Pantalicako nekropolia

Koordenatuak: 37°08′N 14°59′E / 37.133°N 14.983°E / 37.133; 14.983
Wikipedia, Entziklopedia askea
Sirakusa eta Pantalicako nekropoli harritsua1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Mota Kulturala
Irizpideak ii, iii, iv, vi
Erreferentzia 1200
Kokalekua  Italia
Eskualdea2 Europa/Ipar Amerika
Koordenatuak 37°08′N 14°59′E / 37.133°N 14.983°E / 37.133; 14.983
Izen ematea 2005 (XXIX. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Pantalicako nekropolia (italieraz: Necropoli di Pantalica) hego-ekialdeko Siziliako nekropolia da, K.a. XIII. eta K.a. VII. mendeen arteko hilobiak dituena.[1] 4000 hilobi inguru daude, Anapo eta Calcinara ibaien lotunean dagoen muino harritsu batean. 2005ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Sirakusarekin batera, kontuan hartuz haren balio historiko, arkeologiko, espeleologiko eta paisaiarena.

Dirudienez, Pantalica izena arabierazko Buntarigah hitzetik dator, kobak esan nahi duena, tokian anitz koba naturalak eta artifizialak daudelako[2]. Siziliako gune protohistoriko garrantzitsuenetako bat da, oso baliagarria ulertzeko Brontze Arotik Burdin Arorako pasartea. Poetikoki, baina ez zientifikoki, identifikatu da antzinako Hiblarekin, K.a. XIII.-VIII. mendeen arteko erresuma, Anapo haranetik Sirakusaraino zabaltzen zena[3].

Pantalicako eskualdeak Vincenzo Consoloren ipuin bati eman zion izena Le pietre di Pantalica[4]. Horren arabera, meseta hori gizakiaren bidearen metafora da.

« Pantalicara heldu ginen, antzinako Hibla, ahuntz-bideetatik igo ginen, nekropoliko hilobietan sartu ginen, etxebizitza-kobak, haitz-harresi malkartsuetan induskatutako santutegiak, Anapo uretara begira. Agureak beti hitz egiten zuen bere bizitzaz. Kontatu zidan, haurtzaroa eta gaztaroa leku horretan igaro zituela. Belarrez eta animaliez hitz egin zidan, Anapoko sugea, eta beste suge erraldoi bat, Biddina, liluratzen zuen izugarrizko herensugea, inor gutxik ikusi ez bazuen ere, gizakiak, astoak, ardiak eta ahuntzak iresten zituela. »

—(Vincenzo Consolo: Le pietre di Pantalica)


Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pantalicako mapa

Tokia meseta batean kokatuta dago, arroilez inguraturik, milurtekoetan Anapo ibaiak eta Calcinara errekak sortu zutena, eskualdeko arroil-orografia moldatuz[5]. Giarranauti eskualdean baso bat dago. Bidezidor batzuk hartuz, tokia bisitagarria da. Anapo haranean sartzen da Sortinotik eta Ferlatik[6]. Anaktoron da gune arkeologikoaren tokirik garaiena. Goi-ordokia haran malkartsuez inguratuta dago, tokia helezina egiten duena (gaur Ferlatik datorren eskualdeko 11. errepidea erabiltzen da). Anaktoron babesteko gotortutako sarrera eta lubaki bat eraiki zen. Pantalica, Pantalicako natura-erreserban, Anapoko haranean eta Cava Grandeko errekan dago Riserva naturale orientata Pantalica, Valle dell'Anapo e Torrente Cava Grande.

Pantalicako identifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paolo Orsiren ustez, Pantalica antzinako Herbeso zen, baina Bernabò Break pentsatzen zuen Hibla zela, Hiblon erregeak gobernaturik, megaratarrei (Lamisek zuzendutakoak) baimena eman ziona haren lurraldeko bazter batean ezartzeko eta Megara Hiblea, K.a 728an, fundatzeko.

« François Villardek uste zuen Pantalica antzinako Hibla zela eta horren erregeak Lamisen megaratarrei baimena eman zien bere lurraldean ezartzeko eta Megara Hiblea fundatzeko. Hipotesia onargarria da Sizilia aurrehelenikoaren gunerik garrantzitsuena delako. Hiblon erregearen agindupeko lurra, Monte Lauroko mesetatik Augusta eta Sirakusako kostaraino heltzen zen. »

L. Bernabò Brea: Sizilia greziarrak baino lehenago, 1958, 163 or.

Tommaso Fazellok ere, akats egin zuen Pantalica Herbesorekin identifikatzean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. XIII. mendeko lehen erdian, tupustean, kostaldeko kokaleku guztiak desagertu ziren, sikuloak eta beste populazio batzuk heltzean edo ezezagunak zaizkigu beste arrazoiengatik. Populazioa kostaldea utzirik, babesa bilatu zuen abegitsuak ez ziren mendietan. Herri horiek kulturalki lotuta zeuden Thapsosekin, baina harremanak Mizenasekin zituzten.

Pantalicako erreka

K.a. 1050 inguruan, Pantalicak garrantzia galdu zuen eta biztanleak Cassibileko nekropolira eta horren ingurura mugitu ziren, non Pantalica II.aren faziesa loratu baitzen.

Aldaketa hori aldi baterakoa izan zen, baina K.a. IX. mendean, jatorrizko lekuak berriro garrantzia hartu zuen. Alabaina, kostaren hurbil egotean, feniziarren eragina nabaritzen da estiloan baita merkataritza-elkartrukean ere.

K.a. 850 inguruan, beste arrazoirengatik (greziarrek oraindik ez zuten inongo koloniarik fundatu), Pantalicako populazioa kostatik barnealdeko toki zailetara mugitu zen. Pantalica bezelako tokiak ugariak ziren Siziliako hego-ekialdean greziarrak heldu arte. Horiekin hasierako harremanak baketsuak ziren baino gero, iskanbiak izan zituzten lurraldea kontrolatzearren.

Sirakusa jaiotzean eta gero hedatzean, Hiblonek megaratarrei emandako hiria desagertu zen eta, agian, Sirakusak zerikusia izango zuen Pantalicako hondamenarekin ere, polisen domeinua barnealdera zabaldu zelako Akrai fundazioarekin, K.a. 664an. Pantalicako kulturen Printzearen jauregiko (Anaktoron) hondakinek irauten dute, baita 5.000 hilobitako nekropoli handi batek, haitzean induskatutakoa, ere.[7]

Greziar aldian, nekropoliko eskualdea ez zen osorik habitatu, horretarako Erdi Aroko lehenengo mende arte itxaron behar da.[8], hau da, K.o. VI. mende arte, barbaroek, piratek, eta IX. mendeko arabiarrek populazioei eragin zietenean babesa bilatzeko helezinazko tokietan. Bizantziar garaiko haitzetan induskatutako etxebizitzak ikusgai daude baita Gurutze-kobako oratorioa[9], San Nicolicchiokoa[10] eta San Micidiariokoa[11] ere.

Arabiarren ostean, normandiarren garaian jendea bizi zen toki horretan. Godfrey Malaterra kronistaren arabera, 1092an, arabiar komunitate bat zegoen ' 'Pentargia' ' izeneko tokian. Hurrengo urtean, Urbano II.aren Aita santuaren bulda batek Sirakusako elizbarrutia eta ' ' Pentargia ' ' aipatu zituen.[12]

Paolo Orsi arkeologoa izan zen lehena sistematikoki lekua ikertzean 1899, 1895 y 1897ko kanpainetan.[13]

« Dena lortu zen nire konstantziarengatik, eta Nava anaien eskuzabaltasunari esker, hemen ohorez eta eskertasunez gogoratzen ditudanak. 1895eko udaberrian hilabete bateko kanpaina bat antolatu zen eta, bi urte beranduago (1897ko ekainean), beste laburrago bat gauzatu zen. »

—Paolo Orsi[14]


XIX. mendeko 50eko hamarkadan, Luigi Bernabò Break jarraitu zuen indusketekin.

Toki interesgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekropolia gauez ikusita

Pantalica toki erakargarria da txangoak edo ibilaldiak egiteko. Naturaz gain, milurteko historia nabaritzen da 5.000 labar-ilobietan.[15]

Nekropolia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaila da jakitea zenbat hilobi dauden Pantalican. Halere, hainbat nekropoli onartu dira:

  • Hego-mendebaldeko nekropolia edo Filiportokoa, mila hilobiz osatutakoa, Anapo arroileko maldatik hedatzen da, hiriko azken fasekoa da (K.a. IX-VIII. mendekoa)[16];
  • Ipar-mendebaldeko nekropolia eskualde horretako zaharrena da (K.a. XII-XI. mendekoak)[16];
  • Cavettako nekropolia, K.a. IX-VIII mendekoa, bizantziar etxebizitzekin[16];
  • Iparraldeko nekropolia zabalena eta trinkoena da, K.a. XII.-XI. mendekoa[16];
  • Hegoaldeko nekropolia, K.a. IX-VIII mendekoa.;
  • San Martino nekropolia, interesgarriena da.[17] Historiaurreko hilobiez eta bizantziar katakonbez osatuta dago: Dionisioko hipogeoa eta Grotta di Sant'Anna. Lehena K.o. IV.-V. mendekoa den tokian, honako inskripzio hau dago: Dionisok, 34 urtez apaiz gisa lan egin zuenak, hemen betiko atsedena hartzen du. Bigarrenean, agian K.o. XI.-XIII. mendekoak, zenbait fresko daude santu batzuen irudiak dituztela: santa Maria, san Pedro eta santa Anastasia. Bi nekropolietako hilobi batzuek baldakina dute.
Nekropoliko hilobi bat

Orsik azaltzen du zergatik bakarrik nekropolien hondakinak agertu dira eta ez kokalekuarenak:

« Sikuloen bizilekuez ez dago arrastorik, hauek, jakina denez, aldi baterako kobetan bizi zirelako, txabola biribiletan, eliptikoetan eta geroago, errektangularretan. Etxe horiek, mendietan eraiki zirenak, hauskorrak ziren: zurez, lastoz eta kanaberaz eginda zeudelako (…). Goi-ordoki horretan txabola xumeak pilatzen ziren, baina ez daude haien arrastorik, material suntsikorrez eginda zeudelako, eta lurzorua aldapatsua izatean, euriek drainatu zituzten. »

—Paolo Orsi[18]


Akropolia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Zehaztasun gehiagorako ikusi Pantalikako Anaktoron)

Eskualdeko punturik altuenetariko horretan Pantalikako akropolia dago. Handik inguruko haranak begiztatzen dira eta etsaien etorrera kontrola zitekeen. Hor Printzearen jauregia edo Anaktorona eraiki zen, tokiko harriz egindako eraikin bakarra. Eraiki horretan (K.a. XII.-XI. mendekoa) mizeniar eragina nabaritzen da.

Elizak eta labar-etxebizitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

S. Micidiarioren eliza

Bizantziar kulturaren osteko populazioen presentzia argi dago hainbat kokalekutan eta, haitzetan induskatutako herri txikietan:

  • San Micidiario Filiportoko sarreraren gertu, non K.a. IX.-VIII. mendeko lubanarro bat eta bizantziar gotorleku baten hondakinak dauden. Hor 150 etxetako herri bat agertu da, S. Micidiario elizarekin amildegiaren ertzean. Barruan, oraindik freskoek eta inskripzioen aztarnek diraute. Ezagutzen da Pantokratorra, alboan bi aingeru dituena, grekerazko Ο ΑΓΙΟΧ ΜΕΡΚ [ΟΥΡΙΟΧ] inskripzioaz. Freskoek bi geruza dituzte: barnekoa gorrizka eta kanpokoa turkesa. Sabaiak bi inklinazio ditu. Oratorioko eskuinean, beste gela bat dago lurrean hilobiak dituela eta harago, beste toki bat, erlijiosoen egoitza izan zitekeena[19], presondegia edo animalien korta bat, harrian dauden eraztunetan zerbait lotu zitekeelako. Beheko zuloa, amildegira begira dagoena, komun bat izan liteke.
  • S. Nicolicchio, Anaktoron oinetan dagoen herrian S. Nicolicchioko oratorioa dago, egoera txarreko freskoez apainduta. Halere, santa Helena eta san Esteban antzeman dira. Ageri denez, datazioa VII. mendekoa da.
  • Gurutzeko koba eliza moduan erabilitakoak, abside errektangularra du gurutze baten aztarnekin, san Nicolas irudiarekin. Izen gabeko beste santu baten irudia hortik kendu zen Paolo Orsi Museoan gordetzeko[20].
  • Cavettako herrixka, labar-bizileku multzo bat da.
  • Saguzarren koba Calcinara ibaiaren ondoko koba naturala da. Barrunbe horren ezaugarria da, sarreraren eta 12 metroko korridore baten ostean, sala bat zabaltzen da suguzarrez beterik[21].
  • Izarreko koba Cassaroko sarreraren ondoan dago, Anapo ibaiak egin dituen hormetan. 2012an, aditu talde batek esan zuen historiaurreko labar-tenplu bat izan zitekeela[22].

Defentsarako lubanarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filoportoren ondoan, non kotxeak uzteko toki bat dagoen, lunabarro bat nabari daiteke, beharbada, K.a. V. mendean defentsarako egin zen beste azpiegiturekin batera. Horiek, bizantziar garaian erabili ziren, dorre bat gehituz.

Giarranauti[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pantalicako anfora gorriak (Pantalica I. faziesa)

Giarranauti baso handi bat da Pantalicako goi-ordokian. Toki hau oso aberatsa da aztarna arkeologikoetan, gehienbat bizantziar garaikoak. Parkearen bidezidorrak jarraituz, bizantziar herri baten hondakinak daude (K.o. VI.-VIII. mendekoa), zurrategi batena eta haitzean induskatutako errota bat.

Pantalicako kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pantalicako eragin kulturalak, Pantalicako kultura izenekoa, Sizilian barrena hedatu ziren. Elementu topografiko moduan, leku estrategikoak eta altuak aukeratzen ziren iraupenezko iturriak kontrolatzeko, hala nola, larreak, basoak eta laboreak.

Siracusa-Vizziniko trenbide ohia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anapo haranean, XX. mendearen hasieran, trenbide bat eraiki zen kostaldea eta barrualdea konektatzeko, Pantalikako eskualdean geraleku bat zuena. Trenbidea erabili zen 50eko hamarkada arte. Gaur egun, zenbait tunel eta orduko eraikinak oraindik erabiltzen dira.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Leighton, R.. (2011). «Pantalica (Sicily) from the Late Bronze Age to the Middle Ages. A new survey and interpretation of the rock-cut monuments» American Journal of Archaeology 115: 447-464..
  2. BOTTARI, Francesca: Pantalica e Siracusa, Libreria dello Stato, Istituto poligrafico e Zecca dello Stato, 2008.
  3. Guía Roja, 679 or.
  4. Vincenzo Consolo, Le pietre di Pantalica, Mondadori, 1999. ISBN 88-04-46193-4
  5. Necropoli di Pantalica, hermes-sicily.com. 2019.03.18an kontsutatutakoa.
  6. azken bidezidorrak Siracusa-Vizziniko trenbidearen 10 km erabiltzen ditu.
  7. Pantalica, sicilianticasortino.it. 2019.03.18an kontsultatuta.
  8. Diego Barucco, Pantalica e il medioevo, siciliafotografica.it, 16 maggio 2009. URL consultato il 22 novembre 2009 (archiviato dall'url originale il 17 giugno 2009). 2019.03.18an kontsultatuta
  9. Grotta del crocifisso, siciliafotografica.it, 2019.03.18an kontsultatuta
  10. San Nicolicchio
  11. San Micidiario, 2019.03.18an kontsultatuta
  12. [1] Itinerari culturali del medioevo in Sicilia
  13. Ikerketaren emaitza Monumenti antichi dei Lincei aldizkarian argitaratu zen 1898an.Il sito di Pantalica di Luigi Bernabò Brea
  14. Pantalica e i suoi monumenti di Paolo Orsi
  15. Sicilia quanti segreti nella necropoli di Pantalica, 2018.03.18an kontsultatuta
  16. a b c d Pantalica
  17. GARRO, Giuseppe: San Martino: Perla degli Iblei., Lulu.com, 26 agosto 2013, ISBN 9781470975111. 2019.03.18an kontsultatuta
  18. Pantalica y sus monumentos
  19. InStoria - Pantalica, tra archeologia e territorio - Parte II, 2019.03.18an kontsultatuta
  20. InStoria - Pantalica, tra archeologia e territorio - Parte II, 2018.03.18an kontsultatuta.
  21. Pantalica, Grotta dei Pipistrelli | Cosa vedere in Sicilia, 2018.03.18an kontsultatuta
  22. Siracusa, individuato un tempio rupestre nella riserva naturale di Pantalica - Siracusa News, in Siracusa News, 12 ottobre 2012. 2019.03.18an kontsultatuta

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • MOLLICA, Dionisio: Nel regno dei siculi. Pantalica e la valle dell'Anapo e Sortino, Urso, 1996.
  • Pantalica, patrimonio dell'Umanità - Lombardi Editori ISBN 978-88-7260-191-4
  • TANASI, Davide: Per un riesame degli elementi di tipo miceneo nella cultura di Pantalica Nord, in V. La Rosa (ed.) Le presenze micenee nel territorio siracusano, Atti del Primo simposio siracusano di preistoria siciliana, Siracusa, 15-16 dicembre 2003, Padova: Aldo Ausilio 2004, 337-383 or. 2019.03.18an kontsultatuta.
  • Sicilia, Guida Rossan, 1989, Touring Club d'Italia argitaletxea, ISBN=88-365-0350-0
  • SEMINERIO, D.: Civiltà preistoriche nel Calatino - 1988 Tringale editore-Catania

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]