Mahoma
Mahoma edo Mahomet[1], jatorriz Abu l-Qasim Muhammad ibn ‘Abd Allāh al-Hashimi al-Qurashi (arabieraz: محمد; transliterazioa: Muḥammad) Islamaren azken profeta da. Musulmanek Islamaren ardatzak Mahomaren aurretik ere bazirela uste dute eta eurentzat Adam, Noe (Nuh), Moises (Musa) eta Jesus (Isa) ere Jainkoak bidalitako profetak ziren. Musulmanen arabera, Jainkoa, Gabriel goraingeruaren bitartez, Muhammad profetari egin zion errebelazioa.
Eduki-taula |
[aldatu] Biografia
Mahoma Mekan (مكة) jaio zen 570. urtean, eta Koraix (Quraysh) tribuko familia aberats batekoa zen. Medinan (gaur Saudi Arabian) hil zen 632ko ekainaren 8an.
Aita Abd Ala ibn Abd al-Mutalib zen, hashimi klaneko kide eta Muhammad jaio baino lehen hil zen; ama, berriz, 6 urte zituenean galdu zuen. Aitona Abd al-Mutalib arduratu zen umeaz hasieran eta, Halima, emakume beduino baten esku, jarri zuen umea. Honek basamortuan hazi eta hezi zuen haurra, bere ustetan onura handiak baitzituen honek edonorentzat. 8 urte zituenean aitona galdu zuen eta osaba Abu Talib, Aliren, kalifa izango zenaren aita arduratu zen bere heziketaz.
Damasko eta Meka artean aritu zen merkataritza lanetan, Jadiyaren esanetara. Jadiya Juwaylid (خديجة بنت خويلد ) merkatariaren alaba zen, Muhammadek baino 20 urte gehiago zituen alargun aberatsa, eta Muhammadekin ezkondu zen —honek 25 urte zituela—, 4 alaba izanez: Zainab, Ruqayyah, Umm Kulzum eta Fatima (badirudi bi seme ere izan zituela, Al-Qasim eta Abdullah, baina berehala hil ziren). Zazpigarren seme bat ere izan zuen Medinan, Mariyah Al-Qibtia-rekin (Mariyah, koptoa): Ibrahim. Seme hau ere berehala hil zen, 17 edo 18 hilabete zituelarik.
[aldatu] Jainkoaren profeta
612. urtean, Muhammadek 40 urte zituen eta Gabriel (Jibril, جبريل) aingerua azaldu omen zitzaion. Jainkoak bidaltzen zizkion bertsoak buruz ikasi eta behin eta berriro errepikatzeko agindua jaso zuen, geroan, Koranen idatziko zirenak. Gabrielek azken profeta zela esan zion eta Jainkoaren hitza predikatzen hasi behar zuen. Erlijio berri hau monoteista zen, eta Azken Epaiaren Eguna iragartzen zuen.
Koranek esaten duen bezala, Muhammad analfabetoa zen (ummi). Gabrielek esan zion Jainkoaren hitza "memorion"-en esku utzi zuen, eta hauek behin eta berriro errezitatuz memorizatu egin zuten. Profeta hil zenean, inongo aldaketarik gabe jaso nahian, idatziz jarri zuten. Horrela izan ziren grabatuak Koranen bertsoak.
Mahomak ez zituen aurrez aurre judu eta kristau erlijioak ukatzen, baina Jainkoak bera bidali zuela zioen bere erakusketak osatu eta hobetzearren.
[aldatu] Hejira
XVI. mendetik aurrera, Muhammaden aurpegia beloz estalia irudikatzen hasi zen.
Muhammaden jarraitzaileak ugaritzen ari ziren eta mehatxu izaten hasi zen tribuetako buruzagientzat. Tribu hauen aberastasuna Kaaban zetzan, Mekako erlijio gune garrantzitsuena zenean. Muhammad politeismoaren aurka zegoen eta horrek arrisku handia zekarkion bere tribuari, qurayshi-ri, Kaabaren zaintzaile baitziren. Hori izan zen Muhammad eta bere jarraitzaileei egin zitzaien jazarpenaren arrazoi nagusienetako bat.
Bizitza arriskutsua bihurtu zen eta Muhammadek hainbat atentatu sufritu zituen. 619an, Jadiya, Muhammaden emaztea, eta osaba Abu Talib hil ziren. Tristuraren urtea deitu izan zaio. Muhammad kide zuteneko klan hark ere atzera egin zion eta bere jarraitzaileak jazartzeari ekin zion.
Azkenean, Jathrib-era (gero Medina izango zenera) joan zen bere jarraitzaileekin, Hejira (هجرة) ezagutzen den bidaian. Bere tribuekiko edo familiekiko harremanei alde egin eta Islamarekiko konpromisoa indartu zuen. Migrazio honek markatuko du islamiar egutegiaren hasiera.
[aldatu] Ezkontza politika eta egonkortasuna
- Jadiya hil ondoren, Sawdah-ekin ezkondu zen.
- Emaztea hil ondoren, Muhammad Aisha-rekin ezkondu zen, bere laguna zen Abu Bakr-en alabarekin, alegia. Etorkizunean, Muhammad hil ondoren musulmanen lider izango zen. Askoren ustean, Aishak 6 urte zituen eta Muhammadek 54, ezkontza 9 urte bete arte kontsumatu ez bazuten ere. Beste batzuen iritziz, Abu Bakr-en alaba zaharrago behar zuen garai hartan.
- Medinan, Hafsah-ekin ere ezkondu zen, Umar-en alabarekin. Hau izango zen Abu Bakr-en ondorengo. Ezkontza hauen bidez, Muhammad eta bere jarraitzaile nagusien artean harremanak finkatzen ari ziren. Ezkontza gehiago ere izan ziren.
- Muhammaden alaba, Fatima, Ali-rekin ezkondu zen, Muhammaden lehengusuarekin.
- Beste alaba, Ruqayyah, Uzman-ekin ezkondu zen, baina Ruqayyah hil egin zen.
- Uzman bere koinata Umm Kulzum-ekin ezkondu zen, Muhammaden beste alaba.
Gizon hauek izango ziren ondorengo urtetan Muhammaden ondorengo; beraz, lehenengo lau kalifak Muhammadekin erlazionatuta zeuden, ezkontza ezberdinak medio. Musulmanek rashidún (الخلفاء الراشدون) deitzen diete, "zuzenduak".
[aldatu] Gerra Santua
Medinan hasi zen bere erlijioa indar hartzen. Gerra piztu zen Meka eta Medinaren artean eta Muhammaden jarraitzaileak irten ziren garaile. Horretarako sortutako armada berriak borrokarekin jarraitu zuen eta Arabia osoa konkistatzeari ekin zion. Muhammaden heriotzarako, Penintsula osoa hartuta zuen, jada, Siria eta Palestinarekin batera, eta Islama zabaltzen ari zen gelditu gabe. Muhammaden jarraitzaileek bide horretatik jarraitu zuten eta Palestina, Siria, Mesopotamia, Persia, Egipto, Afrika iparraldea eta Espainia ere hartu zituzten.
[aldatu] Heriotza
Gaixotasun motz baten ondoren, 632ko ekainaren 8an hil zen 63 urte zituelarik, Medinan.
Abu Bakr, Aisharen aita, Muhammaden hirugarren emaztearen aita, aukeratu zuten Muhammaden ondorengo, kalifa, bera baitzen Muhammaden gogoko.
[aldatu] Muhammaden ondorengoak
Fatima eta bere seme-alabak bizi ziren Muhammad hil ondoren. Xiiten ustez, Fatimaren senarra, Ali, eta bere ondorengoak izan ziren Islamaren benetako liderrak. Suniek ez daude ados, baina Muhammaden ondorengoak errespetatzen dituzte.
Muhammaden ondorengoak izen ezberdinak hartu dituzte: sayyid, sharif. Gaur egun, herrialde musulmanetako hainbat lider eta noblek Muhammaden ondorengo direla zin egiten dute: Ipar Afrikako fatimi dinastia, idrisiak, egungo Jordaniako errege familia, Agha Khan iman ismaelitak...
[aldatu] Iturriak
Muhammaden bizitzaren berri Koran-en jaso dugu eta ezagutzen diren biografia zaharrenak Ibn Ishaq-en (768. urtean, Muhammad hil eta 120 urtetara idatzia) Jainkoaren profetaren bizitza eta al-Waqidi-rena (822) dira.
[aldatu] Erreferentziak