Benedikto XVI.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Benedikto XVI.a 
Berorren Santutasuna
Benedikto XVI.a

Emblem of the Papacy SE.svg
Aita Santu emeritua
Karguan
2013ko otsailaren 28a(e)tik
Aita Santua Frantzisko

2005eko apirilaren 19a – 2013ko otsailaren 28a
Aurrekoa Joan Paulo II.a
Ondorengoa Frantzisko
Jaiotzezko izena Joseph Alois Ratzinger

Jaiotza 1927ko apirilaren 16a (87 urte)
Marktl am Inn, Bavaria, Alemania
Erlijioa Eliza Katoliko Erromatarra
Sinadura Benedikto XVI.a-ren sinadura

Benedikto XVI.a (latinez Benedictus PP. XVI), jaiotzez Joseph Alois Ratzinger (Marktl am Inn, Bavaria, 1927ko apirilaren 16a) Eliza Katoliko Erromatarreko 265. Aita Santua izan zen 2005eko apirilaren 19tik 2013ko otsailaren 28ra arte. 2013ko otsailaren 11an Vatikanoak adierazi zuen 2013ko otsailaren 28an bere kargua utziko zuela.[1]

1950etik aurrerako teologo katoliko ezagunenetarikoa da, baita idazle ekintzailea ere. Aditu gehienek doktrina katolikoaren defendatzaile ikusten dute. Alemaniako zenbait unibertsitatetan irakasle izan zen, eta Vatikanoko II. kontzilioan parte hartu zuen laguntzaile gisa.

Munich eta Freising-eko gotzain eta kardinal izendatu zuen Paulo VI.ak. Joan Paulo II.aren garaian Fedearen Doktrinarako Kongregazioko buru izan zen.

Aita Santu izendatzean honako hitz hauek esan zituen: "Anai-arreba maiteok, Joan Paulo II.a aita santu handiaren ondoren kardinal jaunek neu aukeratu naute, Jainkoaren mahastiko langile apala".

Ratzingerrek sei hizkuntza menperatzen ditu (alemana, italiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta latina) eta gainera greziera klasikoa eta hebreera irakurtzeko gai da. Europako hainbat zientzia akademietako kide da, eta hainbat unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu dute. Pianoa jotzen du eta bere musikari gogokoena Mozart da.

Bere aitasantutzan gizarteko erlatibismoa gaitzetsi du, eta Europari bere oinarri kristauetara bihurtzeko deia egin dio behin eta berriz. Jainkoaren maitasunean irautea garrantzitsua dela azpimarratu zuen bere Deus Caritas est (Jainkoa maitasuna da) entziklikan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bavariako Marktl am Inn herrixkan jaio zen 1927ko apirilaren 16an (Larunbat santua). Bere gurasoak Joseph Ratzinger aita, polizia, eta Maria Peinter (ezkondu ondoren Ratzinger abizena hartu zuen) izan ziren. Hiru seme-alabako familian gazteena, bere anaia Georg apaiz egin zen eta arreba Maria ezkongabe bizi izan zen anaia Josephekin.

1941ean seminarioan sartu zen apaiz ikasketak egiteko, nahiz eta gurasoen egoera ekonomikoa oso ona ez izan. Naziek Gazte Hitleriarretan sartu zuten, seminarioko bere lagunekin batera. Besteak beste, lantegiak eta ikastetxeak ikuskatzea izan zen bere zeregina erakunde horren baitan.

II. Mundu Gerra amaitzear zela, desertatu egin zuen, baina soldadu aliatuek preso hartu zuten 1945ean. Urtebete geroago, askatu eta seminarioan ikasten jarraitu zuen 1951ra arte, teologia eta filosofia ikasiz.

Irakasle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bonneko unibertsitatean hasi zen 1959an klaseak ematen. 1963an Münsterreko unibertsitatera joan zen, ordurako teologo ezagun bihurtuta. Vatikanoko II. Kontzilioan parte hartu zuen Koloniako Josef Frings kardinalaren laguntzaile. Kontzilioaren garaian aurrerakoitzat zeukaten, eta berak ere Karl Rahnerren teologia berria miresten zuela zioen.

1968an Kristautasunerako Sarrera liburua idatzi zuen. Elizaren gehiegizko zentralismoa gaitzetsi zuen bertan, eta Aita Santuak erabaki bat hartu aurretik Elizaren barneko ahots guztiak entzun behar zituela defendatzen zuen. Liburua hainbat aldiz berrargitaratua izan zen, baina parrafo horiek kenduta, Ratzingerren arabera gaizki ulertu baitziren.

Tübingenneko unibertsitatean zegoen giro gero eta marxistagotik aldentzeko Bavariako Regensburg edo Ratisbona unibertsitatera joan zen klaseak ematera. Une honetatik aurrera, bere gertukoek gero eta kontserbadoreago ikusi zuten.

Apaiz, gotzain eta kardinal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951n apaiz izendatu zuten Georg bere anaiarekin batera. 1972an Communio aldizkaria sortu zuen Henri de Lubac, Hans Urs von Balthasar eta beste batzuekin batera. Egun 17 hizkuntzatan kaleratzen da, eta agerkari katolikoen artean garrantzitsuenetakoa da mundu mailan.

1977an Munich eta Freisingeko gotzain izendatu zuten, eta ekainean Paulo VI.ak kardinal egin zuen. Orduan elkartu zen lehen aldiz Karol Wojtilarekin, geroago Joan Paulo II.a izango zenarekin.

Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren buru[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981eko azaroaren 25ean Joan Paulo II.ak Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren buru izendatu zuen. Municheko gotzaintza utzi zuen Erromara joateko, lan hori betetzera.

Ideologikoki Joan Paulo II.aren gertukoa zen Ratzinger kardinala; zenbaitzuk ekumenismoaren eta erlijioen arteko elkarrizketaren aurrean kritikoa izatea leporatu diote. Besteak beste, homosexualitatearen errekonozimendu juridikoa gaitzetsi izan du hainbatetan, baita Askapenaren Teologiak izandako desbideraketa batzuk ere (marxismotik gertu daudenak, dirudienez). Teologo kritiko askori irakasteko baimena kendu die, hala nola, Hans Küngi edo Leonardo Boffi.

Vatikanoak eta Joseph Ratzingerrek luzaroan lan handia egin dute apaizek haurrei egindako sexu abusuak ezkutatzen eta isilarazten.[2]

Aita Santu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benedikto XVI.aren aitasantu-armarria: apezpiku mitrak aita santu tiara ordeztu du eta palioa gehitu azpian.

2005eko apirilaren 19an aukeratu zuten Joan Paulo II.aren ondorengo izateko[3]. Askoren arabera, Ratzingerrek Vatikanoko II. Kontzilioaren aurreko eliza-antolaketa ekarriko zuen eta gai batzuetan (abortua, homosexualitatea, dibortzioa, eutanasia...) elizaren jarrera asko gogortuko zen. Hala ere, bere defendatzaileen arabera, Ratzingerrek Elizatik kanporatu zuen bakarra Lefebvre gotzain ultrakontserbadorea izan zen, eta horregatik gezurtatu egiten duten Benedikto XVI.aren ustezko izaera kontserbadoreegi hori.

Orain arte hiru entziklika kaleratu ditu, Deus Caritas est (euskaraz, Jainkoa maitasuna da)[4], Spe Salvi (Itxaropenak salbatuak)[5] eta Caritas in Veritate. Lehenengoan, Jainkoaren maitasuna deskribatzen du. Jainkoak bideratutako salbamen historian maitasunak izan duen eta gaur egun duen garrantzia azpimarratzen du. Era berean, gizarte justizia lortzeko karitatearen eta maitasunezko zerbitzuaren beharra adierazten du.

Spe Salvi entziklika 2007ko azaroaren 30ean argitaratu zuen. Kristauen itxaropena du gai nagusi. Bertan esaten denez, itxaropena duena beste era batera bizi da, bereziki bere bizitza hutsean geldituko ez dela badakielako. Teknika berriek gizakien bizitza hobetu duten arren, ez dute salbamenik ekartzen, sarri menpetasun eta gaitz gehiago baizik. Aldiz, Jainkoaren justiziarengan itxaropena izateko dei egiten digu: Jainkoak ezin dio azken hitza injustiziari utzi. Nazareteko Jesusek Aitarekin harremanetan jartzen gaitu eta harreman hori da mundua hobetzeko bide eraginkorra. Konfiantza horrek egiten du gizakia askeago.

Eskatologiari dagokionez, Aita Santuak purgatorio eta infernuaren izaera erreala azpimarratzen ditu. Lehenengoa mina maitasun bihurtzeko gunea da, bigarrena, aldiz, egiazko maitasunari eta zoriontasunari erabat uko egin diotenen gunea.

Caritas in Veritate entziklika 2009ko uztailaren 7an argitaratu zen. Gutun honen helburua da Elizak emandako gizarte eta ekonomia alorreko justizian sakontzea, bereziki Paulo VI.aren Populorum Progressio entziklikatik (1967) aurrera. Batez ere, 1967tik aurrera globalizazioak ekarritako aldaketetara egokitu nahi izan du Elizaren doktrina soziala.

Liturgiari dagokionez, Benedikto XVI.ak Vatikanoko II. Kontzilio aurreko elizkizunak berriz egiteko baimena zabaldu zuen Summorum Pontificum izeneko motu proprio-an. Ordura arte 1962ko liturgia arauen arabera meza ospatzeko bete beharreko baldintzak leundu zituen dokumentu horretan. Hala ere, argi utzi zuen Paulo VI.ak argitaratutako misala zela ohiko ospakizun mota.

Bidaia garrantzitsuak egin ditu bere agintaldian, esaterako Koloniara joan zen 2005eko abuztuan Munduko Gazteen Batzarrean parte hartzera, eta, horrez gain, Espainia, Turkia, Bavaria Austria, Ameriketako Estatu Batuak, Australia eta Polonia ere bisitatu ditu, Italiako hainbat lekuz gain.

Dimisioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko otsailaren 11n argitaratu zenez, Benedikto XVI.ak kargua uztea erabaki du[6]. Otsailaren amaieran gauzatuko litzateke dimisioa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Benedikto XVI.a Aldatu lotura Wikidatan