Pila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohiko pilak.
Pilaren ikur elektronikoa

Pila (elektrikoa) gailu elektrokimiko bat da, energia elektrikoa sortzeko erreakzio kimiko batean askaturiko energia kimikoa erabiltzen duena. Ohiko piletan, erreaktiboak pila fabrikatzean sartzen dira. Pilak ahitzen direnean, tentsioa ahuldu eta pila aldatu behar da.

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pila disoluzio elektrolitiko batean sartua dagoen metal baten oxidazioaren bidez energia elektrikoa ekoizten duen sorgailu bat da. Elektrolitoa isurkari eran dagoenean pila hezea dela esaten da, eta elektrolitoa inguru porotsu batean xurgatua dagoenean pila lehorra dela. Pila heze mota asko dago, baina ezagunena pila voltaikoa da (Alessandro Voltak asmatu zuelako ematen zaio izen hori). Pila mota honetan potentzial elektrolitiko desberdina duten bi metal eroale elektrolito batean sartuta jartzen dira, eta horrela korronte elektrikoa sortzen da. Hasierako pila voltaikoek zinka eta kobrea erabiltzen zituzten elektrodo gisa, eta gesalez hezetutako papera elektrolito gisa. Gaur egun ore erdi solidotuak erabiltzen dira elektrolito gisa; elektrodoak berunezkoak, nikelezkoak, zinkezkoak eta kadmiozkoak izan daitezke. Pila lehorrak ere mota askotakoak dira, baina gaur egun hiru motakoak erabiltzen dira gehienbat:

  • Leclanché pila; zinkezko anodoa, manganeso dioxidoz inguratutako ikatzezko edo grafitozko katodoa, eta amoniako klorurozko elektrolitoa ditu. Pila hauek lortzen duten higimen indarra 1,5 V ingurukoa da. Manganeso bioxidoak polarizazioa ezabatzen du, anodoan eratzen den hidrogenoa aldenduz eta pilaren barne erresistentzia gutxituz. Pila hauek ez dira itzulgarriak, hau da, behin zinkezko anodoa erabat oxidatu denean ezin dira gehiago erabili.
  • Merkuriozko pila; altzairuzko anodoa (pilaren ontzia) eta zinkezko katodoa du (kiribildua); elektrolitoa gai alkalino bat da; merkurio (II) oxidoa erabiltzen du polarizazioa kentzeko. Leclanché pilak baino lau aldiz iraupen luzeagoa du eta potentziala 1,35 V du.
  • Manganesozko pila; manganeso bioxidozko katodoa eta zinkezko anodoa ditu; elektrolitoa potasioaren gatz bat da. Leclanché pilak baino bi aldiz iraupen luzeagoa du eta 1,5 V-tako potentzial diferentzia lortzen du.

Hondakina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilak hondakin berezi, toxiko eta arriskutsuak dira. Pilak ez dira inoiz zaborrontzira bota behar. Euren bilketa gaikakoa egin behar da, haiek garbigunera eramateko edo horiek biltzen dituen denda batera eramateko.

Pilek ahalmen kutsagarri handia dute, eta birziklatzeak ahalmen hori kontrolatzea dakar. Adibidez, botoi-pila baten merkurioak 600.000 litro ur kutsa ditzake; horrek arrisku larriak dakartza, baita osasunarentzat ere. Piletan jasotako lehengaiak aprobetxa daitezen errazten du.

Garbiguneetan eta bestelako bilguneetan pilak utzi eta gero, pilok zentral birziklatzailera eramaten dira; bertan, merkurioa eta beste metal batzuk (zinka, kadmioa, beruna, zilarra) berreskuratzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]