botika eta drogen artean; baina bere ofizioari eutsi zion; ez zion margotzeari utzi. 1953. urtean, Mexikon inoiz egin zioten bakarkako erakusketa bakarra zabaldu zuen; inauguraziora, bere ohean etzanda eraman zuten. Birikietako gaitzez ingresatuta, uztailaren 3an eta medikuen esanaren kontra, Ameriketako Estatu Batuek Guatemalan antolaturiko estatu-kolpearen aurkako manifestazioan hartu zuen parte[16].
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1954ko uztailaren 13an, hilda agertu zen Coyoacán-eko bere etxean. Haren gorpuari beila egin zioten Mexiko Hiriko Arte Ederretako jauregian, eta hilkutxa Mexikoko Alderdi Komunistaren banderarekin estali zuten. Gertaera horrek kritika handiak eragin zituen prentsa nazionalean.
Gorpua Doloreseko erraustegi zibilean erraustu zuten, eta errautsak Coyoacángo Etxe Urdinean, bere jaioterrian, gordetzen dira. Egin zuen azken koadroa ere bertan dago ikusgai. Sinadurarekin batera «Viva la vida. Coyoacán, 1954, Mexiko» mezua agertzen da. Bere egunkariko azken hitzak honako hauek izan ziren: «Itxaropena dut abiatze alaia izango dela, eta itxaropena dut inoiz ez naizela itzuliko».
Hil eta lau urtera, luzaroan Kahlo familiaren bizileku izandako Etxe Urdina Frida Kahlo museoa bihurtu zen.
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pintura lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1955an, Fridak bere bi lanekin (La mesa herida eta Las dos Fridas) parte hartu zuen 1938an Parisen egindako ekitaldi handiaren bertsio mexikarrean: Surrealisten Nazioarteko Erakusketa, Inés Amorren Mexikoko Arte Galerian. Erakusketak Bretonen babesa ere izan zuen, eta Leonora Carrington eta Remedios Varok ere parte hartu zuten[17].
1925eko irailaren 17an eskolatik autobusez itzultzen ari zela izan zuen istripuaren susperraldian hasi zen pintatzen. Istripuak zauri larriak eta ondorio latzak izan zituen bere bizitza osoan. Hala azaldu zuen:
| « | Aitak aspalditik zeukan olio-kolorezko kutxa bat, pintzel batzuk... eta paleta bat bere argazki-tailertxoaren bazter batean... nik koloretako kaxa begiz jota nuen. Ez nuke zergatia azaltzen jakingo. Hainbeste denbora ohean egotean, gaixorik, aukera probestu eta aitari eskatu nion... Amak asto bat eginarazi zion zurgin bati... ni nengoen oheri egokitu zitezkeena, igeltsuzko kortseak ez baitzidan esertzen uzten. Horrela hasi nintzen nire lehen koadroa margotzen, ire lagun baten argazkia... Ohe ondoan ispilu bat zegoen, non Fridak bere burua ikusten zuen, bere eredu propioa aurkitu, eta esperimentatzen hasi zen; hori izan zen bere autorretratu ugarien hasiera. Lehen gazte-estilo horrek Europan inspiratutako XIX. mendeko erretratu-pintura mexikarraren eragina zuen[18] | » |
Diego Riverarekin 1929ko abuztuan ezkondua, Diegok Fridaren pinturan izandako eragina, ordutik aurrera, Mexiko aldera bideratutako estilo-aldaketa garrantzitsu batekin ezagutzen da, hau da, Mexikoko baieztapen nazionalera. Horrela Diegok parte hartzen zuen artista taldera batu zen, zeinak Mexikoko arte autoktonoa aldezten zuen, arte herrikoiaren eta kolonaurreko kulturaren objektuak integratuz. Fridaren autorretratuetan, jantzi baserritar edo indigenekin agertzen zen, indigenekin zuen identifikazioa adieraziz[19].
Lau urtez, Estatu Batuetan bizi izan ziren senar-emazteak, 1930eko azarotik 1934ra arte. Detroiten, Henry Ford Hospital bere olioan islatu zuen bere bigarren abortu tragikoa: Frida biluzik ikusten da ospitaleko ohe batean, odolez blaitutako maindire zuriarekin, haren sabeletik sei zain gorri ateratzen direla eta bere sexualitatearen eta porrot egindako haurdunaldiaren sinbolo diren sei objekturi lotzen zaizkienak[20].
| « | Pinturak bete du nire bizitza. Hiru seme-alaba galdu ditut, eta beste gauza asko ere bai, nire bizitza beldurgarri hau bete zezaketenak. Pinturak dena ordezkatu du. Uste dut ez dagoela lana baino ezer hoberik. | » |
| Frida Kahlo[21] | ||
Bere pinturetan, Frida eszenatoki zabaletan, paisaia idorretan edo bere bakardadea nabarmentzen zuten gela hotz hutsetan irudikatu zen. Buruko edo bustoko erretratu intimoenak esanahi sinbolikoa zuten objektuekin osatzen ziren. Gorputz osoko erretratuei dagokienez, irudikapenetan integratzen ziren, eta bere biografia markatzen zuten: senarrarekin zuen harremana; nola sentitzen zuen bere gorputza; bere gaztaroko istripuaren ondoriozko gaixotasunak; seme-alabak sortzeko gaitasunik eza; naturaren eta munduaren filosofia. Bere fantasiak eta sentimenduak hiztegi propio baten bidez adierazi zituen, bere lana ulertzeko deszifratu behar diren sinboloekin. Irudikapen horiek tabuak hautsi zituzten, bereziki emakumeen gorputzari eta sexualitateari buruzkoak.
Alicia Galanten erretratuan (1927), Fridaren konformidade eza nabaria da. Konposizio kromatikoa eta ondorengo lanetan erabiliko duena, oso desberdinak dira. Margolan horretan, kolore ilunak nabarmentzen dira eta, aldi berean, luzea eta traketsa den marra bat. Berari gehien gustatzen zaizkion elementuak, eta bere hurrengo lanetan errepikatuko direnak, ez daude hemen, bere esentzia koadro honetatik kanpo balego bezala[18].
Nahiz eta bere bizitzan arrakasta ezagutzera iritsi, Frida Kahlok denbora behar izan zuen artista gisa aitortza lortzeko. Bere pintura-lanen estimazioa bere heriotzaren ondoren gertatu zen; hamarkada bat baino gehiago behar izan zen nazioarteko benetako onarpena lortzeko; 1954an hil ondoren, luzaroan isilik egon zen, eta 1970eko hamarkadaren hasieran aurkitu zuten berriro emakumeen askapenerako mugimenduaren testuinguruan. Harrezkero, bere lanen erakusketa ugari egin dira, baita emakumeari eta Frida Kahlo artistari egindako omenaldiak ere, eta haren ospea etengabe handitu da. Eraginari dagokionez, aspaldi gainditu zuen Diego Rivera[22].
Hil eta lau urtera Etxe Urdina Frida Kahlo Museoa bihurtu zen. Nazioarteko museo eta arte-galeria garrantzitsuek atzera begirakoak eskaini dizkiote: Mexiko Hiriko Arte Ederren Institutu Nazionala (1977), Chicagoko Arte Garaikidearen Museoa (1980), Londresko Whitechapel (1982), Schirn Kunsthalle Frankfurt (1993), Londresko Tate Modern (2007)[23], Monterreyko Arte Garaikideko Museoa (2007) eta Kolonbiako Museo Nazionala, Bogota (2009).
Mitoa eta legenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere pintura-lanaren garrantzia, bere bizitzaren konplexutasuna eta iraultza ondokoa eragina izan zuen kultura mexikarrean, non mugimendu muralista sortu baitzen senarra buru zela; asko aztertu dira hainbat ikuspuntutatik, eta horri buruzko azterketa kritiko asko argitaratu dira.
Haren nortasuna etengabeko mina eragiten zioten gaixotasunez jositako bizi-ibilbidean oinarritu zen, bai eta lehen mailako beste pertsonalitate batzuekiko harreman pertsonaletan ere. Haren lanak, izan ere, bizitza ibilbide hori, bere fantasia eta Mexikoko herri-tradizioa islatzen ditu, eskaintzena eta prehispanikoa barne.
Kahlok pintura iraultzailea miresten zuen, eta beharrezkotzat jotzen zuen bere garaian, baina jabetzen zen bere pintura ez zela iraultzailea, honela idatzi zuen:
«Nire koadroak ondo pintatuta daude, ez arinki, pazientziaz baizik. Nire pinturak minaren mezua darama. Uste dut jende gutxi batzuei behintzat interesatzen zaiela. Ez da iraultzailea, zertarako egiten ditut ilusioak borrokarako dela; ezin dut».
Raúl Mejíaren aburuz, Frida Kahlok bere mito eta kondaira sortu zituen bere obra gehienetan agertzen den pertsonaiaren sorrerarekin. Bere garaiko arau eta konbentzio asko urratzen zituen, eta bere pinturen protagonista izatea erabaki zuen, bere garaiko emakume batengandik espero zitekeen moduan; lan gozo bat egin beharrean, berezitasunez betetako obra bat eraiki zuen, eduki dramatiko handiarekin, bai gaietan, bai bere buruaren irudikapenetan ere.
Kahlo bere pinturetan agertu zen bizitzarekin eta heriotzarekin bat eginez, batez ere ebakuntza kirurgiko ugari egiten zituenean eta bere mina etengabea zenean. Bizkarrezur hautsia lanean, gorputza iltzez estalia agertzen da. Bizi- eta energia-ekoizle gisa ere azaltzen da, edo maitasun- eta sentimendu-iturri moduan. Harremanen eta afektuaren gaia maiz ikus daiteke haren obran, bereziki Diegorenganako maitasun handia. Baina, batez ere, pertsonaiak berak sortu zuen bere koadroen arrazoi nagusia eta protagonista. Denborak aurrera egin ahala, haren mezuak indarrean jarraitzen du zapalkuntzaren aurkako salaketa oihu gisa.
35 urtetik aurrera idatzitako egunkarian, bere azken hamarkadako eta lehen urteetako bizipenak kontatu zituen. Bere pentsamendu, sexualitate, emankortasun, sufrimendu fisiko eta psikikoei buruz idatzi zuen.
Feminismoaren sinbolo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren garaiko gizartean, non maskulinoaren nagusitasuna zentzu komuna baitzen, emakumeak rol bat zuen, argi eta garbi gizonaren mende jartzen zuena. Frida, nahiz eta ezkonduta egon eta senarrarekiko sentitzen zuen maitasun handia erakutsi, bere buruaz aski, eta indartsu agertu zen beti. Bere lanean, modu anbiguoan irudikatu zuen bere burua, ezaugarri sexual androginoekin, maskulinotzat jotzen ziren ezaugarri batzuekin, eta bekainak eta bibote hasiberria puztu zituen.
Bere lanean, identitate femeninoa bere ikuspegitik adierazi zuen lehen pintoretako bat izan zen, eta baztertu egin zuen gizonezkoen mundu tradizionaletik marrazten zen femeninoaren ikuspegia. Frida Kahlo 1980ko hamarkadako heroi feminista perfektua izan zen: lehen biografia (Frida A biography of Frida Kahlo), Hayden Herreraren eskutik, 1983an argitaratu zen Madonnak eta Cindy Shermanek emakumezkoen auto-irudikapenari buruzko esperimentuak ikuskizun industrial bihurtu eta Latinoamerikako errealismo magikoarekiko interesa areagotu zutenean[24].
2018ko martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Estatu Batuetako Mattel jostailu-markak iragarri zuen Barbie panpinen lerro bat aterako zuela eta, beste pertsonaia askoren artean, Frida Kahlorengan inspiratuko zirela. Hala ere, Kahloren familiak enpresa salatu zuen artistaren irudia erreproduzitzeko legezko baimenik ez zutela aipatuz.
Ikuspegi feminista kritikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikono feminista bat izan arren, autore batzuek kritikatu ohi dute Kahloren alderdi batzuk kritikoki oroitarazi behar direla hura eredu bilakatu gabe. Bereziki, Diego Rivera senarrarekin izan zuen jarrera otzana ezin daitekeela, inolaz ere, eredugarri izan azpimarratu izan da. «Abandona a tu Diego Rivera» eslogan feminista zabaldu dute batzuek, ustezko gizon handi edo ustez aurrerakoi baten ondoan zapalkuntza matxista egon daitekeela adieraziz eta horri aurre egin behar diola bikotekideak bere burua ahaldunduz.
Ikuspegi hori nabarmendu da Querido Diego, te abraza Quiela liburuan, batez ere, Elena Poniatowskak Diego Rivera munstro matxista oso bat gisa erretratatzen duelako, batez ere Angelina Beloff bere lehen emaztearekin izandako harremanean. Liburu horren ondoren, Rivera, progresismoaren edo ezkertiar intelektualtasunaren ikono gisa, oso ukitua geratu zen Mexikon[25].
Ondorengo eragin kulturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe Urdina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familiaren etxea izandako Etxe Urdina Frida Kalhoren Museoa da egun. Mexiko hiriko Coyoacán auzoan dago kokatuta, Londres eta Allende kaleen arteko izkinean. Etxea haren gurasoek eraiki zuten 1904an, eta 1936ko Fridaren koadro batean (Nire aitona-amonak, nire gurasoak eta neu, 30,7 x 34,5 cm) agertzen da urdin tindatuta.
Frida Kahlo galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1997an, Sinaolako Unibertsitate Autonomoak Frida Kalhoren omenezko galeria bat ireki zuen Culiacán-en. Hogei urtetan zehar, galeria Mexikoko ipar-ekialdeko artearen erreferente izan da erakusketak, tailerrak, trukeak eta bestelako ekitaldiak antolatuz.
Zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Izenburua | Zuzendaria | Aktorea |
|---|---|---|---|
| 1984 | Frida, natura bizia | Paul Leduc | Ofelia Medina |
| 2002 | Frida | Julie Taymor | Salma Hayek |
| 2015 | Eisenstein Guanajuato-n | Peter Greenaway | Cristina Velasco Lozano |
| 2017 | Coco | Lee Unkrich | Natalia Cordova-Buckley (ingelesezko ahotsa)
Ofelia Medina (Latinoamerikako ahotsa) |
Obra nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona bere margolan inportante batzuk:
- Frida y Diego Rivera o Frida Kahlo y Diego Rivera,1931
- Henry Ford Hospital o La cama volando, 1932
- Autorretrato en la frontera entre México y los Estados Unidos, 1932
- Allá cuelga mi vestido o New York, 1933
- Lo que vi en el agua o Lo que el agua me dio, 1938
- El Guardián 1939
- El suicidio de Dorothy Hale, 1938/39
- Dos desnudos en un bosque o La tierra misma o Mi nana y yo, 1939
- Bi Fridak, 1939
- Autorretrato con pelo cortado, 1940
- Zutabe hautsia, 1944
- Moisés o Núcleo solar, 1945.
- Árbol de la esperanza mantente firme, 1946
- El Venadito o El venado herido o Soy un pobre venadito, 1946
- El abrazo de amor de El universo, la tierra (México), Yo, Diego y el señor Xólotl, 1949
- Diego eta biok, 1949
- Marxismoak gaixoei osasuna emango die c. 1954
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Barragán, Almudena. (2017-07-13). «La muerte de Frida Kahlo, el nacimiento de un icono pop» El País (kontsulta data: 2021-05-22).
- ↑ a b La vida de Frida Kahlo. (kontsulta data: 2014-04-04).
- ↑ FamilySearch. (1907-08-04). Acta de nacimiento de Frida Kahlo. (kontsulta data: 2025-06-16).
- ↑ Rico, Araceli. (1993). Frida Kahlo: fantasía de un cuerpo herido. Plaza y Valdes, 114 or. ISBN 9789688561164..
- ↑ Sansarae Pickett: Eso Es Frida Kahlo. 2011-12-04 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-12-04).
- ↑ Herrera 2010, 28-29 orr. .
- ↑ a b García Sánchez, Laura. (2004). Frida Kahlo. Madrid: Susaeta ediciones, 11(a) 21(b) or. ISBN 84-305-3640-X..
- ↑ Franger & Huhle 2005, 1-2 orr. .
- ↑ a b Lucie Smith Edward. (1999). Vidas de los grandes artistas del siglo XX. Frida Kahlo. Ediciones Polígrafa, 206-208 or. ISBN 84-343-0882-7..
- ↑ a b c Trayectoria biográfica y artística en Frida. Edición conmemorativa, p. 236.
- ↑ Si Adelita o Los Cachuchas, 1927. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-02-03) (kontsulta data: 2016-01-10).
- ↑ Herrera 1984, 62 orr. .
- ↑ a b Herrera 2010, 43 orr. .
- ↑ a b c Trayectoria biográfica y artística en Frida. Edición conmemorativa, p. 237.
- ↑ (Gaztelaniaz) SensacionesMaravillosas (kontsulta data: 2017-01-15).
- ↑ Verfasser, Tibol, Raquel 1923-. Frida Kahlo über ihr Leben und ihr Werk, nebst Aufzeichn. und Briefen. ISBN 978-3-8015-0165-5. PMC 600875635. (kontsulta data: 2022-07-04).
- ↑ Billeter, Erika (compiladora) (1989) [1988]. Das Blaue Haus. Die Welt de Frida Kahlo [La casa azul. El mundo de Frida Kahlo] (en alemán).
- ↑ a b Kettenmann (1999). Frida Kahlo, pp. 17-20.
- ↑ Kettenmann (1999). Frida Kahlo, pp. 20-26.
- ↑ Kettenmann (1999). Frida Kahlo, pp. 31-33
- ↑ Rauda Jamis, ed. Frida Kahlo. (21. ed.. argitaraldia) Barcelona: CIRCE, 271 or. ISBN 978-84-7765-002-7. (kontsulta data: 2012-07-31).
- ↑ Genschow 2007, 120 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Tate Modern| Past Exhibitions | Frida Kahlo. 2012-01-10 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-01-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Clarín.com. (2017-11-08). «¿Por qué Frida Kahlo no debería ser un ícono feminista?» Clarín (kontsulta data: 2023-11-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) G. Maldonado, Lorena. (2017-07-06). «"Abandona a tu Diego Rivera": por qué Frida Kahlo no es un icono feminista» El Español (kontsulta data: 2023-11-05).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Irigoien, Ana. (1998). Frida Kahlo (biografia). Elkarlanean ISBN 84-8331-385-5.
- La otra historia del arte: Heterodoxos, raros y olvidados. Instituto de Cultura. Fundación Mapfre.
- Mujer, ideología y arte. Ideología y política en Frida Kahlo y Diego Rivera. Eli Bartra.
- FRIDA KAHLO / 1907-2007. Instituto Nacional de Bellas Artes.
- Frida Kahlo. Una vida abierta. U.N.A.M. México 2002. Raquel Tibol.
- Frida Kahlo: detrás del espejo (2005) Gerry Souter. Artistaren biografia bat haren margoetan oinarritua.
- (Alemanez) Genschow, Karen. (2007). Frida Kahlo - Leben, Werk, Wirkung. [Frida Kahlo - Vida, obra, impacto] (1. ed.. argitaraldia) Fráncfort del Meno: Suuhrkamp, 120 or. ISBN 3-518-18222-6. (kontsulta data: 2012-01-22).
- Herrera, Hayden. (1984). Frida: una biografía de Frida Kahlo. México: Diana ISBN 978-968-131-684-6. (kontsulta data: 2011-10-22).
- (Alemanez) Herrera, Hayden. (2010). Frida a Biography of Frida Kahlo. [Frida Kahlo. Ein leidenschaftliches leben] (4. ed.. argitaraldia) Fráncfort del Meno: Fischer Taschenbuch Verlag ISBN 978-3-59618037-0..
- Kahlo, Isolda P.. (2004). Frida íntima. Ediciones Dipon y Ediciones Gato Azul.
- Kettenmann, Andrea. (1999). Frida Kahlo. Taschen ISBN 3-8228-6548-6. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-08-28) (kontsulta data: 2012-07-23).
- Martín Lozano, Luis. (2007). Frida Kahlo, El círculo de los afectos. Cangrejo Editores.
- Mejía Moreno, Raúl. (2006). El simbolismo en la obra de Frida Kahlo "Frida el ser doble o rebis la piedra filosofal". Red de Revistas Científicas de América Latina y el Caribe, España y Portugal. Universidad Autónoma de México.
- Rodríguez Prampolini, Ida. (1993). Rico, Araceli ed. Frida Kahlo. Fantasía de un cuerpo herido. 1993 Plaza y Valdés ISBN 968-856-116-9.
- Smith Edward, Lucie. (1999). Vidas de los grandes artistas del siglo XX. Frida Kahlo. Ediciones Polígrafa ISBN 84-343-0882-7..
- VV.AA.. (2007). Frida. (Segunda edición conmemoración de los 100 años del nacimiento de Frida Kahlo. argitaraldia) México: Océano ISBN 978-970-777-341-7..
- VV.AA.. (2010). Frida Kahlo. Sus fotos. argitaletxea RM ISBN 978-84-92480-74-6..
- (Alemanez) Franger, Gaby; Huhle, Rainer. (2005). Fridas Vater. Der Fotograf Guillermo Kahlo. [El padre de Frida. El fotógrafo Guillermo Kahlo] (1. ed.. argitaraldia) Múnich: Schirmer-Mosel ISBN 3-8296-0197-2..
- Del Conde, Teresa. (1976). «Lo popular en la pintura de Frida Kahlo» Anales del Instituto de Investigaciones Estéticas: 195-203. (kontsulta data: 2023-10-01).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]