Aberin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Aberin

 Nafarroa Garaia

Aberingo armarria

Izen ofiziala Aberin
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Lizarrako merindadea
Lizarrerria
Alkatea David Arnedillo Urritzelki (La Solana, indep.)
Herritarra aberindar
Koordenatuak 42°37′9″N 2°0′26″W / 42.61917°N 2.00722°W / 42.61917; -2.00722Koordenatuak: 42°37′9″N 2°0′26″W / 42.61917°N 2.00722°W / 42.61917; -2.00722

Navarra - Mapa municipal Aberin.svg

Eremua 21,1 km2
Garaiera 514 m
Distantzia 50 km Iruñera
Posta kodea 31xxx
Biztanleria 392 bizt. (2012)
Dentsitatea 18,58 bizt./km²
http://www.aberin-muniain.org

Aberin[1] Nafarroako udalerria da. Lizarrako merindadeko herri honek 392 biztanle zituen 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera. Nafarroako hiriburutik 50 kilometrora dago.

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herria Nafarroa ekialdean kokatzen da, Zangozako merindadearen erdialdean. Herria lau kontzejuk osatzen dute, Muniain, Aberin, Arintzano eta Etxabarrik, azken hau hustutako kontzejua dela. Herriaren izen ofiziala Aberin den arren, biztanleriaren %80 Munaineko kontzejuan bizi da, bertan udaletxea ere badagoela.

Aberinek Villatuerta, Lizarra eta Aiegirekin egiten du muga iparraldean; Oteitzarekin ekialdean; Morentin eta Deikaztelurekin mendebaldean; eta Morentinekin hegoaldean.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima mediterraneo motakoa da, altueraren gorabehera handiak dituena. Urteko batez besteko tenperatura 8 eta 13 gradu artekoa eta prezipitazioak 600 eta 1.200mm bitartekoak dira. Udalerriko gunerik menditsuenetan ugariagoak betiere. Urteroko egun euritsuak 80 eta 100 bitartekoak dira.

Jatorrian udalerria estaltzen zuten arteen azalera asko murriztu da eta XX. mendearen amaieran 22 hektarea baino ez ziren geratzen. XIX. mendetik aurrera birlandaturiko pinuen azalera 20 hektareakoa da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberinen, eneolito edo brontze aroko aztarnategia dago, Garita izeneko gunean.

1177an Antso VI.a Jakitunak, Tenplarioei eman zien dohaintza moduan Aberingo udalerriaren gaineko jabetza. XIV. mendearen hasieran, zehazki 1312 eta 1313 urteetan, Jerusalengo San Joanen Ospitale ordenak izan zuen jaurerriko petxak jasotzearen eskubidea.

Udalerria Iguzkitza edo Solana haraneko kontzejuetako bat izan zen, XIX. mendeko erreforma administratiboa burutu zen arte. Haran hori Muniain, Arintzano, Etxabarri eta Baigorriko kontzejuek osatzen zuten 1857ko errolda arte, Muniainek berezko udalerria izan zuen arte.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberingo biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006
764 786 747 739 790 798 779 595 450 371 377 328 328

2008ko erroldaren arabera, 22 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %6,41 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jasokundeko Andre Mariaren eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muniaingo Jasokundeko Andre Mariaren elizaren kanpoaldea harlanduz egina dago, eta aurrealde pentagonala eta izardun gurutzeriazko ganga estaldura dauka. Eraikina XVI. mendean eraiki zen lau zatitan banaturiko nabe bakarraz osatuta. Dorrea eta sarrera, XVII. mendean egindakoak dira. Mende bat geroago, XVIII. mendean, alboko nabea eraiki zen, ertzdun gangez eta harlanduzko kanpoaldeko portikoarekin.

Erretaula nagusia, XVIII. mendean egin zen, estilo barrokoari jarraiki. Bertan, 1600. urtearen inguruan egindako Jasokundearen Ama Birjinaren eskultura erromanista bat dago. Horrez gain, elizaren barruan, Frantzisko Xabierren omenezko erretaula barrokoa eta beste bi erretaula neoklasiko daude. Errosarioko Ama Birjinaren irudia 1600ean egin zuten eta San Joseren egurrezko irudia XVIII. mendean zehar.

Baselizak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muniaingo kontzejuaren inguruetan bi baseliza daude, bata San Sebastianen omenezkoa, eta bestea San Erramun Jaiogabearen omenezkoa. Bi baselizek, Erdi Aroko jatorria dute, baina aldaketa ugari izan dituzte mendeetan zehar eta jatorrizko egituratik ezer gutxi gordetzen dute gaur egun.

San Sebastian baseliza Jurramendiren oinetan dago, harlangaitzezko hormez eraikia, eta laukizuzen itxurako nabe bakarrez osaturik dago. Eraikinaren barruan, XVII. mendearen amaierako erretaula barrokoa eta San Sebastianen egurrezko irudi bat daude.

San Erramun Jaiogabea baseliza, Muniaingo herriaren goialdean dago, laukizuzen itxurako nabea eta harlangaitzezko hormak dauzka. Barruan, 1600. urtearen inguruan egindako erretaula eta San Ramonen eskultura barrokoa daude.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateen zerrenda
1979-1983
1983-1987
1987-1991
1991-1995
1995-1999
1999-2003
2003-2007
2007-2011 Luis Enrique Aguilar Lizarraga AIM, indep.
2011- David Arnedillo Urritzelki La Solana (indep.)

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberingo alkatea Agrupación Independiente Montejurra (AIM) herri ekimeneko Luis Enrique Aguilar Lizarraga atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Taldeak udaleko zazpi zinegotziak lortu zituen, eta hortaz gehiengo osoa udalean. Baliogabeko botoak 8 izan ziren (emandako guztien %4,40) eta 44 boto zuri izan ziren (botoen %25,29). Abstentzioa %41,85koa izan zen.

Aberingo Udala (2007)
Alderdia Botoak Zinegotziak
AIM 130 7


2011n La Solana hautagai zerrenda independenteak 138 boto eta 7 zinegotziak eskuratu zituen; David Arnedillo Urritzelki izendatu zuten alkate.

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • HELBIDEA: Kale Nagusia 36

Garraiobideak eta azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Estellesa autobus konpainiak Lizarra eta Iruñarekiko autobus zerbitzua eskaintzen du.

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberinek estalitako eta ageriko frontoia eta udal piszinak dauzka.

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Aberin eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %0,40k zekien euskaraz hitz egiten.

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberingo eta Muniaingo herriko jaiak abuztuan ospatzen dira. Muniaingoak Abuztuaren 15aren inguruan ospatzen dira Ama Birjinaren omenez. Aberingo jaiak, berriz, abuztuaren 29aren inguruan ospatzen dira.

Erromeriei dagokienez, urtarrilean [muniaindarrek San Sebastian baselizarako erromeria antolatzen dute, eta abuztuan San Ramon Nonato baselizarako beste erromeria bat. Aberindarrek irailaren 14ean ospatzen dute Kalbarioko baselizarako erromeria.

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberin "Aberin-Arellano-Morentin Mankomunitateko" kidea da.

Aberindar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aberin Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa