António Manuel de Oliveira Guterres, (ɐ̃ˈtɔniu ɡuˈtɛʁɨʃ ahoskatua; Lisboa, 1949koapirilaren 30a) portugaldar politikaria da. Ingeniaritza-ikasketak egin zituen Lisboan. Gero, bi urtez, institutuko irakasle izan zen. Krabelinen Iraultzaren ondoren, Alderdi Sozialistako kide egin zen. Alderdi barruan, 1976, 1980 eta 1987ko hauteskunde-kanpainak gidatu zituen, eta Nazioarteko Alderdi Sozialistako lehendakariorde izendatu zuten. 1976tik 1995era, diputatu izan zen, Castelo Branco barrutiko ordezkari gisa. 1988an, Alderdi Sozialistaren Legebiltzarreko buru izendatu zuten, eta, bi urte geroago, alderdiko laugarren idazkari nagusi. 1992an, Jorge Sampaioren lekua hartu zuen alderdiko idazkari nagusi gisa. Kargu horretatik, herriaren babesa berreskuratzen saiatu zen, 1991ko porrotaren ondoren. Hurrengo udal-hauteskundeetarako, alderdiak, garaile atera ez bazen ere, udal nagusiak eskuratu zituen. 1995eko hauteskunde orokorrak Guterresek irabazi zituen, aise, botoen % 44 eskuratuta: 112 aulki Legebiltzarrean. 1995eko urriaren 12an, lehen ministro kargua hartu zuen, Aníbal Cavaco Silvaren ordez. Guterresek zentroko joera eraman zuen gobernura, bere alderdiaren ildoaren arabera eta Mário Soaresen onespenarekin. 1999an, berriz hautatu zuten; 2001ean, ordea, bertan behera utzi zuen Portugalgo politika, Alderdi Sozialistak emaitza txarrak izan baitzituen. 2005ean, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari izendatu zuten.