Inperio Karolingioa

Wikipedia(e)tik
Karolingiar Inperioa» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Inperio Karolingioa

768/800 – 843/924
Monarkia absolutua
Frankish Empire 481 to 814-eu.svg
Inperioaren mapa
Inperioaren aldarrikapena 800
Verdungo Hitzarmena 843
Hiriburua Akisgran
Hizkuntza(k) Latina
Erlijioa Katoliko Erromatarra
Aurrekoak
Flag of None.svg Frankoen erresumak
Flag of None.svg Lombardiako erresuma
Flag of None.svg Besteak
Ondorengoak
Mendebaldeko Frantzia Flag of None.svg
Ekialdeko Frantzia Flag of None.svg
Erdialdeko Frantzia Flag of None.svg


Inperio Karolingioa edo Karlomagnoren Inperioa[1] Karlos Handia franko erregeak 800ean sortutako inperioa da, Aita Santuak hala izendatutakoan. Egungo Frantzia, mendebaldeko Alemania eta Italia mendean edukita, Antzinako Erroman galdutako maila politikoa, erlijiosoa eta kulturala berreskuratzeko saioa izan zen, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren aurrekari.

Konkistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankoen erregetza merovingiar leinuaren esku zegoela, pepindarrak, Austrasiako familia bat, gero eta boteretsuago bilakatu ziren. Meuse ibaiaren ertzeetan 90 soro handi baino gehiago edukita, parerik gabeko aberastasuna eskuratu zuten pepindarrek. Hala, Pepin Herstalgoa Austrasiako jauregiko jauna bihurtu zen 679an, eta 687an Neustria ere kontrolpean izan zuen, frankoen printzea titulua hartuta. Familia honek kanpoko kanpainak burutu zituzten sehaskan zegoen inperio hau ez desegitearren. Karlos Martel semeak neustriarren matxinadei eutsi zien eta frisiarrak, alamanak, burgundiarrak eta proventzarrak garaitu zituen.[2]

Karlos Martelen garairako frankoen erresuma handia zen, oso. Menpean edukitzeko, sistema feudala erabili zuen, geroago mendebaldeko Europara zabaltzekoa zena. Halaber, garaian izan zuen mehatxurik handiena gainditu ahal izan zuen Martelek. Izan ere, arabiarrek, Iberiar penintsula konkistatutakoan, Pirinioez bestaldean sartu ziren harik eta frankoek Martel buru zeukatela 732an Toursko guduan geldiarazi zituzten arte. Garaipenak garaipen, Karlos Martelek errege titulua hartu ez zuen hartu, baina Pepin III.a semeak bai, azken errege merovingiarra kanporatu ondoren. Haren semeak, Karlos Handiak, enperadore titulua hartu zuen.

Karlos Handiak aurrekoek izan zuten arazo bera eduki zuen: haren menpeko lurraldea hain zabala izanda, tokian tokiko noblezia haren aurka altxa zitekeen. Hori ekiditearren, konkistari ekin zion, iparraldean eta ekialdean (Bavarian, Saxonian eta Frisian), mendebaldean (Bretainiako markan) eta hegoaldean (Hispaniako markan). Honela, lur berriak bereganatzen zituen eta nobleen artean banatzen zituen, baldin eta noblea hildakoan lurrak erregearen menpera bueltatzen baziren, beste noble bati eman ziezaion. Orobat, missi dominici izeneko ikuskariak bidaltzen zituen erresuma osoan zehar nobleen jokabidea zaindu zezaten.

Aita santuekiko aliantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankoen inperioaren zabalkundea.

Frankoen jauregiko jaunen familia boteretsua zen, eta Elizak leinu indartsu hau babestu nahi izan zuen zituen hiru mehatxuei (islamdarrak, bizantziarrak eta lombardiarrak) aurre egiteko. Izan ere, Aita Santua bizantziar enperadorearen zaintzapean zegoen paperaren gainean, baina errealitatean une horretan Konstantinoplaren kezka nagusia musulmanen hedapena geldiaraztea zen. Hortaz, babesa hori gainetik kentzeko aukera baliatu nahi zuen Elizak.[3]

Gainera, Gregorio III.a aita santuaren eta ikonoklasten arteko gatazkak (Irudien auzia) Erroma eta Bizantzioren arteko gatazka ere ekarri zuen. Leon III.a enperadoreak Italiara itsas armada bidali zuen haren agintea errespeta zezaten. Italiako hegoaldea Konstantinoplako patriarkaren agindupean paratu zuen, eta aita santuari iparraldea, lombardiarren mendean, utzi zion. Baina azken horiek ere botere handia daukate eta Elizak mehatxutzat dauzka.[4]

Beraz, aita santuak Karlos Marteli laguntza eskatu zion, lombardiarrei aurre egiteko. Frankoen babespean jarri zuen bere burua, eta Italia konkistatzeko eskatu zien. Karlos Martelek "Oso Kristaua" titulua jaso zuen berarentzat eta ondorengoentzat, eta Elizaren eta fedearen babeslea bilakatu zen aita santuen irudikoz.

Haren seme Pepin Laburrak 750ean Zakarias aita santuari baimena eskatu zion azken errege merovingiarra tronutik kendu ahal izateko. Txilderiko III.a honela kanporatutakoan, Pepinek Frankoen errege izendatu zuen bere burua Soissonsen, baroien eta apezpikuen aurrean. 752an, Aita Santuak, berriro, laguntza eskatu zien frankoei lonbardiarren mehatxutik Erroma defenda zezaten. Berdin gertatu zitzaion Karlos Handiari, Pepinen semeari hain zuzen. Italiako kontuetan sartu zuen eskua 774an, eta Didier errege lombardiarra mendean hartu ondoren, Lombardiarren erregea bihurtu zen. Honela, Italiako zati bat azpiratu zuen.

Mendebaldeko Europan inperioa berriro altxa zedin Elizaren papera funtsezkoa zen. Pepinek eta Karlos Handiak lonbardarren aurkako gerrak Elizak eskatuta egin zituzten, baina frankoen eta Elizaren artek harreman onak lehenagokoak izan ziren. Izan ere, Klovis I.a Erromaren nagusitasuna eta ortodoxia onartu zuen lehen errege germaniarra izan zen.

Orobat, Karlos Handiak saxoi paganoen kontra ere egin zuen borroka fedea hedatzearren. Mundu kristauaren babeslea izanik, hura antolatzeari ere ekin zion Karlos Handiak: apezpikuak izendatzen zituen, Filioque auzian horren alde agertu zen, Aachen hiriburuan eskola bat sortu zuen hainbat kontutan gutxieneko hezkuntza zabaltzeko... Hori guztia zela-eta, 800eko abenduaren 25ean, Aita Santuak enperadore izendatu zuen Karlos.

Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Verdungo Hitzarmenaren banaketa.

Menpeko lurraldeak gobernatzeko egitura ona izan arren, karolingiarren inperioak ahuldade bat bazeukan: gerlarik egon ezean, Estatuak ezin zuen adina aberastasun eskuratu basailuei beharrezko ordainketak egiteko. Karlos Handiaren erregealdian, hortaz, borrokak etengabeak izan ziren, baita nobleen zein apezpikuen gaineko ikuskapena ere.

Baina Ludoviko Pio semeak lurren jabetza eman behar izan zuen, ez errentan lehen egiten zen bezala, basailuaren heriotzaren ondoren erregeak utzitako lur horiek berreskura zitzan.[5] Honela, nobleek seme-alabei uzten zizkieten erregeengandik lortutako feudoak, erregeen oniritzia beharrik gabe, eta inperioaren zatiketa aregotuz. Ludoviko Pioren semeek elkarren aurka borroka egin zutenean, basailuen gaineko nagusitasunari eutsi ahal izateko, gero eta independentzia handiagoa eman behar izan zieten.

Inperioaren zatiketa ofiziala Verdungo Hitzarmenarekin etorri zen. Bake itun horretan, Karlos Handiaren hiru bilobak frankoen inperioa haien artean banatu zuten: Karlos Burusoilak mendebaldea hartu zuen, Luis Germaniarrak ekialdea, eta Lotario I.ak erdialdea (hiriburua eta frankoen jatorrizko lurrak barne), Italia eta enperadore titulua. Baina titulu horrek lehen zeukan boterea galdu zuen berehala. Aitzitik, erresuma ahulena suertatu zen Lotario enperadorearena, eta, honek gatazka gehiago eragin zituen, beraz.

Erresuma horien ahuldadeak areagotu ziren tokian tokiko noblezia indartu ahala. Izan ere, basailuen fideltasuna mantentzen lortzea gero eta zailago bilakatu zen, lur berriak konkistatu ezinik. Gauzak honela, enperadorearen titulua desagertu egin zen 924an. Edonola ere, 38 urte igaro ondoren, frankoen ekialdeko lurraldeetan enperadore titulua berreskuratu zuen Oton I.ak 962an, 1806ra arte iraungo zuen Erromatar Germaniar Inperio Santua sortzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Michel Balard, Jean-Philippe Genet et Michel Rouche, Le Moyen Âge en Occident, Hachette 2003, p. 44-45
  3.   Jean-Claude Cheynet, L'exarchat de Ravenne et l'Italie byzantine .
  4.   Michel Balard, Jean-Philippe Genet eta Michel Rouche (2003), Le Moyen Âge en Occident, Hachette, 46. orrialdea .
  5. Michel Balard, Jean-Philippe Genet et Michel Rouche, Le Moyen Âge en Occident, p. 66

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]