Arroila

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Antelope arroila, Arizonan.

Arroila[1] haran edo pasagune sakon eta estua da, bereziki haitz artekoa eta ibai baten jarduerak sortua[2]. Ibaiek husten duten lekuaren altuera izateko joera dute.[3] eta beraz arroila gehienak ordokiaren mailatik higaduraren bitartez sortuak dira.

Ospetsuena eta, Groenlandiako Arroila Handia topatu arte[4], batzuen ustez, luzeena Arizonako Coloradoren Arroila Handia da eta bigarrena Namibiako Visrivier ibaiaren arroila.[5]. Sakonena, berriz, Tibeteko Yarlung Tsangpoko Arroila Handia da, 5.500 metroko sakonera duena.

Arroila-jaitsiera abenturazko kirol bilakatu da, XX. mendeko amaieratik aurrera.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde karstikoetako forma arrunt bat da hori. Arroiletan, ordea, agerian zirkulatzen du urak. Arroila hegal zuzeneko haran bat da, bi kare-haitz plataformaren arteko benetako zerra-ebakia. Coloradoko Arroila Handia da mota honetako formazioen adibide adierazgarriena eta ezagunena.

Isurialdeen gogortasunarengatik eta irazkortasunarengatik gertatzen da, hain zuzen, higadura gehiena ibilguaren hondoan; hegalek, berriz, oso geldiro eboluzionatzen dute, haran barrenaren aldean. Horma malkartsuak, azpitik janak eta malda gutxiagoko ezpondak izaten dira, elkarren segidan, barreneraino, kare-haitzezko geruzen arabera mailakaturik. Karst lurraldeetan zehar arroilak eratuz igarotzen diren ibaiak alogenoak izaten dira, urruti izaten dute iturburua, eskualde irazgaitzetan, eta kare-haitzezko eskualdetik igarotzean oraindik erabat galdu gabe izaten dute iturburuko uraren parte bat.

Arroilak existitzeko, arroila dagoen kare-harriak lodia behar du izan, ubidearen hondoan eta isurialdeetan azaleratzeko bezain lodi, gutxienez. Bestela, ur lasterrak azpiko geruza irazgaitza (tuparria adibidez) topatzen badu, oso bestelakoa izango da arroilaren bilakaera. Horrelakoetan haranaren hondoa zabaldu egiten da, haitz irazgaitzaren bilakaera oso bizkorra izaten baita uholdeen eraginez. Horrela U motako profil bat sortzen da. Profil mota horretan malkor bertikalek inguratzen dituzte forma zapalak. Malkor horiek paralelo joaten dira atzeratzen. Ur lasterrean gora, Vaucluse iturburu batean bukatzen da harana, kare-harriak eta azpiko geruza irazgaitzak elkar jotzen duten lekuan. Vaucluse iturburuaz goitik, kare-harrizko malkor batek ixten du harana, hondo lehorreko harana eratuz.

Nafarroako lurraldean eta, zehatzago esateko, Nafarroa Hezea deitzen den eskualdean, bada eremu bat kare-harriz, tuparriz eta flyschez osatua. Eskualde horren ekialdeko aldean Pirinioetako ohiko haranak diren Irati eta Erronkari haranen arteko egiturak dira azpimarragarrienak, mendebaleko aldean, Kantauri alderako haranetan, Urbasa-Andia, Aralar mendilerroa eta beste txikiago batzuk, Lokiz mendilerroa eta Kodeskoa, esate baterako. Urbasa mendilerroa, batez ere, Urederraren Iturburuko Izadi Erreserba guztiz aipagarria da, kareharri eremu bereziki ederra delako. Nafarroako lurraldeko beste era bateko egitura karstikoen artean bereziki aipatzekoak dira lurralde horretan diren arroila edo arroila ugariak (Iñarbeko arroila, Gazteluko arroila, Arbaiungoa, Benasakoa, Lekunberrikoa, Burgikoa, Txintxurreneakoa, Irunberrikoa, etab.). Txintxurreneako arroila, esate baterako, Urrobi ibaiak ebakitako arroila txikia da, kilometro bateko luzera ingurukoa, ibai horrek kare-harri multzo handi bat igarotzean ebakia. Kare-harriz eta dolomiaz eratuak ditu hormak , 30-50 metro inguruko altuera dutenak. Horma horietan kobazulo eta erlaitz asko dira , hegaztiek habiak egiteko aproposak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arroila hitzak -a itsatsia du (Hiztegi Batua)
  2.   Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, Arroila, http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia.asp?sarrera=arroila .
  3. www.mountainnature.com
  4.   Jonathan L. Bamber, Martin J. Siegert, Jennifer A. Griggs, Shawn J. Marshall eta Giorgio Spada (2013-8-30), «Paleofluvial Mega-Canyon Beneath the Central Greenland Ice Sheet», Science 341 (6149): 997-999, doi:10.1126/science.1239794 .
  5.   Cohen, Callan, Claire Spottiswoode & Jonathan Rossouw (2006), Southern African Birdfinder, 210. orrialdea, ISBN 1-86872-725-4 .


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Arroila