Indonesiako geografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Indonesiako geografia
Indonesiako mapa
Indonesiako mapa
Azalera
Osoa 1.904.569 km²
Lehorra 1.811.569 km²
Ura 93.000 km²
Latitudea 5°0' S
Longitudea 120°0' E
Mugak
Ekialdeko Timor 253 km
Malaysia 1.881 km
Papua Ginea Berria 824 km
Itsas erreklamazioak
Ekonomia-eremu esklusiboa 200 itsas milia
Jurisdikziopeko urak 12 itsas milia
Muturreko garaierak
Puntu beherena 0 m (Indiako ozeanoa)
Puntu gorena 4.884 m (Puncak Jaya, Papua)

Indonesia hego-ekialdeko Asiako estatua da, handiena eta jendetsuena. 17.508 uhartez osatua da (Brunei, Malaysia, Timor eta Papua Ginea Berriari dagozkion zatiak izan ezik), eta Indiako ozeanoaren eta Ozeano Barearen arteko ekuatorearen partean dago, Indotxinaren eta Filipinetako uharteen eta Australiaren artean. Denetara 1.904.569 kilometro koadroko eremua dauka.

Uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indonesiak 17.508 irla ditu CIA World Factbook-en arabera[1]. Bost uharte nagusi daude, Sumatra, Java, Borneo (Indonesian Kalimantan deitua), Sulawesi eta Ginea Berria; bi artxipielago handi, Sondako Uharte Txikiak eta Molukak; eta hirurogei artxipielago txiki.

Indonesiako uharte nagusiak eremuaren arabera
Izena Uhartedia Eremua (km²) Oharrak
1 Ginea Berria 829.200 Indonesia eta Papua Ginea Berriaren artean banatua.
Indonesiako zatiak 421.981 km²ko eremua du.
2 Borneo Sondako uharte handiak 725.500 Indonesia, Malaysia eta Bruneiren artean banatua.
Indonesiako zatiak, Kalimantanek, 539.460 km²ko eremua du.
3 Sumatra Sondako uharte handiak 425.000  
4 Sulawesi Sondako uharte handiak 174.600  
5 Java Sondako uharte handiak 126.700  
6 Timor Sondako Uharte Txikiak 30.777 Indonesia eta Ekialdeko Timorren artean banatua.
Indonesiako zatiak 15.770km²ko eremua du.
7 Halmahera Molukak 17.780  
8 Seram Molukak 17.148  
9 Sumba Sondako Uharte Txikiak 15.448  
10 Flores Sondako Uharte Txikiak 14.300  
11 Yos Sudarso Molukak 11.600  
12 Bangka Sondako uharte handiak 11.330  
13 Sumba Sondako Uharte Txikiak 11.153  
14 Buru Molukak 9.505  
15 Bali Sondako Uharte Txikiak 5.561  
16 Lombok Sondako Uharte Txikiak 5.435  
17 Madura Sondako uharte handiak 5.290  
18 Belitung Sondako uharte handiak 4.800  
19 Buton Sondako uharte handiak 4.200  
20 Nias Sondako uharte handiak 4.064  
21 Siberut Sondako uharte handiak 3.810  
22 Wetar Molukak 3.600  
23 Jamdena Molukak 3.100  
24 Waigeo Molukak 3.060  

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anak Krakatau edo Krakatoaren umea sumendia.

Zenozoikoko mendi garaiek eta 200 bat sumendik eratzen duten arkua da Indonesiako ardatza, lurrikara eta itsasikara asko izaten dituena. Uharte handi gehienak menditsuak dira: Sumatra, Java, Bali, Lombok, Sulawesi eta Seramen 3.000-3.800 metro bitarteko gailurrak daude. Beti ere, mendirik garaiena Ginea Berrian dago: Puncak Jaya (4.884 m). Sumatran eta Borneon baino ez da ordokirik.

Tektonikari dagokionez, Indonesia oso ez-egonkorra da, Ozeano Bareko Suzko Eraztunean baitago. Sumatratik Bandako itsasoraino doan sumendi-lerro batek Java, Bali, Sondako Uharte Txikiak, Molukak eta Sulawesiko ipar-ekialdea zeharkatzen ditu. Gutxienez, 76 sumendik izan dituzte erupzioak historian zehar; aktiboena Merapi da (2.968 m), 2010ean erupzioan hasi zena[1]. Tanboraren 1815eko erupzioan 50.000 lagun hil ziren, eta Krakatoak 36.000 hildako eragin zituen 1883an eztanda egin zuenean[2].

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai gehienak laburrak dira. Garrantzitsuenak Kalimantan, Java, Ginea Berria eta Sumatran daude. Luzeena Kalimantango Kapuas da (1.143 kilometro luze), ipar-erdialdeko mendigunean jaio eta ahoa Hego Txinako itsasoan duena. Kalimantango beste ibai batzuk dira Barito, Mahakam eta Rajang. Hegoaldeko Kalimantanen ehunka erreka txiki daude. Sumatrako garrantzitsuenak dira Batanghari eta Musi hegoaldean, eta Indragiri eta Kampar erdialdean. Javakoak sailak ureztatzeko erabiltzen dira; aipagarriak dira Solo (560 kilometro luze), Tarum eta Brantas. Papuako ibai gehienak, Mamberamo barne, Ozeano Barera isurtzen dira[3]. Aintzirei dagokienez, kontuan hartzekoa da Sumatrako Toba (1.775 kilometro koadro).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indonesiak klima tropikala du, beroa eta euritsua. Batez besteko tenperatura beti-berdintsua da urte guztian: 28 °C itsasetzeko ordokietan, 26 °C barnealde eta mendietan, eta 23 °C mendigune gorenetan. Hezetasun erlatiboa aski handia izaten da beti, %70 eta %90 artekoa. Prezipitazioa, berriz, aldakorragoa da, montzoiari lotua. Bi urtaro izan ohi dira, lehorra, ekainatik irailera, eta hezea, abendutik martxora. Eskualderik euritsuenak herrialdearen iparralde eta mendebaldea dira, handik sartzen baitira montzoiaren haize hezeak. Hori dela eta, urteko batez besteko prezipitaziorik handienak mendebaldeko Sumatra, Java, Bali, Kalimantango barnealdea, Sulawesi eta Irian Jayan biltzen dira, 2.000 mm baino gehiago urtean. Iraila eta abendua bitartean, tifoiek haize eta erauntsi bortitzak eragin ditzakete; haien indarra, ordea, asko aldatzen da urte batetik bestera[4].

Indonesiako klimak Köppen sailkapenaren arabera.

Köppen sailkapenaren arabera, klima mota hauek daude Indonesian[5]:

  • klima ekuatoriala (Af), prezipitazio handiena.
  • klima montzonikoa (Am), urtaro lehor motza.
  • sabanako klima, negu lehorrarekin (As), prezipitazio txikiena.
  • klima ozeaniko epela (Cfb) eta klima epela, negu lehorrekin (Cwb), mendialdean, 1.500 eta 3.500 metro arteko garaieran.
  • klima azpipolarra (Cfc) eta tundrako klima (ET), Ginea Berriko gailurretan.

Landaredia eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu handia, klima tropikala eta uharteditasuna direla-eta, Indonesia da biodibertsitate handiena duen munduko bigarren herrialdea, Brasilen ondotik[6], eta Conservation International erakundeak 17 herrialde megadibertsoen zerrendan sarturik du[7]. Bi ekozona handiren artean dago: indomalaysiarra eta australasiarra[8]. Alfred Russel Wallace naturalistak deskribatutako Wallace Lerroa da bi erreinu biogeografiko horien muga. Sondako uharteetan (Sumatra, Java, Borneo eta Bali) Asiako fauna espezie ugari dago, aspaldiko denboretan kontinenteari loturik egon zirelako. Sulawesi, Nusa Tenggara eta Moluketan, berriz, kontinenteetatik banandurik egon baitira, arront fauna eta flora berezia dago. Azkenik, Ginea Berrikoa oso dibertsoa izateaz gain, Australiakoarekin erlazionaturik dago, behinola loturik egon zirelako.

Oihan tropikalek 1.150.000 kilometro koadroko eremua hartzen dute (erresuma osoaren %60), Asia eta Afrikako beste edozein herrialdetan baino gehiago. 40.000 landare baskular espezie daude, 511 narrasti espezie, 1.531 hegazti espezie (400 inguru endemikoak) eta 515 ugaztun espezie (%40 endemikoak)[8]. Ugaztun handiak, hala nola errinozeroak, orangutanak, Sumatrako tigrea, asiar elefantea eta lehoinabarra, ugariak ziren mendebaldeko uharteetan, baina gaur egun populazioak murrizturik daude.

Indonesiak 54.716 kilometroko kostaldea dauka, itsaso tropikalez inguratua; itsasertzeko ekosistemen artean ditugu hondartzak, dunak, estuarioak, mangladiak, koralezko uharriak, itsas belardiak, itsas padurak, marea arteko lautadak eta uhartexketako ekosistemak. Itsaso hauek Koralaren Triangeluaren zati dira, munduko gune aberatsena itsas bizitzan eta koral dibertsitatean[9].

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena: Hego-ekialdeko Asia, Indiako ozeanoaren eta Ozeano Barearen arteko uhartedia.

Koordenatu geografikoak: Koordenatuak: 5° 00′ S, 120° 00′ E / 5.000°S,120.000°E / -5.000; 120.000

Azalera:

  • osoa: 1.904.569 km²
  • lehorra: 1.811.569 km²
  • ura: 93.000 km²

Herrialdearen mugak:

denetara: 2.958 km

Erresuma mugakideak:

Itsasbazterra: 54.716 km

Lurraldea: gehiena itsas bazterreko zabaldiak; uharte handienetako barnealdean mendiguneak daude.

Muturreko garaierak:

  • puntu beherena: Ozeano Barea, 0 m
  • puntu gorena: Puncak Jaya 4.884 m

Baliabide naturalak: petrolioa, eztainua, gas naturala, nikela, egurra, bauxita, kobrea, lur emankorrak, harrikatza, urrea, zilarra.

Lurren erabilera:

  • nekazaritza lurrak: %31,2
  • oihanak: %51,7
  • beste: %17,1 (2011)

Lur ureztatua: 67.220 km² (2012)

Ur baliabide berriztagarriak: 2.019 km³ (2011)

Ur kontsumoa (etxeko-ura/industria-ura/nekazaritza-ura):

  • denetara: 113,3 km³/urte (%11/%19/%71)
  • per capita: 517,3 m³/urte (2005)

Arrisku naturalak: noizbehinkako uholdeak, idorte latzak, tsunamiak, lurrikarak, sumendiak, baso-suteak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Indonesia CIA World Factbook cia.gov . Noiz kontsultatua: 2016-8-19 .
  2.   Kortabarria, Beñardo Lurrikarak sumendiak ikertzeko Deia-ren D2 atala zientzia.eus . Noiz kontsultatua: 2016-8-19 .
  3.   Indonesia nationsencyclopedia.com . Noiz kontsultatua: 2016-8-21 .
  4.   Climate of Indonesia weatheronline.co.uk . Noiz kontsultatua: 2016-8-19 .
  5.   Climate: Indonesia climate-data.org . Noiz kontsultatua: 2016-8-20 .
  6.   Patrolling Indonesia’s natural heritage interpol.int . Noiz kontsultatua: 2016-8-20 .
  7.   Megadiverse Countries biodiversitya-z.org . Noiz kontsultatua: 2016-8-20 .
  8. a b   Lambertini, Marco A Naturalist's Guide to the Tropics press.uchicago.edu . Noiz kontsultatua: 2016-8-20 .
  9.   Coral Triangle wwf.panda.org . Noiz kontsultatua: 2016-8-21 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Indonesiako geografia Aldatu lotura Wikidatan