Aristides de Sousa Mendes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Aristides de Sousa Mendes
Aristides20I.jpg
Bizitza
Jaiotza Viseu eta Cabanas de Viriato Itzuli1885eko uztailaren  19a
Herrialdea  Portugal
Heriotza Lisboa1954ko apirilaren  3a (68 urte)
Hezkuntza
Heziketa Law School of the University of Coimbra Itzuli
Jarduerak
Jarduerak diplomazialaria eta politikaria
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
www.AristidesDeSousaMendes.com/

Aristides de Sousa Mendes do Amaral e Abranches (Cabanas de Viriato, Viseu barrutia, 1885eko uztailaren 19 - Lisboa, 1954ko apirilaren 3) diplomatiko portugaldarra izan zen. Bordelen 1940an lanean zebilela António de Oliveira Salazar diktadorearen aginduak betetzeari ukon egin eta nazionalitate askotako 30.000 bat judu zein ez juduri bisak eman zizkien, horrela nazien eskuetan zegoen Frantziatik alde egin ahal izan zutela. "Schindler portugaldarra" ezizenez ezaguna, Sousak ere bere zerrenda izan zuen eta milak laguni bizitza salbatu zion, tartean bestela Holokaustoa hiltzera kondenatuta zeuden 10.000 judu ingururi[1].

Bere kargutik bota zuten eta harrezkero egoera txarrean bizi izan zen. 1980ko hamarkadan Portugaleko agintariek bere izen ona berreskuratzeari ekin zioten eta hainbeste lekutan omenaldiak egin dizkiote, tartean Euskal Herrian.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carregal do Sal udalerriko herrixka batean jaio zen, Portugalgo Beira Altan. Familia aristokratiko, katoliko erregezale eta kontserbadorean hazi zen. 1907an Lisboara jo zuen eta geroago Coimbrako Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen; bere anaia bikia bezaka karrera diplomatikoa egiteari ekin zioten. Angelina emaztearekin 14 seme-alaba izan zituen, lehena 1909an jaioa.

De Sousa Mendes Portugalgo ordezkari aritu zen 1910etik; urte horretan Demeraran (egun Guyana) ibili zen bigarren mailako kontsul. Zenbait hilabete Galizian pasatu eta gero 1911n Zanzibarrera bidali zuten; 1918an Brasil (Curitiba, Porto Alegre) izan zen bere helburua eta 1920an San Francisco (Kalifornia). 1929an kontsul izendatu zuten Anberesen (Flandria); bertan 1938 arte egon zen. Han egindako lana garrantzitsua izan zen eta Belgikako Koroaren Ordena eman zioten, estatu honetako kondekoraziorik handiena. Aldi honetan Maurice Maeterlinck (Literaturako Nobel Sariduna) eta Albert Einstein bezalakoekin egoteko aukera izan zuen. Geroago Bordelera (Okzitania, frantses estatuan) bidali zuten kontsul.

Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraren hasierak hiri gaskoian harrapatu zuen, Adolf Hitlerren agindupeko tropak Frantzia osoa zeharkatzen ari ziren unean. Salazarrek, Francok bezala, Portugalen itxurazko neutraltasuna mantentzea erabaki zuen. "14 zirkularraren" (Circular 14) bidez diktadoreak Portugaleko kontsul guztiei zenbait giza-talderi ("zehaztugabeko edo ezbaian dagoen nazionalitatekoak, aberrigabeak eta juduak") bisarik ez emateko agindu zuen.

1940an Frantziako gobernua, alemaniar tropengandik Parisetik ihesi Bordelen finkatu zen. Milaka iheslari ere hirira heldu ziren eta haietako askok Portugalgo kontsulatura jo zuten herrialde honetara edo AEBetara joan ahal izateko. De Sousa Mendesek 1939tik ekin zion aginduak ez betetzeari; bisak igorriz lagundu zituen pertsonen artean jacob Kruger Bruselako errabinoa egon zen eta horrek juduak heriotza segurutik salbatzeko garrantzia azpimarratu zion.

1940ko ekainaren 16an eskatutako bisa guztiak ematea erabaki zuen, horretarako bere esku zeuzkan paperezko ia orri guztiak erabili zituelarik. Lisboatik lehen oharpenak heldu zitzaizkionean jaramonik ez egitea ebatzi zuen.

Lapurdin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salazarrek bere kontrako neurriak hartu bazituen ere, de Sousak ez zuen etsi; 1940ko ekainaren 20tik 23ra (22an Frantziak Alemaniari armistizioa eskatu zion) Baionan ere bere lanarekin segitu zuen, erabat harrituta zeuden Manuel Vieira Braga kontsulordearen eta Salazarren bi funtzionarioren presentziaren gainetik. Faria machado kontsulak aginduak bete nahi zituen baina bere profesionaltasun faltak de Sousaren asmoak erraztu zituen. Lapurdiko hiriburuan Francisco de Calheiros e Meneses Bruselan Portugalek zuen ministroa ere zegoen eta berak ere bisak igortzeko lanean lagundu zuen. Baionan egoera oso latza zen eta izugarrizko lana egin zuen Baiona Handiko Pilori karrikako 8. zenbakiko 3. solairutik Portugalek zuen kontsulatutik; batzuetan etxearen eskaileretan pilatzen zen jendearen pisuak arriskuan jartzen zuen eraikina bera; testigantzen arabera pasaporteak kalean bertan sinatzera heldu zen.

Hendaiarako bidean zegoenean ere Bidasoako mugarantz zihoazen iheslariei bisak ematen segitu zuen, nahiz eta ekainaren 23tik kargutik erabat kanpo utzi eta 24an Baionako kontsulatua itxi zuten. De Sousa Mendesek bere autoarekin iheslari-talde handi baten gidaritza hartu zuen eta Portugalgo gobernuak bera geldiarazteko funtzionarioak bidali bazituen ere, mugazainek de Sousak transmititzen zuen ziurtasuna ikusita pasatzen utzi zieten, Lisboatiko mezuak beranduegi heldu zitzaizkielako.

Zigorra Portugalen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940ko uztailaren 8an Portugalera itzuli zen; Salazarren gobernuak lehen urtebeteko zigorra (kargurik ez, soldataren erdia) eta geroago abokatu lanean aritzeko debekua edota gidatzeko baimena erretiratzea bezalakoak ere ezarri zizkioten. Bere familia ugaria Lisboako komunitate juduaren laguntzari esker atera zen aurrera. Seme-alabetako batzuk AEBetara ikastera joan ahal izan ziren eta bi semek Normandiako Lehorreratzean parte hartu zuten.

1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaituta, Salazarrek iheslariak salbatzeagatik zoriondu zuen baina karrera diplomatikoan berriro aritzea ez zuen baimendu; hurrengo urteetan are pobreago bizi izan zen eta hala hil zen 1954an, Lisboako frantziskotarren erietxean.

Salbatutakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

30.000 bat bisa igorri zituen, horietako 10.000 juduei. Horri esker bizitza salbatu zituztenen artean hauexek daude:

Bere omenez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AristidesPromenade.JPG

Bera hil eta urte batzuk geroago egindakoa gogoan izateko ekitaldiak antolatzeari ekin zitzaion:

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

De Sousa iheslarien alde aritu zen lekuen artean Lapurdi izanik, bere bizitzaren inguruko ekitaldi batzuk antolatu dira:

  • 1992ko maiatza eta ekainean, Le consul proscrit filma grabatu zuten Bordelen, Baionan eta Hendaian.
  • 2006ko irailetik 2007ko ekainera, Aristides de Sousa Mendes, Un juste en Côte basque izenarekin ekitaldi sorta (antzezlanak, erakusketak, hitzaldiak, mahai inguruak eta zinema emanaldiak) egin zen. Ekitaldiak aurrera ateratzeko instituzioak, kultura taldeak, unibertsitateak eta portugaldar jatorrikoen elkarteak egon ziren, besteak beste; de Sousa Mendesek ezagutu zituen Lapurdiko kostaldeko lekuetan zehar doan ibilaldi turistikoa eta Portugalerako bidea (2007ko udaberrian eginikoa) ere antolatu ziren. Ekitaldiak Hendaia, Baiona eta Angelun antolatu ziren. Azken hiri honen atxikimendua bereziki handia izan zen eta Angeluko udal liburutegiko areto nagusiari Aristides de Sousa Mendes izena eman zitzaion.[3]
  • 2007an Jorge Chaminé baritono portugaldarrak bere omenezko bi kontzertu egin zituen; bata Bordelen eta bestea Baionan izan zen.
  • 2007ko ekainean Biriatuko mugan oroitarria ezarri zuten.[4]
  • 2010eko ekainaren 25etik uztailaren 10 arte, hari buruzko erakusketa zabalik izan zen Baionako Euskal Museoan; horren harira kontsul portugesak salbatu zituen zenbait lagun eta senidek Baiona eta Hendaia bisitatu zituzten.[5]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • José-Alain Fralon (Alexandre Flucher-Monteirorekin): Le consul qui sauva trente mille personnes, Le Monde, 1997ko urriaren 31a.
  • José-Alain Fralon, Aristides de Sousa Mendes, Le juste de Bordeaux, Mollat, 1998.
  • Bernard Riviere, Le Portugais du siècle, FAFPA Éditions, 2001.
  • Bernard Riviere, Il a dit non, FAFPA Éditions, 2002.
  • Aristides de Sousa Mendes, 9 jours pour sauver 30000 personnes, liburuska pedagogikoa, Quatorze, 2009. ISBN 978-2-9535039-0-6
  • Le Pouvoir de dire "non", Quatorze, 2010. ISBN 978-2-9535039-1-3
  • Gérard Boulanger, À mort la Gueuse, XV kapitulua (« Les visas de Sousa »), Calmann-Levy, 2006.
  • Aristides de Sousa Mendes, héros "rebelle", juin 1940, Confluences, 2010. ISBN 978-2-35527-037-6
  • Eric Lebreton, Des Visas pour la vie, Aristides Sousa Mendes, Cherche-Midi, 2010.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. História Viva, 20.zkia, 87-93. or. Editora Duetto, São Paulo, 2005.
  2. Jaiotetxe abandonatuaren argazkiak.
  3. Iturria: ekitaldietako esku-orria.
  4. Sousa Mendes webgunea.
  5. La grande famille du consul Souza Mendes, Sud Ouest, 2010eko ekainaren 26a.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]