Itsaspeko

Itsaspeko[1] edo urpeko (ontzi)[2] esaten zaio ur-azpian mugi daitekeen ontziari, hala gudan nola arlo zibilean erabiliak. XVII. mendean egin zituzten lehenengo modeloak, eta, XVIII. mendean, hasi ziren armadetan erabiltzen. Lehen Mundu Gudan, barra-barra eraiki ziren.
Itsas azpian zein itsas gainaldean ibil daitekeen ibilgailua da. Itsaspekoa osatzen duen sistema ez da oso konplexua: andel batzuez baliatzen da ur-azpian sartzeko eta ur-azalera igotzeko. Helburuaren arabera, denbora gehiago ala gutxiago irauten dute. Batetik, gudarako prestatuek urte eta erdiz murgilduta iraun dezakete; bestetik, beste batzuek eskifaia txikia eramaten dute, eta ur-azpian ordu gutxi diraute. Gainazalean daudenean, andel horiek haizez beterik daude (haizeak urak baino dentsitate txikiagoa duenez ur azalean egoten da), eta, murgildu ahal izateko, andel horiek urez betetzen dituzte; horrela, itsaspekoa astunago bilakatu, eta hondoratu egiten da. Gainazalera berriz itzultzeko, aurkako prozesua egiten da: andeletan aire konprimatua txertatzen da, eta gorantz egiten du.
Itsaspeko zibilak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean, militarrak baina txikiagoak dira. Itsaspeko turistikoak zonalde tropikaletan edo ikuspen oneko uretan erabiltzen dira. Gehienbat 15 eta 50 bitarteko bidaiari garraia ditzakete, eta, egunero, hamar murgiltze edo gehiago egin. Diseinuari dagokionez, ikerketako itsaspekoen egituran oinarritzen dira. Bidaiariek bistez goza dezaten leiho handiak dituzte, eta sistema mekaniko garrantzitsuak krosko kanpotik daude espazioa aurrezteko. Gehienbat, bateria elektrikoaz funtzionatzen dute, eta oso motelak dira.
Berez, itsaspekoak ur-azpitik edo gainazaletik, autonomoki funtzionatzeko gai dira. Mugikortasun mugatua dute, gehienetan leku berean egotekoak baitira, adibidez, erreskateetan, salbamenduetan edo ikerketan erabilitakoak. Horiei, urpeko ontzi deritze. Gehienetan, itsaspeko handiek urpeko ontzi txikiak eraman ohi dituzte operazio-zonaldera. Urpeko txiki asko zilbor-heste baten bidez lotuta daude ama-ontzi bati elektrizitatez eta airez hornitzeko.
Batisferak propultsio sistema falta duten itsaspekoak dira, eta oso murgilketa sakonetarako erabiltzen dira. Haien arbasoa itsaspeko kamera zen. Azkenean, itsaspeko auto-propultsatuak dira, gainazalean dagoen ama ontzi baten menpekoak. Bitxikeria gisa, Alvin Titanicen hondoratzea ikertzeko erabilitako batisfera izan zen.
Arlo horri dagokionez, itsaspeko txikiak urruneko kontrolaren bidez operatu ahal izatea garapen berria da; murgiltzeak oso sakonak direnean edo urak urpekarientzako arriskutsuak direnean erabiltzen dira.
Itsaspeko militarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egun, itsaspeko militar gehiago daude zibilak baino. Oso erabilgarriak dira ikuspuntu militarretik, sakontasun handian nabigatzen dutenean antzematea oso zaila delako. Haietan, diseinua oso garrantzitsua da, batetik, isiltasunean mugi daitezen eta, bestetik, detektatzea saihesteko. Kontuan izan behar da soinuak uretan airean baino askoz errazago bidaiatzen duela; beraz, soinuari arreta handia jarri behar zaio soinua erraz detektatzen den ezaugarria delako.
Itsaspeko militar motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsaspeko militarrak, gehienetan, bi taldetan banatzen dira: eraso-itsaspekoetan eta misil balistikoekin hornitutako itsaspeko estrategikoetan. Lehenak itsasontzi etsaien kontra aritzeko diseinatuta daude; bigarrenak, berriz, leku estrategiko batetik lurreko jomugak erasotzeko. Bi itsaspeko mota horien desberdintasuna betetzen duten eginkizunean ikusten da eraikuntzan bainoago.
Erasotzeko erabilitakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraso-itsaspekoak bi mota orokorretan bana daitezke: nuklearrak eta diesel-elektrikoak. Nuklearrak azkarragoak eta handiagoak dira; gainera, potentzia eta autonomia handiago dute. Eginkizunaren arabera, batzuetan, diesel-elektrikoak ur axaletan edo itsasbazterreko zereginetan erabiltzen dira.
Bi diseinu mota horien arteko berezitasunak saihesteko, itsas armadak propultsio anaerobikoko ontzietako garapenarekin hasi dira; diesel-elektrikoak bezalakoak dira, baina murgiltze denbora handiagoa dute.
Hainbat itsaspeko militar espezializatu garatu dira. Bigarren Mundu Gerran, japoniarrek eraso hegazkinak botatzeko plataforma gisa erabili zituzten itsaspekoak. Alemaniarrek itsaspeko bat eraiki zuten beste ontziak hornitzeko. Itsas armada japoniarrak eta britainiarrak itsaspeko nanoak sabotajean edo espioitzan aritzeko erabiltzen zituzten.
Misil balistikodunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Misil balistikodun itsaspekoak SSBN (Silent Service Missile Ballistic Nuclear) siglen bidez adierazten dira. Hiriak eta edozein leku estrategiko suntsitzeko gai diren misil balistikoak botatzen dituzte. Egun, energia nuklearrak bultzatzen ditu autonomia eta kamuflaje ahalmen handiagoaz hornitzeko.
Murgiltze eta nabigazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Itsasontzi guztiak, gainazaleko itsaspekoak barne, flotazio positiboko egoeran daude Arkimedesen printzipioaren arabera. Laguntza mekanikorik gabe modu hidrostatiko batean murgiltzeko, pisua eta bultzada balio bera izan behar dute. Itsaspekoen pisua kontrolatzeko, lasta-deposituak dituzte.
Itsaspekoak murgiltzeko eta urgaineratzeko, brankan eta txopan lasta-depositu nagusiak dituzte. Murgildu nahi dutenean, depositu horiek ireki eta urez betetzen dira, eta, urgaineratzeko, airez. Sakontasuna kontrolatzeko, murgiltzen diren heinean, edukiontzi txiki batzuek dituzte, presio handiagoa jasan dezaketenak. Ur kopuruak, edukiontzi horietan itsaspekoa jaitsiko den sakontasunarekin lotzeaz gain, kanpoan gertatzen diren aldaketei erantzuteko balio du. Edukiontzi horiek itsaspekoaren grabitate-zentrotik gertu kokatzen dira, edo, bestela, itsaspekoan zehar banatzen dira, okertzean eragina ez izateko.
Murgiltzean, kroskoak jasan dezakeen ur presioa materialaren arabera aldatzen da. Altzairuzko kroskoek 3 MPa jasan ditzakete, eta 300 metro inguruko sakontasunean egon daitezke; titaniozkoek 10 MPa jasan ditzakete, eta 1000 metro inguruko sakontasunean egon daitezke. Beraz, barruko presioa konstante mantentzen da; sortzen diren presio desberdintasun handi horiek eragiten dute itsaspekoak uretan sakontasun handi batean murgiltzerakoan oreka ezegonkorra izatea. Haien joera, hondora joatea edo gainazalean flotatzea da.
Eskora kontrolatzeko, itsaspekoak gordetegi batzuk dituzte brankan eta txopan. Ponpak ura mugiarazten du gordetegi desberdinen artean; horrek pisu banaketa aldatzea eragiten du, eta horrek momentu bat sorrarazten du. Momentu horiek itsaspekoak biraraztea eragiten dute. Gainera, itsaspekoa mugimendu hidrostatiko baten bidez kontrola daiteke. Horrek gainazal desberdinak sortzen lortzen ditu. Gainazal horiek bira ditzakete indar hidrodinamikoak sortzeko, baina abiadura handia daukagunean soilik.
Kroskoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Itsaspekoen diseinua hasierako itsaspekoetan erabiltzen zenaren antzekoa da. Eredu gisa balearen gorputza hartzen zuten; horrela, herrestatze hidrodinamikoa txikiagotzen da uraren azpian, baina haren portaera okerragotzen da olatuen kontra, eta herrestatzea handiagotzen da gainazalean daudenean.
Lehen itsaspeko militarrak propultsio sisteman zituzten mugak zirela eta, denbora gehienean gainazalean aritu behar ziren; urpeko abiadura, normalean, 18 km/h-ko baino txikiagoa zenez, ur azpian gertatzen ziren herrestatze guztiak onargarritzat hartzen ziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, itsaspeko operazioak azkarragoak eta luzeagoak bihurtu ziren garapen teknologikoaren eraginez; horrez gain, aireko etsaien zainketa iraunkorragoa zenez, denbora gehiago mantendu behar ziren murgilduta. Horren eraginez berreskuratu zen hasierako itsaspekoek zeukaten forma, herrestatzeak eta soinuak desagertzeko. Itsaspeko militar modernoetan, kanpoko kroskoa goma lodi berezi batez edo plaka berezi batzuez inguratuta dago, soinua xurgatzen dutenak. Horiei plaka anekoiak esaten zaie.
Itsaspekoen goiko aldean, bela izeneko dorretxo bat dago. Haren barnean, periskopioak edo masta elektronikoak daude, eta radarra, irratia, arma elektronikoak eta beste sistema batzuk ere sar daitezke. Lehenago, itsaspeko askotan, aginte-gela kontrol-dorrean zegoen, baina, egun, kroskoaren barruan. Gelatxo hura ez da zubiarekin nahastu behar: zubia belaren gainean dago, eta gainazalean dagoen bitartean begizko behaketa egiteko erabiltzen da. Itsaspeko batzuetan, zubiaren beheko aldean, beste gelatxo bat dago leihoekin eta beira garbigailuekin egun txarretarako.
Krosko bikoitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsaspeko guztiek eta urpekari txikiek kasko bakarra dute. Itsaspeko handiek, berriz, kanpoko krosko gehigarri bat edo horren zatiak izaten dituzte. Kanpoko kroskoa edo kasko arina deritzo: ez du presio-desberdintasunik jasan behar. Haren barruan, krosko sendoago bat dago, barruko presio atmosferikoaren eta itsasoko uraren presioaren desberdintasuna jasaten duena. Lehen Mundu Gerraren garaian, presioa jasateko era hobetzeko, forma desberdineko bi krosko erabili ziren: presioa jasaten duen barneko bat eta beste bat nabigatzeko forma ezin hobeagoarekin.
Eskifaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskifaiari dagokionez, itsaspeko nuklearrek 120 pertsona eraman dezakete; nuklearrak ez direnak, berriz, tripulazio erdia eraman ditzakete. Itsaspekoaren barruan, egoera nahiko latza eta zaila da eskifaiako kideek isolatuta lan egin behar dutelako denboraldi luzean, bere familien kontakturik gabe. Itsaspekoak irratia isiltasunean mantentzen dute antzematea saihesteko. Itsaspeko bat operatzea arriskutsua da, nahiz eta bake garaian egon, istripu asko gertatzen zaizkielako.
Emakumeak nahiko berandu hasi ziren itsaspekoen eskifaietan. 1995ean, Norvegiako itsas armada izan zen lehenengo armada emakume bat itsaspeko baten kapitain izendatzen. Ondoren, 1998an, Australiako itsas armada izan zen. Hurrengoak Kanada eta Espainia izan ziren.
Argentina izan zen Hego Amerikako lehenengo estatua emakume bat urpekari bateko eskifaiara gehitzen, Eliana Krawczy tenientea zehazki. 2017ko azaroaren 15ean, Eliana San Juan (S-42a) itsaspekoan armen arduradun gisa lanean zebilela itsaspekoa desagertu egin zen; 15 egun geroago eman zioten bilaketari bukaera.
Bizi-euskarri sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Propultsio nuklearrarekin, itsaspekoak hilabeteetan egon daitezke murgilduta, itsaspeko dieselak ez bezala. Dieselak aldizka lurperatu behar dira, edo snorkela erabili bateriak kargatu ahal izateko. Itsaspeko militar moderno gehienak eskifaiarentzako oxigenoa sortzeko gai dira, uraren elektrolisiaren bitartez. Atmosfera kontrolatzeko ekipamenduak CO2a bereizteko, airetik gas hori ezabatzeko Katalizatzaile bat daraman iragazki bat du; tresna horren bidez, erabiltzen ez den CO2a hidrogenoarekin nahasten dute ura lortzeko.
Ur geza lurrunketak edo alderantzizko osmosiaren bitartez lortzen da, eta dutxetarako, harrasketarako, janaria prestatzeko eta garbitzeko erabiltzen da. Itsas ura komunean erabiltzen da. Ur hori (ur beltza esaten zaio), osasun-tankeetan biltegiratzen da kanpora bota arte.
Itsaspeko moderno eta handietan, zaborra tutu batetik sartzen da bidoi bateraino. Tutuak (Trash Disposal Unit) izena du ingelesez. Bidoi hori beteta dagoenean, burdina-lasta baten laguntzarekin, ozeanoaren hondoraino erortzen uzten da.
Itsaspekoen historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen itsaspekoen eta urpekoen historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsaspeko makina bat sortzea aspaldiko ametsa zen. Bada XVII. mendeko kondaira bat dioena Alexandro Handiak (K.a. 356-323) Tiroko setioan (egungo Libanon) persiarrek itsas hondoan jarritako oztopoak kentzeko kanpai moduko erabili zuela[3]. Hala ere, itsaspekoaren arbaso urrun bat, segur aski, XVII. mendeko Chaika (kaioa) izeneko txalupa kosakoa da, uraren azpian arakatzeko eta infiltratzeko erabili zena. Chaika erraz itxi eta urperatu zitekeen, eta tripulazioak, urpeko kanpai moderno batean bezala, uraren azpian arnastu zezakeen, eta hondotik oinez bultzaka ibili. Lasta bereziak eta kanpoko airea hartzeko hodiak ere erabiltzen ziren.
Itsaspeko baten lehen diseinua William Bourne britainiar matematikariarena izan zen, 1578an[4][5]. Bere prototipoa urpera zatekeen eta urpean arraun egin, larru iragazgaitzez estalitako egurrezko egitura zuen; eskuzko prentsak ere bazituen aldeak uzkurtu eta bolumena txikitzeko[6][7][8].
Jakina da itsaspeko nabigazioaren lehen saiakera Espainian XVI. mendean gertatu zela. 1562an Opusculum Taisnierin argitaratutako txosten baten arabera, «Bi greziar Tajoren hondotik behin baino gehiagotan sartu eta atera ziren Karlos V.aren aurrean busti eta eskuetan zeramaten sua itzali gabe». Gertakaria, ustez, Tajo ibaian jazo zen, Toledoko hiri espainiarretik gertu; antza denez, urpekariek kanpai babesle moduko bat erabili zuten[9].
1620an, Cornelius Drebbel asmatzaile herbeheretarrak munduko lehen itsaspeko operatiboa eraiki zuen Britainia Handiko Itsas Armadarentzat lan egiten zuela[10]. William Bourneren 1578ko diseinuetan oinarrituta, arraunez bultzatutako itsaspeko bat eraiki zuen, zurezko egitura zuena eta kanpoaldea iragazgaitza. Bi tipo hobetu probatu ziren Tamesis ibaian 1620 eta 1624 artean[11][12]. Hala ere, azken ikerketek agerian utzi dute Jeronimo Aiantz Beaumontek, lurrun-makina baten lehen patentea erregistratu zuen ingeniari nafar ahaztuak, 1600ean itsaspeko bat egina zuen, baina, frogarik ez dagoenez, nekez egiazta daiteke teoria hori.
Lehen urpeko ibilgailuak urpeko azterketarako tresna hutsak baziren ere, asmatzaileei ez zitzaien asko kostatu haien indar militarraz ohartzea. Itsaspekoen abantaila estrategikoak Chesterko John Wilkins gotzainak azaldu zituen jada 1648an.
1838ko irailaren 18an, José Raymundo Rodríguez Labandera marinelak lehen itsaspeko bidaia egin zuen Hipopotamo izeneko egurrezko ontzi autopropultsatu batean, eta Guayas ibaia zeharkatu zuen Durandik Guayaquilera[13].

1860an, Cosme García asmatzaile espainiarrak Espainiako lehen itsaspekoa patentatu zuen, eta Alacanteko portuan egin zituen proba ofizialak. Asmakizunak bi pertsona har zitzakeen, eta 45 minutuz egon zen ur azpian. Alacanteko Itsas Komandantziako akta ofizialaren arabera, probak bertaratutakoen gogobetetasunez egin ziren. 1860ko azaroaren 16an, Parisen ere patentea lortu zuen, Bateau Plongeur izenarekin[14][15] .
1884an, Stefan Drzewiecki asmatzaile poloniarrak propultsio elektrikodun lehen itsaspekoa eraiki zuen, seriean produzitutako lehena ere izan zena[16][17].
Narciso Monturiol-ek eraikia eta 1864ko urriaren 2an Bartzelonako portuan uretaratua, Ictineo IIak motor anaerobikoa zuen, eta oxigenoa berritzeko arazoa edukiontzi hermetiko batekin konpontzen zuen. Peral itsaspekoak, Isaac Peralek eraikia eta 1888ko irailaren 8an Arsenal de la Carraca –San Fernando (Cadiz)– ontziolan uretaratua, altzairuzko kroskoa zuen, ardatz formakoa, eta ponpen bidez xukatzen zituzten hiru tanke. Gehienezko urperatze kota 30 m-koa zen, eta elektrikoki eragindako ardatz horizontaleko bi helizeren bidez kontrolatzen zen. Brankan, torpedo-jaurtitzaile hodi bat ere bazeukan[18].
Itsaspekotzat jo eta eskuzko edo pedalezko propultsioa gainditzen zuten lehen itsaspekoak hauek izan ziren: barne-errekuntzarekin (lurruna), Ictineo II.a (1864); elektrikoa, Peral (1888), eta nuklearra, USS Nautilus (1955).
Energia nuklearrez bultzatutako lehen itsaspekoa, USS Nautilus, 1955ean uretaratu zen, eta, urpeko ontzi geldoetatik, 20-25 korapiloko (37-46 km/h) abiadurari eusteko gai ziren ontzietarako trantsizioa markatu zuen, aste luzez urpean murgilduta. Philip Abelson fisikariaren lanei esker proiektatua eta John Burnhamek diseinatua, «General Dynamics Electric Boat»ek eraiki zuen Groton-eko (Connecticut) ontzioletan. Nautilusek S2W erreaktore bat zuen, «Westinghouse Electric Corporation»ek eraikitako presiozko ur-erreaktorea.
Lehen itsaspeko militarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehen itsaspeko militarra Turtle (dordoka) izan zen, David Bushnell estatubatuarrak giza trakziorako diseinatutako gailu bat eta pertsona bakarrentzako lekua zuena. Urpeko operazioa eta mugimendu independentea egiteko gai zen egiaztatutako lehen itsaspekoa izan zen, eta propultsatzeko helizeak erabiltzen zituen lehena. 1776ko irailaren 7an, AEBko Independentzia Gerran, Turtle ontzia (armada kontinentaleko Ezra Lee sarjentuak operatua) gerraontzi britainiar bat hondoratzen saiatu zen, HMS Eagle (blokeatzaileen ontzi nagusia), New Yorkeko badian, baina porrot egin zuen, ontziak kobrezko xafla bat baitzuen. Biharamunean, HMS Eagle ontziko marinel eta tripulatzaileek ontzi bitxi bat ikusi zuten urruntzen, eta haren atzetik abiatu ziren; konturatu zenean, Leek torpedoa askatu, eta atzetik zetorkion txalupa txikia hondoratu zuen.
1800ean, Frantziak Robert Fultonek diseinatutako Nautilus itsapekoa eraiki zuen. Frantsesek esperimentua bertan behera utzi zuten 1804an; baita britainiarrek ere geroago Fultonen itsaspekoaren diseinua aztertu zutenean.
1812ko gerran, Silas Halsey hil zen 1814an, itsaspeko bat erabiltzen ari zela Londres Berriko badian ainguratutako gerraontzi britainiar baten aurka huts egindako eraso batean.
1851n, Wilhelm Bauerrek, artilleriako kabo bavariar batek, berak diseinatutako eta Brandtaucher (urpekari su-eragilea) izeneko itsaspeko bat uretaratu zuen Kieleko badian. Itsaspeko hori August Howaldt-ek eraiki zuen, eta errota batek bultzatzen zuen. Hondoratu egin zen, baina hiru tripulatzaileek bizirik ateratzea lortu zuten. Itsaspekoa, 1887an erreskatatu zuten, eta Dresdeneko museoan dago ikusgai.
Cosme García Sáezek, 1859ko azaroaren 16an, Parisen diseinatu eta patentatu zuen gero Bartzelonan eraiki zuen Garcibuzo itsaspekoa, Ondoren, Alacantera eraman zuen, eta, han, 1860ko abuztuaren 4an probatu zuten asmatzaileak eta bere semeak maneiatuta, 45 minutuz egon ziren portuan urpean. Espainian finantzaketarik aurkitu ez, eta Napoleon III.aren eskaintza errefusatu ostean, urpekoa hondoratu zuen asmatzailearen semeak Alacanten, portuko agintaritzak itsas zirkulazioa oztopatzen zuela jakinarazi ondoren.
Itsaspekoak Amerikako Gerra Zibilean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]AEBko gerra zibilean, batasunaren aldekoak izan ziren itsaspekoa erabili zuten lehen taldea. USS Alligator (kaimana), diseinu frantziarrekoa, AEBko armadako lehen itsaspekoa izan zen, eta aire konprimitua (eskifaiarentzat) eta airea iragazteko sistema zituen lehena. Alligator izan zen urpekaritza eskotila bat sartu zuen lehen itsaspekoa, urpekari bati etsaien ontzietan elektrikoki detonatzeko minak jartzeko aukera ematen ziona. Hasieran, tripulazioak mugitutako arraunen bidez bultzatuta, 6 hilabeteren ondoren birmoldatu egin zuten biradera batek mugitutako helize batekin propultsatzeko. 20 pertsonako tripulazioarekin, 14,3 m luze eta 1,2 m zabal, itsaspeko konfederatuak baino handiagoa zen. 1863ko apirilaren 1ean desagertu zen, Hatteras lurmuturraren ondoan, tripulaziorik gabe. Atoian zeramatela Charlestonen lehen borrokaldia egitera.
Itsaspekoak Hego Amerikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo itsaspekoa Jose Rodriguez Labanderak Ekuadorren eraikitako Hipopotamo ontzia izan zen, eta, Jose Quevedorekin batera, Guayas ibaia gurutzatu zuen 1838ko irailaren 18an. Rodriguez Labanderak moldaketa batzuk egin zizkion Hipopotamoari, eta beste bi aldiz gurutzatu zuen ibai bera. Hala ere, gobernuaren interes faltagatik, ontzia Guayas ibaiaren ertzetan hondatuta geratu zen, eta denborak suntsitu zuen[13].
Trakzio mekanikoko itsaspekoak (XIX. mendearen amaiera)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Propultsio-sistemarako gizakien trakzioa erabiltzen ez zuen lehen itsaspekoa Plongeur frantsesa izan zen. 1863an uretaratu zen, eta 12,4 bar-eko aire konpramitua erabiltzen zuen (180 PSI)[19].
Errekuntza-motorra izan zuen lehen itsaspekoa Ictineo II.a izan zen, lurrun eta peroxido bidez propultsatua, Bartzelonan 1864an Narciso Monturiol-ek eraikia eta 1864ko urriaren 2an La Barcelonetan uretaratua. 17 m-ko luzera zuen eta 65 t desplazatzen zituen. Hasieran, propultsioa helize bat zen, 16 gizonek eragindako biradera baten bidez biratzen zena, baina errendimendu eskasa zela eta, bi urte geroago, 6 ZP-ko lurrun-motorra jarri zitzaion; 1867ko urriaren 22an, lurrun bidezko lehen irteera egin zuen[19]. Ontzia bi laguneko tripulazioa hartzeko diseinatuta zegoen, 30 m uretan murgilduta eta bi orduz urpean egoteko. Gainazalean, lurrun-motorra erabiltzen zuen; urpean, ordea, motor hark berehala xahutuko zukeen itsaspeko oxigenoa, eta Monturiolek kimikara jo zuen potasio klorato, zink eta manganeso peroxidozko nahastura bat kontsumitzen zuen motor bat asmatzeko. Metodo horren dotorezia zen helizea mugiarazten zuen erreakzioak oxigenoa askatzen zuela, eta, tratatu ondoren, kroskoan erabiltzen zen tripulazioarentzat, eta lurrun-motor osagarri bat ere elikatzen zuen ontzia urpean higiarazten laguntzeko. Bartzelonako portuan erakustaldi arrakastatsuak egin arren, Monturiolek ez zuen lortu espainiar edo beste edozein herrialdetako armadaren interesik piztea.
1870ean, Jules Verne idazle frantsesak zientzia-fikziozko klasikoa argitaratu zuen Hogei mila legoako bidaia itsaspetik (Vingt mille lieues sous les mers), asmatzaile inkonformista baten abenturak Nautilus itsaspekoan (garai hartako itsaspeko guztiak baino aurreratuagoa) kontatzen zituen. Istorioak itsaspeko aurreratuagoak eraikitzeko inspirazioa eman zien asmatzaileei.
XIX. mendearen amaieratik Lehen Mundu Gerra arte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mende aldaketa erabakigarria izan zen itsaspekoen garapenean, teknologia ugarik debuta eginez, eta hainbat herrialdek eraiki eta onartu zituzten. Propultsio diesel-elektrikoa energia sistema nagusi izatera pasatu zen, eta hainbat tresna normalizatuak izan ziren, hala nola periskopioa. Esperimentu ugari egin ziren itsaspekoentzat eraginkorrak ziren taktika eta armei buruz, eta horrek hurrengo Lehen Mundu Gerran izan zuten eragin handia erakutsiko zuen.
1888an, Kanariak Alemaniaren mehatxupean, Isaac Peralek itsaspeko bat egiteko asmoa iragarri zuen; herritarren onarpen zabala ikusirik, proiektuarekin hasi zen, eta, urte horren amaieran, Peral itsaspekoa uretaratu zen Cadizen, zeinak, lehen aldiz, motor elektriko bat eta periskopio bat zituen; itsaspekoa 22 metro luze zen[20].
1895ean, John Philip Holland asmatzaile irlandarrak itsaspeko ontzi bat diseinatu zuen, zeinak, lehen aldiz, gainazalean barne-errekuntzako motor bat eta urpean bateriaz elikatutako motor elektriko bat baitzituen. 1902an, Hollandek 708553 zenbakidun USPTO patentea jaso zuen. Bere ontzietako batzuk Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Errusiako Armada Inperialak eta Japoniak erosi zituzten.

Itsaspekoak Lehen Mundu Gerran
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerran, estratega militarrek benetako garrantzia eman zieten itsas guduei. Lehenik eta behin, energia diesela eta elektrikoa erabiltzen zuten modeloak erabili zituzten, baina maiz kargatu behar ziren, eta, gehienez, 10 korapiloko abiadura lortzen zuten. (18 km/h).

Itsaspeko militarrek guduan eragin nabarmena izan zuten lehen aldia Lehen Mundu Gerra izan zen. Alemaniako U-Boot-ek Atlantikoko guduan borrokatu ziren, eta RMS Lusitania hondoratzearen arduradunak izan ziren; horrek, Estatu Batuek gerran sartzeko hartutako erabakiari, sinesgarritasun handia ematen dio.
U-Boot-en ahalmena gerrarako makina baliagarri gisa erabiltzeko zegokion: taktika berriei, kopuruari eta itsaspeko teknologiei, adibidez, aurreko urteetan garatutako energia-sistema diesel elektrikoari. Urpeko ontzi gisa, itsaspeko moderno gisa baino gehiago, U-Boot-ek, nagusiki, ur-azalean jarduten zuten motor konbentzionalak erabiliz, bateriak erabiliz noizean behin urperatzeko eta erasoak egiteko. Kroskoaren sekzioa triangeluarra zen, gutxi gorabehera, gila bereizgarri batekin olatuak kontrolatzeko, eta branka bereizgarri batekin. 1916an, Konjovic serbiarra, Austria-Hungariaren zerbitzura zegoena, historian sartu zen, itsaspeko bat airetik suntsitu zuen lehen pilotu izan baitzen, zehazki, itsaspeko frantses bat Adriatikoan. Bonbardaketaren ostean, bizirik atera zirenak bazirela ikusi zuenean, hidrohegazkina uretaratu eta salbatu egin zituen. Ekintza heroiko horrengatik, 1968ko otsailaren 14an, Frantziako Gobernuak aitorpen berezia eman zion itsas borroketako heroismoagatik, gizatasunagatik eta errukiagatik. Oraindik orain, Konjovicen erretratu bat dago, marinelak salbatzen, Frantziako armadaren egoitza ofizialean.
Gerra arteko aurrerapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsaspekoen hainbat diseinu berri garatu ziren munduko gerren arteko urteetan. Nabarmenen artean, itsaspeko hegazkin-eramaileak zeuden; hangar iragazgaitz bat eta lurrun-katapulta bat zituzten, eta ur-hegazkin txiki bat edo gehiago bota eta bil zitzaketen. Horrela, itsaspekoak eta haien hegazkinak errekonozimendu-unitate gisa joka zezaketen ontzidiaren aurrean, funtsezko eginkizuna radarrik ez zen garai batean. Lehen adibidea HMS M2 britainiarra izan zen, ondoren, Surcouf frantziarra eta Japoniako Armada Inperialeko ontzi ugari. 1929ko Surcouf «itsaspeko gurutzaontzi» gisa ere diseinatu zen merkataritza-nabigazioaren aurka azaleko borroka bilatu eta borrokatzeko.
Itsaspekoak Bigarren Mundu Gerran
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemania
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak izan zuen itsaspeko flotarik handiena. Versaillesko Itunak ur-azaleko itsas indarrak mugatzen zituenez, Bigarren Mundu Gerra hasi baino urtebete lehenago hasi ziren Alemaniako itsas armada berreraikitzen. Ez zutenez, ur-azaleko borrokan, Britainia Handiko Itsas Armada Erreala garaitzeko esperantza handirik, Alemaniako goi-aginteak berehala geldiarazi zuen ur-azaleko itsasontzi handien eraikuntza, ia amaiturik zegoen Bismarck ontzia eta bi gurutzaontzi izan ezik, eta itsaspekoei eman zizkien baliabide guztiak, askoz azkarrago buka zitezkeen eta. Nahiz eta ekoizpen-instalazioak handitzea eta fabrikazio masiboari ekitea 1940ko zatirik handiena eraman, gerraren amaierarako, 1000 itsaspeko baino gehiago eraiki ziren.
Japonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Japoniak Bigarren Mundu Gerrako itsaspeko flotarik askotarikoena izan zuen, hala nola giza torpedo suizidak (Kaiten), itsaspeko nanoak (Kō-hyōteki, Kairyū), tamaina ertaineko itsaspekoak, hornikuntzan espezializatutako itsaspekoak (gehienak armadak erabiltzeko), distantzia luzeko itsaspeko flotak (askok hegazkin bat zeramatenak), gerrako urpeko abiadura handienak zituzten itsaspekoak (I-201 motakoak) eta hainbat bonbaketari garraiatu zitzaketen itsaspekoak (I-400, gerrako handiena). Itsaspeko horiek ere gerrako torpedorik aurreratuenez hornituta zeuden, 95 motakoak, oxigenoz propultsatuak.
Estatu Batuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estatu Batuek merkataritza-itsasontziak erasotzeko erabili zituzten beren itsaspekoak (merkataritza-eraso edo kortsario gerra), eta beste arma guztiak batera baino itsasontzi japoniar gehiago suntsitu zituzten.
Japoniak gerrako torpedorik onenak zituen lekuan, AEBko itsas armadak, beharbada, okerrena zuen, Mark 14 lurrun-torpedoa, Mk 6 detonazio magnetikoko espoleta bat eta Mk 5 ukipen-espoleta bat zituena; horietako bat bera ere ez zen fidagarria. Mark 14aren sakonera kontrolatzeko mekanismoa 1942ko abuztuan zuzendu zen, baina lehergailuen landa-probak ez ziren 1943ko erdialdera arte egin, Hawaiiko eta Australiako saiakuntzen hutsegiteak berretsi zituztenean. Arazoak konpondu nahian, estelarik gabeko torpedo elektriko bat jarri zen martxan, Horrek USS Tang eta USS Tullibee itsaspekoak galtzea eragin zuen, beren torpedoen inpaktuen ondorioz, eta kalte larriak USS Wahoon, brankan talka zirkular baten ondorioz, airezko bonbardaketa bat jasan aurretik.
Bigarren Mundu Gerran, 314 itsaspekok eman zuten zerbitzua AEBko armadan; 1941eko abenduaren 7an, 111 zeuden zerbitzuan, eta 203, Gato, Balao eta Tench motakoak, gerra garaian hasi ziren. Guztira, 52 ontzi galdu, eta 3506 marinel hil ziren. AEBko itsaspekoek, berriz, 5,3 milioi tonako 1392 ontzi etsai hondoratu zituzten, zortzi hegazkin-ontzi eta 200 gerraontzi inguru barne.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindiaren hiztegia, itsaspeko, Euskaltzaindia
- ↑ Euskaltzaindiaren hiztegia, urpeko, Euskaltzaindia
- ↑ (Gaztelaniaz) «Isaac Peral, Drebbel, Monturiol: quién inventó el submarino» La Vanguardia 2023-03-03 (Noiz kontsultatua: 2024-07-07).
- ↑ (Ingelesez) «Submarine Development» Defense Media Network (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ (Ingelesez) «7 Pioneering Early Submarines» History Collection (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ (Ingelesez) «The History of Submarines: From Science to Stealth» TheCollector 2023-05-04 (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ Krause, Matt. (2022-04-11). «Intrepid Fallen Heroes Fund» Intrepid Fallen Heroes Fund (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ (Ingelesez) Matters, Military History. (2011-03-26). «Submarine - The History of Submarine War | Military History Matters» www.military-history.org (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ hemeroteca.abc.es; página 89. 3 de julio de 1980.
- ↑ (Gaztelaniaz) «El mágico mundo de Cornelius Drebbel, el inventor del primer submarino en 1621» BBC News Mundo 2016-01-31 (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ (Ingelesez) «Inventing the Impossible: Cornelius Drebbel and the World’s First Submarine» History (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ (Ingelesez) «The First Submarine Was Invented by Cornelis Drebbel - Malevus» malevus.com 2022-09-07 (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ a b El Hipopótamo. .
- ↑ Rodríguez, Agustín. Cosme García: un genio olvidado, Logroño, Instituto de Estudios Riojanos, 1996, Colección Logroño, 19, Prólogo de D. Carlos Navajas Zubeldía 134 págs. ISBN 84-89362-16-5. 2.ª ed. id. 2007, 199 págs., ISBN 978-84-96637-29-0
- ↑ Cosme García: vida y zozobras del precursor del submarino. Documentos RNE, 27/06/15.
- ↑ (Ingelesez) Magazine, Hakai. «Stefan Drzewiecki, Submarine Tsar» Hakai Magazine (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ (Ingelesez) «The Role of Submarine Batteries in Undersea Warfare Technology» www.batterytechonline.com (Noiz kontsultatua: 2025-01-02).
- ↑ Pioneros de la Navegación Submarina
- ↑ a b Globalsecurity (inglés).
- ↑ «Isaac Peral - El submarino - Región de Murcia Digital» www.regmurcia.com (Noiz kontsultatua: 2024-04-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]