Napoleon III.a

Wikipedia, Entziklopedia askea
Askasua (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:06, 22 abuztua 2015
Artikulu hau Napoleon III.ari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Napoleon (argipena)».

Txantiloi:Agintari infotaula

Charles Louis Napoleon Bonaparte edo Napoleon III.a (1808ko apirilaren 20a - 1873ko urtarrilaren 9a) 1848tik 1851 arte Frantziako II. Errepublikako presidentea zein 1852 eta 1870 bitartean Frantziarren enperadorea izan zen. Napoleon I.a osaba bezala, Errepublikako boterea hartzean, iraultzaileen ideiak eta agintean jarrera autoritarioa bat egiten saiatu zen. Gainera, bi inperioak armadaren porrotak zirela kausa desagertu ziren.

Frantziako Presidentea

1848ko Iraultzako gatazken ostean, abenduaren 10eko hauteskundeetan bihurtu zen II. Errepublikako presidente Luis Napoleon Bonaparte. Burokrazia, armada eta Frantziako probintzietako biztanleria nekazal eta atzerakoiagoaren babesa lortuta. Aurrerakoiagoen aurrean, Louis Napoleonek gizonezkoen sufragio unibertsala indarrean jarri zuen berriro.

Alabaina, 1851ko abenduaren 2an, estatu-kolpea eman zuen: Asanblada Nazionala desegin eta oposizioko buru nagusiak atxilotu zituen. 1852ko urtarrilean presidentetza 10 urterako luzatu zitzaion, eta Guardia Nazionaleko kontrol zuzena bere esku geratu zen. 1852ko azaroan, plebiszitu baten ondoren, II. Inperioa ezarri zuen.

Inperio Autoritarioa (1851-1860)

Barne politika

Inperio Autoritario deritzon Bigarren Inperioaren lehenengo epe honetan, barne politika bi helburu nagusi izan zituen Napoleon III.ak: estatuko botereak bereganatzea eta matxinadak itzaltzea. 1852ko konstituzioak Napoleonen esku botere betearazlea eta militarra utzi zituen, baita justizia boterean eskua sartzeko eskumena ere, ordezkariak izendatu ahal izaten baitzituen. Legegintzari zegokionez, Napoleonek Estatu Kontseilua eratu zuen, zeinek proposatzen zituen gizonezko sufragio unibertsalaren bidez hautatutako legebiltzarrak aztertu behar zituen legeak.

Orden publikoa poliziaren bidez gorde zen: polizia hirietan eta jendarmeria herrietan. Zentsurarik ez egon arren, prentsa zein unibertsitateak zelatan zituen. Elizarekin aliatuta, batik bat Industria Iraultzak ekarritako aberastasunak, baikortasuna, segurtasuna eta ondasun andana eman zizkien frantsesei. Honela, matxinatzeko gogoa apaldu zen.

Kanpo politika

Kanpo politikan, epe honetan Krimeako Gerran zein Austria-Piamonteko Gerran ere aritu zen Napoleon.

Krimeako Gerran Napoleon III.ak Erresuma Batuaren alde egin zuen eta Nikolas I.aren Errusiaren aurka Ekialdeko katolikoei lagundu nahian. Bi urteren buruan garaile aterata, nazioarteko mailan ospe handia lortu zuen Napoleonek.

Italian, Piamonteko Cavourrekin sinatu zuen Plombièrs hitzarmena (1858ko uztailaren 21ean) Austriaren aurka. Hurrengo urteko ekainean, Magenta eta Solferino batailetan austriarrak garaitu ostean, Prusiak Austriari laguntza emango zien beldurrez, Napoleonek bakea sinatu zuen, Piamontekin adostu gabe. Piamontek lurralde batzuk lortu arren, tartean Aita Santuen Estatuko zati bat, Cavourrek dimisioa aurkeztu zuen.

Ekonomia

Historialari frankok Frantziako benetako Industria Iraultzaren garapena epe honetan kokatzen dute.

Napoleonek eskua sartu zuen ekonomian. Frantziako nekazarien babesa (populazio aktiboaren %50 baino gehiago) bereganatu nahian, laguntza eman zien. Halaber, Paris eraberritu zuen, hiriburuko langabeziari aurre egiteko eta negozio-burgesiaren babesa ere bereganatzeko.

1850eko hamarkadan babeskor jokatu zuen Napoleonek ekonomia arloan, eta ekonomia modernizatu ahal izan zuen. 1860ko hamarkadan, merkatuak ireki zituen, eta, 1866ko krisi ekonomikora arte, Frantziako kanpoko salmentak ugaltzea lortu zuen.

Inperio Liberala (1860-1870)

Barne politika

Frantziako laguntzarekin Piamontek Aita Santuen Estatuetako zati bat eskuratu izanak (1859) kendu zion Napoleoni hainbat katoliko frantziarren babesa. Orduan, Napoleonek politika aurrerakoiagoa hartu zuen, -1859an amnistia ezarri zuen, esterako- errepublikazaleen babesa bereganatu nahian. Hala ere, atzerakoiekiko lotura moztu ez zuenez, hein txiki batean baino ez zuen lortu.

Liberalizazio politiko (eta ekonomiko) horri esker, legebiltzarrak eskumen gehiago izan zituen, edota, 1864an, langileen elkarteak eta grebak onartu zituen.

Kanpo politika

Porrot latzak ere izan bazituen ere, batik bat 1866tik aurrera, Napoleonek arrakastak izan zituen: Savoia eta Niza bereganatu zituen Frantziak 1860an, Indotxinan eta Senegalen lehenengo koloniak kokatu zituen, Suezko Kanalaren eraikuntza (1859-1869), edota Mexikoko espedizioa (1861-1866).

Baina 1866an bertan, Bismarcken estreinako porrot diplomatikoa izan zuen Napoleonek, Luxenburgo Frantziarako bereganatu nahi izan zuenean. AEBetako Gerra Zibilean Hegoaldearen alde egin zuen Napoleonek, eta 1865ean Iparraldea atera zen garaile. Gainera, Frantziak Mexikon ezarritako gobernua –Maximilianorena- ez zuten onartu AEBek. 1867an, Frantziak abandonaturik, Maximiliano atzeman eta hil zuten.

Baina porrot erabakigarria 1869-1870eko Prusiaren kontrako gerra izan zen. Bismarckek berehala garaitu zituen Frantziako armadak. Ondorioz, Alsazia eta Lorena galdu zituen Frantziak, eta legebiltzarrak III. Errepublika aldarrikatu ondoren, II. Inperioa amaitu zen.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Napoleon III.a Aldatu lotura Wikidatan