Juan Garai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Juan Garai
Monumento a Juan de Garay.jpg
Bizitza
Jaiotza Urduña, 1528 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Río de la Plata, 1583 (54/55 urte)
Heriotza modua : guduan hila
Jarduerak
Jarduerak esploratzailea

Juan Garai[1] (Urduña?, 1528?- Punta Gorda, Santa Feko probintzia, 1583) militar, esploratzaile eta konkistatzaile bizkaitarra izan zen, Hego Amerikako zati atlantikoaren antolamenduan garrantzizko rola izan zuena. Andaluzia Berriko gobernazioan izan zuen jarduketa aipagarria da, bai eta 1573an Santa Fe hiria fundatzeagatik bere lehen kokalekuan. Honen ondorioz, hurrengo urtean Santa Fe hiriko gobernamenduko teniente izendatu zuten, 1577ean Asunción-eko gobernamenduko Teniente Orokorra izendatuko duten bezala. Hala, lurraldeko gobernatzaile izanik, 1578. urtetik aurrera Buenos Airesko hiria fundatuko du 1580ean, Ciudad de la Trinidad izenarekin, Pedro Mendoza-k 1536. urtean gotorleku bat sortu zuen lekuan, Real de Nuestra Señora Santa María del Buen Ayre izenekoa.

Biografia Chavesen Santa Cruz de la Sierraren sorreraraino[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familiaren jatorria eta lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Garai 1528an jaio zen ezjakina den hiri batean, Espainiako ipar-ekialdean.[2] Izan ere, bere jaiotelekua polemikoa da; batzuren ustez Urduñako hiria litekeen bitartean (Bizkaia, Hego Euskal Herria), beste batzuek Junta de Villalba de Losa jartzen dute jaioteleku modura (Burgos, Gaztela eta Leon).[3] Bi herriak, halaber, Gaztela Zaharreko parte edo honetatik oso gertu daudela kontuan harturik, Juan Garaik bere burua "bizkaitar" modura definitzea klabea izan liteke.[2] Halere, aipatu beharrekoa da ez Losan eta ezta ere Urduñan bataio-federik ez dela aurkitu bere izenean.[4][5]

Ezer gutxi geratu da Juan Garairen lehen urteen inguruan. Jaiotelekua dudatakoa bada, jaioteguna (eta urtea ere) ere eztabaidagarria da. Ezjakina da bere jaioteguna zein den zehatz mehatz, 1527ko abenduaren eta 1529ko urtarrilean kokaturikoa seguruenik,[6] askotan 1528. urtean agertzen delarik.[7] Bere izena harturik eta antroponimian oinarrituz, seguruenik, Juan Garai 1528ko ekainaren 24an jaio zen, bere aitaren zein aitaordearen izena jaso ez zuenez (ez aitonena ere), nobleen leinuetan ohikoa dena, Joan Bataiatzailearen egunean (ekainak 24) jaioa dela pentsatu daitekeelako.[8]

Bere ama Lucía de Mendieta y Zárate zen[9] (Urduña, ca. 1512), bere aita Clemente López de Ochandiano y Hunciano[10] noblea zen bitartean (Urduña, ca. 1491)[11], Diego López de Ochandiano eta María de Hunciano kapareen semeetako bat[12]. Halere, bere amaldeko osaba, Pedro Ortiz de Zárate y Mendieta lizentziatua (Urduña,[13] ca. 1500 - Lima, 1547) izan zen Juan Garai hazi zuena, bere ama Martín de Garai-rekin ezkondu arte, bere abizena lortzean bere seme modura onartzean.[3] Hala ere, Juan Garaik bere Ochandiano armarria mantenduko du, bere benetako aitatasunaren adierazle den "zortzi gurutze dituen grifoa".[14]

Juan Garai Urduñan jaio zen defendatzen duen bertsioaren arabera, 1535ko urriaren 7an,[15] Urduñan gertatu zen sute handi baten ondorioz, Garairen familia Burgoseko Losara aldatu ziren,[16] non bere osaba Pedro[7] eta bere emaztea zen Catalina Uribe y Salazar beste etxe batzuen jabe ziren.[17]

1543an, Garaik 15-16 urte zituela, bere amaldeko familiarekin Peruko Erregeorderrira joan zen, bere osaba zen Pedro Ortiz de Zárate Limako Entzutegiko epaile izendatu zutelako Blasco Núñez Vela erregeorde berriarekin, Karlos I.aren ordenantza ezagunak zituena; hala nola, Lege Berriak, 1542ko azaroaren 20an berretsiak izan zirenak, Bartzelonan. Lege Berri hauen helburu, halaber, Amerikan bizi ziren indigenen bizi-kalitatea hobetzea zen, bai eta Peruko Gerra Zibilean zehar Pizarroren aldekoei enkomiendak kentzeko agindua helaraztea ere.

Peruko Erregeorderrira iristea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, Juan Garai eta bere amaldeko familia (bere izeba-osaba Pedro eta Catalina, bai eta hauen semeak ziren Pedro Ortiz de Zárate, Ana de Salazar eta Francisco de Uribe txikia) Amerikarantz itsasoratu ziren 1543ko azaroaren 3an, Sanlúcar de Barramedako portutik.[18]

Geldialdi bat Kanariar Uharteetan egin ostean, Ozeano Atlantikoa gurutzatu zuten, bai eta Karibe Itsasoa ere, 1544ko urtarrilaren 10ean Nombre de Dios-eko portura iritsiz, Ertainamerikan. Ostean, behin lehorreraturik, Panamá-ko hirira joan ziren. Oso jakinak ez diren zergatik batzuen ondorioz, Ortiz de Zárate familia Hego Amerikarako iristea atzeratu zuten, Ozeano Baretik iritsiz Limara, 1544ko irailaren 10ean.[18]

Bere osabaz gain, sortu berria zen Limako Entzutegiaren parte ere ziren Diego Vásquez de Cépeda, Juan Álvarez eta Juan Lissón de Tejada dira aipagarri. Núñez Vela erregeordearen politika zurrunek, etorkizunean, arazoak sortuko dituzte, Pizarroren aldeko kideen aurka errepresioa ezarriz. Garai, oraindik gazte, bere osabaren alde (erregeordearen alde) ezarri zen eta, aurrerago, Pizarroren kontrako kanpainetan parte hartu zuen ere.

1547ko martxoan osaba hilko zaio, bere alaba zen Ana de Salazarrekin ezkonduko den Blas de Soto suhiaren bisita jaso ostean, Pizarroren anai sabelkidea izango dena.[19] Testuinguru gatazkatsu horretan Garaik Martín de Robles euskalduna ezagutuko du, Garairekin egon zena bere osaba hil eta hurrengo egunetan. Izan ere, Garai zer egin jakin gabe zegoen, babesgabe. Hala, Martín de Robles-ek matxinatuen aurka agertzeko konbentzitu eta soldadu on bar bihurtu zen Garai.[20]

Hala, Juan Garaik Pedro de la Gascaren kanpainan parte hartu zuen, zeinetan Robles kapitainarekin batera, Jaquijahuana-ko Guduan parte hartuko duelarik, Kusco-tik 25 kilometrotara, 1548ko apirilaren 9an.[21]

Tucumán-eko kolonizazio-kanpainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1549. urtean, Juan Garai Juan Núñez de Pradoren espedizioaren parte izango da, Tucumán-eko Gobernadore (gaur egungo Argentinan) izendatu ostean. Espedizio hau, halaber, Limako Entzutegiko buru zen Pedro de la Gascak eskaturikoa zen.[22]

Núñez de Prado, gobernadore izan baino lehen Potosí-ko alkate izan zena,[23] 1550. urtean "El Barco I" izeneko hiria sortu zuen, gaur egungo Argentinako Santiago del Estero hiriaren lehen asentua izango dena. Hala ere, 1551ko maiatz eta ekain artean ipar-mendebalderantz mugitu zuen asentu hau, Calchaquí ibaiaren arrotik gertu, seguraski gaur egungo San Carlos hiritik gertu (Salta, Argentina). Bigarren asentu honi "El Barco II" modura ezagutuko zaio. Aldaketa honen atzean, Txileko Gobenadore zen Pedro de Valdiviarekin gertaturiko ezinegonak zeuden, bere bigarrena zen Francisco de Villagra bidali zuena arazoa konpontzeko.[22]

1552ko ekainean, Entzutegiko epaileek Jurien lurraldera bideratuko dituzte (Argentinan ere). Hala, Dulce Ibaiaren arroan "El Barco III" sortuko da, gaur egungo Santiago del Esteroko probintzian (Argentina). Hala ere, 1553an, lehen aipaturiko arazo jurisdikzionalak zirela eta, Núñez de Prado eta bere gizon batzuk Francisco de Aguirrek harrapatu zituen, El Barco III-n. Hala, azkenean, asentu final bat burutu zen gaur egun dagoen lekuan, Santiago del Estero del Nuevo Maestrazgo hiria sortuz (gaur egungo Santiago del Estero Argentinako hiria).

Juan Garai ez zuen Agirrek atxilotu, nahiz eta Txilera pasa ejerzituaren hornitzaile gisa. Núñez de Prado, Txilen atxiloturik zegoela, Peruko erregeordeari apelatu eta Entzutegiko epaileen epaiaz, Limara eramana izan zen, han epaitua izateko. Ostean, Núñez de Pradori arrazoia eman eta gero, liberatua izan zen eta 1555. urteko otsailaren 13ko Errege Hornikuntzaren bidez Tucumán-eko gobernadore berrizendatua izan zen, Aguirrek bota zuen postua berreskuratuz.[24]

Charcas-eko probintziarako bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1556an Garai Potosíra joango da bizitzera, Calchaquíen Legen Gudua baino lau urte lehenago. Potosín, berriro ere bere amaldeko familiarekin, bereziki bere amaldeko osaba ere zen Juan Ortiz de Zárate.[25]

Azken data honetatik aurrera, Garaik bere ekintzak Charcaseko probintzian burutuko ditu (gaur egungo Bolivia), non erregeordearen seme zen García Hurtado de Mendozak (etorkizunean Txileko Gobernadore izango dena) bertatik Ozeano Barerako bide bat marratzeko lana eman zion, "Hiri Inperialaren" merkataritza sustatzeko. Helburu honekin, 1541ean (apirilaren 25ean) Lucas Martínes Vegaso-k sortutako Arica hirian portu bat eraikitzea agindu zuen.[26]

1557an, Martín Roblesen heriotza eta gero, Garai, jada kapitaina, Andrés Manso-ren konkista-espedizioan sartu zen, "Villa de la Plata"tik haratagoko lurraldeak jendeztatzeko helburuarekin. Hala, Garai Santo Domingo de la Nueva Roja hiriaren jaiotza ikusiko du, Parapetí Ibaiaren ezker-ertzean eta "Bañados de Izozog" izeneko hezegunetik gertu. Hiri honek, hala ere, soilik zazpi urtez iraun zuen, bertako chiriguanoek hiria suntsitu zuten arte.[27][28][29] Testuinguru honetan ezagutuko du Garaik Ñuflo de Chaves, Mansorekin zituen arazo jurisdikzionalak zirela eta, konkistak atzeratzen hasi zirela.[26]

1558 aldera, Asunción-era joango da (Paraguai), bertan ezkontzeko, bere izena zuen seme bat zuela aitortu ostean (ama bertako manceba bat zen). Bertan, bere lehen alaba jaioko da: María Garai, 1559. urtean.[30]

Chavesi dagokionez, bere 158 soldaduekin batera, chiquitoen eskualdera joan zen, 1559ko abuztuaren 1ean Nueva Asunción edo "La Barranca" hiria sortzera, Guapay Ibaiaren eskuineko ertzean. Kasu honetan ere, hiriak soilik bost urte iraungo ditu, chiriguanoek hiria suntsitu arte, bai eta Nueva Asuncióneko biztanleak ekialdera, 170 kilometrotara, kokaturik zegoen hiri berri batera bideratuz (gaur egungo Santa Cruz la Vieja).[31]

Honen ostean, Manso eta Chaves Limarantz joango dira 1559ko amaieran, Andrés Hurtado de Mendozari, Peruko erregeordea, euren berezko eskubideak errespetatzea eskatuz. Jaramonik egin ez eta 1560. urtean bere semea zen García Hurtado de Mendoza lurralde berriaren administradore izendatuko du (Moxos-eko Gobernazioa; etorkizuneko Santa Cruz de la Sierrako zein Chiquitos-eko Gobernazioak barneratzen zituena).[32] García Hurtadok, gainera, Ñuflo de Chávez ordezkari modura izendatu zuen, bera Txilen bizi zen bitartean Gobernadorearen lana egin zezan.[29][31]

Andrés Manso, erregeordearen sententziarekin haserre, aipaturiko sententzia aurkaratu eta La Plata hirira eraman zuten atxiloturik. Hala ere, bertan oso denbora gutxi pasa zuen, La Platako alkateak lagunduta, bertatik ihes egin zuelako. Behin aske, beste hogei soldaduekin batera matxinada bat prestatzen hasi zen, Garai bertan sartu ez zelarik, Mendoza erregeordearekiko fidela zelarik.[29][31]

1561eko otsailaren 26an, Garaik, Ñuflo de Chaves-ekin batera lehen Santa Cruz de la Sierraren sorreran parte hartuko du (gaur egungo San José-tik 56 kilometrotara kokaturik, hego-mendebaldera). Hasiera honetan Llanos de Chiquitos-en egongo da kokaturik, Garai kabildoko errejidore bilakatuz eta bere eskutan bere indio-enkomienda propioa lortu zuelarik.[33]

Hiri berri honetan, bere emaztearekin, gutxienez, bi seme-alaba eduki zituen: Jerónima eta Juan Garai "legitimoa".[30] 1568ko erdialdean, berriro ere Asunciónerantz joko du, bere emaztearekin eta lau semen-alabekin (hiru seme-alaba legitimoak eta 13 urteko lehen semea). Asunciónerako bidaian, Ipar Chaco-a gurutzatu behar izan zuten, Guaicurúen lurralde zena; eta, ondorioz, oso arazotsua.[34]

Gobernazioko aguazil nagusia eta Santa Fe hiriaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1567an, amaren aldeko osaba zen Juan Ortiz de Zárate kapitaina Peruko erregeordearen barne-interino izendatu zuten, 1564ko urriaren 19an Río de la Plata eta Paraguaiko zazpigarren Gobernadore izatetik utzi zuenean (Francisco Ortiz de Vergara ordezkatuz), Felipe de Cáceres-ek ordezkatuko diolarik. Era berean, Felipe de Cáceresek Juan de Garai kapitain izendatu zuen, "Paraguaiko probintziara jendea ekartzeko" eskaria egin ziola.[34]

Juan Garai, Asuncionerako bidaian zegoela (1568ko abenduaren 11ean Asunciónera iritsi ziren), urte berdineko abenduaren 8an Río de la Platako aguazil nagusi izendatuko dute.[34]

Guayrá-n Villa Rica sortzeko agindua, Melgarejo-ri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aguazil nagusi bezala, 1569ko urtearen amaieran, Ruy Díaz de Melgarejo kapitainari hiri bat sortzeko agindua emango dio, hiriaren izena Villa Rica del Espíritu Santo izango zelarik,[35] Tordesillasko Itunetik kanpo geratutako lurraldeetako lur espainolak finkatzeko, bai eta urre-mina baten ustea frogatzeko ere.

Aipaturiko kapitaina Asunciónetik atera zen Guayrárantz. Behin Ciudad Real-en, 40 gizonekin batera hiria sortzera atera zen, 1570ko maiatzaren 14ean, Ciudad Real del Guayrátik 60 leguatara. Hau, leku probisionala, Piquiri eta Ivai Ibaien artean kokatuko da, non lehenik eliza eta gotorleku bat eraikiko diren, ostean herrixka marratzeko. Ur-minak aurkitu ez ziren arren, burdin-hobi bat aurkitu zen.

Garairen Paraná Ibaian zeharreko espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1573ko apirilaren 3an, Martín Suárez de Toledo, Río de la Plata eta Paraguaiko Barne-Gobernatzaile bezala, Garairi eskatu zion Paraná Ibaian gora espedizio bat burutzeko, Asunción hiria metropoliarekin zein itsasoarekin komunikazioak hobetzeko.[36] Modu honetan, inguruneko 80 bertakoekin espedizio bat antolatu zen brigantin batean, bai eta bestelako itsasontzi txikiagoetan, zaldiak, bestelako 75 bertako (guaraníak) eta 9 espainol. Bi taldetan banatuko zen espedizioa, bat Paraná Ibaian zehar (buru Juan Garai zela) eta beste bat lehorretik, buru Francisco de Sierra zelarik, ibaiaren ezker-ertzetik igoko zela, Chaco-ko basoko gune arriskutsuak saihestuz. Era berean, lurrez, orgak, ganadua, zaldiak eta bestelako elementu fundazionalak eramango ziren.

Garay Asunciónetik aterako da 1573ko apirilaren 14ean, Francisco de Sierra hilabete batzuk lehenago atera zen bitartean. Gainera, Súarez de Toledo Gobernatzaileak, San Cristóbal de la Buenaventura itsasontziaren eskolta Ruy Díaz de Melgarejo eta bere ezker-eskua zen Espinosa kapitainari, non Felipe de Cáceres atxikoturik zeramaten, Pedro Fernández de la Torre apezpikuak deklaratu zuena, Gorteen aurrera eramanez.[37]

Suárez de Toledoren hitzetan, Juan Garaik hurrengoa zeraman: [...] muchas armas y municiones e mucho número de caballos, bastimentos, ganados, plantas, semillas, gente de servicio, fragua e todos los demás pertrechos necesarios.

Bi taldeak "La Punta del Yeso" izeneko leku batean aurkituko dira, gaur egungo Cayastáren ondoan. Ostean, bi taldeek San Javier Ibaia jarraituko dute, garai hartan Quiloazaseko Ibai modura ezaguna zela.

Bertan, asentu txiki bat eraiki zuen. Bertatik, espedizio txiki bat atera zen, esplorazio-helburuarekin leku aproposago baten bila. Paraná Ibaiaren esplorazio hauetan zehar Jerónimo Luis de Cabrera-rekin aurkitu zen, Paraná Ibaia esploratzen ari zena ere, bai eta hiri bat eraiki nahian, jaioberria zen Córdoba hiria finkatzeko. Elkartzen honen emaitza moduan, Juan Garaik asentu txikiari hiri-kategoria ematea erabaki zuen, irailaren 30ean hiri bihurturiko asentu horretara urte berdineko irailaren 30ean itzuli zelarik.

"Lurrari ateak ireki"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrari ateak ireki esamoldea, Juan Garaik bere egin zuena, Amerikako zati horren administrazio espainol osoan arau izan zen. Esamolde honekin hiriak sortzeko beharrari erreferentzia egiten zitzaion, Asuncióneko hiriak zuen bi aldeetarako isolamenduari aurre egiteko, bata ibaian behera itsasoraino irekiz zein metropoliarekin lotuz eta, bestea, Goi Perurantz, garaiko erdialde ekonomiko zein politikoa zena.

Lehen Santa Fe hiriaren sortzaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1580. urterako, Rio de la Platako probintzia guztien gobernadore eta kapitain nagusia izendatu zuten. Bertan, Asunción birfundatu zuen 1580ko ekainaren 11ean, 1536. urtean Pedro de Mendozak Nuestra Señora del Buen Ayre modura fundatu zuen modura.

1579. urtean Villa Rica del Espiritu Santo eta Santiago de Jerez hiriak sortu zituen eta urtebete geroago Buenos Aires hirira berriro jendea eramatea deliberatu zuen. Garairen agindupean sortu zen Buenos Airesko eraikuntza lanetan bertako biztanleek beharturik parte hartu zuten. 1581. urtean Buenos Airesko hegoaldeko lurralde eta kostaldeak konkistatzera irten zen, baina Buenos Aireserako itzuleran hil zuten bere gizon askorekin batera. Juan Garai gaur egun Plaza de Mayo modura ezagutzen den puntuan lehorreratu zen, non Ciudad de la Trinidad modura izendatu zuen hiri birfundatua, bai eta bere portuari Santa Maria de Buenos Ayres izendatu ere.[38] Hala, Buenos Aires Paraná Ibaiaren arroko hiri garrantzitsuena bilakatuko da.

Ostera, 1581-1582 artean, Zesarren Hiri izeneko hiri mitikoaren bila joan zen, espedizio batetan.

Juan Garai Río de la Platatik gertu hil zen, Buenos Airestik Santa Fe-rako bidaian, 1583ko martxoaren 20an. Juan Garai eta bere berrogei mutilen taldeak, apaiz frantziskano bat eta zenbait emakume, garai hartan ezezaguna zen laku batean sartu eta Carcarañá Ibaiaren arroan gaua pasatzea erabaki zuten, Sancti Spíritus Gotorleku zaharretik gertu. Gauean zehar, bertako Kerandiek Garai, apaiza, emakume bat eta hamabi gizon akabatu zituzten.

Garaik alaba bat izan zuen, Jerónima de Contreras, Hernando Arias de Saavedra-rekin ezkonduko dena, Río de Platako gobernadorea.[39]

1983an bere omenez "Juan de Garay" fundazio euskal-argentinarra sortu zuten Buenos Airesen, eta gaur egun eta besteak beste plaza eta kale banak haren izena daramate Urduñan eta Bilbon, hurrenez hurren. Urduñako alde zaharrean, halaber, Juan Garaik eraikitako baserri bat dago ere, gaur egun Garatikua deitzen dena. XIX. mendean "Garai-Goitia" zuen izena.

Garai Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

García Carraffaren arabera, Garai Familiaren armarriak (kaioak lehoi urretsu batekin, banner zilarreztatu batean) Garai Familiaren oinarria Tuterako (Nafarroa Garaia) familia noble batean egon daitekela ematen du aditzera, erregistroak XIII. menderaino iristen direlarik. Garai Familiak maila bateko dirutza zuen, bai eta kultura-maila nahiko dexente bat, osaba Segoviako "Alcalde Mayor" zela kontuan harturik, bai eta bere lehengusua Salamancako Unibertsitatera joan zela ere.

Argentina inguruan, Juan Garairen bestelako familia-kideak aurki daitezke: Pedro Ortiz de Zárate, bere emaztea zen Catalina Uribe eta Salazar eta Garairen lehengusu ezberdinak: Pedro Ortiz de Zárate, Ana Salazar eta beste bat ere. Juan Ortiz de Zárate-rekin ere erlazio familiar bat du, Río de la Platako "Adelantado"a.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Espainiar agirietan Juan de Garay
  2. a b Urquijo e Ibarra, Julio de; "Revue internationale des études basques"-en (18. bolumena, 366. orrialdea, Ed. Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca, 1971). Jerónima Contrerasen hitzetan, Juan Garairen alabetako bat, Juan Garai bizkaitarra zen.
  3. a b Rey, Marcelo. "El copista: Gaspar García Viñas entre la Biblioteca Nacional y la Facultad de Folosofía y Letras"-en (ed. Biblioteca Nacional, 2010).
  4. Labayru y Goicoechea, Estanislao Jaime; "Historia de Vizcaya"-n.
  5. Fernández Díaz, Augusto; "Juan de Garay, su vida y su muerte"-en (1. bolumena, 7 eta 12. orrialdeak, Ed. Banco Provincial de Santa Fe,1973).
  6. Urquijo e Ibarra, Julio de; "Revue internationale des études basques"-en (18. bolumena, 366. orrialdea, Ed. Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca, 1971)
  7. a b Loyola Arana Pérez, Ignacio de, eta Juan José Alzugaray "Los Vascos y América. Ideas, hechos, hombres"-en (261. orrialdea, Ed. Gela, 403 orrialde, 1990)
  8. Fernández Díaz, Augusto; "Juan de Garay, su vida y su muerte"-en (1. bolumena, 7 eta 14. orrialdeak, Ed. Banco Provincial de Santa Fe,1973).
  9. Moyano Aliaga, Alejandro; "Juan de Garay y su descendencia"-n (Buenos Aires, Fundación Vasco-Argentina Juan de Garay, 2007).
  10. Méndez Paz, Carlos A.; "Patricios y élites. El caso argentino, 1535-1943"-en (113. orrialdea, Ed. Instituto Ruy Díaz de Guzmán de Investigación Histórica y Social, 505 orrialde, 2005).
  11. Bilbao, Jon; "Vascos en Cuba. 1492-1511"-n (203-204 orrialdeak, Ed. Vasca Ekin SRL, 308 orrialde, 1958).
  12. Centro de Estudios Genealógicos de Córdoba en "Boletín del [...] " (Vol. 32-33, p. 122, Ed. El Centro, año 2005).
  13. Fernández Díaz, Augusto; "Juan de Garay, su vida y su muerte"-en (1. bolumena, 10-11. orrialdeak, Ed. Banco Provincial de Santa Fe,1973).
  14. Pardo de Guevara eta Váldes, Eduardo "Actas de la XI Reunión Americana de Genealogía"-n (837. orrialdea, Ed. Instituto Padre Sarmiento de Estudios Gallegos, Santiago de Compostela, Xunta de Galicia, 2005).
  15. Loyola Arana Pérez, Ignacio de, eta Juan José Alzugaray "Los Vascos y América. Ideas, hechos, hombres"-en (261. orrialdea, Ed. Gela, 403 orrialde, 1990).
  16. Fernández Díaz, Augusto; "Juan de Garay, su vida y su muerte"-en (1. bolumena, 10. orrialdea, Ed. Banco Provincial de Santa Fe,1973).
  17. Historiako Akademia Nazioanala, "Boletín de la [...] "-n (53-55 bolumenak, 321-322 orrialdeak, Ed. La Academia, 1986).
  18. a b Nieto, Alejandro; "Juan de Garay"-n (#13, 2. orrialdea, ed. Don Bosco, 14 orrialde, 1970).
  19. López de Gomara, Francisco, "Historia General de las Indias"-en (2. bolumena, 168. orrialdea, ed. Fundación Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes, 2011).
  20. Ikasketa Iberoamerikarren Institutua, "Homenaje al cuarto centenario de la segunda fundación de la Ciudad de la Trinidad y Puerto de Santa María de los Buenos Aires"-en (1. bolumena, 76. orrialdea, ed. El Instituto, 1980).
  21. Groussac, Paul; "Mendoza y Garay. Juan de Garay"-en (II. liburukia, 50-53 orrialdeak, ed. Academia Argentina de Letras, 1950).
  22. a b Barragán Vargas, Mario E.; "Historia temprana de Tarija"-en (334. orrialdea, Ed. Magyar ISBN Iroda, Orszagos Szechenyi Konyvtar, 336 orrialde, 2001)
  23. Barragán Vargas, Mario E.; "Historia temprana de Tarija"-en (101. orrialdea, Ed. Magyar ISBN Iroda, Orszagos Szechenyi Konyvtar, 336 orrialde, 2001)
  24. Sierra, Vicente D.; "Historia de la Argentina"-n (1. bolumena, 327. orrialdea, Ed. Unión de Editores Latinos, 1956).
  25. Sierra, Vicente D.; Historia de la Argentina"-n (1, bolumena, 327. orrialdea, Ed. Unión de Editores Latinos, 1956).
  26. a b Barragán Vargas, Mario E.; "Historia temprana de Tarija"-en (335. orrialdea, Ed. Magyar ISBN Iroda, Orszagos Szechenyi Konyvtar, 336 orrialde, 2001)
  27. Olalla Mazón, Ricardo; "El burgalés Juan de Garay. Fundador de Buenos Aires"-en (61. orrialdea, Ed. Caja de Ahorros Municipal de Burgos, 182 orrialde, 1982).
  28. Zapata Gollán, Agustín; "La expedición de Garay y la fundación de Santa Fe"-en (33. orrialdea, Ed. Departamento de Estudios Etnográficos y Coloniales, Santa Fe, Argentina, 57 orrialde, 1970).
  29. a b c Gandía, Enrique de; "Historia del Gran Chaco" -en (119-127 orrialdeak, Ed. Roldan y Cía, 209 orrialde, 1929).
  30. a b Juan de Garay Fundazio Eusko-Argentinarra "Los Vascos en América. Provincias de Santa Fe, Entre Ríos, Catamarca, Santiago del Estero" -n (7-10 eta 89. orrialdeak, Ed. Departamento Estudios Históricos, 1993).
  31. a b c Livi Bacci, Massimo, eta Bernardo Moreno Carrillo; "El dorado en el pantano. Oro, esclavos y almas entre los Andes y la Amazonia"-n (71. orrialdea, Ed. Marcial Pons, Madrid, 2007).
  32. Sanabria Fernández, Hernando"Crónica sumaria de los gobernadores de Santa Cruz 1560-1810"-en (11. orrialdea, Ed. La Hoguera, 2008). ISBN 978-99954-31-82-2
  33. Rey, Marcelo; "El copista: Gaspar García Viñas entre la Biblioteca Nacional y la Facultad de Folosofía y Letras"-en (240-241. orrialdeak, Ed. Biblioteca Nacional, 2010).
  34. a b c Rodríguez Zía, Jorge L., "Visión geopolítica de Juan de Garay"-n (28-32 orrialdeak, Ed. Municipalidad de la Ciudad de Santa Fe, 141 orrialde, 1987).
  35. Quevedo, Óscar del Carmen; "Crónica histórica ilustrada del Paraguay. Paraguay colonial" -en (1. bolumena, 50. orrialdea, Ed. Distribuidora Quevedo de Ediciones, 962 orrialde, 1998).
  36. Calvo, Luis María; "La construcción de una ciudad hispanoamericana. Santa Fe la Vieja entre 1573-1660"-en (27, 44 eta 180. orrialdeak, Ed. UNL, 206 orrialde, 2004).
  37. Cervera, Manuel María; "Historia de la ciudad y provincia de Santa Fe, 1573-1853. Contribución a la historia de la República Argentina"-en (1 bolumena, 136. orrialdea , Ed. Universidad Nacional del Litoral, 1979).
  38. (Gaztelaniaz) «Acta de fundación de Buenos Aires (1580) - Wikisource» es.wikisource.org . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  39. Aquellos, los que se quedaron : arqueología, conservación y museografía : templo San Francisco, Parque Arqueológico Santa Fe La Vieja (1. ed. argitaraldia) Consejo Federal de Inversiones 2008 ISBN 9789875970946 PMC 713560807 . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Garai Aldatu lotura Wikidatan