Edukira joan

Borgoina

Wikipedia, Entziklopedia askea
InternetArchiveBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:24, 13 otsaila 2021
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Borgoina
Bourgogne


Geografia
HiriburuaDijon
47°19′23″N 5°2′31″E
Azalera31.582
MugakideakChampagne-Ardenne, Franche-Comté, Rhône-Alpeak, Auvernia, Erdialdea-Loira Harana, Île-de-France eta Auvergne (en) Itzuli
Administrazioa
Demografia
Biztanleria1.642.687
Dentsitatea52,01 bizt/km²
Ekonomia
Historia
Sorrera data: 1960ko ekainaren 4a
Bestelako informazioa
Ordu eremua

Borgoina[1][2] (frantsesez: Bourgogne, borgoineraz Bregogne, frankoproventzeraz Borgogne) Frantziako erdi-ekialdeko eskualde historikoa da. 2016ko urtarrilaren 1a arte, Frantziako eskualde administratiboa izan zen; harrezkero Borgoina-Franche-Comté eskualdearen zati da[3]. 31.582 km²ko eremua du eta 2011n 1.642.734 biztanle zituen[4]. Prefektura Dijon hirian dago, eta beste hiri nagusiak Auxerre, Nevers eta Mâcon dira.

Borgoina eskualdeko mapa fisikoa.

Parisaldeko arroa eta Rodano ibaiak ureztaturiko lurraldeak elkartzen ditu antzinako dukerri ospetsu honek. Goi-lautada batek hartzen du ia osorik, eta altuera emendatuz doa lurrak hegoalderantz zabaltzen diren heinean. Muinoak eta lautadak tarteka ageri dira, eskualdeen arabera.

Departamenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yonne (89), Côte-d'Or (21), Nièvre (58) eta Saona eta Loira (71) departamenduek osatzen dute.

Biztanleria eta ekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desagerturiko jarduera ekonomiko baten gune oparoa (zurgintza) eta atzera jo duten beste batzuen lurraldea (ardi-azienda, ardogintza) izanik, industrializazioak bigarren maila batean utzi zuen Borgoina, alboko industria hirien mesedetan (Paris eta Lyon, nagusiki). 1861. urtean, Borgoinak egun baino hirurogei mila biztanle gehiago zituen (1.714.000). Emigrazioa etengabea izan da orain dela ehun urtetik hona.

Nekazaritzak kontzentrazio handia izan du: abeltzainek lehenik, nekazariek ondoren eta ardogileek azkenik. Borgoina mahasti-lurralde oparoa da: bertan egiten da Frantziako eta munduko ardo ospetsuenetako bat: Bourgogne. Industria, gutxi garatua oraindik, oso bizkor zabaldu da azken honetan. Lyondik gertu dagoen hegoaldera (Saona eta Loira departamenduko Le Creusot, Autun, Digoin eta Mâcon) askotariko industria modernoa bildu da (lurraldeko industria langileriaren %42).

Gainerako departamenduetako industria barreiatuagoa dago. Dijon, Paris eta Lyon artean dagoen hiria, Borgoinako hiriburua da, lurraldeko administrazio-, merkataritza- eta unibertsitate-hiri nagusia. Hiri modernoa da (enpleguen %62 zerbitzu alorrekoak dira) eta ohiko janari-industriaz gainera (bertako ziapea guztiz ospetsua da), mekanikaren, elektrizitatearen eta elektronikaren alorrak oso bizkortu dira.

Erromatarrak iritsi ziren garaian (K.a. I. mendea), eduarrak (Aedui) bizi ziren Burgundia aldean. Erromatarrek hartu, eta lurraldea Lyon izeneko probintzia barnean geratu zen. Germaniarrak (burgundiarrak) bertan kokatu ziren V. mendearen erdialdean, eta Burgundiarren Erresuma izena eman zioten erreinu berriari. Gundebaldo burgundiar erregeak (516. urte aldera hila) herri hartako lehen lege-kodea idatzi zuen. Gorabehera batzuen ondoren (Klovisen seme Klodomirek Sigismundo, Gundebaldoren semea, hil zuen 524an), erreinua frankoen esku geratu zen 534an.

Burgundiako bigarren erreinua etorri zen ondotik, Gontran (561-592) Klotario I.aren semeak herentzian hartua: hala, Orléansetik Aostara eta Sensetik Proventzako Arleseraino hedatu zen. Merovingiarren eta karolingiarren mende egon zen urteetan, Burgundiak nolabaiteko autonomia atxiki zuen. 843ko Verdungo Itunaren ondorioz, Burgundia Karlos Burusoilari egokitu zitzaion eta Franche-Comté delakoa Lotario I.aren esku geratu zen.

Karlos Burusoilak Burgundiako Dukerria sortu zuen hil aurretik, 877an, Boson bere koinatuarentzat. Bi Burgundia eratu ziren Boson Proventzako errege bihurtu ondoren: Juraz haraindiko Burgundia edo Burgundia Beherea (Arles hiriburu) eta Juraz honaindiko Burgundia edo Burgundia Garaia (Auxerre hiriburu). 934. urtean, bi Burgundiek bat eginik, Burgundia-Proventzako Erresuma sortu zen, Arles hiriburu, Frantziako koroari lotua egon bazen ere. 1034an germaniar enperadorearen mendeko lurralde bihurtu zen Arlesko Erresuma.

Borgoinako Dukerria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Borgoinako Dukerria»

Rodolfo Borgoinakoa Frantziako erregea hil ondoren (Auxerre, 936), Kapeto leinua koroaren jabe egin zen, eta Borgoina Frantziari loturiko dukerri bihurtu zen. Frantziako errege Roberto II.ak, Berta Borgoinakoaren senarra zenak, bereganatu zuen lurraldea, baina hura 1031n hil ondoren, Borgoina autonomo bihurtu zen berriz ere. Kapeto dinastia 1361. urtean iraungi zen (Filipe I.a Rouvreskoa izan zen azken dukea).

Filipe Ausarta, Karlos V.a Frantziako erregearen anaia gazteena, izan zen Valois etxeko lehen Borgoinako dukea. Borgoinako Dukerriaren garai oparoenen hasiera zen. Filipe II.ak Arles, Franche-Comté, Flandria, Artois eta Nevers lurraldeak bildu zituen bere dukerrira. Joan Lurgabea haren semea Bourguignons edo borgoinarren alderdiburu bihurtu zen Armagnac-ekoen aurkako guduan (1404-1419) eta Karlos VI.a Frantziako erregeak hilarazi zuen.

Aita hil ondoren duke bihurtuta, Filipe III.a Onak (1419-1467) Macôngo konderria bere egin eta dukerriko lurraldeak zabaldu zituen Pikardia, Belgika eta Holanda aldera. Garai hartako printze ahaltsuenetakoa zelarik, lurralde burgundiar guztien batasunaren sinbolo bihurtu zen Urrezko Ahari-larruaren Ordena sortu zuen. Karlos Izukaitza (1467-1477), haren seme bakarrak liskarra baizik ez zuen ikusi Luis XI.a Frantziako erregearekiko harremanetan, eta ez zuen batere asmatu suitzarren eta lorrenatarren aurkako gerretan. Nancy aldean hil zen, eta alaba bat utzi zuen oinordeko: hilabete batzuk geroago, Austriako Maximilianorekin ezkondu zen Maria Borgoinakoa.

Luis XI.ak Borgoinako Dukerria konkistatu eta Frantziako Iraultza arte garrantzi handia izan zuen parlamentua antolatu zuen Dijonen (1480). Austriako koroak, bestalde, Borgoinarako eskubideak jaso zituen Maximiliano eta emaztearengandik, baina 1526. urtean Borgoinako Parlamentuak (États de Bourgogne) Karlos V.a bertako jaun izan zedin gaitzetsi eta enperadore germaniarrak Cambrai eta Crépyko itunak (1529 eta 1544) izenpetu behar izan zituen, Borgoinarekiko zituen asmoei uko eginez.

Borgoinar ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]