Mohamed Siyad Barre
Mohamed Siyad Barre (somalieraz: Maxamed Siyaad Barre, arabieraz: محمد سياد بري—; Garbahare, Somalia hegoaldean, 1919ko urriaren 6a - Lagos, Nigeria, 1995eko urtarrilaren 2a) Somaliako diktadorea izan zen.
1930eko hamarraldiaren hasieran, Italiako polizia koloniarrean sartu zen. 1941ean, britainiar polizian sartu zen. Garai horretan, bidaia ugari egin zituen Somalia barrualdera, eta oso ondo ezagutu zituen herrialde hartako bazter guztiak. 1950ean, Somalia italiarren mende gelditu zenean, Siyad Barre poliziako inspektore-buru zen.
1954-1955 urteetan carabinieri polizia-akademiara bidali zuten, Florentziara, eta polizia-koronel bihurtu zen. Ondoren, Benaadir eskualdeko polizia-buru egin zuten, independentziaren bezpera arte. 1960an gudarostera joan zen, eta 1965ean gudarosteko komandante-buru izendatu zuten. 1969ko estatu-kolpearen ondoren, Barreren bizitza eta Somaliako estatuaren historia nahastu egiten dira. Izan zituen karguei esker oso ondo ezagutu zituen gudarostea eta polizia. Estatuaren pribatizazioa eta klanen banaketa bideratu zituen, eta oposizio politikoak eta militarrak bortizkeriaz zapaldu zituen.
1990ean izan zen altxamenduak ez zuen aginpidetik irtenarazi, eta hainbat astetan eutsi zion altxamenduari, hiriburua utzi aurretik. Une horretatik aurrera, Somaliako historiaren aldi ilunena hasi zen: herrialdea txiki-txiki eginda zegoen, borrokaldi etengabe eta lapurreta ugarien ondorioz. Azkenik, 1992an, Siyad Barrek porrota onartu behar izan zuen, eta atzerrira alde egin zuen, Lagosera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mohamed Siyad Barre |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.