Lankide:Udiaz006/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea


Euskal Herriak hainbat ingurumen-arazo ditu, batzuk gizakiak sortutakoak eta besteak saihestezinak direnak. Lurralde honetako ingurumen-arazoak lau zatitan banatzen dira: berezko ingurumenaren narriadura, erliebeak eta landarediak dituzten arazoak, kutsadura arazoak eta hondakin arazoak.

Berezko ingurumenen narriadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriaren hazkuntza demografikoa naturak gaur egun jasotzen duen minaren arduradun nagusia da. Egoera hau biztanleriaren banaketarengatik eta urbanizazio-maila handiarengatik gertatzen ari da; izan ere, gero eta gehiago dira eraikitzen diren eraikuntzak, lantegiak, kaleak… Horren adibide Bilbo hiria da, 1900. urtean 100.000 biztanleetara heltzen ez zena eta, gaur egun, 350.000 biztanle baino gehiago izatera iritsi dena. Hala ere, Euskal Herriko herri guztietan gertatzen ari da fenomeno hori eta horrek demografiaren ikaragarrizko hazkuntza sortu du eraikin, etxe eta parke berriak sortuz. Horrez gain, biztanleriaren hazkuntzak baliabideen kontsumoan eragin nabarmena du; izan ere, zenbat eta biztanle gehiago, orduan eta beharrizan gehiago baitira ase behar direnak (elikagaiak, etxebizitzak, garraioak…).

Gaviota gas-plataforma

Industrien goi-dentsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu-mailan Euskal Herriaren industria-dentsitatea oso altua da. Bertan mota askotako industriak eta lantegiak daude, nazionalak eta nazioartekoak. Biztanleriaren beharrizanak asetzeko behar diren mekanismoak sortzeko, produzitzeko, lantzeko… erabiltzen dira.

Gehiegizko industrializazioak abantailak eta desabantailak ditu. Alde batetik, lantegiek lanpostu asko sortzen dituztenez, pertsonen bizi kalitateak gora egiten du. Hala ere, horiek izugarrizko kutsadura-arazoak sortzen dituzte, airean eta uran batez ere, eta ondorioz, izaki bizidun guztiek arazo horiek pairatzen dituzte. Euskal Herrian galdategi eta errausketa-instalazio ugari daude. Burdinaren eta altzairuaren galdaketak itzelezko gas kutsakorrak sortzen ditu, eta hondakinen errausketak, are gehiago. Espainian egin den erregistro baten arabera, Euskal Herrian 370 enpresek emisioak sortzen dituzte edo kutsadura iturri dira, hala nola: Muskizko Petronor, Bermeo aurrean itsasoan dagoen Repsoleko Gaviota gas-plataforma edota Zabalgarbi erraustegia. [1]

Erliebearen eta landarediaren arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erliebearen eta paisaiaren aldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lemoizko zentral nuklearra

Euskal Herriko meategiek eta harrobiek paisaian inpaktu handia eragiten dute; izan ere, bien artean 2.146 ha-ko azalera betetzen dute, guztiaren %0,3a dena. Hala ere, horiek guztietatik 620 ha hutsik daude. Orozkoko harrobia handienetarikoa da. Haatik, industria huts asko dira Euskal Herriko paisaia pobretzen dutenak, adibide nabarmenena Lemoizko zentral nuklearra izanik, ez baitu inoiz funtzionatu.

Hostozabalen basoak gutxitu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun liburu, paper, armairu, eraikuntza eta abarrak egiteko erabiltzen den zura zuhaitzetatik dator. Horretarako, basoek etengabe zuhaitzak “produzitu” behar dituzte beharrizan horiek asetzeko. Hori dela eta, basoetan azkar hazten diren zuhaitzak behar dira eta hori posible izateko, baso-landaketak sortzen dira.

Horren ondorioa hostozabalen zuhaitzen gutxitzea da, pagoak eta haritzak esaterako. Izan ere, basoak bota eta gero hostozabalekoak ez diren zuhaitzak landatzen dira, Lawson, Insignis eta altzifre pinuak hain zuzen. Beraz, ondorio horiek gehien pairatzen dituztenak basoan bizi diren animaliak dira, euren habitata aldatzen da eta.

Basoen galtzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian baso ugari daude. 2016. urtean ia 500.000 ha-ko azalera betetzen zuten, baina zifra horrek, baso-ustiapena dela eta, urtero behera egiten du. Ondorioz, egoera horren arrisku eta arazorik handiena basoen galtzea da. Baina basoen galera gehienbat bi arrazoiengatik ematen da: basoen botatzea eta suteak.

Basoen botatzea nahiko kontrolatua dago mendian lan egiten duten enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, zuhaitzak ebaki ondoren berriak landatzen dituztelako. Errekuntzak batzuetan asmo txarreko pertsonek eragiten dituzten arren, orokorrean, tximista, bazken errekuntza edo mendizaleen arduragabekeriengatik sortzen dira. 1989. urtetik gaur egunera 46.000 ha baso erre dira azken arrazoi horiengatik, baina azterketek esaten dute urtetik urtera baso erreen ehunekoa jaisten ari dela.

Kutsadura arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kutsadura atmosferikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian bi kutsadura atmosferiko mota bereiz daitezke: finkoak eta mugikorrak. Finkoen kasuan, kutsadura-fokua estatikoa da eta horietan edozein industria edo lantegi sartzen dira. Euskal Herria herrialde oso industrializatua denez, kutsadura finkoa nabaritzen da.

Boroako zentral termikoa

Horren kezka 1968. urtean hasi zen, Erandion izan ziren gertakizunak [2] direla eta. Horren ondorioz, 1970. urtean kutsaduraren neurketak zonalde horretan hasi ziren eta 1975ean Aire Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sare Automatikoa instalatu ziren Bilbo Handian, estatu-mailan lehenengoa izanik. Bilbo Handiko ingurunean siderurgia bat, bi zentral termiko, findegi bat, hainbat enpresa kimiko, erraustegi bat, zementu-lantegi bat eta beira-fabrika bat daude.

Hobekuntzaren bilakaeraren puntu garrantzitsuenak hauek izan dira:

  • 1979. urteko Behe Nerbioi-Ibaizabalen emisioen inbentarioa eguneratzea.
  • 1982. urteko Nerbioi-Ibaizabal gunean kutsatzaileen dinamika eta sakabanaketa eta gunearen meteorologiaren ezaugarriak aztertzea.
  • 1984. urteko aurrera Zaintzarako Sare Automatikoa progresiboki hedatzea.
  • 1986. urteko Sentsore Sarearen sistema informatikoa ordezkatzea eta urruneko estazio kopurua 17ra areagotzea.
  • 1988. urteko Nerbioi-Ibaizabal guneko sakabanaketa-egoera aldatzea: Atmosferaren Saneamendu Plana.
  • 1990. urteko Airearen Kalitatea Kudeatzeko Plana Behe Nerbioi-Ibaizabalen.
  • 1991. urteko Atmosferaren Saneamendu Plana Debako Arroan.
  • 1992. urteko Goi Nerbioiko Atmosferaren Saneamendu Plana.
  • 1993. urteko Atmosferaren Saneamendu Plana Donostialdean eta Arabako lautadan.
  • 1994. urteko Airearen Kalitatearen Kontrolerako Sarea berria hedatzea (31 estazio) eta Bilboko Udalaren estazio automatikoak txertatzea.
  • 1996. urteko Ibaizabal eta Orian saneamendu planak (3 estazio).
  • 1995. urteko azpi-sareen instalazioa; Goi Nerbioi, Deba, Donostialdea eta Arabako lautadan (9 estazio).
  • 1996. urteko azpi-sareen instalazioa Ibaizabal eta Orian (3 estazio).
  • 1997. urteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren estazio automatikoak txertatzea, azpi-sareak Urola eta Bidasoan instalatzea eta Arabako lautadako estazioak hedatzea (8 estazio).
  • 1998. urteko hondoko estazioak instalatzea (3 estazio).
  • 2000. urteko Bilbo Handiaren kutsatutako atmosfera-gune izendapena indargabetzea.
Valderejoko natura parkea

2005etik 2012ra airearen kalitatea hobetzeko planak egon ziren lurraldeko hainbat eskualdeetan eta handik aurrera, kalitate-azterketak egin izan dira.

Beste alde batetik, kutsadura mugikorra dago: trafikoa. Kutsakorrak diren garraioak herrialde guztian zehar egon arren, gehien arduratzen duten tokiak hiriak dira; Bilbo, Donostia eta Gasteiz aire kalitate txarrena duten lekuak direlako. Bilboko Maria Diaz Harokoa kalea Euskal Herriko aire kalitate txarrena duen tokia da hain zuzen ere. [3] Airearen kalitatearen inguruko azterketaren arabera, lurralde osoko biztanleriaren %40a toki kutsatu batean bizi da. Aldiz, kutsadura gutxien dagoen tokiak Mundaka, Pagoetako natura parkea eta Valderejoko natura parkea dira.

Uraren kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uraren kutsadura lantegiek eta hiriek ibaietara botatzen dituzten hondakinengatik sortzen da. Euskal Herrian bost ibaietatik bat kutsatuta dago eta horietan dagoen kutsakor esanguratsuena merkurioa da. Lurralde osoko ibai kutsatuenak Bizkaitik igarotzen den Ibaizabal eta Gipuzkoako Deba ibaia dira, Uraren Euskal Agentziaren (URA) arabera. [4]

Lurzoruaren kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko lurzoruaren kutsadura hainbat faktoreren menpe dago: hiri eta industri hondakinak, nekazaritzan erabiltzen diren baliabide kaltegarriak eta monolaborantza. Denbora bat pasa eta gero, hondakinak lurzoruan degradatzen dira, nekazaritzan erabilitako ur kutsatuak, pestizidak edo ongarri kaltegarriak lurrean filtratzen dira eta batzuetan nekazariek lurzoruari ez diote behar duen atsedena ematen, desertizazioa sortuz. Horrek guztiak paisaiaren degradazioa eta lurzoruaren erabilgarritasunaren galera dakar.

Hondakin solidoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian 6 milioi tona hondakin sortzen dira urtero, beste modu batera esanda, lurraldeko biztanle bakoitzak 2 tona eta erdi botatzen ditu zaborrontzi ezberdinetara. Balioa oso altua da Europarekin konparatuz; izan ere, europar bakoitzak batezbeste 1 tona eta erdi hondakin bakarrik sortzen ditu. 2010. urtetik gaur egunera, hondakinen sorkuntza %6,8an jaitsi da, baina lurraldearen erosteko ahalmen handia dela eta, oso zaila da ehuneko hori jaistea. Industriek eta hiriek sortzen duten hondakin kantitate guztitik, %60a birziklatu edo berrerabiltzen da. [5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «DOCUMENTO. 370 empresas de Euskadi emiten emisiones o son fuentes contaminantes» Ikusle 2018-07-08 (Noiz kontsultatua: 2018-12-11).
  2. Jorge. (2015-03-31). «Historias de Erandio: La contaminación atmosférica de los años 60» Historias de Erandio (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
  3. (Gaztelaniaz) «María Díaz de Haro es la calle más contaminada de Euskadi. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
  4. (Gaztelaniaz) Uriona, Alberto. «Uno de cada cinco ríos vascos tiene problemas de contaminación» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
  5. http://www.euskadi.eus/noticia/2018/euskadi-genera-cerca-de-6-millones-de-toneladas-de-residuos-anualmente-un-7-menos-que-en-2010/web01-s2ing/es/

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/3260142/los-18-puntos-negros-medio-ambiente-euskadi-greenpeace/

http://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/aire2016/eu_def/adjuntos/infografiaAIREA2016.pdf