Lizarrera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Map
Estelerria nafarreraz

Lizarrera edo Estellerriko euskara, jada galdurik dagoena goi-nafarreran sailkatzen ohi da, hegoaldeko azpi-euskalkian, hegoaldeko goi-nafarrera dugu honako hau. Aldaera hau duela 200 urte galdu zen arren 2000tik aurrera hainbat adituk estalpetik atratzeko asmoz ikertzen eta sailkatzen hasi dira, honen adibide Pello Etxanizen "Lizarrako Euskara" 2004an hemengo euskaldunei honetaz jakinarazten ziela, hemengo aldaerataz mintzatuz, hainbat mito hautsiz eta horiek hausteko froga sendoak emanik baita Lizarrako aldaeraren behin betiko hiztegia, "Estellerriko euskara" titulaturikoa Aitor Aranak, Koldo Colomok, Alfredo Dufurrek eta bertze zenbait ikertzailek eta filologok lagundu dietenak parte hartu dute inoiz Lizarreraren gaineko azterketa eta hiztegirik handi, zehatz eta hoberena osatzearekin xede.

Kontuan hartzen diren haranak eta herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarra erdigunean jarriz, ipar-ekialdeko Gesalatz (Muzki), Jaitz, Deierri (Aizkoa, Aritzaleta, Eraul), Abartzuza eta Lezaun; ekialdean Villatuerta, Zirauki, Mañeruibar eta Girgillao; Jurramendi inguruan Oteitza, Morentin, Aberin, Allo, Deikaztelu, Arellano, Arroitz, Lukin, Barbarin, Villamayor, Iguzkitza eta Aiegi; eta mendebaldean, Ega ibaian gora eginez, Allin, Metauten (Ollogoien, Zufia), Murieta, Abaigar, Olexoa, Oko, Legaria, Etaiu eta Antzin.""

Estellerriko euskararen egoera historian zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 300 urte, Lanan, Allinen, Ameskoetan, Deierrin, Mañeruibarren, Gesalatzen eta Goñibarren euskara ohiko hizkuntza zuten. Lizarran aditu zitekeen. Herritarrak, artzainak, merkatariak, apezak, zaharrak eta gazteak euskaraz mintzatzen ziren.

XIX. mendean zehar euskararen etxeko transmisioa toki horietan guztietan gelditu zen, urteak gora eta behera. Gaztelapena ailegatu zen, non gaztelania goraipatu eta euskara gutiesten zen deustarako ez zuela balio erranez. 1870ean, Ameskoan, Deierrin, Gesalatzen, Goñibarren eta Mañeruibarren hiztunak baziren. Hainbat lekutan gazte euskaldunak ere baziren. XX. mendean, euskara gure eskualdeko haran guztietan galdu zen. Goñibarren, 1950ean azken hiztunak aurki zitezkeen.

Mende berean, herritarrek euskara Lizarraldera itzul dadin xede hainbat ikasteko tresna eta ikastetxe euskaldunak gauzatu zituzten. Errepublika garaiko ikastola (1932-1936), Diktadura amaierako ikastola (1970), Beinat Etxepare Euskaltegia (1982), Lizarraldea Institutua (1990), Remontival Ikastetxea (1995), Arieta Haur Eskola (2004), Garean elkartea (2007), landa eskolak (2015etik aurrera, Abartzuza, Lezaun, Zumadia, Allo, Antzin, Zudairi, Sesma...), eta euskararen ezagutzak eginiko aurrerapausuak. Egungo egunean Lizarrako herritarren % 26-k Ameskoan, Deierrin, Gesalatzen, Goñibarren eta Mañeruibarren entendatzen dute eta eskualdean badira herri are euskaldunagoak.

Estellerriko euskararen ezaugarri batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estellerriko euskararen idatzi anitz gelditu zaizkigu. Arestian haranetan eta herritan zerrendatu diren inguru zabala euskal toponimia aberatseko tokia da. Horrez gainera, Deikazteluko testua, Gesalazko dotrinak eta sermoiak eta Mañeruibarko dotrina ikertzaileendako iturri baliagarriak izan dira, freskotasun handikoak. Eta ez dira guti herriotako gaztelanian dirauten euskal hitzak.

Horrela, gure eskualde handia Nafarroa Garaiko hego-mendebaldean dagoenez, ez da harritzekoa bertako euskara erdialdeko euskalkien zenbait izpi edukitzea, eta Izarbeibarkoaren oso antzekoa. Hitz batean erranik, hegoaldeko goi-nafarrera da eta, holatan, euskara batuaren aski antzekoa. Aztertu den bezala, hainbat lekutako haizea heltzen da gure ibarretara, bertako historia islatuz.

Mendebaldeko euskararen eragina ez zen Ameskoetan bakarrik gelditu, eta guti bat hegoalderago ere ikusten da, elkarrekin dantzan dabiltzan bikoteak osatuz: andi & aundi, beltz & baltz, berri & barri, beste & bertze, ibai & ugalde, iri & uri, ixuri & uxuri, kale & karrika, legar & muger, okaran & ukaran & aran, putzu & butzu etabar.

Ipar Euskal Herriko euskararen zantzuak ere aurkitu dira, jakina baita historian zehar Iparraldeko euskaldun anitz Nafarroa Garaian etorri izan zirela, bereziki Lizarran garrantzia handia izanez. Artaxoan eta Izarbeibarren ere badira horren lekukotasunak eta Garesen, adibidez, fite (azkar) ongi dokumentaturik dago. Hona hemen ekialdeko eta iparraldeko adibide batzuk: iera & igara & errota, agot, kisu (kare), turrusta (zorrotada), urketa (ur handia), bonet (txapel), etabar.

Daukagun materialari begira, hitz hasierako j, x eta y letrei dagokienez, lekukotasun oparo dauzkagu. Horrela, j-z hasten diren batzuk- jabe, jaitxi, jangoiko, jarri, jende, jito (ijito), jo, joku, juan (joan). X-z hasten diren batzuk: xaiki, xakin & jakin, xan & jan, xaki (jaki). Eta y-z hasten diren zenbait: yago (gehiago), yasa & jasa, yaun & jaun, yauregi & jauregi, etabar.

Era berean, a eta e bokal protetikoei dagokienez, adibide ugari daude, hala a-dunak nola e-dunak. Gure eskualdeko kasuan gainera, ezaugarri polit bat daukagu, a eta e protetikoak dantzan jartzen dituena: a/e txandaketa da. Horrela, honelako bikoteak dauzkagu: erreka & arreka, errota & arrota, etabar. Hasierako e eta a protetikoak ez direnean ere sortu dira halako bikoteak: erran & arran, errautsa & arrautsa (hautsa), erratza & arratza, bekatu & bakatu, etabar.

Ikus daitekeenez, artikuluak batzuetan haren aurreko bokalaren palatalizazioa eragiten du, edo bokal horrek artikuluarena: bitarte > bitartea & bitartia, frutu > frutue, txoko > txokua, etabar. Artikulurik gabe ere gertatzen den ezaugarria da: aita & aite, ikatz & iketz, itzal & itzel, etabar. Ongi hitzaren diptongazioa ere aurki daiteke: aungi. Eta kontsonante ordezkapenak ere bai: aurpegi & aurtegi & aurregi.

Sinkopa guti aurkitu dituzte, eta sinkopatu gabeko formekin txandaka: atera & atra, burute & brute, gurutze & grutze, eta liburu & libru. Toponimiak arkaismoak gorde ohi ditu eta, holatan, ez da harritzekoa Lizarraldean ere horietakoak agertu izana: erregu (erreka handia), kapana & gapana (txabola), santi (santu) etabar.

Hainbat tokitan hitz eta izen «politak» ere nabariak dira: elurleze txipia, katazuloa, mandazai bidea, egurai mendia. Eta ezohikoak: kunkuna (apoa), petriñe (gerrikoa), potota (alua), txotxa (txabola), etabar.

Biltzerakoan diakronia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miaketa hau egiterako orduan ere kontuan izan behar dugu duela askiko aldaera bat aztertuko dugula, erran nahi dut, akaso berezitasun moduan har zenitzakezuela goi-nafarrerak antzina zituen edo euskarak orokorrean zituen desberdintasunak gaurko euskara batua edo nafarrerarekin alderaturik; holatan, euskara zahar batetaz mintzatuko dela.

Kasu antzeko bat jarriz, Zaraitzuko euskararen hiztegietan, gorde diren XIX. eta XX. mendeetako testu idatzirik gabe eta XX. eta XXI. mendetako hiztunak izan ez balituzte, hiztegi horien emaitza orai duenaren aski desberdina litzateke, iturri nagusia mende horien aurreko toponimia izanen litzatekeelako eta Lizarrako kasuan ikertzaileen ustez toponimia ez da iturri fidagarria horko hiztegia aztertzeko, zalantzaz beterik uzten baitituzte; anitz erran nahi anbiguokoak, entendaezinak maiz. Arlo honetan lanean dabiltzan adituen artean, gainera, batbederak gauza desberdin bat dio, lehengo haritik segituz, adibidez, Zaraitzueraren ezaugarririk nabarmenetako bat sinkopak dira (hitz baten barnealdean hots bat edo hots multzo bat kentzea) eta bide horretatik segituz eginiko hiztegiak ia sinkoparik ez lituzkete izanen.

Ez dugu pentsatu behar Lizarrak bere euskara galdu izan ez balitz adituek aztertzen duten euskara berdina izanen zenik. Segur aski, Zaraitzuko kasuan bezala, XVIII. mendeko Lizarraldeko euskara, eta XXI. mendekoa aski desberdinak izanen ziren. Holatan, zuk erabaki behar duzu zer egin honen aurrean.

Testigantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarak utzitako testigantza edo lekukotza Lizarra berako hiztegian zenbait adibidetan, Ciriquear (Zirikatu), Ciquiñoso (Zikin) edo Zarrapo (apo Lizarreraz, zahar eta apo hitzak lotuz sortzen dena) hitzetan bezala ikus daitekeena. Pello Etxanizek haren "Vocabulario Estellés" lanean bildu ahal izan dituen guztiak ikus ditzakegu, oso lan aparta eta borobila.

Honen inguruko hainbat liburu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Estella y sus calles (José María Jimeno Jurío. 1997)
  • Miradas de mujer emakume begiradak (Hainbat autore. 2002)
  • Tierra de estrellas, Guía histórica de las mujeres de Tierra Estella (Ana Díaz de Uré - Paco Roda. 2004)
  • Lizarrako euskara, Historia de la lengua vasca en Tierra Estella (Pello Etxaniz. 2004)
  • Navarro bajo Napoleón, El caso de Estella (Juan Erce Eguaras. 2005)
  • Deierri (Isidoro Caballero. 2008)
  • El nacimiento de Estella y sus castillos (Antonio Ros Zuasti. 2009)
  • Gesalatz eta Jaitzeko euskara, Diccionario castellano-vasco de Guesálaz y Salinas de Oro (Aitor Arana. 2012)
  • Catálogo general de la moneda de Navarra (Ricardo Ros Arrogante. 2014)
  • Estella, la música y sus protagonistas (José Torrecilla Iturmendi. 2015)
  • Estellerriko euskara, hegoaldeko goi-nafarrera | Estellerriko aldaera (Aitor Arana, - Koldo Colomo - Alfredo Dufur. 2023)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]