Kwame Nkrumah
Kwame Nkrumah edo Francis Nwia Nkrumah (1909 irailaren 18a edo 21a - Bukarest, Errumania, 1972ko apirilaren 27a) ghanatar politikaria izan zen, Ghanako independentziaren liderretako bat, eta lehenbiziko presidentea.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ekonomia eta soziologia ikasketak egin zituen Estatu Batuetan eta bertan eskubide zibili buruz arrazakeriaren aurkako ideiak zituzten mugimenduekin harremanak izan zituen.
1945ean, Britainia Handian zela, Afrikako independentziaren aldeko borrokan hasi zen. 1947an, Ghanara itzuli zen eta Urrezko Kostako Konbentzioaren Batasuna (United Gold Coast Convention, UGCC) alderdi abertzaleko idazkari nagusi izendatu zuten. 1949an, alderdi hori utzi eta Herriaren Konbentzioaren Alderdia (Convention People’s Party, CPP) sortu zuen. 1950eko iskanbilak zirela eta espetxeratu zuten. Haren alderdiak 1951ko hauteskundeak irabazi zituenean askatu egin zuten, eta Britainia Handiaren tutoretzapean osatutako lehen gobernu autonomoko lehen ministro izendatu zuten.
1957an, Ghanak independentzia eskuratu zuen. Afrikako estatu burujabeen higikundeak eta kolonialismoaren aurkakoak 1958an Akkran egin zuten batzarra sustatu zuen, eta panafrikanismoaren buruzagi izan zen. 1960an, errepublikako presidente izendatu zuten; sozialismorantz bideratu zuen bere politika, eta Maoren Txinaren aliatu egin zen. Herrialdearen industrializazioa bultzatu zuen, kakaoaren salmentaren onurez baliatuz. 1965ean, presidente izendatu zuten berriro ere. 1966an, Txinan zela, militarren estatu kolpe batek aginpidetik kendu zuen eta Ginean erbesteratu zen. Errumanian hil zen 1972ko apirilaren 27an.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2020/12/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.