Zirkuitu-diagrama

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Goian: zirkuituaren irudia
Behean: zirkuitu-diagrama, ikur elektroniko estandarizatuekin (osagai eta konexioen kokapena ez dator bat kokapen fisikoarekin).

Zirkuitu-diagrama (baita eskema elektriko edo eskema elektroniko) —ingelesez: ''circuit diagram, electrical diagram, elementary diagram edo electronic schematic'', gaztelaniaz: ''diagrama electrónico, esquema eléctrico edo esquemático''—, zirkuitu elektriko baten irudikapen grafikoa da.

Zirkuituaren irudia egiteko osagaien irudi sinpleak erabiltzen diren bitartean, zirkuitu-diagraman osagaiak eta hauen harteko konexioak ikur elektroniko estandarizatuak erabiliz erakusten dira. Orokorrean, zirkuitu-diagraman irudikatzen den osagai elektronikoen eta hauen harteko konexioen kokapena ez dator bat kokapen fisikoarekin.[1]

Zirkuitu-diagramak zirkuituak diseinatzeko, zirkuitu inprimatuen diseinua egiteko, zirkuituak muntatzeko eta ekipamendu elektriko eta elektronikoaren mantentze lanak egiteko erabiltzen dira.

Legendak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikatze-iturri baten zirkuitu-diagrama, osagai bakoitzaren erreferentzia eta balioarekin.

Zirkuitu diagrama baten, osagaiak deskriptore edo erreferentzia baten bitartez identifikatzen dira. Adibidez, R1 lehen erresistentzia da, R2 bigarren erresistentzia, C1 lehen kondentsadorea, L1 lehen induktorea, Q1 lehen transistorea, IC1 lehen zirkuitu integratua, etabar. Erreferentzia hau osagaiaren ikur elektronikoaren alboan, gainean edo azpian jartzen da, betiere lerro elektrikoen gainean ez ezartzea zainduta, honek legenden ulertzea zaildu egingo luke eta.

Osagaien balioa erreferentziarekin batera ezarri daiteke zirkuitu-diagraman —adibidez R1 4,7 KΩ—, edo/eta aparteko osagai zerrenda baten ezarri. Osagai zerrendan beste informazio gehigarri eta ohar batzuk ere barneratu daitezke.

IEC 61346 estandarrak erreferentziak izendatzeko arau zehatzak batzen ditu.

Ikurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkuitu-diagrametan erabiltzen diren ikur elektroniko arrunt batzuk.

Zirkuitu-diagrametan erabiltzen diren ikur elektronikoen erabilpen arauak historikoki herrialde batetik bestera desberdinak izan dira, eta denborarekin aldatzen joan dira, baina gaur egun neurri haundian nazioartean estandarizatuak daude.

Askotan, osagai sinpleak berauen fabrikazio fisikoaren ezaugarriak adierazten dituen ikur baten bitartez irudikatu izan dira. Adibidez, erresistentziaren sigi-saga erako ikurraren jatorria, osagai hau egiteko alanbre zati luze bat induktantziarik ez sortzeko moduan itzulbiratzen zenekoa da —biribilki eran egingo balitz induktantzia sortuko luke—. Gaur egun alanbredun erresistentzia hauek potentzia-elektronikan bakarrik erabiltzen dira, erresistentzia txikiagoak ikatz konposatuarekin —ikatz eta masilla betegarri nahaste bat— egiten direlarik, edo metalezko film batekin jantzitako zilindro isolatzaile eran. Ondorioz, erresistentziaren ikurtzat laukizuzen bat hartu da, batzuetan balioa ohm-etan laukizuzenaren barruan idatzita duena, sigi-saga itxuradun ikurraren ordez. Lanpararen ikurrak ere aldaketa asko izan ditu urteetan zehar.

Konexio elektrikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lotura elektrikoak zirkuitu-diagrametan:
1, 2, 3 eta 4 adibideak zaharkituta gelditu dira eskema modernoetan
1. Lotuta. (Zaharkituta).
2. Lotura gabe. (Zaharkituta)
3. Lotuta. (Hasierako CAD paketeen estiloa).
4. Lotura gabe. (Hasierako CAD paketeen estiloa).
Eskema modernoetan erabiltzeko 5b eta 6 dira egokienak
5a, 5b. Lotuta. (Irudikapen modernoa, 5b hobeto)
6. Lotura gabe. (Irudikapen modernoa.)

Iraganean lerro elektrikoen harteko lotura elektrikoak lerro gurutzatu soilen bitartez irudikatzen ziren —irudiko 1. adibidea—; lerroen harteko konexiorik gabeko "gurutzatzea" lerro bietatik baten zirkuluerdi bat ezarriaz irudikatzen zen —2. adibidea—.

Ordenagailuz lagundutako diseinua agertu zenean, lerro elektriko biren harteko lotura "puntu" edo "tanta" baten bitartez irudikatu zen —3. adibidea—, eta lerro harteko konexiorik gabeko "gurutzatzea" lerro gurutzatu soilen bitartez irudikatu zen, "puntu" gabe —4. adibidea—. Hala ere, puntua txikiegia marrazten bazen edo "desagertzen" bazen —hainbat fotokopia generazio egin eta gero, adibidez—, loturadun eta lotura gabeko lerro gurutzatzeak nahasteko arriskua zegoen —3. eta 4. adibideak—.

Lotura elekrikoa daukaten eta "gurutzatzen" diren lerro elektriko bi irudikatzeko era modernoa "puntu" baten ordez bi erabiltzea da —5. irudia, lehentasunez 5b—, banandutako T-lotura bi erabiliz, hauek ez baitute nahasterik sortzen.[2] Lotura elektriko gabe gurutzatzen diren lerro bi irudikatzeko, lerro gurutzatu soilak erabiltzen jarraituko da —4. eta 6. irudiak—.

Diagramaren egituraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anplifikagailu baten zirkuitu-diagrama. Goian, V+ tentsio positiboa; behean, OV (lurra); ezkerrean, Input, seinale sarrera; eskuinean, output, seinale irteera

Hitzarmen unibertsala ez bada ere, ohikoa da zirkuitu-diagramak ezkerretik eskuinera eta gohitik behera antolatzea, seinale nagusiaren eta indarraren fluxua jarraituz. Adibidez, irrati-hargailu baten eskema elektronikoan, antena sarrera ezkerrean jartzen da eta bozgorailu irteera eskuinean. Elikatze-iturriaren positiboaren eta etapa bakoitzaren harteko konexioak horriaren goialdean joango lirake, eta lur-konexioak, elikatze-iturriaren negatiboak edo beste itzulera bide batzuk horriaren behealdean.

Mantenimendurako egiten diren zirkuitu-diagramek seinale nagusiaren ibilbidea nabarmenduta jarri beharko dute, seinaleek zirkuituan jarraitzen dituzten ibilbideen ulermena errazteko.

Gailu konplexuek hainbat horrialdez osaturiko eskemak dituzte. Hauetan erreferentzia gurutzatuak erabiltzen dira horrialde desberdinen doazen seinaleen jarraipena egin ahal izateko.

IEC 61082 estandarrak zirkuitu-diagramak prestatzeko arau zehatzak batzen ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Circuit Diagrams. Electronics Club webgunea. (2015eko maiatzaren 4an ikusia).
  2. (Ingelesez) Circuit Symbols. Electronics Club webgunea. (2015eko maiatzaren 4an ikusia).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]