Práxedes Mateo Sagasta

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Práxedes Mateo Sagasta
Práxedes Mateo Sagasta

1871ko abenduaren 21a – 1872ko maiatzaren 26a
Aurrekoa José Malcampo y Monge
Ondorengoa Francisco Serrano y Domínguez
1874ko irailaren 3a – 1874ko abenduaren 31
Aurrekoa Juan de Zavala y de la Puente
Ondorengoa Antonio Cánovas del Castillo
1881eko otsailaren 8a – 1883ko urriaren 13a
Aurrekoa Antonio Cánovas del Castillo
Ondorengoa José Posada Herrera
1885eko azaroaren 27a – 1890eko uztailaren 5a
Aurrekoa Antonio Cánovas del Castillo
Ondorengoa Antonio Cánovas del Castillo
1892ko abenduaren 11 – 1895eko martxoaren 23a
Aurrekoa Antonio Cánovas del Castillo
Ondorengoa Antonio Cánovas del Castillo
1897ko urriaren 4a – 1899ko martxoaren 4a
Aurrekoa Marcelo Azcárraga Palmero
Ondorengoa Francisco Silvela
1901ko martxoaren 6a – 1902ko abenduaren 6a
Aurrekoa Marcelo Azcárraga Palmero
Ondorengoa Francisco Silvela

Jaiotza 1825eko uztailaren 21a
Torrecilla en Cameros, Errioxa
Heriotza 1903ko urtarrilaren 5a
Madril
Alderdi Politikoa Alderdi Liberal Fusionista
Ezkontidea Ángela Vidal Herrero

Práxedes Mateo Sagasta Escolar (Torrecilla en Cameros, Errioxa, 1825eko uztailaren 21a - Madril, 1903eko urtarrilaren 5a) espainiar politikaria izan zen. 1870-1902 bitartean Espainiako Gobernuko presidente 7 aldiz izan zen. Erretorikarako zuen gaitasunaz ezaguna da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Práxedes Mariano Mateo-Sagasta y Escolar 1825eko uztailaren 21ean jaio zen Torrecilla en Cameros (Errioxa). Clemente Sagasta y Díaz eta Esperanza Escolar izan ziren gurasoak eta 3 senideetako bat izan zen.

1849an, Portu, ubide eta bideetako ingeniarian lizentziatu zen eta Zamorako Herri Lanetako buru egin zuten, Zamora-Ourense arteko errepidearen ardura hartu zuelarik.

1852an, Ifarraldeko trenbidearen ikerketa egin zuen, Valladolid-Burgos arteko 121 kilometroak.

32 urte zituen 1857an, ingeniari-irakasle egin zutenean sortu berria zen Herri Lanetako Laguntzaileen Eskolan eta hantxe eman zituen hurrengo 9 urteak Topografia eta Eraikuntza gaiak erakutsiz.

1858an, zuzendariorde egin zuten eta irakaskuntza eta parlamentari lanak eraman zituen batera.

1866an etorri zen aldaketa, San Gil kuartelean izanadako altxamendu baten ondorioz, irakasle lana galdu baitzuen eta Bide Ingeniarien taldetik alboratua izan zen.

1868an, Iraultza Loriatsuaren ondoren, erbestetik itzuli zen eta politikari ekin zion bete-betean.

Hastapenak politikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1848an, Portu, ubide eta bideetako ingeniaritza ikasketak egiten aritu zen bitartean, Espainiako Elisabet II.aren aldeko manifestua sinatzeari uko egin zion eskolako ikasle bakarra izan zen.

Zamoran murgildu zen politikan 1854an, Herri Lanetako buru egin zutenean. Hiriko Batzar Iraultzailearen presidente egin zuten eta Gorteetarako diputatu ere bai.

1858an, berriro hautatu zuten diputatu eta hantxe egon zen 1863ra arte.

1865etik aurrera, Primekin ekintza iraultzaileetan elkarlanean aritu zen 1866ra arte. San Gil koarteleko altxamenduan parte hartu zuen, Elisabet II.a eraisteko xedean, eta horregatik atxilotu zuten, epaitu eta heriotza zigorra esleitu zioten. Hala ere, alde egin eta Frantzian erbesteratu ahal izan zuen.

Seiurteko Demokratikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sagasta 1869ko Behin-behineko Gobernuan

1868ko Iraultza Loriatsuaren ostean, Elisabet II.a erori eta gero, Sagasta etxeratu egin zen. Seiurteko Demokratikoaren hasieran, Behin-behineko gobernua eratu zuten eta, Práxedes Mateo gobernazio ministro egin zuten.

Primen heriotzaren ondoren sortutako Alderdi Konstituzionaleko kide izan zen eta, 1871n, Amadeo Saboiakoa agintean zegoen bitartean, Ministro Kontseiluaren presidente izendatu zuten.

1874ko irailetik urte amaierara arte, Ministro Kontseiluaren buru izan zen berriro, Serrano jeneralaren agindupeko gobernuaren garaian eta, krisi sozial eta politiko larriak zeuden garai hartan, Alderdi Konstituzionalaren buru izan zen.

1874ko Borboien Berrezarkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borboiak berriro tronuan, Alfontso XII.a errege, 1880an, Sagastak Alderdi Liberala eratu zuen eta Cánovas del Castilloren Alderdi Kontserbadorearekin batera, txandakako sistemari eman zioten hasiera. Epe horretan, Sagastak 5 alditan hartu zuen gobernuaren ardura.

1885eko azaroaren 24an, Alfontso XII.a hiltzear zegoen eta Alderdi Liberaleko buru zen Sagastak Pardoko Ituna hitzartu zuen Alderdi Kontserbadorearen buru zen Cánovas del Castillorekin. Maria Kristina Austriakoa haurdun zegoen eta, bat-bateko heriotza haren aurrean, jaiotzeke zegoen Alfontso XIII.aren erregetzari lagundu nahi zioten. Itun haren arabera, Cánovasek Sagastari utziko zion lehendakaritza, beti ere 1876ko Konstituzioa errespetatzen bazen.

Adostutakoaren arabera, azaroaren 27an, Sagastak osatu zuen gobernu berria. 1909ra arte iraungo zuen Pardoko Itun hark. Egia esan behar bada, 1881az geroztik martxan zegoela esan dezakegu, Sagastak Berrezarkuntzan lehendakaritza hartu zuen lehen aldian.

Sagasta zen presidente 1898an, Espainiak Kubako Gerra galdu zuenean, Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Guam galduz. Galera haren ondoren ere izan zuen gobernatzeko aukera, 1901 eta 1902 bitartean.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Praxedes Mateo Sagastaren hilobia

Urrezko Toisoiaren zaldun egin zuten eta Concepción de Villaviciosa eta Torre y Espada ordenatako Gurutz Handiak jaso zituen. Sagasta masoi garrantzitsua izan zen eta Espainiako Gran Orienteko Maestre Handia izatera iritsi zen.

1885ean, Ángela Vidal Herrerorekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituzten: José Sagasta Vidal eta Victoria Esperanza Mateo Sagasta y Vidal, lehen Sagasta kondesa.

1903ko urtarrilaren 5ean Práxedes Mateo Sagasta Madrilen hil zenean, Gorteetako diputatu zen, Logroño ordezkatuz.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Práxedes Mateo Sagasta Aldatu lotura Wikidatan