Jesus Nazaretekoa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Jesus» orritik birbideratua)

Jesus Nazaretekoa

(VI. mendea)
islameko, judaismoko, kristautasuneko profeta

Bizitza
JaiotzaBetleem eta Nazaret, K.a. 4. urtea inguru
HerrialdeaHerodesen Erresuma
BizilekuaNazaret
Kfar Nahum
Galilea
Talde etnikoaJuduak
Lehen hizkuntzaGalilean dialect (en) Itzuli
Bibliako hebreera
aramera
HeriotzaKalbario30eko apirilaren 7a (33/34 urte)
Hobiratze lekuaezezaguna
Hilobi Santuaren eliza
Talpioteko hilobia
Lorategiko hilobia
hilobia hutsik
Jerusalem
Heriotza moduaheriotza zigorra: Gurutziltzaketa
Familia
AitaJosef Nazaretekoa, Jainko Aita, baliorik ez
AmaMaria
Ezkontidea(k)ezezaguna
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
LeinuaFamilia Santua
Davidic line (en) Itzuli
Hezkuntza
Heziketaezezaguna
baliorik ez
HizkuntzakGalilean dialect (en) Itzuli
Bibliako hebreera
koinéa
aramera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakpredikaria, profeta, zurgina, errabinoa, taumaturgoa, erlijio burua, Sendalaria, Mesiasa, predikaria, irakaslea, erlijio sortzailea, tektōn (en) Itzuli eta pastor (en) Itzuli
Lantokia(k)Galilea
Enplegatzailea(k)ezezaguna
Lan nabarmenak
InfluentziakJoanes Bataiatzailea
KidetzaHirutasun
Mugimenduaapokaliptizismoa
Genero artistikoaparabola
Santutegia
Eguberria, Pazkoa eta Jesu Kristoren jaiegunak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioajudaismoa
Eseniarra

IMDB: nm1832670 Musicbrainz: bde40933-e89b-4f10-8e52-faa040c4cae4 Discogs: 823412 Find a Grave: 6017 Edit the value on Wikidata

Jesus Nazaretekoa[1] edo Jesu Kristo[1] (Betleem,[oh 1] K.a. 8 / K. o. 1Jerusalem, K. o. 29 / 33) erlijioaren erreformatzaile eta zabaltzailea izan zen, Judeako lurraldean bizi izan zena.[2][3] Kristautasunaren figura zentrala da, eta historiako pertsonarik esanguratsuena dela esaten dute iturri askok[4]. Kristau gehienek sinisten dute Jainko Semearen gizakundea dela eta Itun Zaharrak profetizatzen zuen mesiasa edo kristoa[5][6].

Antzinaroko historialari moderno ia guztiek uste dute Jesus historikoki existitu zela[oh 2] nahiz eta Jesus historikoaren bilaketak ez duen adostasun handirik lortu Ebanjelioen fidagarritasun historikoari dagokionez, zein Jesusek Biblian duen irudiak Jesus historikoa zein mailatan erretratatzen duenaren inguruan[13][14][15]. Jesus galilear judu bat izan zen[16], Joan Bataiatzaileak bataiatu ostean bere ministerioa hasi zuena. Ebanjelioen ahozko transmisioa egin zuen[17], eta askotan "errabino" deitu zuten[18]. Jesusek bere inguruko juduekin eztabaidatu zuen Jainkoa gurtzeko moduaz, sendaketak egin zituen, parabolen bidez irakatsi zuen eta jarraitzaileak bildu zituen[19][20]. Atxilotu zuten eta sanedrinaren aurrera eraman zuten[15], berriro itzuli zuten Erromako gobernuaren eskuetara eta gurutziltzatu zuten Pontzio Pilatosen aginduz[19]. Bere heriotzaren ostean, bere jarraitzaileek pentsatu zuten hildakoen artetik itzuli zela, eta sortu zuten komunitateak ebentualki Eliza goiztiarra osatu zuen[15].

Jesusen jaiotza urtero abenduaren 25ean ospatzen da (edo urtarrileko hainbat datetan ekialdeko elizetan) Gabon egun gisa. Bere gurutziltzaketa Ostiral Santuan oroitzen da eta berpizkundea Pazkoan. Munduko leku gehienetan erabiltzen den "AD" egutegia, latinezko Anno Dominitik ("Jaunaren urtean") edo beste batzuetan erabiltzen den "K. o" (Kristo ondorengo) Jesusen jaiotzaren ustezko dataren arabera definitzen da[21].

Kristau doktrinak sinisten du Jesus Espiritu Santuak sortu zuela, Maria izeneko birjina batetik jaio zela, mirariak egin zituela, Eliza Kristaua sortu zuela, gurutziltzatuta hil zela bekatuak berrerosteko, hildakoen artetik berpiztu zela, Zerura igo zela eta egunen batean berriro itzuliko dela[22]. Kristau gehienek uste dute Jesusek gizakiari baimendu ziola Jainkoarekin berradiskidetzea. Nizeako Kredoak dio Jesusek azken auzian bizirik zein hilik daudenak epaituko dituela[23] bere gizakundea baino lehen edo ondoren[24][25][26], Kristau eskatologian bigarren itzulerarekin lotzen den gertaera[27]. Kristauen gehiengo oso zabalak Jesus Jainkoaren Semetzat du, Hirutasunaren hiru pertsonetatik bigarrena. Elkargo kristauen kopuru txiki bat bakoiztarra da, osorik edo zati batean, uste dutelako ez dela idazkunetan agertzen.

Jesus figura garrantzitsua da mugimendu eta erlijio ez-kristauetan. Islamean Jesus (Isa gisa transliteratzen dena) Jainkoaren profeta garrantzitsutzat eta Mesias gisa dute.[28][29][30] Musulmanek uste dute Jesusek idazkiak ekarri zituela eta birjina batetik jaio zela, baina ez dela Jainkoaren semea. Koranaren arabera, Jesusek ez zuen inoiz jainkotartasuna aldarrikatu.[31] Musulman gehienek ez dute uste Jesus gurutziltzatu zutenik, baizik eta Jainkoak fisikoki igo zuela Zerura. Judaismoak, kontrara, ez du uste Jesus itxoiten duten Mesiasa izan zenik, argudiatzen ez zituela profezia mesianikoak bete, eta ez zela ez jainkotiarra ez inoiz berpiztu[32].

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen garaian judu batek izen bakarra izan ohi zuen, askotan "<aitaren izena>ren semea" formularekin edo jaiolekuaz jarraituta[33]. Euskaltzaindiaren arabera Jesus Nazaretekoa edo Jesu Kristo dira erabili behar diren izenak[1], hala ere Bibliaren itzulpenetan "Jesus Nazaretarra" ere agertzen da, Itun Berran ohikoena den izendapena[34]. Jesusen bizilagunek Nazareten bera izendatzeko "arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia anaia" dela esaten dute[35], "arotzaren semea"[36] edo "Joseren semea"[37]. Joanen Ebanjelioan Filpek "Jesus Jose Nazaretekoaren semea" dela aipatzen du[38].

Jesus izenak, jatorrian, «Yahvehk salbatzen du» esan nahi zuen arameraz.[39][40] Hebreeraz Iehoshua (ישׁוע, Yēšûaʿ) zen, eta hortik latinera pasa zen, Iesus forman.

Kristo hitza latinetik dator (christus) eta hori era berean grezieratik (Christós - 'Χριστoς' ahoskatu /khristos/, [kh] gipuzkerazko j da, jan hitzean bezala). 'Χριστoς', halaber, hebreeratik dator eta bertan meshiah erabiltzen da. Haren esanahia, hizkuntza horietan guztietan, «olioztatua» da.

Izen horrekin judutarrek euren apaiz, errege eta profetak izendatzen zituzten, Jainkoaren izenean hitz egiteko olioz igurtzi behar baitziren. Jesus Nazaretekoaren jarraitzaileek ere titulu hau eman zioten, Jesu Kristo deituta.[41] Denborarekin Kristo izena Jesusen baliokide bilakatu zen.

II. mendetik aurrera, Jesus Nazaretekoaren jarraitzaileei kristau deitzen hasi ziren Antiokian, kristoa jarraitzen zutela esaten baitzuten.

Jesus Itun Berrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Itun Berria»

Jesusen historia ezagutzeko oinarri garrantzitsuena Itun Berria da, bereziki bere jarraitzaileek idatzitako lau Ebanjelioak. Hala ere, ez dira liburu historikoak, gaur egun ulertzen den bezala, Jesusengan sinesten zuten bere jarraitzaileek idatzitako lanak baizik, Jesus Jainkoaren Semea eta Gizadiaren salbatzailea dela adierazteko.

Jaiotza eta haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Natibitatea»

Jesusen jaiotza eta haurtzaroa ezagutzeko iturri bakarrak Mateo (Mt 1:18-2) eta Lukasen (Lk 1:5-2) ebanjelioak dira. Markosen eta Joanen ebanjelioetan ez dira gai horiek aipatzen.[42][43]

  • Mateoren arabera, Maria bere senargai Josefekin Betleemen bizi zen, ezkontzeko hitz emanda. Maria haurdun geratu zen inork nola jakin gabe, eta Josefek beragandik banatzea erabaki zuen. Hala ere, ametsetan mezu bat jaso zuen, Mariaren semea Espiritu Santuaren bitartez sortu zela esanez, Jainkoak Israeli bidali beharreko Mesias hain zuzen (Mt 1:19-21). Jesus jaiotzean Ekialdeko Azti batzuk etorri ziren bera gurtzera, izar bati jarraituz. Herodes erregeak Jesus hil nahi zuela jakinda, Josefek Maria eta Jesus hartuta Egiptora alde egin zuen eta han egon ziren Herodes hil arte (Mt 2:19-29).
  • Lukasen ebanjelioaren arabera, Maria eta Josef Nazareten bizi ziren. Mariak aingeru baten bidez Jainkoaren semearen ama izango dela jakin zuen (Lk 1:26-38). Bere haurdunaldia, gainera, bere lehengusina Elisabetenarekin lotuta dago: harengandik jaio zen Joan Bataiatzailea, Jesusi bidea gertatu ziona. Garai hartan Erromatar Inperioan errolda garrantzitsu bat egin zen eta Josef Betleemgoa zenez, bertara joan behar izan zen izena ematera.[44] Bidaia hartan jaio zen Jesus, estalpe batean. Artzainek eta inguruko herritarrek gurtu zuten. Hortik aurrera, Jesusen haurtzaroa Nazareten pasatu zen, 12 urte zituela Jerusalemera egindako erromesaldi bat gorabehera.

Bataioa eta tentaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristoren bataioa, Piero della Francescaren lana

Joan Bataiatzaileak Jesusen berri eman zuen bere bizitzan zehar. Jesusek Joanen bataioa jaso zuen Jordan ibaian, eta une hartan Espiritu Santua jaitsi zen Zerutik uso itxuran, eta Jainkoaren ahotsa entzun zen Jesus bere seme maitea zela aitortuz.

Bataioaren ondoren, Jesus basamortura joan zen berrogei eguneko baraua egitera. Aldi hartan, Satanek tentatu zuen hiru aldiz. Horren ostean, bere jarraitzaileak (Apostoluak) aukeratu zituen, Galileara itzuli zen eta han hasi zuen bere bizitza publikoa.

Bizitza publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere jarraitzaileekin batera (Apostoluak eta gainerako ikasleak), Jesus Galilea eta Judea lurraldeetan zehar ibili zen bere mezua zabaltzen eta mirariak egiten.[45] Aldi honen iraupenari buruz ez dugu datu zehatzik. Hala ere, Joanen ebanjelioan aipatzen den bezala, Jesus hiru aldiz igo zen Jerusalemera Pazko judua ospatzera bere ikasleekin. Hori dela eta, Jesusen bizitza publikoa hiru urte ingurukoa izan zela uste dute aditu gehienek. Beste ebanjelioek Jerusalemen ospatu zuen Pazko bakarra aipatzen dute. Pazko horretan gertatu zen Jesusen azken afaria, nekaldia, heriotza eta piztuera.

Jesusen bizitza publiko gehiena Galileako iparraldean gertatu zen, Tiberiades lakuaren inguruan, Kafarnaum herritik gertu. Hala ere, Kana, Nazaret, Nain, Betsaida eta beste herri galilear batzuetan ere ibili zen. Judean Jerusalen, Betania, Jeriko... bisitatu zituen.

Jesusek 12 Apostolu aukeratu zituen, bere jarraitzaile leialenak izateko. Petri eta Andres anaiak eta Jakue eta Joan anaiak ziren taldearen gunea, lehendabizi aukeratutakoak. Beraien bizimoduari buruz, badakigu lau horiek (eta seguru beste batzuk ere) arrantzaleak zirela, familia apalekoak, baina bazeuden bestelakoak ere, Mateo zerga-biltzailea, esaterako.

Jesusek sinagoga eta toki publikoetan hitz egiten zuen, eta ebanjelioen arabera, jendetza izugarriak biltzen ziren berari entzuteko. Parabolak erabiltzen zituen Jainkoaren Erreinuaren izaera azaltzeko, eguneroko gertakizun arruntetan oinarritutako ipuinak: ezagunak dira, besteak beste, seme galduarena, ardi galduarena, galburuarena, Epulon aberatsa eta Lazaro behartsuarena, ezkontzara gonbidatutako neskatilena, eta abar haren mezua maitasunean oinarritzen zen, baita etsaiei agertu beharreko maitasunean ere. Jainkoaren gertutasuna azpimarratzen zuen, Jainkoari Abba (Aita) deituz. Jainkoa gertu zegoela zioen, bereziki bekatari eta ahulenei bihotz berritzeko eta berarengana gerturatzeko dei eginez.

Mirariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusek hainbat mirari egin zituen bere bizitzan zehar.[46] Ebanjelioetan 27 mirari aipatzen dira: motaren arabera, honela sailka daitezke:

Sendatzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Petriren amaginarreba sendatu zuen, eskuak gainean ezarriz (Mk 1,29-31; Mt 5,14-15; Lk 4,38-39).
  • Galileako legenardun bat, bere hitzez eta ukituz (Mk 1,40-45; Mt 8,1-4; Lk 5,12-16).
  • Kafarnaungo elbarri bat sendatu zuen bekatuak barkatu ondoren (Mk 2,1-12; Mt 9,1-8; Lk 5,17-26).
  • Eskua lehor zuen gizon bat sendatu zuen sinagoga batean larunbatez (Mk 3,1-6; Mt 12,9-14; Lk 6,6-11).
  • Odol jarioak zituen emakume bat sendatu zuen, horrek haren soinekoa ukitu ondoren (Mk 5,25-34; Mt 9,18-26; Lk 8,40-56).
  • Dekapoliseko gor-mutua sendatu zuen belarrietan txistua sartuz eta mingaina ukituz, Effata (Zabal zaitez) esanda (Mk 7,31-37).
  • Betsaidako itsu bat sendatu zuen txistuaz begiak igurtziz (Mc 8,22-26).
  • Bartimeo, Jerikoko itsua, sendatu zuen (Mt 20,29-34; Mk 10,46-52;Lk 18,35-45).
  • Kafarnaungo zenturioiaren morroia sendatu zuen urrutitik (Mt 8,5-13, Lk 7,1-10, Jn 4,43-54).
  • Lepoa okertuta zuen emakume bat sendatu zuen (Lk 13,10-17).
  • Hidropiko bat sendatu zuen fariseo baten etxean (Lk 14, 1-6).
  • Jerusalema bidean ikusi zituen hamar legenardun sendatu zituen (Lk 17,11-19).
  • 38 urte gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zuen Jerusalemen larunbatez (Jn 5,1-9).
  • Jaiotzez itsua zen bat sendatu zuen begiak txistuz eta basaz igurtzita (Jn 9,1-12).

Espiritu gaiztoak kanporatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kafarnaungo sinagogatik deabrua kanporatu zuen (Mk 1,21-28; Lk 4,31-37).
  • Gerasako eskualdeko deabrua kanporatu zuen (Mt 8,28-34; Mk 5,1-21; Lk 8,26-39); .
  • Emakume feniziar baten alaba hartuta zeukan deabrua kanporatu zuen (Mt 15,21-28; Mk 7,24-30).
  • Epileptiko bat menperatuta zeukan deabrua kanporatu zuen (Mt 17,24-20; Mk 9,14-27; Lk 9,37-43).
  • Deabru mutu bat kanporatu zuen (Lk 11,14; Mt12,22).

Berpizteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jairo fariseuaren 12 urteko alaba berpiztu zuen. Guztiek hilda zegoela uste zuten arren, Jesusek lo zegoela esan zien (Mt 9,24; Mk 5,39; Lk 8,52).
  • Naimeko alargunaren semea berpiztu zuen (Lk 7,11-17).
  • Lazaro bere adiskide mina berpiztu zuen Betanian (Jn 11,1-44).

Naturako mirariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esanahi sinboliko garrantzitsuko egintza miragarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ogi eta arrainen ugaritzea (Mc 6,32-44; Mt 14,13-21; Lc 9,10-17; Jn 6,1-13). Markosen ebanjelioan (Mk 8,1,10) eta Mateorenean (Mt 15,32-39) bina ogi ugaritze agertzen dira.
  • Arrantza ikusgarria (Lk 5,1-11; Jn 21,1-19).
  • Kanako ezteietako miraria. Ura ardo bihurtua (Jn 2,1-11).

Jesusen etsaien arabera, mirariok egiteko ahalmena Deabruagandik zetorkion. Jesusek, hala ere, sendo defendatu zuen bere burua, egintza harrigarriak eginez. Mirariak egiteko ahalmena eman zien bere ikasleei. Gainera, Jesusen ikasle izan ez arren bere izenean mirariak egiten zituen gizon baten aipamena ere egiten da ebanjelioan.[47]

Antzaldatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jesusen Antzaldatzea»

Ebanjelio sinoptikoetan agertzen denez, Jesus Jerusalema zihoala mendi batera (Tabor mendia) igo zen Petri, Joan eta Jakuerekin batera. Otoitzean zegoela aurpegia aldatu zitzaion eta bere jantzia zuri ikusgarri bihurtu zen. Moises eta Elias profetak agertu ziren bere ondoan, eta Zerutik ahots bat entzun zen: "Hau da nire Semea, nire maitea, entzun iezaiozue". Apostoluek ez zuten honetaz ezer esan, Jesus berpiztu zen arte.[48]

Nekaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Nekaldia»

Jerusalemera iristea eta Tenplua garbitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebanjelio guztietan aipatzen da Jesus Jerusalemen astakume baten gainean eserita sartu zela. Jendetzak "Daviden Seme" gisa goraipatu zuen, baita errege gisa ere.[49] Horrek agintari politiko eta erlijiosoen artean ezinegona sortu zuen.

Sinoptikoen arabera, Jesus Tenpluan sartu zen eta bertan merkatariak negozioetan ikusi zituen. Otoitz lekua lapur-zulo bihurtu zela esan zuen, eta merkatari guztiak kanporatu zituen eta animaliak (sakrifikatzeko zeudenak) askatu egin zituen.[50] Tenpluaren erorketa, nekaldia eta eliza berriaren sorrera aurreikusi zituen.

Azken Afaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jesusen Azken Afaria»

Ebanjelioen arabera, Pazko Afaria Jerusalemen egin zuen Apostoluekin. Apostoluetako batek, Juda Iskariotek, salduko zuela aurreikusi zuen bertan. Afaltzen ari zirela, ogia hartu, bedeinkatu eta hitz hauek esan zituen: "Har ezazue eta jan guztiok honetatik. Hau nire gorputza da, zuentzat emango dena". Afalondoan, ardoaren kaliza harturik, zera esan zuen: "Har ezazue eta edan, guztiok honetatik. Hau nire odolaren kaliza da, Itun Berri eta betikoaren odola, zuentzat eta guztientzat bekatuak barkatzeko isuriko dena. Egizue hau nire oroigarri".

Ekintza hau biziki garrantzitsua da Eliza Katolikoarentzat (baita beste eliza kristauentzat ere, jakina). Katolikoek Azken Afarian Eukaristia eta Abadetzako sakramentuen sorrera ikusten dute.

Atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afaldu ondoren, Jesus bere ikasleekin Getsemaniko baratzera joan zen otoitz egitera. Apostoluek ezin izan zuten otoitzean jarraitu, eta loak hartu zituen. Jesusek bazekien zer zetorkion (heriotza), eta momentu gogorra izan arren, Jainko Aitaren nahia betetzea erabaki zuen oso-osorik.

Bat-batean Juda agertu zen erromatar eta farisear talde batekin. Jesusi musu eman zion, eta horrela soldaduek harrapatu egin zuten. Apostolu batzuk erresistentzia jarri zuten arren (Petrik soldadu bati belarria moztu zion) azkenean guztiek alde egin zuten Jesus bakarrik utzita. Judak, zer egin zuen jakitean, bere buruaz beste egin zuen.

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Kaifas apaiz nagusiaren aurrera eraman zuten, eta bertan Sanedrinak (juduen epaitegia garai hartan) epaitu egin zuen gezurrezko testigu batzuei entzunda. Baina deklarazioak bat ez zetozela eta, Kaifasek zuzenean galdetu zion Jesusi ea bera zen etortzeko zegoen Mesias. Jesusek erantzun zion: "Zeuk esan duzu". Horregatik, Abade nagusiak biraoa esan zuela aldarrikatu zuen eta heriotza merezi zuela pentsatu zuten.[51]

Hurrengo goizean Pontzio Pilatoren aurrera eraman zuten Jesus, herria nahasten zebilelako salaketapean.[52] Pilatok galdeketa egin zion, baina ez zion errurik aurkitu. Hala ere, abade nagusiak eta bere jarraitzaileak bere aurka hain gogor jotzen zutela ikustean amore eman zuen eta Barrabas izeneko gaizkilea askatu zuen Jesusen ordez. Jesus gurutzean hiltzeko agindu zuen, baina erabakiarekin ados ez zegoela adierazteko eskuak garbitu zituen guztien aurrean.[53]

Gurutzeko heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jesusen Gurutziltzaketa»

Jesus torturatu egin zuten soldaduek, eta arantzazko koroi bat jarri zioten, "Agur, Judutarren errege" iseka egiten zioten bitartean. Bere gurutzea hartu eta Golgota mendira igoarazi zuten, Zireneko Simon izeneko baten laguntzaz. Han bere jantziak zozkatu eta lapur biren erdian gurutziltzatu zuten.

Eguerdian Jesusek garrasi latz bat bota zuen: E′li, E′li, la′ma sa‧bach‧tha′ni? ("Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu bertan behera?"). Une hartan Jesusekin ziren bere ikasleetako batzuk: Mateo eta Markosen arabera, emakume batzuk zeuden negarrez. Joanek Jesusen ama Maria eta Jesusen ikasle maiteena (Joan bera, kristau tradizioaren arabera) aipatzen ditu. Azken momentuan beste garrasi bat egin zuen : "Aita, zure eskuetan uzten dut nire espiritua". Eta une hartantxe azken arnasa eman zuen.[54]

Hilobiratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen adiskide zen Arimateako Jose fariseoak Pilatori Jesus hilobi berri batean hilobiratzeko baimena eskatu zion.[55] Hilobia harri handi batez estali zuen, eta, Mateoren arabera, erromatar soldadu batzuk jarri zituzten hilobi aurrean, Jesusen ikasleek gorpua lapur ez zezaten.

Piztuera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristoren piztuera, Matthias Grünewald alemaniar margolariaren lana, Isenheimgo erretaulan (XVI mendea).
Sakontzeko, irakurri: «Jesusen Piztuera»

Lau ebanjelioetan azaltzen denez, Jesus hirugarren egunean piztu egin zen hilen artetik. Maria Magdalena (Jesusen jarraitzailea) izan zen Jesus berpiztua ikusi zuen lehen pertsona, baina beste ikasle guztiek ere ikusi zuten. Piztuera lau ebanjelioetan kontatzen da, baina historia ez da berbera, eta detaile asko aldatu egiten dira batetik bestera.

  • Mateoren Ebanjelioan Maria Magdalena eta beste Maria bat (Jesusen ama?) hilobira joan ziren hirugarren egunean. Bidean zihoazela, lurrikara bat gertatu zen. Hilobiko harria zabaldu eta zuriz jantzitako aingeru bat harriaren gainean eseri zen. Zaintzaileak ikaratuta gelditu ziren, hilda baleude bezala. Aingeruak Jesusen piztueraren berri eman zien emakumeei, eta agindu zien ikasle guztiak Galileara joan zitezela, bertan ikusiko zutela eta. Emakumeak gainerako ikasleengana zihoazela Jesus agertu zitzaien, eta hauek gurtu egin zuten. Ikasle guztiak Galilean batu ziren eta han ikusi zuten Jesus. Honek Berri Ona gizaki guztiei zabaltzera bidali zituen.
  • Markosen Ebanjelioan Maria Magdalena, Santiagoren Maria (ama edo emaztea?) eta Salome hilobira joan ziren Jesusen gorpua usaingarriz igurztera. Hilobiko harria mugituta ikusi zuten eta barrura sartzean gazte bat ikusi zuten hilobian jarrita. Honek esan zien Jesus berpiztu zela eta apostoluei Galileara joateko agindu zien. Emakumeek, beldurtuta, ez zioten inori ezer esan. Jesus Magdalako Mariari agertu zitzaion, eta honek apostoluei kontatu zien, baina ez zioten sinistu. Beste bi ikasleri ere agertu zitzaien, baina hauei ere ez zieten sinistu. Azkenik Hamaika apostoluei agertu zitzaien, haserre egin zien fede gutxikoak izateagatik eta Ebanjelioa zabaltzeko agindu zien. Ondoren Zerura igo zen eta han Jainko Aitaren eskuinaldean jarrita dago.
  • Lukasen ebanjelioan emakume batzuk (Maria Magdalena, Joana, Santiagoren Maria eta beste batzuk) hilobira joan ziren igande goizean Jesusen gorpua igurztera. Harria mugituta aurkitu zuten, eta bi gizonezkok Jesus biztu zela esan zieten. Hauek bizkor joan ziren Apostoluengana, baina ez zieten sinistu. Pedro, hala ere, hilobira joan zen eta gorpua falta zela ikusi zuen. Egun berean Emausera bidean zihoazen bi ikasleri agertu zitzaien, eta beraiekin egin zuen bide zati bat hauek ezagutu gabe. Gauez, ogia zatitu eta Azken Afariko hitzak errepikatu zituenean ezagutu zuten, baina, bat-batean desagertu egin zen beraien artetik. Handik gutxira Hamaiken artean agertu zen, bere gorputza, zauri eta guzti, erakutsi zien, eta beraiekin jan zuen. Betaniara joan zen beraiekin, eta handik Zerura igo zen.
  • Joanen ebanjelioan Maria Magdalena hilobira joan zen eta harria mugituta ikusi zuen. Petri eta Jesusen ikasle maiteenaren bila joan zen, haiei berri emateko. Hauek bizkor joan ziren hilobira. Pedrok gorpua falta zela ikusi zuen, eta beste ikasleak sinistu zuen (berpizkundean). Mariari aingeru batek galdetu zion ea zergatik zebilen negarrez, eta honek erantzun: "Nire irakaslea eraman dute, eta ez dakit non jarri duten". Berehala atzera begiratu eta gizon bat ikusi zuen, eta baratzezaina zela uste zuenez berari galdetu zion. Honek bere izenez deitu zion ("Maria") eta bat-batean ezagutu zuen Jesus berpiztua zela. Jesusek gainerako ikasleei berri ematera bidali zuen. Arratsalde hartan Tomas ez beste ikasle guztiak areto batean bildurik zeudela Jesus agertu zitzaien, eta guztiek sinistu zuten. Tomasi esan ziotenean, honek ez zuen sinistu nahi izan; bere atzamarra Jesusen zaurien gainean jarri arte ez zuela sinistuko esan zuen. Handik zortzi egunera, ikasle guztiak, Tomas barne, zeuden aretoan agertu zen Jesus eta Tomasi bere zauriak ukitzeko esan zion. Orduan Tomasek sinistu zuen. Hortik aurrera Jesus arrantzaleei agertu zitzaien beste behin; bere aholkuz sekulako arrantza egitea lortu zuten.

Jesus Nazaretekoaren historikotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen jarraitzaileen dokumentuez beste (Itun Berriko ebanjelioak), Jesus Nazaretekoa aipatzen duten historialari fedegabeen dokumentuak oso gutxi dira. Nabarmenenak hauek dira:

Flavio Josefo (K.o. 38-100), historialari judua, erromatarren zerbitzura. Antzinate judua liburuan, Jesusen izena aipatzen du. "Garai horretan, Jesus bizi izan zen, gizon jakintsua, baldin eta gizon deitzerik badago (...). Gure nazioko pertsona nagusiek eginiko salaketa tarteko, Pilatosek gurutzean hiltzera kondenatu zuen. Baina maite zutenek ez zuten utzi." (Flavio Josefo, Antzinate judua, XVIII.liburua, 63).

Tazito (K.o. 55-120), historialari latindarra eta politikari erromatarra. "Bazebiltzan zurrumurru batzuk, Neroni Erroma erretzea egozten ziotenak. Esamesak isiltzeko, errudun batzuk aukeratu zituen, kristauak. Herriak gorroto zien. (...) Izen horren sortzailea, Kristo, Pontzio Pilatos gobernadoreak kondenatu zuen hiltzera, Tiberio enperadorearen agintaldian" (Tazito, Annales III, XV, 44).

Plinio Gaztea (K.o. 61-114) Gobernadore erromatarra Bitinian (egungo Turkia). 112. urtean, gutun bat idatzi zion Trajano enperadoreari, kristauekin izan behar zuen jokabideari buruz aholkua eskatzeko. Gutunean Jesus aipatzen du. "Kristauen erru bakarra hauxe zen: ohitura zutela egun jakin batean egunsentiaren aurretik elkartzea, eta, bata bestearen atzetik, Kristori kanta bat errezitatzea, Jainkoa balitz bezala" (Plinio Gaztea, Trajanori gutuna, 10,96).

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Elizaren tradizioak jaioterri hori defenditu duen arren, aztarna guztien arabera Jesus Nazareten jaio zen; Betleemen aukera zabaldu zen Jesusen biografia profeziek esaten zutenaren arabera moldatzeko eta, bestetik, Nazaretek oso ospe ona ez zuelako: (Gaztelaniaz) http://www.nuevatribuna.es/articulo/historia/jesus-no-nacio-belen-donde-y-cuando-nacio/20161220145643134942.html
  2. 2011n Bart Ehrmanek ikerlari modernoek egindako lanen laburpen kritikoa egin zuen, eta ondorio honetara iritsi zen, "benetan existitu zen, Antzinaroaren ikertzaile konpetente ia guztiek, kristau zein ez-kristauk, babesten duten moduan"[7]. Richard A. Burridgek dio: "Badaude diotenak Jesus Elizaren imaginazioaren figura bat dena, Jesus ez zela inoiz ere existitu. Esan behar dut ez dagoela ikerlari kritiko errespetaturik horrelakoak esaten duenik gaur egun".[8] Robert M. Pricek ez du uste Jesus existitu zenik, baina onartzen du bere ikuspegiak ikerlarien gehiengoarekin talka egiten duela.[9] James D. G. Dunnen ustez Jesus existitu ez zela babesten duten teoriak "gaur egun hilda dagoen tesia" dira.[10] Michael Grantek 1977an idatzi zuen "azken urteotan ez da egon ikerlari seriorik postulatu duena Jesusen historizitatea ez zela gertatu, eta baldin baleude oso gutxi dira, eta ez dute lortu kontrakoa dioena babesten duten ebidentziak ukatzea".[11] Robert E. Van Voorstek dio Bibliaren ikerlariek zein historialari klasikoek Jesusen existentzia ezaren teoriak errefutatutzat dituztela gaur egun[12].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Euskaltzaindia. (PDF) 177. arauaː Antzinateko pertsona-izenak eta izen mitologikoak (III). Bibliako pertsona-izenak. .
  2. (Ingelesez) William Arnal ("The cipher "judaism" in contemporary historical Jesus scholarship", Kloppenborg, John S. (ed.):Apocalypticism, Anti-Semitism and the Historical Jesus, p. 24
  3. Klausner, Joseph, 1874-1958.. (2006). Jesus de Nazaret : su vida, su época, sus enseñanzas. Paidós ISBN 8449318343. PMC 65514247. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  4. Bauckham, Richard.. (2011). Jesus : a very short introduction. New York ISBN 9780199575275. PMC 713182402. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  5. McGrath, Alister E., 1953-. (2006). Christianity : an introduction. (2nd ed. argitaraldia) Blackwell Pub ISBN 1405109017. PMC 60373552. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  6. Ehrman, Bart D.. How Jesus became God : the exaltation of a Jewish preacher from Galilee. (First edition. argitaraldia) ISBN 9780061778186. PMC 863695009. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  7. Ehrman, Bart D.. (2011). Forged : writing in the name of God : why the Bible's authors are not who we think they are. (1st ed. argitaraldia) HarperOne ISBN 9780062078636. PMC 759581209. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  8. Burridge, Richard A., 1955-. (2004). Jesus now and then. William B. Eerdmans Pub. Co ISBN 0802809774. PMC 54024131. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  9. The historical Jesus : five views. IVP Academic 2009 ISBN 9780830878536. PMC 777681872. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  10. Sacrifice and redemption : Durham essays in theology. Cambridge University Press 1991 ISBN 0521340330. PMC 19970539. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  11. Grant, Michael, 1914-2004.. (1977). Jesus : an historian's review of the Gospels. Scribner ISBN 0684148897. PMC 3054550. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  12. Van Voorst, Robert E.. (2000). Jesus outside the New Testament : an introduction to the ancient evidence. W.B. Eerdmans Pub ISBN 0802843689. PMC 43286799. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  13. Powell, Mark Allan, 1953-. (1998). Jesus as a figure in history : how modern historians view the man from Galilee. (1st ed. argitaraldia) Westminster John Knox Press ISBN 0664257038. PMC 39180965. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  14. (Ingelesez) «Historical Jesus» English (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  15. a b c Sanders, E. P.. (1996). The historical figure of Jesus. Penguin Books ISBN 9780141928227. PMC 698471832. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  16. Vermès, Géza, 1924-2013.. (1981, ©1973). Jesus the Jew : a historian's reading of the Gospels. (1st Fortress Press ed. argitaraldia) Fortress Press ISBN 0800614437. PMC 7175110. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  17. Dunn, James D. G., 1939-. The oral gospel tradition. ISBN 9780802867827. PMC 843124157. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  18. (Ingelesez) «Rabbi in the International Standard Bible Encyclopedia.» International Standard Bible Encyclopedia Online (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  19. a b The historical Jesus in context. Princeton University Press 2006 ISBN 0691009910. PMC 66527132. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  20. Charlesworth, James H.,. The historical Jesus : an essential guide. ISBN 9781426724756. PMC 948511145. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  21. (Ingelesez) «Definition of ANNO DOMINI» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  22. Grudem, Wayne A.. (1994). Systematic theology : an introduction to biblical doctrine. Inter-Varsity Press ISBN 0310286700. PMC 29952151. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  23. «CATHOLIC ENCYCLOPEDIA: Nicene Creed» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  24. (Ingelesez) Metzger, Bruce M.; Coogan, Michael David. (1993-10-14). The Oxford Companion to the Bible. Oxford University Press ISBN 9780199743919. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  25. (Ingelesez) «What the Bible Says About Death, Afterlife and the Future» The Jewish Roman World of Jesus 2013-03-22 (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  26. Hoekema, Anthony A., 1913-. (1979). The Bible and the future.. W.B. Eerdmans ISBN 0853646244. PMC 32926342. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  27. (Ingelesez) Garrett, James Leo. (2014-09-14). Systematic Theology, Volume 2, Second Edition: Biblical, Historical, and Evangelical. W.B. Eerdmans Publishing Company ISBN 9781625648525. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  28. «Center for Muslim-Jewish Engagement» web.archive.org 2015-05-01 (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  29. Glassé, Cyril.. (2008). The new encyclopedia of Islam. (3rd ed. argitaraldia) Rowman & Littlefield Publishers ISBN 0742562964. PMC 213401056. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  30. Siddiqui, Mona,. Christians, Muslims, and Jesus. ISBN 9780300189261. PMC 841216171. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  31. Morgan, Diane, 1947-. (2010). Essential Islam : a comprehensive guide to belief and practice. Praeger/ABC-CLIO ISBN 031336026X. PMC 495532664. (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  32. «JESUS OF NAZARETH - JewishEncyclopedia.com» www.jewishencyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  33. (Ingelesez) «Jesus | Facts, Teachings, Miracles, & Doctrines» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-04-19).
  34. Mk 10:47
  35. Mk 6:3
  36. Mt 13:55
  37. Lk 4:22
  38. Jn 1:45
  39. (Gaztelaniaz) Meier, Un judío marginal. Una nueva visión del Jesús histórico, I, 219. orr.
  40. (Ingelesez) Tal, Ilan; Uriel, Rappaport; Israel, Ronen. (1993). The Hasmonean State. Jerusalem: Yad Ben-Zvi ISBN 965-217-109-3..
  41. (Ingelesez) THE JESUS PUZZLE. Was There No Historical Jesus? Part One: A Conspiracy of Silence
  42. (Gaztelaniaz) Agirre, Rafael: "Aproximación actual al Jesús de la historia", Cuadernos de Teología Deusto, 5. zbk. ISBN 84-7485-424-5
  43. (Frantsesez) Michel Quesnel, «Jésus et le témoignage des Évangiles», Aux origines du christianisme, Gallimard/Le Monde de la Bible, 2000, 201. orr.
  44. (Gaztelaniaz) Geza Vermes El nacimiento de Jesús, 237. orr.
  45. (Gaztelaniaz) E.P. Sanders, Jesús y el judaísmo. Madrid: Trotta, 2004. ISBN 978-84-8164-685-6.
  46. (Gaztelaniaz) Rudolf Bultmann, Historia de la tradición sinóptica, Salamanca: Sígueme, 2000; 306. orr.
  47. (Ingelesez) Morton Smith, Jesus the Magician. Charlatan or Son of God, 1978.
  48. (Ingelesez) Burridge, R & Gould, G, Jesus Now and Then, Wm. B. Eerdmans, 2004, 34. orr.
  49. (Frantsesez) Albert Schweitzer, Le secret historique de la vie de Jésus, Albin Michel, 1967
  50. (Gaztelaniaz) Theissen, Gerd, eta Merz, Annette: El Jesús histórico, 184. orr.
  51. (Gaztelaniaz) Winter, Paul: El proceso a Jesús. Muchnik: Bartzelona, 1983. ISBN 84-85501-50-0
  52. (Frantsesez) Pierre Geoltrain, «Les origines du Christianisme: comment en écrire l'histoire», Aux origines du christianisme, Gallimard/Le Monde de la Bible, 2000, XVII. orr.
  53. (Ingelesez) Funk, Robert, et al.: The Five Gospels: What Did Jesus Really Say? The Search for the Authentic Words of Jesus. New York: Macmillan, 1993. ISBN 0-06-063040-X
  54. (Gaztelaniaz) Piñero, Antonio. (1991). Orígenes del cristianismo. Antecedentes y primeros pasos. Madril: El Almendro ISBN 84-86077-95-8..
  55. (Gaztelaniaz) Ratzinger, Joseph. Jesús de Nazaret. Planeta, 2007. ISBN 970-37-0705-X, 9789703707058

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]