James Joyce
Wikipedia(e)tik
James Augustine Aloysius Joyce (Dublin, 1882ko otsailaren 2 – Zurich, 1941eko urtarrilaren 13) idazle irlandarra XX. mendeko egilerik garrantzitsuenetarikoa da.
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
Bere gurasoak, John eta Mary, katoliko sutsuak ziren. Hamar anai-arrebetatik nagusiena izan zen. Bere lehen ikasketak jesuiten Clongowes Wood College izeneko eskolan egin zituen, baina bere familiaren egoera ekonomikoa dela eta, eskola hori utzi eta Belvedere College izeneko eskola publikora joan behar izan zuen. Garai honetan literaturaren zaletasuna erakusten hasi zen.
1898an Dublingo University College delako unibertsitatean matrikulatu zen hizkuntzak ikasteko. Garai honetan erlijio katolikotik aldentzen hasi zen. 1900en Ibseni buruzko saiakera bat argitaratu zuen Forthnighly Review aldizkarian. Hurrengo urteetan olerkiak idatzi zituen eta bere idazlanen ezaugarririk nagusiena izan zen esperimentazio bidea jorratzen hasi zen. Halaber, irlandar nazionalismoa errefusatu eta bere ama hizkuntza, ingelesa, erreibindikatu zuen, irlanderaren kaltean.
1902an, graduatu eta gero, Parisera joan zen, bere ikasketak jarraitzeko asmoz. Hala ere, bere familiaren porrot ekonomikoak (euren ondasun guztiak saldu behar izan zituzten eta ostatu batera joan) bere desioak alde batera uztera behartu zuen, eta kazetari eta irakasle moduan lan egin behar izan zuen. Baina bere egoera ekonomikoa familiarena bezain larria izan zen.
1903an Dublinera itzuli zen bere amari laguntzeko, minbiziak jota zegoelako. Amak eskatu zion erlijioa ez errefusatzea eta bere aita alkoholikoaz arduratzea. Amaren heriotzak deprimitu zuen. Garai zaila izan zen Joycerentzat, non lanbide asko frogatu zituen eta lagunen maileguei esker bizi zen.
1904ko ekainaren 16a (Ulysses eleberriaren argudioaren data) izan omen zen Nora Barnaclerekiko lehen hitzorduaren data. Nora zerbitzari bat izan zen eta berataz maitemindu eta bizitza osoa pasatu zuen berarekin, nahiz eta 1931 arte ez ezkondu. 1906 arte Zurichen bizi ziren eta gero Triesten, non ingeles irakasle izan zen. Triesten jaio ziren bere bi seme-alabak: Giorgio eta Lucia. 1907an iritisak jo zuen. Begietako gaixotasun honek ia itsu utziko zuen geroago.
Lehen Mundu Gerra hastean Zurichera joan ziren lehen eta gero Locarnora. 20ko hamarkadaren hasieran Parisera joan zen familiarekin. Joyce idazle ospetsua zen eta erosotasunean bizi zen, nahiz eta iritisa gaiztoagotu eta ezin izan irakurri.
Bigarren Mundu Gerran Zurichera joan zen, non duodenoko ultzera bat diagnostikatu zioten. 1941ean hil egin zen, peritonitisa sendatzeko ebakuntza egiten zioten bitartean.
[aldatu] Bibliografia
- Stephen Hero (1904)
- Chamber Music (olerkiak, 1907)
- Dubliners (1914)
- Exiles (antzezlana, 1918)
- A Portrait of the Artist as a Young Man (1916)
- Ulysses (1922)
- Pomes Penyeach (olerkiak, 1927)
- Finnegans Wake (1939)
[aldatu] Euskaraz
- Artistaren gaztetako portreta (A portrait of the artist as a young man) (1992). Ibaizabal argitaletxea. Itzultzailea: Irene Aldasoro.
- Dublindarrak (Dubliners) (1999). Alberdania argitaletxea. Itzultzailea: Irene Aldasoro.

