Donostiako setioa
| Donostiako setioa | |||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Iberiar Penintsulako Gerra | |||||||
|
|||||||
| Gudulariak | |||||||
| Buruzagiak | |||||||
| Louis Rey jenerala | Wellingtongo markesa | ||||||
| Indarrak | |||||||
| 3.600 | 18.000 | ||||||
| Galerak | |||||||
| 1.900 erori eta zauritu 1.200 preso |
5.300: 1.200 hildako 3.800 zauritu 300 desagertu |
||||||
Donostiako setioa Espainiako Independentzia Gerra garaian gertatu zen gudua izan zen, 1813ko uztailaren 7 eta irailaren 8 artean hain zuzen ere[1].
Eduki-taula |
[aldatu] Aurrekariak
1813ko ekainaren 21ean Gasteizko guduan garaipena lortu ondoren, Wellingtonen armada mendebaldeko Pirinioetara joan zen Nicolas Soult mariskala aurre egiteko. Baina erretagoardian etsairik ez izateko eta baita hornigaiak lortzeko portua izateko, Wellingtonek Donostia setiatzea erabaki zuen[2].
Orduko Donostiak 9.104 biztanle zituen eta, Gipuzkoa ez bezala, politikoki liberala zen. Hiriko historian frantziar eta gaskoien eragina nabarmena izan zen, izan ere historian gaskoi hizkuntza mintzatu izan da Donostiako kaleetan.
1808an Jose I.a Espainiako errege bilakatu zenean, Francisco Amorós frantsestua hautatu zuen alkate. Nahiz eta bertokoen gustukoa ez izatea eman, 1813 arte baketsua izan zen hiriburuko bizitza eta frantziar armada donostiarrek onartua izan zen. Egoera hau erabat aldatu zen Gasteiztik errefuxiatuak etortzen hasi zirenean[3].
Donostia Bizkaiko golkoan sartzen den penintsula batean dago, iparraldetik hegoaldera joaten dena. Hegoaldean frantziarrek gotorleku handiak zituzten. Ekialdean hiria Urumearen bokaleak babestuta dago. Britainiar ingeniarien aburuz hego-ekialdeko muturrean ahulezia zuen hiriko defentsa itsasbehera aprobetxatuz. Hala ere, bertako dunetan bateriak ere bazeuden.
Erresuma Batuko Itsas-Armadak ez zituen hiria blokeatzeko behar beste itsasontzirik. Izan ere, frantziar itsasontziek hornigaiak eta tropa berriak ekartzeaz gain, zaurituak hustu zituzten. Wellingtonek bazekien hiria gosez ez zuela hartuko harresiak apurtuz eta erasoz baizik.
[aldatu] Armadak
Reyk 3.000 soldadu zituen frantziar goarnizioan. Goarnizioan 22. dibisio (batailoi bat), 64. dibisoi (batailoi bi), 1. arin eta 34. dibisioen kide batzuk, zulatzaile eta aitzindari konpainia bana eta 97 kanoi zituen.
Thomas Grahamek 11.000 soldadu zituen, anglo-portugaldar armadan. Berarekin batera, Kenneth Howarden 1. dibisioa, John Oswalden 5. dibisioa, Denis Packen portugaldar brigada eta 40 kanoi zituen.
[aldatu] Lehenengo setioa
Erasoaldiak uztailaren 7an hasi ziren. Wellingtonek berak zuzendu zuen erasoa uztailaren 25ean. Hala ere, garaipena lortu ez eta Soultek armada berrantolatzeko denbora izan zuen. Aliatuek setioa utzi eta Nafarroara joan ziren Pirinioetako guduan parte hartzeko. Lehendabiziko setioan britainiarrek 693 erori eta 316 preso izan zituzten, Reyk berriz 58 hildako eta 258 zauritu izan zituen.
[aldatu] Bigarren setioa
Soult Ipar Euskal Herrira bidali eta gero, Wellington abuztuaren 8an itzuli zen Donostiara. Ordurako, Soult Reyri 3.600 soldaduko tropa eman zion, tartean 1. Arin, 34. eta 119. dibisioen batailoi berriak. Grahamek, berriz, 18,000 soldadu zituen. Ingeniari aliatuek abuztuaren 26an kokatu zituzten bere bateriak. Abuztuaren 30erako, hegoaldean zeuden 15 kanoiek eta ekialdean zeuden 42ek harresietan zulo bi eginak zituzten: nagusia hego-ekialdeko muturrean eta txikiena ekialdean. Graham hurrengo egunean erasotuko zutela agindu zuen.
Itsasbehera aprobetxatuz egin behar zenez, abuztuaren 31ko goizeko 11:00tarako antolatu zuen erasoaldia. 5. dibisioak zulo nagusiaren hegoaldetik eraso zuen. Lubaki eta zuloen arteko 165 metroetan apenas ez zituzten eroririk izan baina zulo ailegatu eta berehala defendatzaileek su eman eta sarraskia izan zen. Frantziar ingeniariek barneko harresia eraiki zuten erasotzaileak geldiarazteko eta bertan ehundaka soldadu hil ziren. Graham 1., 4. eta dibisoi arinean lortutako 750 boluntarioek ezin zuten frantziarrak menderatu. Era berean Urumea zeharkatu eta ekialdeko harresiaren zuloa eraso zuten portugaldar brigada ezin zuen aurrera egin. Ordu bi pasa ondoren, bizirik zirauenak lurrera bota ziren.
Alexander Dickson artilleria komandantea kontsultatu eta gero, Grahamek barneko harresia bonbardatzeko agindua eman zuen, inguruan zeuden britainiar soldaduak hiltzeko arriskua izan arren. Britainiar kanoiak bere buruen gainetik erasotzen ari zirela ikustean, bizirik ziraunak izutu egin ziren. Baina kea joan eta barneko harresia bota zutela ikustean, berriro eraso eta hirian sartu ziren. Defentsa lerroa apurtuta zeudela konturatu zirenean, frantziarrek Urgullen zuten gotorlekura joan ziren eta eguerdirako hiria konkistatuta zegoen[4] Rey eta bere soldaduak irailaren 5era arte mantendu zuten borroka negoziatzea eskatu arte. Azkenean, irailaren 8an errenditu ziren.
[aldatu] Donostiako erreketa
Urgull eraso bitartean, anglo-portugaldar armadak, tartean ofizialek ere, astebete eman zuten hiria arpilatzen eta erretzen. Dirua edo bitxiak omen zituzten biztanleak erail, emakumeak bortxatu eta 1.000 biztanle inguru hil zituzten[5]. Badaude lekukoen 75 adierazpenek abuztuaren 31an bertan istiluak hasi zirela esaten dutenak. Lekukoa izan eta bizirik irten zen Gabriel Serresek zioen[6]:
| « | [erasotzaileek] bihozgabekeria handienak egin zituzten: biztanle asko zauritu eta erail eta emakume gehienak bortxatzea | » |
Sutea gau hartan bertan hasi zen eta, bertoko lekukoen arabera, hasieran britainiar ofizialek frantziarrek egina zela esan zuten. Donostiarren iritsi orokorra bertako merkataria zen Domingo Etxabek laburbildu zuen. Honek etxe batetik atera berria zen soldadu ingelesaren hitzak gogoratu zituen garrei seinalatuz[4]:
| « | Ikusten duzu etxe hori sutan? Ardura zaitez, bihar guztia horrela izango da eta | » |
Zazpi egun pasa behar izan ziren ordena berreskuratzeko eta ordurako eraikin bakan batzuk baino ez ziren zutik. Bestea- 600 etxe, udaletxea eta epaitegia- guztiz kiskalita zegoen.
Sutearen ondorioz, udala eta bizirik zirauenak Zubietan elkartu eta herria berreraikitzea erabaki zuten. Udal berriak ingelesei 2.000 gose-saria eskatu zizkien baina Wellingtonek ezetz esan zuen[7]
Sarraskia gogoratzeko urtero abuztuaren 31n kandelak pizten dituzte Donostian.
[aldatu] Ondorioak
Reyren goarnizioaren soldaduetatik 1.900 hildako edo zauritu eta 1.200 preso hartu zituzten. Grahamek 1.200 hildako, 3.800 zauritu eta 300 desagertu izan zituen, horietatik azken erasoaldian 856 hildako, 1.216 zauritu eta 44 desagertuak izanik. Zaurituen artean 5. dibisioaren buruzagia zen James Leith, eta hildakoen artean Torres Vedrasen izandako Sir Richard Fletcher eta Sir Harry Burrarden seme bat zeuden.
Donostia berreskuratzeko beranduegia zela jakin barik, Soultek abuztuaren 31n eraso zuten San Martzialen. Hala ere ezin zuen garaipenik lortu. Wellingtonek Ipar Euskal Herria erasotzeari ekin zion behin Donostia lortuta. Urriaren 7an Bidasoan eta azaroan Ugaranan borrokatu zuen. Iruñeko Ziudadelan zegoen frantziar goarnizioa urriaren 30ean errenditu zen[8].
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Chandler, David (1979), Dictionary of Napoleonic Wars, Macmillan, Londres
- ↑ Glover, Michael (2001), The Peninsular War 1807-1814, Penguin, Londres, ISBN 0-141-39041-7
- ↑ Sadaba, Javier; Sadaba, Asier (1995), Historia de San Sebastián, Txertoa, 67. or., ISBN 84-7148
- ↑ a b Sadaba, Javier; Sadaba, Asier (1995), Historia de San Sebastián, Txertoa, 73. or., ISBN 84-7148
- ↑ Auñamendi Entziklopedia, Donostia San Sebastián (Historia: Época Moderna), Eusko Media Fundazioa, http://www.euskomedia.org/aunamendi/45923/35137?idi=es&op=4&primR=11®s=10&bGen=S&bCan=S&bCal=S&bGal=S&bAna=S&bFon=S&bEus=S&EIKVOGEN=donostia%201813&bCul=S&bAun=S&bBib=S&pos=16#35137
- ↑ Sadaba, Javier; Sadaba, Asier (1995), Historia de San Sebastián, Txertoa, 74. or., ISBN 84-7148
- ↑ Sadaba, Javier; Sadaba, Asier (1995), Historia de San Sebastián, Txertoa, 78. or., ISBN 84-7148
- ↑ Smith, Digby (1998), The Napoleonic Wars Data Book, Greenhill, Londres, ISBN 1-85367-276-9