René Thom
René Thom (Montbéliard, Doubs, Frantzia, 1923 – 2002) matematikaria izan zen.
Hondamendien teoria garatzeagatik da ezaguna, emaitza etenak dituen ekintza etengabea matematikoki lantzen duena. Thomek lehenengo ikasketak Montbéliarden, Lyonen eta Parisen egin zituen. 1943an École Normale Supérieurren sartzea lortu zuen, eta han Henri Cartan eta Bourbaki matematikarien lana ezagutu zuen, berean eragin handia izango zuena. 1946an Estrasburgora joan zen, Henri Cartanekin lan egitera; han, beste matematikari batzuekin aritu zen, haien artean Ehresmann eta Koszulekin. Tesia, Cartanen zuzendaritzapean egin zuena, 1951an aurkeztu zuen Parisen.
1951an beka batekin joan zen Estatu Batuetara, eta han Einstein, Weyl, Steenrod, Calabi eta Kodairaren eraginpean jardun zen lanean. Frantziara itzulita, Grenoblen eta Estrasburgon aritu zen irakasle, eta 1964an Bures-sur-Yvetteko Zientzia Ikasketako Institutuan lanean hasi zen. Hondamendiaren teoriak aplikazio asko ditu fisikan, biologian eta giza zientzietan. Structural Stability and Morphogenesis (1972, Egonkortasun eta morfogenesi estrukturala) liburuan aurkeztu zuen, lehenengo aldiz, teoria hori, eta geroztik, matematikari askok garatu dute. Bestalde, Thomek beste arlo asko landu zituen: topologia (ezaugarri-klaseak bereziki), kobordismo deritzan teoria, eta Thomen zeharkakotasunaren teorema. Lan horiei esker, Fields domina jaso zuen 1958an. Gainera, Ville de Parisko Sari Zientifiko Handia jaso zuen 1974an, eta Londresko Matematika Elkarteko ohorezko kide egin zuten 1990ean. Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen 1995ean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.