PSE-EE

Wikipedia(e)tik
PSE» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
PSE-EE (PSOE)
Bozeramailea José Antonio Pastor
Idazkari nagusia Idoia Mendia
Sorrera 1977
Egoitza nagusia Bilbo
Ideologia politikoa Zentro-ezkerrekoa eta sozialdemokrata
Nazioarteko afiliazioa Europako Alderdi Sozialista
Sozialista Internazionala
Eusko Legebiltzarrean
16 / 75

Euskadiko Batzar Nagusietan
28 / 153

Espainiako Diputatuen Kongresuan
4 / 350

Espainiako Senatuan
3 / 264
www.socialistasvascos.com

Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra (ofizialki, gaztelaniaz: Partido Socialista de Euskadi - Euskadiko Ezkerra), PSE-EE (PSOE), Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politiko sozialdemokrata bat da, 1979an sortua. 1993az geroztik, Espainiako Langileen Alderdi Sozialistak (PSOE) Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari politikoa da. 1993. urtean Euskadiko Ezkerra alderdi abertzalea PSEn sartu zen. 2014. urtetik, Idoia Mendia da idazkari nagusia.

Alderdiak bere izenean Euskadi hitza darama, nahiz eta euskal nazionalismoak sortua izan eta 1936ko Gerra Zibileraino alderdiaren printzipioen aurkakoa izan. Hala ere, alderdiko militante zen Santiago Aznarrek lehenengo Eusko Jaurlaritzaren ikur gisa ikurrina proposatu zuen.

Euskadiko meatzaritza eta industria eremuetan batik bat du PSEk indarra; Bizkaiko ezkerraldean, adibidez.

Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerraren gaztediak Euskadiko Ezkerraren Gazteak erakundean biltzen dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979ko Gernikako Estatutua aprobatu osteko lehenengo Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundetan, PSEk, Gizarte Segurantzaren transferentzia Eusko Jaurlaritzari ematea eskatzen zuen. Baita ere, euskal banketxe publiko baten sorrera, portu eta aireportuen gestioa zein autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zituen alderdiak.

1982 arte, Nafarroa Garaiko Elkartze Sozialista PSEren barnean zegoen, baina Nafarroa Garaian egindako biltzar batean Nafarroako Alderdi Sozialista sortzea erabaki zuten, PSEtik bereizita.

1986an, Jose Antonio Ardanza (EAJ) lehendakari bihurtu zen PSEren babesarekin eta Eusko Jaurlaritza EAJ-EA-PSE hirukote politikoak osatu zuen. Hirukote horrek 1998 arte iraun zuen, non PSE-EE Eusko Jaurlaritzatik atera zen.

1993an PSE eta Euskadiko Ezkerra (EE) alderdiek bat egiten dute, Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra alderdia sortuz, eta Espainiako Alderdi Sozialistarekin (PSOE) federatzea erabaki zuen. Fusio hau euskal alderdi sozialista independente bat sortzeko pausoa izan zen, Kataluniako PSC bezalakoa, euskal abertzaleak zein espainiar nazionalistak alderdi berean batuta egon zitezen. Azkenean ez zen pauso hau eman eta gaur egun PSE-EE PSOEren zatia da.

Nolanahi ere, 1990eko hamarkadan krisialdi latza jasan du EAEko alderdi sozialistak, estatu mailan jasan duenaren parekoa, EAEn ere nabarmendu izan baitira hainbat hauteskundetan hainbat agintari sozialista ukitu zituzten ustelkeria aferak edo GAL auziak izandako eragina. Eusko Legebiltzarrean izan duen bilakerari dagokionez, 1986ko hauteskundeetan botoen % 22 eta 19 eserleku lortu bazituen, botoen kopurua % 20ra eta eserlekuak 16ra jaitsi ziren 1990koetan. Askoz ere kaskarragoak izango ziren, ordea PSE-EE bilakaturik jada, 1994an izandako emaitzak, 12 legebiltzarkidetan eta botoen % 17rekin gelditu baitzen, nahiz eta EAEko bigarren alderdi izaten jarraitu.

1998ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, boto kopuruari % 17 horretan eutsi arren, bi legebiltzarkide irabazi zituen PSE-EEk, nahiz eta emaitza horiekin EAEko laugarren alderdi bilakatu, EAJ, PP eta EHren atzetik. Hauteskunde orokorrei dagokienez, 1993ko lorpenei eutsi egin zien 1996koetan, eta gutxi jaitsi zen 2000koetan, nahiz eta PPk hartu aurrea, EAEn boto gehien lortu zituen alderdi ez abertzale bilakaturik.

Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzan aldaketa nabarmena izan du PSE-EEk azken urteotan. Hainbat urtez EAJrekin eta EArekin batera Eusko Jaurlaritzako kide izan ondoren, 1994ko hauteskundeen ondoren hiru alderdi horien arteko gobernutik irtetea erabaki zuten sozialistek 1998 urtearen lehen seihilekoan. 1998ko urrian egin ziren hauteskundeen ondorioz gobernua osatzea EAJren lehendakarigai Juan Jose Ibarretxerik egokitu zitzaion, baina berehala gelditu ziren bertan behera Jaurlaritza hiruen artean berrosatzeko saioak, oposizioan gelditzea erabaki baitzuen PSE-EEk, nahiz eta alderdiaren barruan Gipuzkoan gehienbat bazen abertzaleekiko elkarlana hobesten zuen sektoreren bat. Nolanahi ere, oposizio gogorra egin zion Legebiltzarrean nahiz Legebiltzarretik kanpo PSE-EEk, artean Euskal Herritarrok alderdiaren babes parlamentarioa izan zuen EAJ eta EAren arteko gobernuari.

2000. urteko urrian lehendakariaren aurkako zentsura mozioa ere aurkeztu zuen PSE-EEk baita PPK ere Eusko Legebiltzarraren historian lehendakari baten aurka aurkeztutako lehena, Lehendakariak legegintzaldia bertan behera utzi eta hauteskundeak dei zitzala behin eta berriro eskatuz. EAJ eta EA Lizarrako Akordioa sinatu ondoren EHrekin lerratuta egoteaz salatuz, PPek eta PSE-EE/PSOEk euren arteko elkarlana indartu zuten, eta horren lekuko izan zen, besteak beste, alderdi biek 2000. urteko abenduan hilabeteko negoziazioaren ondoren Espainiar estatu mailan sinatutako Acuerdo por las libertades y contra el terrorismo deituriko akordioa. Su-etena bertan behera utzi ondoren, hainbat ordezkari sozialista ere izan dira ETAren helburu. Atentuak berriz egiten hasi eta berehala hil zuen, esaterako, Fernando Buesa lehendakariorde eta hezkuntza sailburu ohia, haren bizkartzain zen ertzainarekin batera, 2000. urteko otsailean. Urte berean hil zituen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore ohia uztailean eta Ernest Lluch ministro ohia azaroan, elkarrizketaren alde maiz agertutakoak biak.

2000. urteko uztailean Andaluzian eta 2001. urteko otsailean Donostian PSOEren Malagako eta Ordiziako bi zinegotziren aurkako atentatuak egin ostean, 2001. urteko martxoan hil zuen ETAk Lasarte-Orian lehen zinegotzi sozialista, Froilán Elespe. Alderdiaren egiturari dagokionez, 2000. urteko azaroan egindako IV. Kongresuak Nicolás Redondo Terreros hautatu zuen berriro PSE-EEk idazkari nagusi barne tirabiren isla izan zen emaitza oso justuz, alderdiaren presidente gisa José María Benegas berretsiz. 2001eko lehendakaritzarako hauteskundeetan, ordea, PSE-EEk emaitza kaxkarrak izan zituen, PPko kontserbadoreekin elkarlanean aritzeagatik, eta alderdiaren Redondo Terrerosek dimisioa aurkeztu behar izan zuen. 2002ko martxoan Patxi López hautatu zuten idazkari nagusi, eta 2005ean karguan berretsi zuten. Espainiako Gobernuaren VIII Legegintzaldian, ETAren indarkareriari amaiera emateko asmoz hasitako negoziazioetan, PSE-EEk garrantzi handiko papaera jokatu zuen. 2006ko uztailean, Patxi López eta Rodolfo Ares ordurako legez kanpo zegoen Batasunako kide batzuekin elkartu ziren, eta hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Gorenak desobedentzia delitua egitea egotzi zien. 2007ko udal hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren alderdirik bozkatuena izan zen PSE-EE, EAJren ondoren, eta 2008ko hauteskunde orokorretan EAEk Espainiko Legebiltzarren hautatzen dituen jarlekuen erdiak eskuratu zituen.

Hurrengo hauteskundetan, Ezker Abertzalea kanpo geratu zen Gasteizko Legebiltzarrean eta horrek Patxi Lopez Lehendakari izatera eraman zuen, PPren aldeko botoekin. Hala ere hurrengo hauteskundetan emaitzak ez ziren hain onak izan.

2014ko irailaren 16an, % 60,53ko babesarekin hautatu zuten Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi. PSE-EEko 5.351 afiliatuk zuten botoa ematen aukera, eta 3.239 boto jaso zituen Patxi Lopezen ondorengo izango zenak. % 70,21 izan zen parte hartzea. Lurraldeka, Gipuzkoan parte hartzea % 81,91 izan zen; Bizkaian, % 63,65; eta Araban, % 70,82.[1]

Abenduaren 1ean, Ernesto Gasco PSE-EEko Donostiako alkatetzarako hautagai izendatu zuten[2].

Abenduaren 2an, Maite Berrocal Gasteizen eta Cristina Gonzalez Arabako Aldundian hautatu zituzten PSEn[3].

Ordezkaritza erakundeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakunde ordezkaritza PSE-EE
Zinegotziak 234
Alkateak 8
Bizkaiko Batzar Nagusiak 9 51tik
Gipuzkoako Batzar Nagusiak 10 51tik
Arabako Batzar Nagusiak 9 51tik
Eusko Legebiltzarra 25 75etik
Eusko Jaurlaritza IX. legealdia
Espainiako Kongresua 9 18tik
Espainiako Senatua 5 15etik

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


  1. «%60,53ko babesarekin hautatu dute Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi», Berria, 2014-09-16
  2. «Esporrin izendatu du PSNk Iruñeko Udalerako hautagai», Berria, 2014-12-01
  3. «Berrocal Gasteizen eta Gonzalez Aldundian, PSEren hautagaiak Araban», EiTB, 2014-12-02