San Joan baleontzia

Koordenatuak: 51°43′39″N 56°25′43″W / 51.7276°N 56.4287°W / 51.7276; -56.4287
Wikipedia, Entziklopedia askea

San Joan baleontzia
Ekoizpen-lekuaPasaia
Historia
Eraikuntza 1560(e)ko hamarkada
Hondoratzea 1565
Aurkikuntza 1974
JabeaRamos Arrieta -
Kokapena
KokapenaRed Bayko euskal bale-gunea
Honen parteRed Bayko euskal bale-gunea
Koordenatuak51°43′39″N 56°25′43″W / 51.7276°N 56.4287°W / 51.7276; -56.4287
Ezaugarriak
Dimentsioak6,27 (altuera) × 7,56 (zabalera) × 21,97 (luzera) m
Tona-brutoak242,9 RT

San Joan baleontzia 1560ko hamarkadan Pasaian eraiki zen baleontzia izan zen, ezaguna 1565ean Red Bay-ko euskal baleazaleen kokalekuan, Ternua (Kanada) hondoratu zen itsasontzia dela uste delako[1][oh 1]; hala izatekotan, Red Bayko 24M itsasontzia izango litzateke. Euskal Herriko baleazaleen garaian eraiki zen, sardako baleak arrantzatu eta haien olioa saltzea Euskal Herrian negozio esanguratsua zen aroan. 24M itsasontziaren aurkikuntza, indusketa eta ezagutza sakonaren ondorioz, UNESCOren itsaspeko-arkeologi ikurra da, eta aurkikuntzaren lekua, Gizateriaren Ondare. San Joan baleontziaren erreplika 2014an hasi zen eraikitzen Albaola Itsas Kultur Faktorian, Pasai San Pedron.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko baleazaleak»

Euskal Herriko baleazaleak XII. eta XVIII. mendeen artean balea-ehizan jardun zuten Euskal Herriko arrantzaleak izan ziren. Hasieran, Bizkaiko golkoaren itsasertzean aritu izan ziren sardako balearen (euskal balea izenaz ere ezaguna)[5] arrantzan. Tekniken hobetzeak, ordea, gero eta urrunago joanarazi zituen arrantzaleak (hasieran Ipar Itsasora, pixkanaka-pixkanaka Islandiara, eta azkenekoz, Kanadako Ternua eta Labradorreko kostaldeetara[6]). Arrantzaleak, baleak harrapatzen ez ezik, larru-bilketan eta bakailao-arrantzan ere ibili ziren. Euskal kostaldean egiten ziren itsasontziek Europako teknologiarik aurreratuenetakoa zuten, lehenengo hezurdura muntatzeko zuten teknikaren ondorioz[7].

Red Bayko ikuspegia, 2017ko ekainean.

Euskaldunak Kanadara eta Ternuara noiz iritsi ziren ez dago argi: 1501ean eta 1502an, João Álvares Fagundes-en eta Gaspar eta Miguel Corte Real anaia portugaldarren espedizioetan, beren mapetan Terra Nova dos Bacalhaos deitu zioten, hots, Bakailoen Lur Berria; baina XVI. mendean jada ohikoa zen bertan aritzea. Esfortzu horretarako industria bizi-bizia zegoen euskal kostaldean, barkuen eraikuntzarako materialak ez ezik (zura eta, basogintzatik, sokagintza edo oihalgintzara), itsasontziak berak hornitzeko baliabideak ere bazituena, adibidez sagardoa edo janari kontserbak[8]. Ternuako lekurik handiena Red Bayn izan zen, guztira 600 lagun inguru, eta urtero 15 baleontzi mobilizatzen zuen fenomenoa[9]. Kalkulatzen da 50 urteko egonaldian 20.000 balea inguru hil zituztela[9]. Mexiko eta Peruko zilarra eta urrea ustiatzen ari zaren garai berberean, Europako potentziek Ternua ingurura bidaltzen zuten ontzidiaren tamaina Carrera de Indiasekoa baino handiagoa zen[10], eta garrantzi ekonomiko berberekoa, Quinnen arabera[11]. Euskaldunak abilak ziren diseinu hobeak, azkarragoak eta merkeagoak egiten, eraikuntza nabarmen merkatzen zuena. Grenierren hitzetan, euskaldunak garai hartako japoniarrak ziren[12]. Gainera, mikmak zein inuitekin harremanak egin zituzten, jarduera horren parte[13].

Itsasontzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokortasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Joanen maketaren zehar-ebakia, balea-olioz betetako kupelak nola sartzen ziren erakusten duena.

Teorian, 200 tonako barku batek 800 kupel eraman zitzakeen, baina teoriatik praktikara bazegoen aldea, espazio erabiltezinak edo beste gauza batzuekin betetakoak ere kontuan hartu behar zirelako. Proulxek bildutako kalkuluen arabera[14], errealitatea zen 600 bat kupel karga zitzakeela[15]. Itsasontziak egiteko erabiltzen ziren proportzioak Diego García de Palacioren manualean zetozen, baina ez zuten zertan bat etorri, zuraren arabera aldatzen baitziren. Edonola ere, 200 tonako barku batek 8.600 zur ukondo, 50 kintal burdinazko iltze eta 100 bat kintal soka behar zituen. Barkuaren eraikuntzaren kostuaren % 25-30 artean egurrarena zen, metalarena % 15, sokena % 20-25, belena % 6, mastena % 6 eta bikea % 5 inguru.[16] Barkuek 13 bat urteko iraupena zuten, baina Ternuara hiru bat bidaia egin ostean, Sevillan saldu ohi ziren, Mendebaldeko Indietarako bidea egin zezaten, bigarren eskuko itsasontzi gisa[17]. Urtean hamarnaka itsasontzi egiten ziren euskal kostaldeko ontzioletan. Esfortzuan parte hartzeko zura barnealdetik zetorren, jada horretarako prestatutako zuhaitzetatik; sokak egiteko materiala, Aragoitik eta Landetatik; eta metala, Gipuzkoako zein Bizkaiako ohiko burdinoletatik. Euskal ontzioletan egindako itsasontzien kalitatea eta kopurua nabaria zen, garai hartako geografoen iritziz ere[18].

Itsasontzi bakoitzak txalupak zeramatzan, baleak arrantzatu ahal izateko. Barkuak zituen defentsak (adibidez, kanoiak) ontziaren jabearen ardura ziren, baina balea hiltzeko behar ziren arpoiak eta bestelakoak espedizioaren arduradunaren esku zeuden[19]. Itsasontziek garia eraman ohi zuten, gailetak egiteko, haragi ondua (hirugiharra), babak eta ilarrak, oliba olioa eta arrain kontserbatua (bakailaoa eta sardinak). Edateko, ura azkar hondatzen zenez, jerez ardoa eta sagardo asko eramaten zuten. Ziapea eta baratxuria ere ohikoak ziren[20].

Itsasontzi hondoratuaren tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Joan itsasontziaren maketaren gainean, jatorrizkoaren neurri idealak.
Orpoa, zapata zein korasta egiteko jatorrian forma zehatzarekin okertutako haritzak erabiltzen ziren. Zuhaitz horien inguruko informazioa lor daiteke Altsasun dagoen interpretazio zentroan[21].

Itsasontziaren egitura orokorra ukondoetan neurtzen zen (codos de ribera; 574 milimetro), eta proportzioak segitzen zituen. 24Mren kasuan, neurri ideal gisa, gila 25 ukondo eta erdi luze zen (14,73 metro), txopa beste 3 ukondo eta 3/4 (2,15 metro), eta barkua, guztira 38 ukondo eta laurden (22 metro). Poparen altuera 10 ukondo zen eta txoparena, 9 ukondo[22]. Mastak kenduta, bizkarrean zuen altuera 10,9 ukondokoa zen (6,27 metro). Bizkarrak lau oineko erruna (2,3 m) eta 37 oineko luzera (21,25 metro) zituen, zehazki[23].

Itsasontzian jartzen zen lehenengoa gila zen. 24Mren gilaren forma oso berezia da, eta hasieran zaila izan zen interpretatzea, forma aldakorra duelako itsasontzian duen lekuaren arabera[24]. Gilaren erdiko pieza pagoz egindako bakarra da,[25] 24¾ ukondo (14,2 m) enbor luzea zen, gainean itsasontziaren saihetsak jartzeko 23 ukondo zituena, eta haren gainean jarritako taulek erdiko 20 ukondoak hartzen zituzten (11,49 metro). Gilak 21-22 zentimetro zituen altueran, baina 26 bere puntetan. Beheko aldea ez zen lantzen, eta zuhaitzaren forma borobildua mantentzen zuen. Gilaren alboko taulek (V forma ematen diotenak) zabalera aldakorra ematen zioten, 38 zentimetro txopan, 56 kroskoaren erdian eta 44 brankako aldean[24]. Enborrari beharrezko forma emateko zeio bat erabiltzen zen, markek erakusten dutenez[26]. Gilaren atzeko aldean, txopako partea lotzeko, 69º osatzen zuen pieza bakarreko enbor-adar tolestu bat zegoen, orpoa, 1,95 metro luze eta 0,95 metro altu[27]. Orpoa korastarekin lotzen zen, 5,65 metroko altuerakoa (ukondoetan zentzurik ez duen 9,83 dira)[28], eta kanpoan zapata zegoen, lema eusten zuen pieza.

Naoak hiru kubierta zituen, baina behekoan lasta jartzen zen, egonkorrago egiteko (ikus aurreko ataleko irudia, erreferentziarako). Beheko kubiertaren zabalera laua 7 ukondokoa zen palmejareen gainean (baina 9 ukondo zituen bere alderik zabalenean). Lau ukondoko altueran, lehen kubierta eraikitzen zen, 12 ukondoko zabalerakoa, eta 3 ukondo gorago bigarren kubierta, 13,15 ukondokoa. Azken pisua, bizkarra zena, beste 3 ukondora zegoen, eta 11 ukondoko zabalera zuen[29]. Kanpoko aldea estaltzeko erabiltzen ziren oholek ere tamaina estandarizatua zuten: ukondo bat luze, 16 hazbete (ontza) zabaleran eta ukondo baten 1/8 lodieran (8 en codo deitzen zena)[30].

Hiru masta zituen. Trinketakoa lehen solairuan lotzen zen, nagusia ontziaren oinarrian bertan eta mesanakoa bigarren solairua. Itsasontziak bazuen kindurtzako ura ateratzeko ponpa bat, egurrarekin egina, masta nagusiaren ondoan[31]. Masten luzera ezin izan da indusketan zuzenean behatu, beraz antzeko iturrietatik ondorioztatu zen.

Hondoratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasontzia 1565ean hondoratu zela nahiko ziurra da. Dokumentu gehienetan esaten da urrian izan zela, galerna baten ondorioz. San Joan izeneko itsasontzi bat urte horretako abenduaren 4an hondoratu zela aurkitu da, baina ez da ziurra aurkitutako itsasontzia eta dokumentuetako San Joan hori berbera direnik[2]. Bera izango balitz, horixe izanen litzateke hondoratze data zehatza.

Marinelen testigantzaren arabera, barkutik janaria, ardoa eta sagardoa ateratzea lortu zuten, eta Portugaleteko Juan de Montellano izeneko kapitain baten itsasontzian itzuli ziren etxera. Joanes Portukoa hurrengo urtean itzuli zen Ternuara, barkura sartu ahal izan zen eta olio kupel asko erreskatatu[32].

Aurkikuntza eta indusketa arkeologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Red Bayko indusketak 1984an. Teila gorriak ikus daitezke irudian.

1974an Selma Huxleyk Oñatiko Gipuzkoako Artxibo Orokorrean aurkitutako haritik tiraka[33][34], 1978an Parks Canadako arkeologoek Red Bayn hondoratutako itsasontzi bat aurkitu zuten[10], eta M24 izena eman. Lehen argitalpen horietan, San Joan baleontzia izan zitekeela esan zen, nahiz eta hori ziurtatzeko modurik ez dagoen oraindik. San Joan baleontziaren gertakarien inguruko testigantza Joanes Portukoa eta Domingo Etxanizek egin zituzten, eta horiek jaso zituen Huxleyk[35]. Itsasontzia ikertzen zen aldi berean, Red Bayn baleen hezurrak eta red izena ematen dioten ezaugarriak aurkitu ziren halaber: Euskal Herritik eramandako milaka teilen zatiak[36]. 1980an 63 hilobi eta 130 gorpu aurkitu ziren[37].

1978an itsasontziaren kokapena aurkitzeko lanak hasi ziren. Denboralea urtearen amaieran gertatu zela esan zutenez, ondorioztatu zen ohiko ekaitzen norabidean sartu bide zela, eta errazagoa izango zela barkua aurkitzea Saddle uharteko ipar-ekialdean, eta itsasontziaren karga berreskuratu ahal izan zutenez, sakonera txikian hondoratu zela ere pentsatu zuten[38]. 1978ko irailaren 4an Bruce Bennettek aurkitu zuen itsasontzia, 10 metroko ur-sakonera zuen gune batean, kelp algek estalia[39]. Itsasontzia San Joan ote zen ezin zen ziurtatu, baina Kanadan aurkitutako itsaso hondoraturik zaharrena zen, eta San Joan izateko aukera guztiak zituen, ez zegoelako beste itsasontzi baten hondoratze daturik inguru horretan[40].

Indusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Joan baleontziaren pieza bat, 1984an.

Indusketa arkeologikoa egiteko, puntako teknologia erabili zen, ur hotzetan egitea posible zela erakutsiz[41]. Lehen bi urteetako indusketek erakutsi zuten garrantzi handiko aurkikuntza zela, ez baitzen soilik itsasontzi bat aurkitu, hiru baizik (27M, antzekoa zena, eta 29M, handiagoa[42]) baleontzi bat zela ziurtatzeko, eta urte anitzeko proiektu bat sortzeko[43]. 1980 eta 1984 arteko tartean egindako urteko indusketetan pixkanaka joan ziren barkuaren atalak ateratzen[44] eta ikertzen[45], sekzio bakoitza identifikatuz. 1985ean guztia berriro uretan sartu zen, kanpoan mantendu beharrean[46]. Horrelako eskala handiko operazioa egin gabea zen, eta sistema berri bat proposatu zen: zaku, harri eta hareaz osatutako karratu bat egin, eta lurperatzea hiru geruzatan egin zen, sistematikoki idatziz pieza bakoitzaren kodea. Ondoren, Hypalon izeneko kautxuzko geruza batekin estali zen, higadura saihesteko[47].

Indusketan itsasontziaz gain, gauza gutxi topatu ziren. Lasta egiteko harri asko zeuden beneko aldean [48], eta hainbat arrain hezur ere aurkitu ziren; haietako batzuk giza kontsumorako erabili zirela uste da. Bitxikeria gisa, arratoi arruntaren hezurrak ere agertu ziren, Ipar Amerikan aurkitutako zaharrenak Emanuel Pointeko beste barku hondoratukoekin batera[49]. Barkuaren azpian nabigaziorako tresnak aurkitu ziren, nahiz eta ez ziren garairako teknologikoki aurreratuenak[50]. Barkuaren inguruan zein azpian larruzko arropa eta zapata[51] ugari azaldu ziren, baita jateko beharrezko zurezko tresnak ere[52].

Identitatearen inguruko zalantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

24M ontziaren aurkitzaileek probabletzat jotzen dute San Joan baleontzia eta hondakinak itsasontzi berbera izatea. Albaola Itsas Kultur Faktorian eraikitzen ari den erreplikan ia ziurtzat ematen da lotura hau[53][54][55]. Badaude hori baieztatzeko arrazoiak: Huxleyk aurkitutako datuak eta hondoratutako itsasontziaren lekua bat datoz, eta barkuan kargarik ez aurkitzea ere bat dator lekukoek esandakoarekin: hurrengo urtean lortu zuten bertakoak ateratzea. Tamainaren inguruan ikerketa ugari egin dira, dokumentazioan dagoena eta barkua bat ote datorren ikusteko[56]. Hala ere, 24M ez da Red Bayn aurkitutako itsasontzi bakarra: 27M ere aurkitu zen gertu, tamainan antzekoa zena, eta 29M, handiagoa zena[42]. Barkuaren identitatearen inguruko pista gehiago izan ezean, hipotesiaren esparruan geratzen da bien arteko identitatea ebaztea.

Iago Irixoa historialariak Simancaseko Artxibo Nagusian San Joan izeneko nao baten neurketak aurkitu ditu, Ramos Arrieta jabeak Espainiako Koroari egindako ordainketa-eskaeratan oinarrituta. Dokumentu horien arabera, itsasontzia ez zen 1563an eraiki, 1560an baizik, eta 1563an Koroak eskatu zuen, bere zerbitzurako. Zerbitzu hori barkuaren tonen arabera ordaintzen zenez, garrantzitsua zen neurketa egitea, eta hainbat ofizialek eta lekukok hartu zuten parte. 24M itsasontziak 250 tona inguru zituela kalkulatu dute[57]. Neurriak garai horretan aldakorrak ziren, eta leku bateko tona beste batean tonel edo tonelada edo quintal izan zitekeen, baina kalkulua neurrien arabera egiten da, eta ez eraman zezakeen pisuaren arabera. Hala ere, Simancasen gordeta dauden dokumentuen arabera, Arrietaren San Joan itsasontzi horrek 400 tona inguru zituen (berak eskatu zuen neurtzeko, 300 baino gehiago zirela esanez), eta neurriak, ukondotan neurtuta, 24M horrenak baino handiagoak dira: 8,91 errun, 28,42 metro luze eta 7,52 altu[2]. Era berean, hondoratzearen data zehatza eskaintzen da dokumentu horietan: 1565ko abenduaren 4an[3]. Bi itsasontzi ezberdin ote diren eztabaidagai da.

Erreplikaren eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gila, txopa motza, branka eta lehenengo barengak eta zuakerrak jarrita, 2015eko otsailean.
San Joanen branka eta txopa 2024ko martxoan.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Joan baleontziaren erreplika

2013an Red Bayko euskal baleazaleen gunea Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk[58]. Urte berean, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren programaren parte, itsasontziaren erreplika bat egiteko lanean hasi ziren Pasaian. Hasierako helburua 2016an itsasontzia Europan hizkuntza gutxituak dituzten herrietan gaindi ibiltzea zen, enbaxada gisa[59]. Itsasontzia egitea bainoago, prozesuari eman zioten garrantzia: antzinako tresna berberekin egin nahi zuten, erreplikak prozesua ere biziberri zezan, eta galtzen ari ziren hainbat ogibideren inguruko dokumentazioa egiteko asmoarekin. Esteban Gozategi, ofizioa aitarengandik ikasi zuen ontzigilea, arotz lanetan aritu zen[60]. Era berean, baleazaleen industriako elementu garrantzitsuak ere indartu nahi zituzten, hala nola zurgintza, sagardoaren kultura edo sokagintza.

Lehenengo pausoa planoak aztertu eta berriak egitea izan zen[61] eta, ondoren, zura lortzea. Sakanako hariztietan egin zen:[oh 2] guztira 200 haritz eskaini ziren[63], jatorrizkoek bezala forma jada landua zutelako, behinola landu baitziren. Altsasun interpretazio ibilbide bat ireki zen, Dantzalekun[64]. Zuhaitz horiek Zerainen moztu ziren, zerrategi tradizionala erabiliz[65]. 2014ko ekainaren 25ean gila ezarri zen, zortzi tonako pago enbor batetik abiatuta[66], eta irailaren 29an aurrefabrikatutako piezarik handiena jarri zen: txopa motza[67]. Aldi berean, museo moduan ireki zen Albaola, bisitariek itsasontziaren jarraipena egin ahal izateko, eta proiektuaren inguruan gehiago jakiteko[68]. Txopa motza jarri eta gutxira, branka ere jarri zuten, itsasontziak izango zuen tamaina finkatuz[69]. Hortik aurrera, kubiertak eraiki ziren, eta barengak, genolak eta ligazoiak jarri[70][71].

2015eko urtarrilerako argi zegoen itsasontzia ez zela 2016rako amaituko, zailtasun teknikoengatik alde batetik, aurrekontuarengatik, bestetik. Horrela, itsasontzia egiteko prozesuari garrantzi handiagoa eman zion museoaren fasea hasi zen martxan. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren esanetan: «Alderdi ekonomiko, turistiko eta zerbitzuetakoei erreparatuz gero, jarduera bat sorrarazten ari da Pasaiako badian, horren beharra duen toki batean, hain zuzen»[72]. 2016an itsasontzia amaitzeko pausoak ematean adostu zuten, eta fundazio publiko bat sortzea erabaki[73]. 2017an Aprendiztegi proiektua abiatu zuten, ontzigintza tradizionaleko arteetan trebatu nahi zutenek bertan ikasteko, eta geroztik hainbat itsasontzi txiki zaharberritu edo sortu dituzte, beti ere teknika tradizionalak erabiliz. Xabier Agote zuzendariak Mainen (AEB) dagoen Apprenticeshop erabili zuen ideia gisa[74]. COVID-19 pandemiaren eraginez, geldi egon zen proiektua tarte batez, baina 2022an jada hartu zuen amaierako forma itsasontziak, kanpoko zurekin eta txopa zein brankako egiturak amaituta[75].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Berez, ez da ziurra San Joan itsasontzia denik han aurkitutakoa, nahiz eta aukera nahiko dauden[2][3]. Erregistroan 24M gisa agertzen da.[4]. Gehiago jakiteko, irakurri Identitatearen inguruko zalantzak atala artikulu honetan.
  2. Sakanako hariztietan berariaz itsasontzietako piezak egiteko prestatutako haritzak bazeuden ere, jatorrian ontziolaren inguruko hariztietatik lortzen zen egurra. Pasaiako badiako ontziolen kasuan, Goiatz etxetik eta Aranburu etxetik Urumeatik jaitsi, Donostian metatu eta kostaldetik eramaten zen, normalean. 35-40 urteko zuhaitzen enborrak erabiltzen ziren, adarrik erakusten ez duten zatietan.[62]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Government of Canada, Public Services and Procurement Canada. (2002-07-01). (pdf) The underwater archaeology of Red Bay : Basque shipbuilding and whaling in the 16th century / Edited by Robert Grenier, Marc-André Bernier, Willis Stevens. : R62-389/2007E - Government of Canada Publications - Canada.ca. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  2. a b c Irixoa Cortés, Iago. (2022). ¿Y si la nao reconstruida no fuera la "San Juan"?. Ereiten.
  3. a b Irixoa Cortés, Iago. (2023). Simancaseko Artxibo Nagusiko altxorrak: San Joan naoaren neurketa espedientea. Ereiten.
  4. (Gaztelaniaz) La Nao San Juan (S. XVI) y su hallazgo en Red Bay.. 2023-01-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  5. «euskal balea» sarrera, Euskalterm Terminologia Bankua.
  6. «Balearen itzal luzea euskal kulturan» Berria 2012-07-14 (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  7. Loewen 2007, III-13 orr. .
  8. Leniz Atxabal, Aitor. (2017-11-21). Arrantza eta bale ehiza euskal kostaldetik aro berrian zehar. Itsas gaien merkaturatzea XVI. eta XVII. mendeetan. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  9. a b «Basque Whaling in Red Bay, Labrador» www.heritage.nf.ca (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  10. a b Grenier 2007, I-1 orr. .
  11. Quinn, David. (1982). «Newfoundland in the Consciousness of Europe in the 16th and Early 17th Centuries» Early American Settlement and Exploitation in Atiantic Canada (Ternua: G. M. Story) 930.
  12. (Ingelesez) Keith, Donald H.; Carrell, Toni. (1992). Underwater Archaeology Proceedings from the Society for Historical Archaeology Conference: Kingston, Jamaica 1992. Society for Historical Archaeology (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  13. Huxley (Barkman), Shelma. (1980). «A note on the Strait of Belle Isle during the period of Basque contact with Indians and Inuit» Études/Inuit/Studies 4 (1/2): 51–58. ISSN 0701-1008. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  14. Proulx 2007, I-45 orr. .
  15. «Los vascos en la pesca de la ballena. Mariano Ciriquiain Gaiztarro. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  16. (Gaztelaniaz) Barkham, Selma Huxley. (1987*). Los vascos en el marco Atlántico Norte : siglos XVI y XVII. Etor ISBN 978-84-85527-29-8. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  17. Proulx 2007, I-46 orr. .
  18. (Gaztelaniaz) Fernández de Enciso, Martín. (1519). Suma de geographia q(ue) trata de todas las partidas y provincias del mundo en especial de las Indias, se trata largamente del arte del marear juntamente con la esfera en romace, con el regimiento del sol y del norte: nuevamente hecha. , 56 or. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  19. Proulx 2007, I-54-55 orr. .
  20. Barkman, Michael. (1981). Aspects of life aboard Spanish Basque ships during the 16th century with special reference to Terranova whaling voyages. Parks Canada Microfiche Report Series.
  21. Sakana, haritzen lurra – Sakana. (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  22. Loewen 2007b, III-26 orr. .
  23. Loewen 2007b, III-50 orr. .
  24. a b Loewen 2007b, III-31 orr. .
  25. Loewen 2007b, III-32 orr. .
  26. Loewen 2007b, III-33 orr. .
  27. Loewen 2007b, III-41 orr. .
  28. Loewen 2007b, III-43 orr. .
  29. Loewen 2007b, III-92 orr. .
  30. Loewen 2007b, III-109 orr. .
  31. Loewen 2007b, III-205 orr. .
  32. Grenier 2007, I-5 orr. .
  33. Albaola. «Ikerkuntza prozesua» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  34. Proulx 2007, I-14 orr. .
  35. Grenier 2007, I-3-4 orr. .
  36. Grenier 2007, I-3 orr. .
  37. (Ingelesez) White, Lori M.. (2015-05). The saddle island cemetery: a study of whalers at a sixteenth-century basque whaling station in Red Bay, Labrador. Memorial University of Newfoundland (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  38. Grenier 2007, I-7 orr. .
  39. Grenier 2007, I-8 orr. .
  40. Grenier 2007, I-11 orr. .
  41. Wadell 2007, I-99-100 orr. .
  42. a b Stevens & Wadell 2007, I-207-212 orr. .
  43. Ringer 2007, I-101-103 orr. .
  44. Wadell 2007, I-134-140 orr. .
  45. Wilson 2007, I-140-148 orr. .
  46. Ringer 2007, I-104-105 orr. .
  47. Wadell 2007, I-145-152 orr. .
  48. Ringer 2007, I-163 orr. .
  49. Ringer 2007, I-165 orr. .
  50. Ringer 2007, I-178 orr. .
  51. Davis 2007, II-135-196 orr. .
  52. Gusset 2007, 197-2016 orr. .
  53. Albaola. (2014-06-25). «San Juan baleontziaren gila jartzea» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  54. (Ingelesez) Stewart, Jules. (2020-01-01). «Rebuilding History: A chance discovery in the Basque Country has led to a maritime salvage operation and a ship reconstruction project that aims to celebrate the region's seafaring past» Geographical 92 (1): 42–49. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  55. Hidalgo Jiménez, Sara. (2016-06-06). San Juan baleontzia, Arkeologia Esperimentaleko proiektua. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  56. Loewen 2007, 13.2 atala orr. .
  57. Loewen 2007, III-300 orr. .
  58. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Red Bay Basque Whaling Station» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  59. «'San Juan' galeoia ez dute 2016an uretaratuko» Berria 2015-01-10 (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  60. «Zurezko ontzigintzari agurra» Berria 2020-02-27 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  61. Albaola. «Planoak» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  62. Loewen 2007b, III-267-270 orr. .
  63. Albaola. «Haritzen hautaketa eta botatzea» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  64. Albaola. (2014-08-27). «Dantzalekuko hariztiaren ibilbide interpretatiboa zabaltzeko ekitaldia» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  65. (Gaztelaniaz) zaldua, zerain, asier. (2014-01-31). «¡Vamos a construir un ballenero!» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  66. Albaola. «Gila» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  67. Albaola. (2014-09-26). «San Juan baleontzia aurrera doa...» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  68. Albaola. (2014-08-21). «Albaola 2000 bisitari ingurura gerturatu zen zabalik zegoen lehen hilean» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  69. Albaola. «Branka» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).
  70. Albaola. «Erdiko armazoiak» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  71. Albaola. «Ligazoiak» Albaola (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  72. «'San Juan' galeoia ez dute 2016an uretaratuko» Berria 2015-01-10 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  73. «'San Joan' baleontziaren eraikuntza amaitzea adostu dute» Berria 2016-05-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  74. «Ontzigintza tradizionala berreskuratzen» Berria 2024-01-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  75. «Mailu hotsen erritmoan» Berria 2022-07-16 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]