Argia (aldizkaria)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Argia aldizkariaren lehenengo alea
Aldizkaria Argia (1980 arte, Zeruko Argia)
Sortze urtea 1919
Mota Informazio orokorra
Saltzen den lurraldea Euskal Herria
Editatzen den hiria Lasarte-Oria
Hizkuntza Euskara
Maiztasuna Astero
Salneurria 3,70 euro
Argitaratzea -
Argitaletxea Komunikazio Biziagoa S.A.L.
Inprimategia Antza
Ekoizpena -
Zuzendaria Xabier Letona

Argia —1980 arte, Zeruko Argiaeuskarazko aldizkari orokorra da, aktiboan dagoen zaharrena. 2009an 90. urteurrena ospatu zuen. Lasarte-Orian du egoitza nagusia argitalpenaren taldeak, eta aldizkariaren zuzendaria Xabier Letona da.

Eduki-taula

[aldatu] Historia

1919ko urtarrilaren lehenean, Zeruko Argiaren lehen zenbakia argitaratu zuten Iruñeko kaputxinoek, Damaso Intzaren zuzendaritzapean. Hilabetekari erlijiosoa zen, formatu txikikoa. 1921ean Donostian Argia izeneko beste aldizkari bat sortu zen, hau ere euskara hutsez eta ez hain kutsu erlijiosokoa. Urteetan euskarazko komunikabide bakarrak izanik ere, bien artean, konpetentzia baino, elkarlana zen nagusi. Damaso Intzaren beraren hitzetan: “Argia saltzen zuten, baina Zeruko Argia utzi gabe”. Hala ere, 1936ko Espainiako Gerra Zibilak eten egin zituen lehen aldiz bi aldizkarien jarduna.

Gerra amaituta, 15 urte baino gehiago joan ziren berriz alerik argitaratu gabe. 50eko hamarkadan Zeruko Argia berpizteko saiakerak egin ziren, baina ale bakan batzuk baino ez ziren argitaratu. Ibilbide sendoa 1963an abiatu zen. Astekaria gerra aurreko bi aldizkarien oinordeko zen: Zeruko Argia zuen izena eta aita kaputxinoen esku zegoen; itxura eta maiztasuna, aldiz, Argia zaharrarenak zituen, eta mamian, eduki erlijiosoak gero eta bakanagoak ziren, 1963ko lehen zenbakiko azalean aita santuaren argazkia eduki arren.

Idazleen, musikarien, pentsalarien eta, oro har, euskal kulturari lotutako jendearen topaleku eta euskarri zen Zeruko Argia. Dena den, 60ko hamarkadako Zeruko Argiako sinaduren artean gutxi ziren kazetari prestakuntza eta estiloa zutenak. Iritzi artikuluen bilduma zen gehiago, kazetaritza-produktua baino.

1972an Zenbat Gara izeneko atala sortu zen. Euskal Herriko eta euskal kulturaren inguruko berriak biltzen zituen, garaiko moldeekin erkatuta bizi-bizi. Kazetari belaunaldi berria hasi zen aldizkarian idazten, kazetari-estiloa euskarara ekarriz. Edukien bilakaera itxuran ere islatu zen, 1976an, eta egunkari handi moduko hura magazin bihurtu; aurpegi berriko lehen ale horrek pil-pilean zegoen gai polemikoa eraman zuen azalera, Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanen koloretako argazkia. Hain zuzen, 1976koa euskal kazetaritzaren urtea izendatu zuten. Garai hartan Zeruko Argian idazten zutenen artean zeuden Rikardo Arregi, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga, Mari Karmen Garmendia eta Elixabete Garmendia.

1976ko martxoaren 2an, (686. zenbakia) Zeruko Argiak, zentsura gainditu eta Guardia Zibilak Amparo Arangoa Satrustegiri egindako torturen argazkiak kaleratu zituen. Zeresan handia eman zuen, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Zeruko Argiaren krisia ereiten ari zen urte horietan eta euskara hutsezko hedabideek izan behar zuten lekua ez zen ziurra.

70eko hamarkadaren amaiera aldean, Zeruko Argiako kazetari gehienak sortu berri ziren Egin eta Deia egunkari elebidunetan hasi ziren lanean. Hartara, 5 pertsona geratu ziren astekaria egiteko.

1980an kaputxinoek Zeruko Argiaren jabetza astekaria egiten zuten langileen esku utzi zuten, eta hauek, azken urteetan aldendu ziren bide erlijiosoa guztiz baztertu zuten. Izena aldatu zioten eta ordutik aurrera, Zeruko Argia soilik Argia izango zen. Ekonomikoki urte zailak izan ziren aldizkariarentzat, eta 1963tik astez aste etenik gabe kalean izan ondoren, aste batzuetan ez argitaratzeraino iritsi ziren.

Baliabideak urriak izan arren, ekimen ugariren bultzatzaileak izan ziren Argiako langileak. Proiektua bideragarri egiteko, azpiegiturak bildu zituen beren inguruan. Lehenik Antza inprimategia eta Apika informatika enpresa ondoren. Hamarkada horren emaitza izan ziren, halaber, Larrun pentsamendu aldizkaria, Susa argitaletxea, Argia eguna eta Argia Sariak.

80eko hamarkadaren erdialdetik Argiako kide gehienak, asteroko lanez gain, euskarazko egunkari bat sortzeko ekimenean sartu ziren buru-belarri. 1990eko abenduan, Euskaldunon Egunkariaren lehen alea inprimatu zuten Antza inprimategian.

Behin egunkaria sortuta, Argiako ia lantalde osoa eguneroko beharretara joan zen eta lantaldea hustuta geratu zen berriz ere, eta egoera larri bihurtu zen berriro. Urteen poderioz, euskarazko komunikabideen mundu gero eta anitzagoan, bere tokia egin zuen pixkana-pixkana Argiak.

1997ko martxoaren 24an, astekari osoa koloretan inprimatzen hasi ziren, kostuak handiak izan arren, itxura moderno eta erakargarria eman nahian. Urte berean, hedatzen hasi berria zen internetera saltoa egitea erabaki zuten, eta hasiera hasieratik, eduki guztiak dohan emateko hautua egiten bakarretakoak izan ziren, Ttipi Ttaparekin batera.

2006an Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak Boliviara egindako bidaia aitzakia hartuta, propio Interneten jartzeko egindako euskarazko lehen bideoak egin zituzten. Besteren artean, Evo Moralesekin egindako elkarrizketa. Ordutik, multimedia arloa jorratu dute eta 2008an horretarako multimedia kanal berezia sortu zuten, Youtube eta Euskaltube kanalekin batera.

2009an Argiaren 90. urteurrena ospatzeko, aldizkariaren diseinu eraberrituaz gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

2010eko urtarrilean, argia.com webguneko blogetako eta multimedia kanaleko edukiak Creative Commons BY-SA lizentziapean askatu zituzten.[1]

[aldatu] Kronologia

  • 1919ko urtarrilaren 1ean Zeruko Argiaren lehenengo zenbakia atera zuten Iruñeko kaputxinoek.
  • 1921eko apirilaren 24an Argiaren lehenengo zenbakia atera zuten Donostian, eta 1936ko uztailean lehendabiziko garaiaren azkena, 797garrena.
  • 1963an Zeruko Argia aldizkariaren egoitza berria Donostian kokatu zuten, itxura aldatuz eta astekari bihurtuz. Urte honetan 1. zenbakia kontatzen hasi ziren.
  • 1980an berreskuratu zuen gaur arte mantentzen duen Argia izena.
  • 1988an lehenengo aldiz euskal hedabideen inguruko Argia Sariak banatu zituzten.
  • 1997an Interneteko bertsioa sareratu zuten, Sareko Argia izenarekin.
  • 2005ean 2000. zenbakia kaleratu zuten.
  • 2007an Sareko Argiak 10 urte bete zituen.
  • 2009an Argiak 90 urte bete zituen.

[aldatu] Irakurlearen perfila

Irakurle gehienek 25-55 urte eta goi-mailako ikasketak dituzte, gipuzkoar (%44a) edo bizkaitarrak (%32a) eta euskaldun alfabetatuak dira.

[aldatu] Sariak

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak