Amilotx urdin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Life

Amilotx urdin
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Paridae
Generoa: Cyanistes
Espeziea: Cyanistes caeruleus
Linneaus, 1758
Hedapen mapa
Sinonimoak

Parus caeruleus

Arrautza

Amilotx urdina (Cyanistes caeruleus edo Parus caeruleus) Euskal Herriko txori txikirik deigarrienetako bat da. Kolore eta kantu deigarriak dituenez, erraza da mendian ikustea eta identifikatzea. Eurasia mendebaldean bizi da, eta Euskal Herrian lurralde guztian aurki daiteke. Espainiar estatuan interes bereziko espezietzat jotzen da, pinu- eta eukalipto-landaketen eraginez izan duen beherakadagatik, batik bat. Orain gutxi Parus generoan sailkatzen zen arren, azterketa genetikoen ondorioz, genero berri bat proposatu da, eta bertan sailkatzen da egun; Cyanistes generoan, alegia.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amilotx urdina adar batean.

Linnaeusek 1758an Systema naturae bere liburuan hegaztia sailkatu zuenean Parus caeruleus izendatu zuen[2]

Aditu gehienek Cyanistes Parusen azpigenerotzat jotzen badute ere, Erresuma Batuko Ornitologoen Elkarteak genero ezberdinentzat jotzen du. Iritzi hau citokromo b mtDNAren sekuentzia-analisian oinarrituta dago, azken ikerketen arabera, Cyanistes ez da bakarrik ezberdina baizik eta Parus generotik urrun[3].

Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amilotx urdinaren sistematika nahaspilatsu eta aldakorra da. Gutxienez baditu bederatzi azpiespezie ezagun:

Kanarietako eta ipar-mendebaldeko Afrikako, iparraldeko Marokotik iparraldeko Libiaraino, azpiespezie tradizionalak, teneriffae eta ultramarinus hain zuzen ere, beste espezieak osatzen dute. Badaude espezie hauek sailkatzeko eta bereizteko zenbait ikerketa[4][5]:

Afrokanariarrak hiruzpalau azpiespezie ditu (palmensis, ombriosus and ultramarinus/degener), Kanarietakoak, berriz, P. t. teneriffae nagusia eta izengabeko beste bat Kanaria Handian[6]

Mendebaldeko Errusian amilotx urdin eta Cyanistes cyanus hegaztiren artean hibridoak ohikoak dira, Cyanistes × pleskei izen zientifikoa dutenak.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txori txikia da, paseriforme txikien tamainakoa. 62-70 mm-ko hego-zabalera dute, eta 9-12 gramo bitarteko pisua. Tamainaren eta itxuraren aldetik, ez dute dimorfismo sexual nabarmenik. Burua zuria da, eta buruaren gainean -txapel modura- orban urdina izaten dute. Mokotik buruaren atzealdera, begietatik igaroaz, antifaz urdin iluna dute, eta orban hori kokoteko lumaje urdinarekin batzen da. Bizkarraldeko lumaje berde-arrea da, eta hegoak eta buztanaren goialdea urdina dira. Bularraldea eta buztanaren azpialdea, berriz, horiak dira. Paparraren erdian orban urdin iluna ageri ohi da zenbaitetan. Mokoa beltza da, eta hankak urdinxkak.

Amilotx urdinaren hanka bereziek zuhaitzetan hainbat postura hartzeko gaitasuna ematen dio; izan ere, hankak okertzeko gaitasuna du[7]. Adarren gainean tente zein buruz behera jarri daiteke, eta horrek, malgutasun handia ematen dio elikagaiak bilatzerako orduan.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lorategi batean kakahueteak jaten

Erregio paleartikoko mendebaldean aurki daitekeen espeziea da, Britainiar uharteetatik Ural mendikateraino, eta Iberiar penintsula hegoaldetik Iraneraino[8]. Mitokondriako DNAren azterketek adierazi dutenez, azken glaziazioan espeziearen banaketa Iberiar penintsulara eta Balkanetara mugatu zen, eta bertatik birkolonizatu zituen egun duen banaketa-eremua osatzen duten lurrak[9][10].

Euskal Herrian ia lurralde guztian aurki daiteke, nahiz eta, basozalea denez, Erribera inguruan oso urria den.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso irekiak atsegin dituen espeziea da, angioak eta parkeak, esaterako. Koniferen basoak, aldiz, baztertu egin ohi ditu[11]. Zuhaitzen adaburuen goiko aldeak erabili ohi ditu.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko populazioak sedentarioak dira, eta mendiko populazioak besterik ez dute lurraldea aldatzen urte sasoiaren arabera. Hala ere, iparraldetik etorritako aleak ikusi izan dira gure lurraldean[12][13][14]. Iberiar penintsulako iparraldean Europa erdialdetik eta Eskandinaviatik iritsitako amilotx urdinak harrapatu izan dira[15].

Espezie lurraldekoi eta monogamoa da, nahiz eta poliginia kasu dezente ezagutzen diren. Belgikan arren %20 inguru eme bat baino gehiagorekin parekatzen da urtean. Datu hori habitataren kalitatearen eta elikagaiaren eskuragarritasunaren arabera aldatzen da [16]. Belgikan aztertu zen populazioan parekamenduen %10 bikotekide ez den beste amilotx batekin gertatu zen, eta jaio ziren txiten %11 ez ziren usteko aitaren semeak.

Joera trogloditak dituen espeziea da, eta edozein motako barrunbetan egiten du habia: zuhaitzetako zuloetan, arroken artean, hormetan... Malgutasun horren ondorioz, hainbat habitat eraldatutara moldatzea lortu du. Habia emeak egin ohi du, eta 6-7 cm inguruko diametroa izaten du.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumea elikatzen

Amilotx urdinaren ugal biologia, gizakiak ezarritako gordelekuak erabiltzeko duen zaletasuna dela medio, oso aztertua izan da, eta hegaztien artean hobekien ezagutzen denetariko bat da. Europa erdialdean eta iparraldean XX. mende erdialdetik hona lan ugari egin dira gai horren inguruan. Hala ere, populazio guztiz naturalen oso datu gutxi daude.

Ugal sasoiaren hasiera fotoperiodoak[17] eta tenperaturak baldintzatzen dute. Ondorioz, altueraren eta latitudearen arabera, ugal sasoia momentu ezberdinean hasten da[18] [19]. Fotoperiodoa eta tenperatura elikagai-eskuragarritasunarekin estuki lortutako faktoreak dira, eta amilotx urdinen ugal sasoia elikagai-eskuragarritasun handia dagoen momentura doitu ohi da.

Errunaldia apirilaren amaieran gertatu ohi da[18]. Eguneko arrautza bana jarri ohi dute, egunaren hasieran, normalean, eta batez beste 10 arrautza jartzen dituzte -beste edozein paseriformek baino gehiago-. Arrautzak azpieliptikoak dira, kolore zurikoak, eta hainbat orban arre-gorrixka izaten dituzte. Batez besteko tamaina 15 x 12 mm-koa da, eta arrautza guztien artean emearen pisuaren %150 lor dezakete. Urtearen arabera, zenbait populaziotan errunaldia asko atzeratzen da, eta batzuetan eztei osteko lumaldaketarekin gainjartzen da. Kasu horretan, amilotxek energia kumeen zaintzan edo mudan kontzentratu erabaki behar izaten dute[20]. Inkubazioaren erantzulea emea izan ohi da, eta denbora-tarte horretan arra arduratzen da emea elikatzeaz.

Txitek 16-20 egunera irteten dira habiatik, baina ezezaguna da zenbat denbora luzatzen den gurasoen zaintza.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuz eta armiarmaz elikatzen da nagusiki, nahiz eta fruituak eta haziak oso ohikoak diren ugal sasoitik kanpo[15]. Dietaren oinarria koleopteroek osatzen dute, eta urte guztian jaten dituzte, nahiz eta neguan kontsumoa nabarmen jaisten den[21].

Normalean, zuhaitzen adaburuetan elikatzen dira, hostoen edo kimuen gainean[22], 5 metroko altueratik gora.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neguan, maiz, beste espezie batzuekin taldekatzen da; kaskabeltz handia (Parus major) eta amilotx mottoduna (Lophophanes cristatus), esate baterako. Talde-estrategia horien bitartez, harraparien aurrean babes handiagoa lortzen dute, eta baita zaintza handitu ere.

Amilotx urdinaren harrapari nagusiak urubia (Strix aluco) eta hontz ertaina (Asio otus) dira.

Kontserbazio-egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean kontserbazio egoera ona duen espeziea da. Espainiar estatuan interes bereziko espezietzat katalogaturik dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2. (Latinez)  Linnaeus, C (1758), Systema naturae per regna tria naturae, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis., I., Holmiae. (Laurentii Salvii), 190. orrialdea .
  3.   Gill, Frank B.; Slikas, Beth; Sheldon, Frederick H. (2005), Phylogeny of titmice (Paridae): II. Species relationships based on sequences of the mitochondrial cytochrome-b gene., 121–143. orrialdeak, doi:10.1642/0004-8038(2005)122[0121:POTPIS]2.0.CO;2 . DOI: 10.1642/0004-8038(2005)122[0121:POTPIS]2.0.CO;2 HTML abstract
  4.   Kvist, Laura (2006), «Response to "Taxonomic status of 'phylogroups' in the Parus teneriffae complex (Aves)" by George Sangster», Molecular Phylogenetics and Evolution 38: 290, doi:10.1016/j.ympev.2005.10.012 .
  5.   Kvist, Laura; Broggi, J.; Illera, J.C; Koivula, K. (2005), «Colonisation and diversification of the blue tits (Parus caeruleus teneriffae-group) in the Canary Islands», Molecular Phylogenetics and Evolution 3: 501–511, doi:10.1016/j.ympev.2004.11.017, PMID 15683925 .
  6.   Asociación Canaria para la defensa de la Naturaleza (1975), Aves y plantas de Fuerteventura en peligro de extinción, Las Palmas de Gran Canaria: Icona, http://bdigital.ulpgc.es/mdc/texto/pdf/057627_0000.pdf .
  7.   Moreno, E.; Carrascal, L. M. (1993), «Leg morphology and feeding postures in four Parus species: an experimental ecomorphological approach», Ecology 74 (7): 2037-2044 .
  8.   Glutz von Blotzheim, U. N.; Bauer, K. M. (1993), Handbuch der Vögel Mitteleuropas. Band 13/I. Passeriformes, Wiesbaden: Aula-Verlag .
  9.   Kvist, L.; Ruokonen, N.; Lumme, J.; Orell, M. (1999), «Different population structures in northern and southern populations of the European blue tit (Parus caeruleus)», Journal of Evolutionary Biology 12 (4): 798-805 .
  10.   Kvist, L.; Viiri, K.; Dias, P. C.; Rytkonen, S.; Orell, M. (2004), «Glacial history and colonization of Europe by the blue tit Parus caeruleus», Journal of Avian Biology 35 (4): 352-359 .
  11.   Tellería, J. L.; Santos, T. (1994), «Factors involved in the distribution of forest birds in the Iberian Peninsula», Bird Study (41): 161-169 .
  12.   Lack, D.; Lack, E. (1953), «Visible migration through the Pyrenees: an autumn reconnaissance», Ibis (95): 271-309 .
  13.   Bernis, F. (1954), «Prontuario de la avifauna española», Ardeola (1): 11-85 .
  14.   Snow, D. W.; Owen, D. F.; Moreau, R. E. (1955), «Land- and sea-bird migration in northwest Spain, autumn 1954», Ibis (97): 557-571 .
  15. a b   Cramp, S.; Perrins, C. M. (1993), Handbook of the Birds of Europe the Middle East and North Africa. The Birds of the Western Palearctic, VII. Flycatchers to Shrikes., Oxford: Oxford University Press .
  16.   Dhondt, A.A.; Kempenaers, B.; Clobert, J. (1998), «Sparrowhawk Accipiter nisus predation and Blue Tit Parus caeruleus adult annual survival rate», Ibis 140 (4): 580–84, http://www3.interscience.wiley.com/journal/119107299/abstract .
  17.   Lambrechts, M. M.; Blondel, J.; Maistre, M.; Perret, P. (1997), A single response mechanism is responsible for evolutionary adaptive variation in a bird’s laying date, Proceedings of the National Academy of Sciences USA, 5153-5155. orrialdeak .
  18. a b   Fargallo, J. A.; Johnston, R. D. (1997), «Breeding biology of the Blue Tit Parus caeruleus in a montane Mediterranean deciduous forest: the interaction of latitude and altitude», Journal für Ornithologie (138): 83-92 .
  19.   Sanz, J. J. (2002), «Climate change and breeding parameters of great and blue tit throughout the western Palearctic», Global Change Biology (8): 409-422 .
  20.   Sanz, J. J. (1999), «Seasonal variation in reproductive success and post-nuptial moult of Blue Tits in southern Europe: an experimental study», Oecologia (121): 377-382 .
  21.   Ceballos, P. (1972), Protección de las aves insectívoras. Alimentación natural de Parus major y P. caeruleus, Memorias de la Real Academia de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales de Madrid. Serie de Ciencias Naturales, 25, 1-61. orrialdeak .
  22.   Herrera, C. M. (1979), «Ecological aspects of heterospecific flocks formation in a Mediterranean passerine bird community», Oikos (33): 85-96 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amilotx urdin Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Cyanistes_caeruleus