Mutiloi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Mutiloi edo bita bati lotutako hainbat soka
Kate-zulo bat, mutiloi sinple edo bakun bat, pataska bat eta mutiloi bikoitz bat.

Mutiloia (gaztelaniazko mutillón hitzetik) edo bita (ingelesezko bitt hitzetik), Azkueren hiztegiaren arabera, eta Orotariko Euskal Hiztegian jasota dagoen bezala, txalupetako zurezko pieza bat da oihalei eusten dioten sokak lotzeko erabiltzen dena; zenbait iturri bibliografikotan[1][2], gainera, beste adiera bat ere badago, euskarazko zenbait hiztegi modernotan jaso dena[3], baina ahozko erreferentzia bakar batean oinarritua: kai edo moila ertzetan txalupa eta ontziak amarratzeko egoten diren burdinazko euskarria.

Itsas-portuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasontzietako sokak mutiloi edo bita batera amarratzeko era egokia

Itsasontziak, portuetan geldirik egoteko, soka edo kateen bidez lotu egiten dira mutiloietara. Normalki metalezkoak izaten dira, eta kaiaren ertzean egoten dira, itsasontzia porturatzen denean erraztasunez lotu ahal izateko. Irudian ikusten den bezala, sokak amarratzeko modu zehatz bat dago, askatzerakoan edozein orden erabiltzea baimentzen duena.

Mutiloiak ala bolardoak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Semaforoa barruan duen bolardoa, Madrilen

Mutiloi hitzari berriki beste erabilera bat eman zaio, lerradura semantikoa eginez baina bestelako oinarri terminologikorik gabe, errepideak eta oinezkoen eremuak bereizteko erabiltzen diren zutoinak adierazteko[4]. Ez dirudi komenigarria denik adiera horretan erabiltzea mutiloi hitza, euskal hiztegietan jasota dagoen adiera bakarra kaietako burdinazko piezari edota txalupetako zurezko piezari dagokielako.

Bestalde, bolardo hitza ere agertzen da itsas alorreko esanahi horrekin Elhuyar hiztegian eta Euskalterm datu-base terminologikoan, gaztelaniaz ere bi adierak dituelako, bai itsas alorrari lotutakoa eta baita kale edo errepideetako osagai horri dagokiona (eta, bide batez, ingelesezko bollard hitzaren bi adiera horietan oinarrituta, hitza ingelesetik hartutako mailegua baita.

Bolardo hitzak, dena den, lekukotasun ugari ditu euskaraz ere hirigintzan erabiltzen diren altuera txikiko zutoinak edo ibilgailuen pasaera oztopatzeko erabiltzen diren bestelako osagaiak adierazteko, harriz, metalez edo beste elementu batez eginak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. E. Barrutia Etxeberria: Bermeo eta Mundakako Arrantzaleen Hiztegia. UEU (1996)
  2. I.M. Garmendia Berasategi: Irudidun Itxas-Iztegia = Diccionario Marítimo ilustrado. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, (1970).
  3.   Fundazioa, Elhuyar, bolardo, noray - Elhuyar hiztegiak, https://hiztegiak.elhuyar.eus/es/bolardo. Noiz kontsultatua: 2017-08-22  .
  4.   M, Berasategi Zurutuza, Joxe (Ost, Urt 28, 13:09:35, CET 2015), https://postaria.com/pipermail/itzul/2015-January/023704.html. Noiz kontsultatua: 2017-08-22  .

Ikus, baita[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mutiloi