Botoi (elektrizitatea)
Sakagailua, sakatzeko botoia edo soilik botoia bat makina edo prozesu baten aspekturen bat kontrolatzen duen etengailu mota bat da.
Sakatuta dagoen bitartean zirkuitua ixten du, eta bere kontaktuen artean korronte elektrikoa igaro daiteke; aitzitik, sakatuta ez badago, zirkuitua irekita dago, eta korronte elektrikoa ezin daiteke igaro. Halakoak dira botoi arruntenak, normalki irekiak deiturikoak (ingelesez: NO, normally open). Beste botoi batzuk normalki itxiak dira (ingelesez: NC, normally closed): horiek sakatu gabe badaude korrontea pasatzen uzten dute, eta sakatzen direnean zirkuitua irekitzen da. Botoi normalki itxi baten adibide bat da etxeko hozkailuko argia kontrolatzen duen botoia: atea itxita dagoenean botoia sakatuta dago, eta zirkuitua irekia; atea zabaltzerakoan, botoia aske gelditzen da, zirkuitua itxi eta bonbilla piztu egiten da. NO eta NC kontaktuak dituzten sakagailuak ere badaude.
Orokorrean botoiak material gogorrez egiten dira, metal edo plastikoz. Gainazala laua edo giza-hatzamar edo eskuari egokitua izaten da, era errazean sakatu eta askatu izan ahal dadin.
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sakagailu edo botoiak kalkulagailuetan, telefonoetan, eta etxeko eta bulegoko hainbat gailu mekaniko eta elektronikotan erabiltzen dira.
Batzutan erabiltzaileak sakatzen duen botoiak mekanikoki beste botoi bat eragiten du, azken hau delarik zirkuituan eragiten duena.
Industrian, botoiek betetzen duten funtzioaren araberako kolore kode bat jarraitzen dute, operadoreak ez dezan hanka-sartzez botoi okerra sakatu. Makina bat edo prozesu bat abian jartzeko ohikoa da kolore berdea, eta makina edo prozesua geldiarazteko gorria. Botoi berezi bat larrialdiko botoia da. Hau gorria izaten da, eta ohikoa baino buru handiagoa izaten du, larrialdi kasuan era errazean aurkitu eta sakatzeko. Askotan botoiek argi pilotu bat edukitzen dute, operadoreak makina edo prozesuaren egoera eta botoia egoki sakatu den ikusteko. Argi pilotu hauek ez dira botoiko elikadurarekin elikatzen, baizik botoiak eragiten duen prozesuaren elikadurarekin; horrela botoia sakatzerakoan honi dagokion prozesua abian jarri dela egiaztatzen da.